75 urtez, martxoaren 5a gogoan

Areetan zen Juan Azkarate 1937ko martxoaren 5 hartan. Han zuen kuartela Eusko Jaurlaritzak, eta instrukzio saioak egin behar zituzten bertan. Urtero-urtero egun horretan Matxitxakora doanean imajina bera datorkio burura: “Goizean ikusi genuen lehenengo gauza Gipuzkoa boua izan zen, sutan, portura sartzen. Hiru lagun hil zirela esan ziguten, atzeko kanoian zihoazenak. Horietako bat bermeotarra zen”. Momentu hartan, duela 75 urte, gerrara noiz bidaliko zituzten zain ziren Areetako kuartelean, “eta hori gogoan izaten dut urtero. Gogoan izan behar dela uste dut, garrantzitsua da gertatutakoa gogoratzea”.

1922. urtean jaio zen Juan Azkarate, Bermeon. Ludiko Atsegina ontzian hasi zen lanean, gaztetan. Txo lanak egiten zituen, “itsasora irteteari utzi genion artean”. 1936. urtean ontziak portuan luzerako atrakatu zituztela gogoan du, “gerrara zihoala esan zigun patroiak”. Honela edo horrela, bizimodua atera behar zuela dio Azkaratek, eta frontera joateko prest agertu zuen bere burua. “Gaztea nintzen, 14 urte nituen, baina hurrengo egunean Bilboko Carlton hotelean aurkezteko deitu zidaten; Espainiako Gerrra Ministerioaren ordezkaritza zegoen han”. Euskadiko Gudontzidiko buru Joakin Egiaren gutunagaz aurkeztu zen.

Jaurlaritzarekin Frantziara

Araba bouan sartu zuten, eta istriborrean zuen metrailadorearen balen zintaren ardura zuen Azkaratek; “15-20 bermeotar geunden Araba ontzian”. Bitartean, Areetan, instrukzio lanak egiten zituzten. Gau batean, motxila prestatzeko eta lorik ez egiteko agindu zieten. Faxistak Artxandan ziren zurrumurrua zabaldu zen. “Goizaldean etorri ziren gure bila, 03:00etan, eta bi autobusetan sartu gintuzten”. Santurtzin porturatuta zeuden Jose Luis Diez eta Ciscar itsasontziak hartzeko ahaleginean laguntzera zihoazen, baina hara heltzean bi ontzi errepublikanoak hartuta zeuden dagoeneko. “Hango eskifaiak errepublikanoei sabotajeak egiten zietela esaten zuten”. Jose Luis Diez ontzian geratu zen.

Faxistek Bilbo hartu zuteneko bezperan Campsan porturatu ziren haren itsasontzia eta Ciscar. “Eusko Jaurlaritzako kide guztiak eta haien senideak bi ontzietan sartu zituzten”. La Pallicera eroan zituzten (Frantziara, La Rochelle ondora). Atzerriko ontziek mugatuta zuten bertan porturatuta egoteko denbora: “Zortzi egunerako baimena genuen”. Han zirela, komandanteak eta tenienteak ontzia utzi zuten, eta mugaren bi aldeetara abisua eman zien errepublikanoei, eta errefuxiatuak La Pallicen zirela esan. “Berehala etorri zitzaizkigun ontziratutako pertsona guztiak handik atera behar genituela esanez. Gerrako errefuxiatuak zirela eta ezin genituela han gorde. Hamar minutu eman zizkiguten jende guztia ontzitik ateratzeko. Euren ondasun guztiak han utzita joan behar izan zuten. Ikaragarria da horiei guztiei ostu genien ondasunen zenbatekoa; garaiko lau milioi pezeta baino gehiago”.

Frantziatik Espainiara

Bitartean, gerrako ontziak zituzten zain, Bordele (Frantzia) inguruan. “Guri erasotzeari ekin zioten, eta guk kea botatzen genuen, haiek nahasteko”. Alde egitea lortu zuten eta Santanderrera (Espainia) joan ziren. Han, Espainiako gobernu errepublikanoaren komisario politikoak aginduta, Santoñara joan ziren Eusko Jaurlaritzaren bitartez ontziratu ziren guztiak. “Ordenantza sartu ninduten, Itsas Ministerioan. Baina ez nintzen konforme, eta Sardinero eta Santander artean zegoen Eusko Jaurlaritzaren kuartelera joan nintzen, Agirre lehendakariagaz hitz egiteko. Gerrara joateko beldur nintzen, 15 urte nituen, eta harrapatuz gero kartzelara sartuko ninduten, edo hil”. Gaixo agiria eman zioten, eta Xixonera bidali. Han, Mieres izeneko salgai itsasontzian sartu zuten Azkarate. Hala, Frantziara heldu zen, beste 3.000 lagunekin. “Bordelen txertoa jarri ziguten, eta Bartzelonara [Herrialde Katalanak] bidali”, gogoan du Azkaratek.

Kontzentrazio esparruetan

Gerrara joan gura ez, eta bizimodua nola atera zuen kezka bermeotarrak. “Ikasketaren bat hastea pentsatu nuen”, eta nautika eskolara bidali zuten, Lehendakariaren bitartez. “Baina bere garaian eskola ere ez nuen amaitu, eta ezin izan nuen ikasi”. Bartzelonako kuartel batera jo zuen; hara sartu eta hurrengo egunean gerrara bidaliko zituztela esan zieten. “Sukaldeko horma salto egin, eta alde egin nuen”. Biharamunean trena hartu zuen, Gironara bidean. Han, frontera joateko aurkeztu zuen bere burua. “La Garrigara bidali gintuzten. Ameriketako Estatu Batuek bidalitako 60 kamioi chevrolet zeuden han, eta gidari laguntzaile lanak egin nituen horietako batean. Frontera joaten ginen, bonbak eta armak eroatera”. Egiteko horrek, baina, bazuen bere arriskua. Hegazkinek bonbardatu egiten zituzten kamioiak. “Halako batean, Perpignanera helduta, soldadu senegaldarrekin egin genuen topo, eta haiek zein gendarmeek babestuta egin genuen aurrera”. Hiru egun egin zituzten oinez, Argelesko hondartzara heldu ziren arte. Bost hilabete egin zituen kontzentrazio esparruan. Madril oraindik hartu gabe zegoela, Argelesko kontzentrazio esparruan zirenak handik ateratzeko zerrendak egin zituzten. Txanda heldu zitzaionean Irunera eraman zuten, hango kontzentrazio esparrura. Hiru hilabete eman zituen han; “eta handik Larrinagara, hamabost egunerako”. Libre utzi zuten Azkarate, eta Bermeora bueltatu zen. 1939. urtea zen, eta gerra amaituta zegoen. “Herrian nintzela, gasolinaz busti eta niri su emateko gogoa zutela esan zidaten guardia zibilek”. Zapatuoro aurkeztu behar zuen bere burua; “ni amorratzeko eta kontrolatzeko zen”. Atunontzi enpresa baten jabe izatera heldu zen Azkarate, “baina krisiak gu ere jo gaitu”. Erretiroa hartuta, Matxitxakora joango da astelehenean, 75 urteok gogoan.