Sailkatugabeak

Urpetu, leheneratzeko

Urteetan gizakiak egindako jarduerek eragin "kaltegarriak" izan dituzte Oka ibaiaren alde batzuetan eta bertako ekosistemetan; kanalizazio artifiziala egin eta padurari nekazaritzarako lursailak lapurtu izanak, esaterako. Horrek, halabeharrez, biosfera erreserbako zenbait gune lehortu izana eragin du urteen buruan. Hori ikusirik, Oka ibaiaren goialdeko estuarioa leheneratzeko proiektua du esku artean Eusko Jaurlaritzak. Leheneratzeaz gain, klima aldaketaren eraginei aurre egiteko neurriak ezarri nahi ditu Urdaibain. Pilar Unzalu Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako sailburuaren esanetan, "Urdaibaiko ingurumen eta kultura ondarea berreskuratzea eta mundura zabaltzea" da helburu nagusia.

Zehazki, Oka ibaiari dagozkion lur eremuak berreskuratzean datza proiektua, gune batzuk urpetuz, estuarioa leheneratze aldera —Gernika-Lumo, Arratzu, Kortezubi, Forua eta Murueta zeharkatzen ditu Oka ibaiak—. Lanak iaz hasi zituzten arren, hainbat epetan gauzatuko dituzte, eta, beraz, oraindik ere zehaztu gabe dago noiz amaituko dituzten.

Izan ere, XVI. mendetik gaur egunera arteko giza jardueren ondorioz, itsasaldien eraginetik isolatu du urteetan ibaiaren goi estuarioa eta horrek, ezinbestean, Baccharis halimifolia landare arrotz inbaditzailearen kolonizazioa ahalbidetu du.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Parte Hartze Zuzendaritzaren eta Urdaibaiko Biosfera-Erreserbaren bulego teknikoak elkarlanean landutako proiektuaren bitartez, Europako Batasunak zehazten dituen irizpideak eta biosfera erreserbetarako Montseny Planak finkatzen dituen helburuak bete ahal izango dituzte; alegia, kultura eta natur ondarearen balioak berreskuratzen dituzten bitartean, ikerketa, kontserbazioa eta garapen prozesuak bateratzea.

Jarduera zehatzak

Ekosistema berreskuratzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren proiektuagaz klima aldaketak ekar ditzakeen egoera berrietara egokitzeko, uholdeak ekiditen dituen hainbat muna artifizial desagerraraziko dituzte itsasaldiek eragina izan dezaketen lekuetan, etorkizunean modu naturalean urpetu daitezen.

Alabaina, altuago egoteagatik itsasaldien eraginik izango ez duten lekuetan —Foruan eta Kortezubin, esaterako— ur gezako padurak sortzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Foruko Baldatika eta Kortezubiko Olalde erreken emariak aprobetxatzea da lan programa. Jaurlaritzak uste du jarduera horiek guztiek lagunduko dutela aipatutako landare inbaditzailearen garapena geldiarazten.

Bestalde, Urdaibaiko biosfera erreserbaren garapena bermatze aldera, zenbat basabide egokituko dituzte ibiltariek erabil ditzaten; baita ingurumen hezkuntza sustatzeko kartelak jarri ere, turismo berdea sustatzea delako asmoa. Bestalde, argindarraren linea kenduko dute Oka ibaiaren eskumako goi paduran. Jaurlaritzatik esan dutenez, ingurumen ibilbideak aukera paregabea izango dira inguruko eta kanpoko bisitariek aldearen balioa ezagutu dezaten.

Proiektua abiatzearekin batera, prozesuaren ikuskapen zientifikoa eta ebaluazioa egingo ditu Jaurlaritzak. Izan ere, diotenez, etorkizunean Urdaibaiko biosfera erreserban edota Kantauri isurialdean egin daitezkeen berreskuratze proiektuetarako eredugarria izan daiteke proiektua.

Meatzeetan, zurezko etxeak

Hemeretzigarren mendearen azken herenean, meategiak izugarri ugaritu ziren Trianoko mendien inguruan. Modu horretan jaso zuen Meatzaldeko eskualdeak gaur egun duen izena. Siderurgiaren arloan, Bessemer bihurgailua agertu berria zen, eta Ingalaterrak f...

