Sailkatugabeak

Enpresa ertain eta txikiak eta autonomoak laguntzeko plana onartu du diputazioak

Enpresa ertain eta txikiak zein behargin autonomoak laguntzeko 2012-2015 plana aurkeztu du, asteon, Bizkaiko Foru Aldundiak. Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako ahaldunak iragarri duenez, urte horietan 90 milioi euro erabiliko dira horretarako. Hiru ardatz nagusitara bideratuko dute diru hori: berrikuntzara, inbertsiora eta nazioartekotzera.

Berrikuntzarako, 60 milioi erabiliko ditu foru aldundiak. Imanol Pradalesek aurreratu duenez, "aurrenekoz sustatuko dugu zentro teknologikoetan enpresa proiektu berritzaileak garatzea, ezagutza berritzaile hori zentro teknologikoetatik enpresetara transferitu ahal izateko". Aurreratu dute zenbateko horren erdia inguru Zornotzan dagoen Automozio Adimen Zentroa sendotzeko, handitzeko eta nazioartean zabaltzeko erabiliko dutela.

Enpresek duten finantzaketa arazoa bideratzeko, berriz, 16 milioiren funtsa izango du plan horrek. "Inbertsioaren arloan, behargin autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek egiten dituzten inbertsioen finantza kostuak murrizteko diru laguntzak jarriko ditugu abian", azaldu du diputatuak. Haren esanetan, egun enpresek duten traba handienetako bat da inbertsioetarako finantzaketa lortzea, "eta inbertsiorik barik ez da enplegurik sortuko". Orotara, 600 enpresa ertain eta txikik eta 800 behargin autonomok jasoko dituzte laguntzok. 150 milioi euroren inbertsioa izango da, eta diputazioak uste du 12.000 lanpostu sendotuko direla gehienez. Pradalesek emandako datuen arabera, enpresa horiek ordezkatzen dute Bizkaiko enpleguaren %90 inguru.

Diputatuak esan duenez, ekoizten dituzten zerbitzu eta produktuen gaineko eskaria gutxitu zaie enpresa txiki eta ertainei eta behargin autonomoei, eta lehiakide gehiago agertu zaizkie. "Konponbidea? Merkatu berriak aurkitzea". Uste du enpresa txiki eta ertainek zein autonomoek ere nazioartera jo behar dutela, enpresa handiek bezala. Horretarako, 14 milioi euroren diru laguntzak jaso ditu plan horrek.

Martitzeneko Gobernu Kontseiluan onartu zituzten plan hori garatzeko lehen bost dekretuak. Horiei esker, "premiazkoak" diren aurreneko 13,8 milioi euroak banatzen has daitezke dagoeneko. "Diru laguntzak banatzean, ez da aintzat hartuko enpresariak zein sektoretan lan egiten duen, baizik eta aurkezten duen proiektua zertarako den".

Akordioa handituz

Duela urtebete sortu zen Enkarterri Group Enkarterriko Enpresa Elkartea. Zenbait erakunde publikok eta enpresak osatzen dute talde hori, eta eskualdean enplegua sortu eta ekonomia sustatzea du helburu. 55 enpresa dira kide. Gainera, asteon, Zabalgarbik, Cespak eta Euskadiko Kutxak ere taldearekin bat egingo dutela sinatu dute. Halaber, Alonsotegi, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Sopuerta eta Zallako udalak ere partaide izango dira.

Bilbon 11.795 delitu egin ziren iaz, 2008az geroztik egon den kopuru txikiena

Bilbon behera egin zuen iaz delitu kopuruak, 2010 urtekoekin alderatuta. Hain zuzen, %7,7 egin zuen behera delitu kopuruak, aurreko urtearekin alderatuz gero: 2010ean 12.774 izan ziren, eta, iaz, 11.795. 2008az geroztiko delitu kopururik txikiena izan da iazkoa. Udaltzaingoaren jarduera datuak aintzat hartuta Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotzi Tomas del Hierrok emandako datuak dira horiek.

Del Hierro "pozik" azaldu zen, datuak zabaltzeko egindako agerraldian; haren esanetan, "Bilbo lehen baino seguruagoa da". 2011n gertatutako delituei buruzko datuak ere zehaztu zituen. Hain zuzen, ondarearen aurkako delituak —delitu guztien %75 dira horiek— aurreko urtearekiko %12,5 murriztu ziren iaz. Atal horretan, autoen lapurretan eta indarkeria erabilita herritarrei egindako lapurretetan gertatu zen murrizketarik handiena. Hain zuzen ere, autoei dagokienez, %28 lapurreta gutxiago izan ziren iaz, eta, pertsonei indarkeria erabilita egindako lapurretei dagokienez, %20 gutxiago. Indarrez egindako lapurretek %15 egin zuten gora.

