Sailkatugabeak

Jaurlaritzak ez du Erralde zabaltzeko baimenik eman

Itxaropen handirik gabe joan ziren Erraldeko ordezkariak Osasun Sailagaz eguaztenean zuten bilerara, baina han jasotako erantzuna espero baino hotzagoa izan zela azaldu du Mikel Ansotegi bertako presidenteak: Jaurlaritzak ezezko borobila eman dio hiltegia berriz zabaltzeko eskaerari.

"Jakinarazi diegu hiltegia egoera onean jarri dugula eta funtzionatzeko moduan dagoela. Beharginak behar bezala kokatuta gurutzatzerik ez dela gertatuko deritzogu", azaldu du Ansotegik hiltegiak duen U itxurari aipamen eginez. Baina "oso jarrera itxia" izan dutela iruditzen zaio. "Bisita bat egiteko proposamena egin diegu, instalazioak zelan dauden ikus dezaten, baina bisitarik ez dute onartu, eta egin ditugun aldaketak ikusi ere egin gabe esan digute ez dutela berriz zabalduko hiltegia", adierazi du.

Irtenbide bakarra hilketa linea aldatzea izango litzateke: U linea kendu eta linea zuzena jarri. "Irtenbide hori, ordea, oso zaila da", adierazi du Ansotegik. Hala ere, iragarri du alternatibak aztertuko dituztela.

Erraldeko administrazio kontseiluko hiru kide, teknikari bi eta beharginen ordezkari bat joan ziren Gasteizko batzarrera. Jaurlaritzaren aldetik, Osasun Publikoko zuzendari Mertxe Estebanez eta hiru teknikari egon ziren.

Ansotegik salatu du Osasun Sailak, Erralde itxita, beste alternatibarik ez duela planteatu sektoreko ganaduzaleei zerbitzu hori eskaintzeko. "Sektorea oso larri uzten du horrek. Ganaduzaleak astean ehun euro gehiago ordaintzen ari dira euren ganadua hiltzeko, Oñatira edo Zestoara eraman behar dutelako".

Beraz, Berrizko hiltegi berriaren proiektuari bultzada bat emateak berebiziko garrantzia daukala deritzo. Bazkide berriak ere behar dituzte. Lurrak erosita daude, lizentziak eta baimenak badauzkate, eta zein ente klase eratu behar duten aztertzen ari dira. "Premiazkoa da hau. Udalei, Jaurlaritzari eta aldundiari dei egiten diegu arazo honi irtenbidea emateko", esan du, eta erantzukizuna argitzeko eskatu. Gainera, gogorarazi du hamabost langile kalean geratu direla.

Bizkaiko EHNE sindikatuaren babesa izan du Erraldek denbora guztian. Asteazkenean, zuzendaritza eta Osasun Saileko ordezkariak batzartuta egon ziren bitartean, kanpoaldean elkarretaratzea egin zuten sindikatuko kideek. Zuzendaritzak bezala, hiltegi horren ereduaren kontrako erasotzat jo du EHNE Bizkaiak instalazioak ixteko erabakia. Elikadura subiranotasunaren aurkako jarrera egotzi dio Osasun Sailari. Horrez gain, larri deritzote Bizkaiko ganaduzaleek lurraldetik kanpora joan behar izateari animaliak hiltzera.

Urtarrilaren 14an itxi zituen Eusko Jaurlaritzak Durangoko instalazioak, eta gaur egun ere itxita daude.

Elkartasunak lotu dituen bi herri

Euskaldun askok dute begiko Mendebaldeko Sahara. Eta horren adibide da Elorrioko Lajwad elkartea. Sahararren berba horrek dioen bezala, Durangaldeko herria jende eskuzabalen lurraldea da. Izan ere, Amgala herrixkan (Mendebaldeko Sahara) hainbat egita...

