Hainbat errepide berritzeko eta mantentzeko, 40 milioi erabiliko ditu aldundiak

Bizkaiko Foru Aldundiak 40 milioi euro bideratuko ditu Bizkaiko errepideak berritu edo mantentzeko lanetara. 2012. eta 2013. urteetarako egin ditu aurreikuspen horiek.

Leioan, Euskal Herriko Unibertsitatera sartzeko saihesbidea egiten hasiko dira. Bide horrek gaur egungo errepideak duen zirkulazio ahalmena handituko du, 18 hilabeteko lanak bukatu ostean. Bigarren helburu bat ere badu aldundiak, unibertsitateak etorkizunean izango duen parke zientifikoaren inguruko bide berria sortzea, hain zuzen ere. Zazpi milioi euro inbertituko ditu lan horietan.

Bestalde, Zornotza eta Erletxe artean N-634 errepidea hobetzeko lanak hasiko ditu. Erletxeko biribilgunean hasi eta Boroako ordainlekuaren ondoan dagoen industrialdean amaituko dituzte lanak, 2,4 milioi euro balioko dutenak. Gaur egun dauden bidegurutzeen ordez, bi biribilgune eraikiko ditu aldundiak. Horrez gain, bihurguneak zuzenduko dituzte eta maldak txikitu.

Horrez gain, 30,6 milioi euro inbertituko ditu aldundiak lurraldeko 1.093 kilometro errepide mantentzeko. Errepide nagusiak eta horien osagarriak mantendu, ustiatu eta kontserbatuko dituzte onartutako plan horrekin.