Enpresa ertain eta txikiak eta autonomoak laguntzeko plana onartu du diputazioak

Enpresa ertain eta txikiak zein behargin autonomoak laguntzeko 2012-2015 plana aurkeztu du, asteon, Bizkaiko Foru Aldundiak. Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako ahaldunak iragarri duenez, urte horietan 90 milioi euro erabiliko dira horretarako. Hiru ardatz nagusitara bideratuko dute diru hori: berrikuntzara, inbertsiora eta nazioartekotzera.

Berrikuntzarako, 60 milioi erabiliko ditu foru aldundiak. Imanol Pradalesek aurreratu duenez, “aurrenekoz sustatuko dugu zentro teknologikoetan enpresa proiektu berritzaileak garatzea, ezagutza berritzaile hori zentro teknologikoetatik enpresetara transferitu ahal izateko”. Aurreratu dute zenbateko horren erdia inguru Zornotzan dagoen Automozio Adimen Zentroa sendotzeko, handitzeko eta nazioartean zabaltzeko erabiliko dutela.

Enpresek duten finantzaketa arazoa bideratzeko, berriz, 16 milioiren funtsa izango du plan horrek. “Inbertsioaren arloan, behargin autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek egiten dituzten inbertsioen finantza kostuak murrizteko diru laguntzak jarriko ditugu abian”, azaldu du diputatuak. Haren esanetan, egun enpresek duten traba handienetako bat da inbertsioetarako finantzaketa lortzea, “eta inbertsiorik barik ez da enplegurik sortuko”. Orotara, 600 enpresa ertain eta txikik eta 800 behargin autonomok jasoko dituzte laguntzok. 150 milioi euroren inbertsioa izango da, eta diputazioak uste du 12.000 lanpostu sendotuko direla gehienez. Pradalesek emandako datuen arabera, enpresa horiek ordezkatzen dute Bizkaiko enpleguaren %90 inguru.

Diputatuak esan duenez, ekoizten dituzten zerbitzu eta produktuen gaineko eskaria gutxitu zaie enpresa txiki eta ertainei eta behargin autonomoei, eta lehiakide gehiago agertu zaizkie. “Konponbidea? Merkatu berriak aurkitzea”. Uste du enpresa txiki eta ertainek zein autonomoek ere nazioartera jo behar dutela, enpresa handiek bezala. Horretarako, 14 milioi euroren diru laguntzak jaso ditu plan horrek.

Martitzeneko Gobernu Kontseiluan onartu zituzten plan hori garatzeko lehen bost dekretuak. Horiei esker, “premiazkoak” diren aurreneko 13,8 milioi euroak banatzen has daitezke dagoeneko. “Diru laguntzak banatzean, ez da aintzat hartuko enpresariak zein sektoretan lan egiten duen, baizik eta aurkezten duen proiektua zertarako den”.

Akordioa handituz

Duela urtebete sortu zen Enkarterri Group Enkarterriko Enpresa Elkartea. Zenbait erakunde publikok eta enpresak osatzen dute talde hori, eta eskualdean enplegua sortu eta ekonomia sustatzea du helburu. 55 enpresa dira kide. Gainera, asteon, Zabalgarbik, Cespak eta Euskadiko Kutxak ere taldearekin bat egingo dutela sinatu dute. Halaber, Alonsotegi, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Sopuerta eta Zallako udalak ere partaide izango dira.