Zelaak “sakon” aztertuko ditu ikastetxeen izen aldaketak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "sakon" aztertuko ditu Basauriko Lope de Vega eta Velazquez ikastetxeek izenak aldatzeko aurkeztu dituzten arrazoiak. Izenak aldatzeko erabakia "hezkuntza irizpide" bati jarraiki edo "nortasunarekin edo hezkuntzaren eraginkortasunarekin eta balioarekin zerikusirik ez duen beste arrazoiren bategatik" hartu den aztertzea da Isabel Zelaa buru duen sailaren helburua.

Polemika sortu dute Basauriko bi ikastetxe horietako eskola kontseiluek aho batez harturiko erabakiek. Lope de Vega Bizkotxalde deitzea nahi dute, eta Velazquez, berriz, Soloarte. Eusko Legebiltzarrera iritsi da zenbait herritarren ezinegona UPD alderdiaren ahotik. Gorka Maneiro legebiltzarkidearen ustez, eskola kontseilu bietako proposamenak "zentzugabekeria" dira eta helburua "espainiar izate hutsagatik pentsaera ilustratuaren aztarna oro ezabatzea" da.

Tramite "hutsa"

Orain arte, ikastetxe baten izena aldatzeko prozesuak ez du era horretako polemikarik sortu, eta erraz egiten zen bidea. Ikastetxeko eskola kontseiluak bertan erabakitako izen berriaren proposamena Hezkuntza Sailari bideratzen zion, eta horrek oniritzia ematen zion zuzenean. "Ikastetxeen erabakia, orain arte, ez da atzera bota. Normalean, tramite hutsa izan da hori Hezkuntza Sailean", jakinarazi du Hezkuntza Saileko prentsa arduradun Gorka Azkorbebeitia.

Ikastetxe baten proposamena atzera botatzeko arrazoi bakar bat egon izan dela ekarri du gogora: "Herri berean ezin daitezke egon izen bera duten bi ikastetxe. Hori izan da arrazoi bakarra". Eta Basauriko bi ikastetxeen kasuetan horrelakorik ez dela gertatzen ohartarazi du.

Ezezkorik ez, orain arte

Hala ere, esan du orain artean ez dela gertatu Basaurikoen pareko kasurik: "Izen aldaketak ez dira era honetakoak izan; gazteleratik euskarara aldatu dira, edo toponimo baten ordez, beste bat jartzen zuten. Orain artean, baina, ez dute kultura munduko izen bat kendu eta toponimo bat jartzeko proposamena egin". Hezkuntza Sailak, dena den, ez dio inoiz ezezkoa eman izen aldaketa bati.

Bi ikastetxeok ez dute ulertzen Basaurin gertatzen ari dena. "Hezkuntza ordezkaritzakoek bere garaian esan ziguten eskola kontseiluak aho batez onartu behar zuela proposamena eta gero udalak osoko bilkuran onartu behar zuela. Guk haiek agindutako prozedurari jarraitu diogu", esan du izena ezkutuan gorde nahi izan duen Lope de Vega ikastetxeko irakasle batek.

Toponimoak aukeratu dituzte bi ikastetxeek izen berrietarako. Lope de Vegaren kasuan, Bizkotxalde proposatu dute. "Bizkotxoalden gaudelako", arrazoitu du bertako irakasleak. "Eskola kontseiluaren proposamena toponimoak erabiltzea zen, besterik gabe. Azken finean, izen toponimoak aseptikoak direla uste dugu, beraz, ez diote inori minik emango. Pertsonaia publiko baten izena proposatuz gero —nahiz eta pertsona hori herrikoa bertakoa izan— batzuei ez gustatzea gerta zitekeela pentsatu genuen. Toponimia erabilita, ostera, inori minik ez ziola emango uste genuen", azaldu du.

Gogora ekarri du, gainera, ikastetxeak bi eraikin dituela: batetik, Haur Hezkuntzarako izango den eraikin berria egingo dute, eta, bestetik, eraikin nagusia Bizkotxoalden dagoena da. "Eraikin hau berria da; izan ere, Lope de Vega zena eraitsi egin zuten", adierazi du irakasleak, izena aldatzeko proposamenaren arrazoia azalduz.