Arrantzale erretiratuek euren bizipenak kontatuko dituzte Agurtzan

Agurtza arrantza tekniken interpretazio zentroaren bisitek aurten pizgarri berezi bat izango dute. Izan ere, herriko arrantzale erretiratuek itsasoan izandako bizipenak kontatuko dizkiete interpretazio zentroa bisita gidatuen bitartez ikustera doazenei.

Eskarmentu handiko arrantzaleek bizitakoak entzuteko, ekainera arte itxaron beharko dute interesa dutenek, baina. Dena den, Agurtzan hasi berriak dira jada aurtengo bisita gidatuak.

Aurten, gainera, iaz baino erakustaldi gehiago antolatu dituzte bertan; 540tik gora, hain zuzen. Iaz, 2.218 bisitari izan zituzten interpretazio zentroan, Santurtziko Udalak emandako datuen arabera. "Urte honetarako, eskainitako bisita gidatuen zerbitzua hobetu eta bisitari gehiagok etorri ahal izatea errazteko asmoz, martxotik aurrera bisiten egutegi berria jarriko dugu martxan. Hori horrela, iaz 176 bisita gidatu izan genituen. Bada, aurten, 542 antolatuko ditugu", iragarri du asteon Idoia Vizcaino Turismo zinegotziak.

"Iaz elementu hau —Agurtza interpretazio zentroari aipamen eginez— berreskuratu genuen, beti izan garena erakusteko: itsasoko herri bat, hain zuzen ere", zehaztu zuen Vizcainok. Halaber, egitasmoa "beste jarduera batzuk osatzeko eskaintza turistikoa" dela ekarri zuen gogora. Azaldu zuenez, helburua da bisitariei "arrantza zer den eta Santurtzin betidanik zelan egin dugun lan erakustea".

Martxotik maiatzera bitartean eta urritik abenduaren 9ra bitartean ondoko bisita egutegia aurreikusi du udalak: ostiraletan, 17:30ean; larunbatetan, 11:00etan, 12:30ean eta 17:30ean; igandetan eta jaiegunetan, 11:00etan eta 12:30ean. Aste Santurako eta ekaina eta iraila bitarteko hilabeteetarako, berriz, ondoko ordutegiak ezarri dituzte: astelehenetan, 11:00etan, 12:30ean eta 17:00etan. Asteartetik igandera, ostera, 11:00etan, 12:30ean eta 17:30ean. Bisitak taldean eta e0uskaraz, ingelesez edo frantsesez egiteko aurretik eskaera egin behar da.

75 urtez, martxoaren 5a gogoan

Areetan zen Juan Azkarate 1937ko martxoaren 5 hartan. Han zuen kuartela Eusko Jaurlaritzak, eta instrukzio saioak egin behar zituzten bertan. Urtero-urtero egun horretan Matxitxakora doanean imajina bera datorkio burura: "Goizean ikusi genuen lehenengo gauza Gipuzkoa boua izan zen, sutan, portura sartzen. Hiru lagun hil zirela esan ziguten, atzeko kanoian zihoazenak. Horietako bat bermeotarra zen". Momentu hartan, duela 75 urte, gerrara noiz bidaliko zituzten zain ziren Areetako kuartelean, "eta hori gogoan izaten dut urtero. Gogoan izan behar dela uste dut, garrantzitsua da gertatutakoa gogoratzea".

1922. urtean jaio zen Juan Azkarate, Bermeon. Ludiko Atsegina ontzian hasi zen lanean, gaztetan. Txo lanak egiten zituen, "itsasora irteteari utzi genion artean". 1936. urtean ontziak portuan luzerako atrakatu zituztela gogoan du, "gerrara zihoala esan zigun patroiak". Honela edo horrela, bizimodua atera behar zuela dio Azkaratek, eta frontera joateko prest agertu zuen bere burua. "Gaztea nintzen, 14 urte nituen, baina hurrengo egunean Bilboko Carlton hotelean aurkezteko deitu zidaten; Espainiako Gerrra Ministerioaren ordezkaritza zegoen han". Euskadiko Gudontzidiko buru Joakin Egiaren gutunagaz aurkeztu zen.