Barrutiei dagokienez, ondarearen kontrako delituek gora egin zuten Basurtu-Zorrotzan (%3) eta Otxarkoaga-Txurdinagan (%27). Gainerako barrutietan delituek behera egin zuten —%40, esaterako, Abandon, edo %15, Ibaiondon—, Bilboko Udalak emandako datuen arabera.

Andoni Olabarria Segurtasun zuzendariaren ustez, delitu kopuruaren beherakada Udaltzaingoak egiten duen "lan onari esker" gertatu da. Hala ere, haren ustez, herritarrek eurak ere kontu handiagoarekin ibiltzen dira, eta, besteak beste, ateak ondo ixten dituzte eta eskuko zorroak itxita eramaten dituzte.

Delitu kopuruak behera egitearen ondorioz, Udaltzaingoaren esku hartzeek ere behera egin dutela azaldu dute. Hain zuzen, 2011n, 2010 urtearekin alderatuta, %5 egin zuten behera, 90.086tik 85.326ra, hain zuzen ere. Atxiloketa gutxiago ere izan ziren: 287 gutxiago.

Gazteen "heziketa arazoak"

Del Hierro zinegotzia, baina, kezkatuta dago zenbait gaztek duten jarrera dela eta; "heziketa arazoak" dituztela deritzo. Haren arabera, ez dute udaltzainekiko errespeturik, eta jarrera hori are larriago bihurtzen da, haren esanetan, gauez eta asteburuetan. Joan den urtarrilaren 12an Errekalde auzoan udaltzain bik pairatu zuten erasoa arazo horren ondorio izan zela azaldu zuen.

Segurtasun kolektiboaren aurkako delituek ere gora egin zuten iaz: %12. Hazkunde hori bideko segurtasunarekin eta alkohol kasuekin lotutako delituak areagotzearen ondorio da. Hala ere, Segurtasun arloko zinegotzia pozik agertu zen harrapatzeak %4 murriztu zirelako, eta zaurituak eragin zituzten harrapatzeak, %11.

Sufrimenduari izena jarri guran

Manuel Hidalgo Salas Capitán Hidalgo ezizenez ezagun egin zen Guardia Zibilaren ikasketaburuaren heriotzaren berria iritsi da Ondarroara. Joan den urtarrilaren 13an hil zen. Haren agindupean zeudenak bortizki erabiltzen zituela salatu izan da askotan. Hori dela eta, joan den asteburuan Capitan Hidalgoren eskutik ondarroarrek jasandako tratu txarrak biltzeko ahalegina egin du Ondarroako Historiazaleen Elkarteak.

Garraxika Errepresioaren Ondarroako Biktimen Ahotsa elkarteak jakinarazi duenaren arabera, 1968tik 1978ra bitartean Gernika-Lumoko koartelean izan zen Capitan Hidalgo, komandante lanetan. Bitarte horretan egindako "merituengatik", teniente koronel izendatu zuen Espainiako Gobernuak.

Bere karguan egon zen urteetan, Ondarroan eta baita Bizkaiko beste herrietan ere, ezagun egin zen hark zuzenean edo haren ardurapean zeuden guardia zibilek egindako tortura eta tratu txarrak direla-eta.

Herriko artxiboa osatuz

Ondarroako Historiazaleen Elkartea duela 11 urte sortu zen, herriko ondarea babestu eta herriko eta herritarren historia jasotzeko asmoarekin. Bitarte horretan, urtekaria eta hainbat dibulgazio lan argitaratu ditu, eta herriko historian oinarritutako jardunaldiak ere antolatzen ditu.

Horrekin batera, 11 urte hauetan egindako lanarekin herriko artxiboa osatzen ari da elkartea. Artxibo horretan herritarrek sortutako material guztia biltzen dute. Capitan Hidalgoren heriotzak lan horretan jarraitzera animatu ditu elkartekoak. Jaso nahi dituzten testigantza horiekin Historiazaleen Elkarteak argitaratua duen Euskal Historiaren bildumako Gernikako seme-alabak liburuan jasotakoa osatu nahi dute.

Jasotako informazioa Ondarroako errepresioaren mapa osatzeko erabili gura dute. Mapa horren lehenengo atala argitaratutako liburuan atxilotu eta torturatutako ondarroarren zerrendarekin kaleratu dute. "Hasitako lan hori osatu nahi dugu; atxilotu bakoitzak sufritu zituen tortura eta tratu txarrak gehituz. Horrela, Euskal Herriaren memoria osatzen joango gara", diote elkarteko arduradunek.