Velazquez ikastetxearen kasuari buruz mintzatu zen Zelaa, bestalde, Eusko Legebiltzarrean. Ikastetxe horretan lau izen desberdin fusionatzen direla ekarri zuen gogora: Bidebieta, Cervantes, Velazquez eta San Fausto. Hezkuntza gune berri bat eratu denez, "beste izen bat merezi du, zalantzarik gabe", esan zuen. Izan ere, Velazquezen dauden ikasle eta irakasle erdiak bertakoak dira, eta beste erdiak, Bidebieta institututik joandakoak. Fusio horren ondorioz aldatu nahi diote izena.

Udalaren babesa

Basauriko Udalak oniritzia eman die eskola kontseiluetako proposamenei. EAJren eta Bilduren babesa jaso dute ikastetxeetako erabakiok. PSE-EE eta PP alderdiak, aldiz, proposamenaren kontra agertu dira. Ikastetxe publikoek orain arte zuten izena aldatzerik nahi ez duten biztanle batzuk ere badaude. Orain arteko izenei eusteko eta aldaketarik ez egoteko sinadurak biltzeko prozesua abiatu dute herritar horiek.

Hamabost urte Bilboko uhinetan

Euskarak Bilboko hedabideetan zuen presentzia eskasa gainditzeko asmoz sortu zen Bilbo Hiria irratia. Aurtengoa urtemuga berezia da hedabidearentzat, hamabost urte bete baititu. Denbora horretan guztian, hiriburuko eta inguruko euskal entzuleei uhinet...

Itsas bizidunen paradisua

Akuarioei buruz galdetzen denean, Donostiakoa da Euskal Herrian gehien aipatzen eta ezagutzen dena. Baina horrek ez du esan nahi bakarra denik. Gipuzkoako hiriburuak ez ezik, Bizkaian Getxok ere itsas bizidunei egokitutako paradisu bat baitauka. 2004a...

Herri alarguna, egiatik egina

Ez da argazkirik jasotzerik, ezta lekukoen testigantzarik ere; baina ez da hori arrazoi nahikoa 1912ko enbata oroimenetik ezabatzeko; ez, behintzat, Bermeo, Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroako herritarrenetik.

1912ko abuztuaren 12a zen. Ohi bezala, Bizkaiko kostaldeko arrantzaleak itsasora joanak ziren, familia eta lagunak atzean utzita. Baina ez zen gainerako egunak bezalakoa izan abuztuaren 12 hura, ez arrantzaleentzat, ez haien familientzat. Gauarekin batera, XX. mendeko hondamendirik handiena ailegatu zen arrantzale bizkaitarrak zeuden tokira. Hala, 1912ko enbata esaten zaion horrek 142 arrantzale eroan zituen: horien artean, 116 bermeotar, 16 lekeitiar, 7 elantxobetar eta 3 ondarroar.

Galernaren istorio ezezaguna

Ehun urte igaro dira geroztik. Nahikoak ez, herritarrek tamaina hartako zoritxarra ahaztu ahal izateko. Egun horretan herria "alargun" geratu zela dio Jabi Elortegi zinema zuzendari bermeotarrak. Emazteak alargun, emaztegaiak ezkontzeko atarian, haurrak umezurtz... Hala deskribatzen du Elortegik Bermeon, Elantxoben, Lekeition eta Ondarroan zorigaitz haren ondorioz bizi izan zutena. Baina bermeotarrak dio hainbat herritarrek ez dutela egoera haren berri. Hori dela eta, ezbeharraren 100. urteurrena aprobetxatuz, itsasoan bizia galdu zutenen eta portuetan zain geratu zirenen istorioa kontatzera ausartu da zinema zuzendaria.