Jaurlaritzarekin Frantziara

Araba bouan sartu zuten, eta istriborrean zuen metrailadorearen balen zintaren ardura zuen Azkaratek; "15-20 bermeotar geunden Araba ontzian". Bitartean, Areetan, instrukzio lanak egiten zituzten. Gau batean, motxila prestatzeko eta lorik ez egiteko agindu zieten. Faxistak Artxandan ziren zurrumurrua zabaldu zen. "Goizaldean etorri ziren gure bila, 03:00etan, eta bi autobusetan sartu gintuzten". Santurtzin porturatuta zeuden Jose Luis Diez eta Ciscar itsasontziak hartzeko ahaleginean laguntzera zihoazen, baina hara heltzean bi ontzi errepublikanoak hartuta zeuden dagoeneko. "Hango eskifaiak errepublikanoei sabotajeak egiten zietela esaten zuten". Jose Luis Diez ontzian geratu zen.

Faxistek Bilbo hartu zuteneko bezperan Campsan porturatu ziren haren itsasontzia eta Ciscar. "Eusko Jaurlaritzako kide guztiak eta haien senideak bi ontzietan sartu zituzten". La Pallicera eroan zituzten (Frantziara, La Rochelle ondora). Atzerriko ontziek mugatuta zuten bertan porturatuta egoteko denbora: "Zortzi egunerako baimena genuen". Han zirela, komandanteak eta tenienteak ontzia utzi zuten, eta mugaren bi aldeetara abisua eman zien errepublikanoei, eta errefuxiatuak La Pallicen zirela esan. "Berehala etorri zitzaizkigun ontziratutako pertsona guztiak handik atera behar genituela esanez. Gerrako errefuxiatuak zirela eta ezin genituela han gorde. Hamar minutu eman zizkiguten jende guztia ontzitik ateratzeko. Euren ondasun guztiak han utzita joan behar izan zuten. Ikaragarria da horiei guztiei ostu genien ondasunen zenbatekoa; garaiko lau milioi pezeta baino gehiago".

Frantziatik Espainiara

Bitartean, gerrako ontziak zituzten zain, Bordele (Frantzia) inguruan. "Guri erasotzeari ekin zioten, eta guk kea botatzen genuen, haiek nahasteko". Alde egitea lortu zuten eta Santanderrera (Espainia) joan ziren. Han, Espainiako gobernu errepublikanoaren komisario politikoak aginduta, Santoñara joan ziren Eusko Jaurlaritzaren bitartez ontziratu ziren guztiak. "Ordenantza sartu ninduten, Itsas Ministerioan. Baina ez nintzen konforme, eta Sardinero eta Santander artean zegoen Eusko Jaurlaritzaren kuartelera joan nintzen, Agirre lehendakariagaz hitz egiteko. Gerrara joateko beldur nintzen, 15 urte nituen, eta harrapatuz gero kartzelara sartuko ninduten, edo hil". Gaixo agiria eman zioten, eta Xixonera bidali. Han, Mieres izeneko salgai itsasontzian sartu zuten Azkarate. Hala, Frantziara heldu zen, beste 3.000 lagunekin. "Bordelen txertoa jarri ziguten, eta Bartzelonara [Herrialde Katalanak] bidali", gogoan du Azkaratek.

Kontzentrazio esparruetan

Gerrara joan gura ez, eta bizimodua nola atera zuen kezka bermeotarrak. "Ikasketaren bat hastea pentsatu nuen", eta nautika eskolara bidali zuten, Lehendakariaren bitartez. "Baina bere garaian eskola ere ez nuen amaitu, eta ezin izan nuen ikasi". Bartzelonako kuartel batera jo zuen; hara sartu eta hurrengo egunean gerrara bidaliko zituztela esan zieten. "Sukaldeko horma salto egin, eta alde egin nuen". Biharamunean trena hartu zuen, Gironara bidean. Han, frontera joateko aurkeztu zuen bere burua. "La Garrigara bidali gintuzten. Ameriketako Estatu Batuek bidalitako 60 kamioi chevrolet zeuden han, eta gidari laguntzaile lanak egin nituen horietako batean. Frontera joaten ginen, bonbak eta armak eroatera". Egiteko horrek, baina, bazuen bere arriskua. Hegazkinek bonbardatu egiten zituzten kamioiak. "Halako batean, Perpignanera helduta, soldadu senegaldarrekin egin genuen topo, eta haiek zein gendarmeek babestuta egin genuen aurrera". Hiru egun egin zituzten oinez, Argelesko hondartzara heldu ziren arte. Bost hilabete egin zituen kontzentrazio esparruan. Madril oraindik hartu gabe zegoela, Argelesko kontzentrazio esparruan zirenak handik ateratzeko zerrendak egin zituzten. Txanda heldu zitzaionean Irunera eraman zuten, hango kontzentrazio esparrura. Hiru hilabete eman zituen han; "eta handik Larrinagara, hamabost egunerako". Libre utzi zuten Azkarate, eta Bermeora bueltatu zen. 1939. urtea zen, eta gerra amaituta zegoen. "Herrian nintzela, gasolinaz busti eta niri su emateko gogoa zutela esan zidaten guardia zibilek". Zapatuoro aurkeztu behar zuen bere burua; "ni amorratzeko eta kontrolatzeko zen". Atunontzi enpresa baten jabe izatera heldu zen Azkarate, "baina krisiak gu ere jo gaitu". Erretiroa hartuta, Matxitxakora joango da astelehenean, 75 urteok gogoan.