Esperientziak biltzeko, zuzenean elkarteak Ondarroako ikastola kalean duen lokalera joateko deia egin dute, eta bertara joan ezin duenarentzat kontaktuan jartzeko telefonoa (685-75 73 84) eta helbide elektronikoa (ohzaleak@hotmail.com) jarri dituzte eskuragarri. Ondarroatik kanpoko jendeak ere gai honekin lotura duen zerbait gehitzeko izanez gero, aurretik aipatutako bide berak erabiltzeko deia egin dute, eta beldur barik kontaktuan jartzera animatu.

Izen-abizenen bila

Gernika-Lumoko Udala, bere aldetik, 1937ko apirilaren 27ko bonbardaketaren biktimen zerrenda osatu guran dabil. Gertatutakoa ez ezik, nortzuek sufritu zuten ezagutzeko asmoz, biktimen izen-abizenak bildu nahi dituzte 75. urteurrena betetzen denean. Gernika Gogoratuz eta Gernikazarra elkarteak ibiliko dira zeregin horretan. Gaur egun, ez dago zehaztasunik bonbardaketa hark eragindako biktima kopuruaren inguruan. Zerrenda osatu ahal izateko, hildakoen eta zaurituta suertatu zirenen etxekoen, ezagunen eta lagunen laguntza eskatu dute.

Gurutzetako kolapsoa aztertuko du Arartekoak

BARAKALDO. EAEko Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi du Gurutzetako ospitaleko larrialdietako zerbitzuan kolapsoa gertatu den ebazteko. Hainbat sindikatuk salatu dute zerbitzu horretan gainezka daudela, eta eri asko korridoreetan artatu behar dit...

Supersur aurreikusi baino gutxiago erabiltzen da

BILBO. Bilboko hegoaldeko saihesbideak Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi baino erabiltzaile gutxiago dituela jakinarazi du Bilduk. Hain zuzen, gutxi gorabehera, egunean 11.515 ibilgailuk erabili dute errepidea, eta 23.700 espero zirela ekarri du gogo...

Azken gotorlekuan, indartuta

Garai oparoa eta arrakastatsua dute batzuek gogoan. Besteek orain dituzten komeriak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Aspaldiko eta gaur egungo pala jokalari garrantzitsuenetako batzuk Mungian elkartu ziren iragan ostiralean, mahai baten bueltan, herrian jokatutako Munduko Binakako Pala Txapelketaren itzalpean. Ez alferrik, herriak goi mailako 39 pala jokalari eman ditu, eta zaleak, aldraka. Torrontegi, Goitia I.a eta Ipiña mungiarrak beteranoen aldean; Esteban Gaubeka lemoiztarra, Ziskar II.a mungiarra eta Pablo Fusto argentinarra egungo jokalarien ordezkari; tartean Ziskar I.a, erretiratu berria. Palaren egoera zaila dela diote zazpiek.

Beteranoek ezagutu ez dituzten aldaketa batzuk egin dizkiote palari azkenaldian. Ikusgarrienak bi dira: Deportivotik Miribillara eraman dituzte partidak, pilotaleku luzetik laburrera; bestetik, apustuak kendu dituzte. Horretaz gain, joko arauetako batzuk ere aldatu dira. Denak bat datoz apustuak kendu izanak zale asko etxean geratzea ekarri duela. Pilotalekuz aldatzeari ere batzuek erreparoak jartzen dizkiote, baina pilotaleku laburrak ikusgarritasuna gehi diezaiokeela uste du, adibidez, Ziskar I.ak: "Telebistarako ere egokiagoa da".

Hain zuzen ere, esku pilota telebistaz ematen hasi zirenean etorri zen palaren gainbehera, denen iritziz. "Asegarcek 1992an palaren alde egin izan balu, zein izango zatekeen gaur egungo egoera?", galdetu du Ziskar I.ak. Torrontegik dio esku pilota egunero emateak ikuskizun bihurtu duela, eta asko oso zale izan gabe ere pilotalekura joaten direla, "harmailetan sortzen den giroagatik". Ipiñak iradoki du telebista agertu aurretik palak hein batean eskuzko moldeak baino arrakasta handiagoa izan zuela: "1980an, Gasteizen, gau berean: 150 lagun zeuden Retegi jokatzen ikusteko, eta gu ikusteko, birsalmenta". Gaur egun Miribillan 50 ikusle baino gehiago nekez izaten dituzte. Eta Mungian egin duten txapelketan sarrera kobratu izana sekulakoa iruditzen zaie: "Inoiz pentsatu izan da bi edo hiru euro kobratzea, baina azkenean bertan behera utzi izan da asmoa, jenderik ez zelako etorriko. Egunotan 5 euro ordainduta Mungiako frontoian ia 200 lagun elkartu izana sekulako berri pozgarria da guretzat".

