Udalak 48 milioi inbertituko ditu datozen lau urteetan Bilboko auzoetan

Bilboko Udalak 2012tik 2015era bitarteko Auzokide plana onartu du. Lau urteotan Bilboko auzo bakoitzean egin nahi diren lan eta jarduerak eta horiek finantzatzeko aurrekontua jasotzen ditu. Orotara 48 milioi inbertituko dituztela iragarri du Iñaki Azkuna alkateak. Hala ere, ohartarazi du udalaren diru kutxetan “hondamendirik” gertatuz gero murriztu egin beharko litzatekeela aurrekontu hori. Edonola ere, aurreikusitako diru sortari esker, ia 170 egitasmo martxan jarri ahal izango dira. Udalak argi utzi du dirua “berdintasunez” banatuko dela hiria osatzen duten zortzi barrutien artean. “Udalarentzat auzoak zenbateraino diren garrantzitsu erakusten du plan honek”, adierazi du Jose Luis Sabas Obra eta Zerbitzu zinegotziak.

Auzokide “herritarrek parte hartzeko udalak duen tresnarik eraginkor eta ahaltsuenetako bat da”, Sabasen esanetan. Izan ere, ezagutzera eman dituen datuen arabera, barruti kontseiluetan egindako proposamenen %85 baino gehiago onartu dira. “Horietatik asko ez zetozen bat udal gobernuak aurkeztutakoekin”, gaineratu du. Kanpoan utzi diren proposamen bakarrak udal aurrekontuaren beste sail batzuen kontura egingo diren zenbaitzuk eta udal teknikariek bideraezintzat jo dituztenak izan direla adierazi du.

Begoñan 28 jarduera egiteko asmoa dute, Ibaiondon 26, Deustuan 24, Errekalden 21, Otxarkoaga eta Txurdinagan 21, Basurtu eta Zorrotzan 15 eta Abandoko barrutian beste 15. “Jarduera horiei esker, barruti gehienetan, auzoaren bihotzak sortuko dira, eta ingurune bakoitzaren benetako eragile sozioekonomiko bilakatuko dira”, ohartarazi du zinegotziak. Hein berean, ibiltzeko erraztasuna, bideen egoera eta argiteriaren eraginkortasun energetikoa hobetu nahi dira. Baita aparkaleku, aisirako eremu eta askotariko erabileretarako dituzten herritarrentzako gune berrien sorrera sustatu ere.

Besteak beste, honako hauek dira egin nahi diren lanetako batzuk: Zabalguneko plaza, Deustuko San Pedro, Otxarkoagako Kepa Enbeita eta Santutxuko Basarrate plazak berrituko dira datozen lau urteetan. Deustuan eta Uribarrin Bilboko Metroaren 3. linearako sarbideak prestatuko dira. Bolueta eta Abusu artean Pontonbideko zubia estaltzea erabaki da. Funikularraren plazan eta Zazpilandan igogailuak jartzeko erabakia jasotzen du planak. Iparragirre kalean, Kale Nagusiaren paretik eta Guggenheim museora arte, tratamendu estetiko osoa egin asmo dute. Zazpikaleetako oinezko erabilera hobetzeko plan zehatza ere jaso du Auzokidek.