Ordubete iraungo duen dokumental baten bitartez kontatuko du abuztuaren 12 hartan gertatutakoa, 1912ko enbataren hurrengo egunetan egunkarietan agertutako albisteekin eta lekukoen testigantzekin, zenbait historialariren berbekin, inoiz itsasoan zorigaitzen bat sufritu dutenekin eta abarrekin sortuko du Elortegik filma. Garai hartako argazkirik ez du inondik aurkitu zinema zuzendariak: "Ez Euskal Herrian, ez Espainian, ezta Frantzian ere". Filmoteka askotan bilatu duen arren irudirik ez dagoela esan du: "Alfontso XIII.a erregea Bermeora etorri zeneko argazkia besterik ez". Hortaz, argazkien faltan, istorioa berritzeari ekingo dio Elortegik Pausoka komunikazio enpresarekin batera. Horretarako, aktoreek ere izango dute euren rola filmean. Gertaerak berritzea posible izan dadin, Zokoako (Lapurdi) Brokoa txalupa erabiliko dute. Izan ere, Elortegik azaldu duenez, 1912koen "ia-ia berdina da".

Hartara, egun hartan itsasoan nola ibili ziren, nola arrantzatu zuten, gaua heltzearekin batera nola galernak arrantzaleak harrapatu zituen eta abar kontatzen saiatuko da bermeotarra. Ez da lan erraza izango; izan ere, aktoreak ezin daitezke itsaso txarrarekin uretaratu, eta, beraz, ezin daiteke grabatu. Horregatik, olatuak egitea posible izango den igerileku bat lortzen saiatuko da zinema zuzendaria. Euri efektua ere egin beharko dute egun hartako gertaerak eraikitzeko, baita haizagailuak erabili ere.

"Istorioa bizi zuenik ez dagoenez, nahi izan dut beste urte batzuetan antzeko gertaeraren batean izan denak kontatzea", dio Bermeoko zuzendariak. "Emozionalki arreta handiagoa eskuratu nahi dut". Horregatik gura du gaur egun itsasoan galdutako batek kontatzea itsasoan zer sentitzen den. Izan ere, Elortegiren ustetan, "ehun urte igaro diren arren, garai hartan uretara erortzea zein gaur egun erortzea gauza bera da".

Dokumental bat den heinean, egiaren bitartez kontatuko dute istorioa Elortegik zuzendutako filmean; "egiatik egindakoa eta emozionalki gogorra" izango da. Itsasora joatea zer zen azalduko dute hor, baina baita emakumearen rola zein zen ere: herrian nola geratzen ziren senarraren edo bikotekidearen zain, haien pentsamenduak zeintzuk ziren, nola aurrera ateratzen zituzten seme-alabak eta etxea...

Itsasora joatea bizitzeko eratzat jotzen du Elortegik, eta, horregatik, bizitzeko modu hori aukeratzen duten arrantzale guztiei omenaldia egiteko aprobetxatuko du filma. Elortegi zinema zuzendaria da, baina haren aita eta aitona arrantzaleak izandakoak dira. Horregatik, emozionalki, 1912ko enbataren dokumentalak biziki lotzen du Elortegi.

Trailerra aurkeztu dute

Dokumentalaren trailerra grabatzen aritu dira azkenaldian Elortegi eta harekin lanean dabiltzanak, eta, orain, egindako lana erakusteko garaia iritsi zaie. Hain zuzen ere, Galerne: The unknown storm (Enbata: ekaitz ezezaguna) izenburupean aurkeztu dute Canneseko jaialdian (Frantzia). Bitartean, gidoia egiteari eta dokumentazio lanari heldu diote. Grabaketa lanekin, berriz, maiatzean hasteko asmoa dute, abuztuan dokumentala estreinatu ahal izateko.

Bermeotarrak esan du herritarren parte hartzea garrantzitsua izango dela dokumentazio lan horietan jarduten duten bitartean. Horregatik, inork galernaren inguruko informaziorik izango balu —filmen bat, dokumentazioa, egunkariren bat, argazkiren bat...—, asko eskertuko luke Elortegik.

Telebistan, zinemaldian, jaialdiren batean edo beste edonon aurkezten dutela ere, dokumentala beste leku batzuetara ere eraman nahi du Elortegik. Denengana ailegatu gura du. Ahalik eta oihartzun handiena lortzea du helburu: Titanic itsasontziaren istorioak sortutako jakin-min eta oihartzun bera, alegia.