Trapagaranen gune logistiko bat ezartzea aztertzen ari da Amazon

Trapagaranen gune logistiko bat ezartzea aztertzen ari da Amazon

Aitziber Laskibar Lizarribar

Duela sei urtetik baino gehiagotik, hutsik eta erabat utzirik daude Babcock Wilcoxen lurrak, eta, orain, bizia berreskura lezakete berriz. Zenbait iturrik zabaldu dutenez, mundu mailan Internet bidezko salmentan buru den Amazon enpresak begiz jo du Trapagaranen ehun urtez jardun zuen enpresaren lantegia zena. Akordioa ez dago itxita, iturri horien arabera, baina bai “oso aurreratuta”.

Gune logistikoa jarri nahi du Amazonek Trapagaranen. Internet bidez erosten diren produktuak Babcock Wilcoxena izan zen eraikinean bildu, eta hortik erosleen guneetara banatzea da asmoa. Inbertsio handia egin beharko du horretarako AEBetako enpresa erraldoiak. Kontuan izan behar da Babcock Wilcoxek porrot egin zuelako itxi zituela ateak 2011n, eta zor handiak utzi zituela. Langileak luzaro egon ziren soldatarik jaso gabe, eta haiekiko zorra kitatu gabe dago, adibidez, eta Trapagarango Udalari 800.000 euro zor dizkio ordaindu gabeko zergengatik. Horrez gain, orubea erabat utzia egon da lantegia itxi zutenetik; eraikina erabat hondatua dago, eta, gainera, etengabeko lapurreta zein suteak jasan ditu. Dirutza beharko da lantegi zena eraberritu eta berriro martxan jartzeko, baina horretarako prest dirudi Amazonek.

“Leku estrategikoan dago”, argudiatu du interesa Xabier Cuellar Trapagarango alkateak. Autobide eta azpiegitura egokiz inguratuta egonik banaketa lanetarako aproposa dela nabarmendu du. Hain zuzen, kokaleku on hori dela-eta beste enpresa batzuek ere Babcock zenaren orubea erosteko interesa azaldu dutela esan du alkateak.

Edonola ere, Amazonekiko negoziazioak itxita ez, baina aurreratuta daudela baieztatu du Cuellarrek. Eta gustura hartuko luke lantegi zena erosi duten berria, “eremua ekintzaz beteko litzatekeelako berriro”.