ETBk baztertu egiten dituela eta, Pablo Fustok bere adibidea jarri du: "Banakako finalean, partida bukatzeko bost tanto falta genituela, emanaldia moztu ziguten, 2. Mailako Realaren partidaren aurretiko saioa eman behar zutelako. Bide batez esanda, neuk irabazi nuen". Ziskar I.ak kritika hau egiten du: "Errespetu osoz, ez baitut ezer haren aurka, Titinek atzamarra apurtuz gero, egunkarietan orri osoa emango litzaioke, eta telebistan kirol informazioa zabalduko lukete horrekin. Mungiako Munduko Txapelketa, ordea, ez da inon agertu; Munduko Txapelketa!".

Futboleko maila apalek edo esku pilotako partida eskasenek ere palako saio onek baino ikusle gehiago dituztela gogorarazi du, eta gogoeta egin du ikusteko gogo hori telebistak sortu duen edo ikusleek hala eskatzen duten. Iruditzen zaio, gainera, ETBk Asegarce eta Asperekin dituen kontratuak hautsiezinak diren bitartean palak ez duela lekurik izango telebista publikoan. "Agian, tokiko telebistetara jo beharko genuke, baina hala edo hola geure burua ezagutzera eman behar dugu". Arraunari eman dion babes berbera eskatu dio Ziskar II.ak ETBri palarentzat.

Ipiñaren ustez, pala partidak beti pilotaleku berberean jokatzea ere kaltegarria zaie. "Pilotariak autonomoak izan behar dira, tenislariak bezala edo padel jokalariak bezala. Eta eurek eman behar dute izena torneoetan. Ezin gara enpresa bakarraren menpe eta frontoi bakarrean egon. Mungiak egin duen bezala, jaialdiak eta txapelketak antolatuko dituzten herri asko behar ditugu". Gainontzekoek ere bat egiten dute gabezia horretan. "Egunero frontoi berberean, joko berbera eta pilotari berberak: azkenean, zaleak jokaldi posible guztiak ezagutzen ditu, aspertu egiten da eta ez da frontoira itzuliko".

Aste Nagusiko torneoan, Miribillan, jaialdi mistoak egin zituzten: aurretik pala partida eta gero esku pilotakoa. Batzuek halakoen alde daude, esku pilota zaleek pala ere ezagut dezaten. Besteek ez dute oso argi ikusten. Eta Zearrak esandakoa gogoratu zuen Ziskar II.ak: "Miribillan jokatuko genuela jakin zuenean, frontoia puskatuko genuela bota zuen". Ipiñak dio pala jokalariak eta eskuzko pilotariak ez direla inoiz ondo moldatu.

Euskal Herrian palaren herrialdea Bizkaia da, eta gure lurralde historikoan Mungiak da zale gehien duten herrietako bat. Beste herri palazaleak Armintza (Lemoiz), Sopela eta Sestao dira. "Klubei erreparatzea besterik ez dago: Arratian, Durangaldean eta Enkarterrin ez dago bat bera ere. Txapelketetan jokatzen dugun pilotariok Uribekoak edo Sestaokoak gara": egoeraren argazkia atera du Ziskar I.ak.

Hori horrela, orain erronka umeen artean zaletasuna piztea dela iruditzen zaie. Gaubekak dio Armintzan bere auzokideen artean ezaguna dela. "Estalpeko gune bakarra frontoia dugunez, umeek hara jo behar dute jolastera. Ez dugu futbol zelairik". Dena den, gaztetxoen artean gehien-gehienek "Messi izatearekin egiten dute amets, eta ez Gaubeka izatearekin". Gaur egun, Armintzakoa da pala eskola indartsuena. Gaur egungo gazteek pilotalekura joateko astirik ez dutela iruditzen zaio Torrontegiri: "Ni eskolatik atera eta frontoira joaten nintzen, jolastera. Oraingoek, ordea, nahikoa dute eskolaz kanpoko ekintzekin. Eskolan baino lan gehiago egiten dute etxean!".

Gaubeka bat dator. Umeak pilotalekura erakarri behar direla dio. "Eta eskuz jokatzeko balio ez dutenei, frontoietatik aldentzen utzi beharrean, esan behar zaie palan ere joka dezaketela. Hor dugu etorkizuna, izatekotan".

1.000 milioi euro batzar eta kongresuei esker

BILBO. 2007 eta 2011 artean Bilbon 5.168 kongresu, batzar, jardunaldi eta pizgarrietako bidaia egin dira, eta horietan 884.069 pertsona izan dira. Udalaren datuen arabera, pertsona horiek guztiak hirian 1.047 milioi euro gastatu dituzte. Krisi ekonomi...