Enpresa ertain eta txikiak eta autonomoak laguntzeko plana onartu du diputazioak

Enpresa ertain eta txikiak zein behargin autonomoak laguntzeko 2012-2015 plana aurkeztu du, asteon, Bizkaiko Foru Aldundiak. Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako ahaldunak iragarri duenez, urte horietan 90 milioi euro erabiliko dira horretarako. Hiru ardatz nagusitara bideratuko dute diru hori: berrikuntzara, inbertsiora eta nazioartekotzera.

Berrikuntzarako, 60 milioi erabiliko ditu foru aldundiak. Imanol Pradalesek aurreratu duenez, "aurrenekoz sustatuko dugu zentro teknologikoetan enpresa proiektu berritzaileak garatzea, ezagutza berritzaile hori zentro teknologikoetatik enpresetara transferitu ahal izateko". Aurreratu dute zenbateko horren erdia inguru Zornotzan dagoen Automozio Adimen Zentroa sendotzeko, handitzeko eta nazioartean zabaltzeko erabiliko dutela.

Enpresek duten finantzaketa arazoa bideratzeko, berriz, 16 milioiren funtsa izango du plan horrek. "Inbertsioaren arloan, behargin autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek egiten dituzten inbertsioen finantza kostuak murrizteko diru laguntzak jarriko ditugu abian", azaldu du diputatuak. Haren esanetan, egun enpresek duten traba handienetako bat da inbertsioetarako finantzaketa lortzea, "eta inbertsiorik barik ez da enplegurik sortuko". Orotara, 600 enpresa ertain eta txikik eta 800 behargin autonomok jasoko dituzte laguntzok. 150 milioi euroren inbertsioa izango da, eta diputazioak uste du 12.000 lanpostu sendotuko direla gehienez. Pradalesek emandako datuen arabera, enpresa horiek ordezkatzen dute Bizkaiko enpleguaren %90 inguru.

Diputatuak esan duenez, ekoizten dituzten zerbitzu eta produktuen gaineko eskaria gutxitu zaie enpresa txiki eta ertainei eta behargin autonomoei, eta lehiakide gehiago agertu zaizkie. "Konponbidea? Merkatu berriak aurkitzea". Uste du enpresa txiki eta ertainek zein autonomoek ere nazioartera jo behar dutela, enpresa handiek bezala. Horretarako, 14 milioi euroren diru laguntzak jaso ditu plan horrek.

Martitzeneko Gobernu Kontseiluan onartu zituzten plan hori garatzeko lehen bost dekretuak. Horiei esker, "premiazkoak" diren aurreneko 13,8 milioi euroak banatzen has daitezke dagoeneko. "Diru laguntzak banatzean, ez da aintzat hartuko enpresariak zein sektoretan lan egiten duen, baizik eta aurkezten duen proiektua zertarako den".

Akordioa handituz

Duela urtebete sortu zen Enkarterri Group Enkarterriko Enpresa Elkartea. Zenbait erakunde publikok eta enpresak osatzen dute talde hori, eta eskualdean enplegua sortu eta ekonomia sustatzea du helburu. 55 enpresa dira kide. Gainera, asteon, Zabalgarbik, Cespak eta Euskadiko Kutxak ere taldearekin bat egingo dutela sinatu dute. Halaber, Alonsotegi, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Sopuerta eta Zallako udalak ere partaide izango dira.