Urrunean, Zugaztietako mendiak antzeman ahal dira, eguzkiak argiturik. Aurrean, Lauaxeta plazako lorategia, eta, eskuman, 1931. urtean eraikitako eliza. Horixe ikusten du Xabier Cuellar Trapagarango alkateak udaletxeko balkoitik. Argazkilariak bere lana egin duen bitartean, eliza ondoan dagoen Olaso jauregiaren eta plazaren beraren historia kontatu du: "Gaur egungo antolamendua ez da antzinakoa. Eliza eta udala aurrerago zeuden, eta, lorategiaren ordez, etxe zahar bat zegoen. Baina Olaso familiak jauregia eta plaza bat nahi zituen. Eta dirutza jarri zuten dena birkokatzeko". Hala ere, lekua ez da bihurtu trapagarandarren topagune. Oraindik ere, meatzeetatik ateratako mea garraiatzeko trenbidea zena eta egun pasealeku eder bilakatu dena nahiago dituzte bertokoek. "Paseo del Colesterol esaten diote, herriko hainbat auzo lotzen dituen bideari", azaldu du udaleko buruak.
Bere herriaren historiaren maitalea da Cuellar. Garai hartako arkitektoen izen-abizenak buruz dakizki, baita antzinako gertakari ugari ere, eta, jakina, udalerria jaio zeneko data: 1841. urtea, hain zuzen. Lehenago, Somorrostro haraneko parte zen Trapagaran. "Industrializazioak lehenengoz, eta industria desagertzeak, ostean, herria guztiz eraldatu dute", adierazi du alkateak. Horren adibide garbiena, agian, Galindo auzoa da. General Electrica Española enpresaren itzalpean jaio zen, eta, egun, erabat isolatuta geratu den etxe talde urritu bihurtu da. Laster desagertuko dena. "Bertako biztanleak handik atera eta San Gabriel auzora eraman nahi ditugu", aurreratu du Cuellarek.
730 etxebizitza
Izan ere, trenbide ondoan dagoen auzo horretan, 730 etxebizitza eraikitzeko plana du udalak. "Herrian dauden etxeak garestiegiak dira, eta gazteek ez daukate erosteko aukerarik. Horrexegatik, etxe babestuak eta alokatzekoak eraiki nahi ditugu San Gabrielen", nabarmendu du. Lehenago, baina, Hiri Antolamenduko Plan Nagusia (HAPN) onartu beharko dute. "Gure lehentasuna da. Hori barik ezin baitugu ezer eraiki", aitortu du alkateak. Haren ustez, urtebete barru dena martxan egon daiteke. Bilduko zinegotziekin akordio bat egiteko jada hainbat bilera egin dituztela aurreratu du: "Gai batzuetan ez gaude ados, baina gauzak hitz egiten konpontzen dira, elkarlanean".
Aurreko zortzi urte oposizioan eman ostean, hauxe da Cuellarren lehen agintaldia (EAJ). Bilduren bozei esker lortu zuen alkatetza, hura gobernuan egoteari uko egin bazion ere. "Ez dugu gehiengo osoa, baina jada hobekuntza ugari lortu ditugu", agertu du, kontent. Horien artean, jai eredua nabarmendu du. "PSEk kontzertu jendetsuak zituen gustuko. Baina jendeari bere ideiak aurkezteko aukera emanez gero, gehiago parte hartuko dute. Hortaz, Bildurekin hitz egin genuen, eta, orain, jai batzordea badugu".
Bestalde, herritarren aspaldiko eskaera zen zahar etxea laster eraikiko dutela iragarri du. "Lurrak garbitu bezain laster, lanekin hasiko gara", aurreratu du. Horrekin batera, onartu berri duten igogailuen arautegiak ere "onura dezente" ekarriko dituelakoan dago. Herrian dauden bi frontoiak estaltzea ere lehentasunen artean kokatu du. "Beste frontoi bat eraikitzea da nik bihotzean daukadana. Baina itxaron beharko du". Guztiari ekiteko, aurrekontuak onartu beharko dituzte, eta, horretan ere, alkatea baikor agertu da: "Batzordea hurrengo astean berriz ere bilduko da, eta, ziurrenik, hurrengo udalbatzan jada onartuko ditugu".
Langabezia handia
Traparagango langabezia tasa %18 ingurukoa dela aitortu arren, ez du horren txarto ikusten. "Inguruko beste herri batzuekin alderatuta, Ortuella eta Sestaorekin, kasu, ez gaude gaizki", nabarmendu du Cuellarrek. Edonola ere, enplegua sortzearen alde agertu da, eta jadanik herrian kokatzeko hiru enpresaren eskaintza jaso dutela aurreratu du: "Orain arte ezin izan diegu baimena eman HAPNrik ez dugulako. Baina Eusko Jaurlaritzan planaren aldaketa partziala aurkeztu dugu, eta, antza, aurrera doa. Ikusiko dugu".
Trapagaranen zeukaten beste arazoetariko bat ere konpontzeko bidean dagoela ziurtatu du udalburuak. Azken hilabeteetan herriaren goiko auzoetan ganadua errepideetan solte ibiltzeak kezka larria sortu zuen hainbat auzokide, elkarte eta talde politikoengan. "Batzuek zioten istripuen arriskua zegoela, besteek ez zela horrenbesterako… Guztien arteko oreka bilatzea da nire lana", agertu du. Oraingoz, halakorik gertatzen denean, aberearen jabeak isuna ordaindu beharko du.
Azkenik, euskararen normalizazioaren alde egindako lana azpimarratu nahi izan du Cuellarrek. Orain arte Euskara Biziberritzeko Plan Nagusirik ez zeukan Bizkaiko herri bakarra zen Trapagaran. Duela gutxi onartu zuten, eta, jada, martxan dago. Horrekin batera, herriko toponimia berreskuratzeko ere lanean buru-belarri ari direla azaldu du. "Herri baten historia bizirik mantentzea garrantzitsua da oso", ziurtatu du.