Hamabost urte Bilboko uhinetan

Euskarak Bilboko hedabideetan zuen presentzia eskasa gainditzeko asmoz sortu zen Bilbo Hiria irratia. Aurtengoa urtemuga berezia da hedabidearentzat, hamabost urte bete baititu. Denbora horretan guztian, hiriburuko eta inguruko euskal entzuleei uhinetan barrena bidaiatuz kontatu dizkie albiste esanguratsu bezain gogoangarriak.

Zenbat Gara elkartearen ekimenez sortu zen Bilbo Hiria irratia, 1997. urteko martxoan. Bizkaiko hiriburuko “euskaldunak trinkotzeko eta batzeko elementu gisa” jaio zela dio Xabier Monasterio kazetariak. Garai hartan, pentsatu zuten euskara hutsezko irrati “hiritar eta kosmopolita” beharrezkoa zela eta lanean hasi ziren. “Euskaratik eta euskararako pentsatua. Oso irekia, aldi berean, kanpoko gauzak ekarriko zituena, baina betiere euskaldunon ikusmoldea, pentsamoldea eta izaera islatuko zituena”.

Egoera zerbait aldatu bada ere, Bilbon euskal komunikabideek duten presentzia oso mugatua dela iruditzen zaio kazetariari: “Bizkaiko hiriburuko zenbaki absolutuei begiratuz gero, euskaldun gehien duen hiria da. Hala ere, ez datoz bat euskaldunen kopurua eta hedabideen presentzia”. Monasterioren ustez, horren arrazoiak izan daitezke hiztunak kulturalki errotu gabe eta sakabanatuta egotea. Horregatik da garrantzitsua Bilbo Hiria irratiaren eta gisako hedabideen lana. Euskara hutsezko komunikabideen premia, ordea, ez dago hiriburuan bakarrik, inguruetan ere antzematen baita. “Bilboaldean euskara hutsezko irrati, aldizkari, egunkari eta telebisten beharra oso handia da”.

Irratian bizitako hamarkada eta erdia “interesgarria” dela dio Monasteriok. Komunikabideen arloan bide berri bat ireki dute, orain arte beste inork egin ez duen urratsa. Hori horrela, egindako lanaren saria jasotzeko sasoia iritsi dela iruditzen zaio. “Ahalegin handia egin dugu Bilbon euskarazko irrati bat egon dadin, inolako laguntza jaso gabe”. Era berean, nabarmendu du urteetako esperientzia metatu izanak aurrera jarraitzeko balio izan diela.

Zailtasunak eduki arren, irratian bizitako momentu gozoak gehiago izan dira garratzak baino: “Egia esan, nik ez daukat oroitzapen txarrik. Gainera, une okerrak berehalakoan ahazten ditut”. Herri mugimendutik datorren hedabide bat izaki, bide horri jarraituz egiten dute aurrera. “Herritarren taupadekin bat eginda gauza politak gertatu direnean, oso pozik kontatu ditugu. Herriarekin batera tristatu eta alaitzen gara gu”. Era berean, entzuleen iritzia eskertzekoa dela uste du. “‘Aurreko eguneko saioa gustatu zitzaidan’ edo ‘Esan zenutenarekin ez nago ados’ aditzea betegarria da”.

Hamabost urtean hainbat aldaketa egon badira ere, irratiko eguneroko lana antzekoa da: “Behar polita da, trinkoa bezain bizia, eta estresagarria zenbaitetan”, dio Monasteriok. Kazetariek beti bizkor eta ordulariari begira jarduten dutela gaineratu du: “Mikrofonoaren aurrean zaudenean bakarrik lan egiten duzula eman dezake, baina ez da egia. Horren atzean, informazioaren prestaketa, aukeraketa eta lanketa daude”. Hala ere, Internet tarteko, komunikabideen informazioak iraun egiten du, orain urte batzuk ez bezala. “Zorionez, produktuari bigarren bizitza bat eman zaio. Nahi adina entzun daitezke, eta maizago”.

Gizarte eta kultur gaiak

Bilbo Hiria irratiak euskal hiztunen bilgune izatea zuen helburu hasieratik. Horretarako, kultura eta gizarte esparruko albiste eta erreportajeak lantzeko hautua egin zuten. Bi arloak gustuko ditu jendeak. “Programazioari begiratuta, batetik, Bilboko kontu sozialak, auzotar eta herritarren kezkak ikus daitezke. Bestetik, euskal kulturari dagokion guztia lantzen dugu: antzerkia, musika, liburugintza…”.

Irratian kultura eta gizarte gaiek antzeko presentzia dute, eta bi esparruotako saioak kalitatez egindakoak dira. “Programa guztiek dute bere gutxieneko maila”. Hortik aurrera, entzuleak erabakiko du zein entzun nahi duen eta zein ez, Monasteriok adierazi duenez. “Esaerak dioen bezala, zenbat buru hainbat aburu”. Saio bat aipatzekotan, Soinugela izeneko programa aipatuko luke. Pedro Eliasek gidatzen du, eta ia hamabost urtean dago uhinetan. “XX. mendean mundu osoan entzundako musikaren historia modu politean kontatzen du, eta jarraitzaile asko ditu”.

Elias eta Monasterioz gain, beste lau edo bost kide gehiago aritzen dira irratian lanean. “Uhinetan sei edo zazpi lagun gara, baina horrek ez du esan nahi dena gure artean bakarrik egiten dugunik”. Izan ere, hamabost urtean kolaboratzaile sare handia osatu dute. Egun, 80 bat kolaboratzaile finko dituzte. Haiei telefonoz deitu, eta adituak diren gaiaren inguruan informazio eman eta ikuspegia azaltzen dute: “Sexologia, ekonomia, ekologia… Bakoitzak bere esparrua landuko du”. Horrez gain, beste zenbait gizarte eragilek Bilbo Hiria irratia baliatzen du bozgorailu gisa. “Ehun bat gizarte taldek plataforma moduan erabiltzen dute gure irratia”.

Etorkizunari begira baikorra da Monasterio. Irratiaren egoera antzerkiarekin alderatu du. “Greziako denboretatik hona dabiltza antzerkiaren heriotza iragartzen, baina ez da sekula desagertu”, nabarmendu du. Irratia Interneti eta telebistari aurre egiteko gai izango dela pentsatzen du kazetariak. “Irratiak badu bere bizitza propioa, tradizio handia. Horrez gain, berehalakoa eta oso hurbila den zerbitzu bat ematen du”. Gainera, teknologia berriek eta sareak ematen dituzten aukerak baliatzekoak direla iruditzen zaio: “Zu Singapurren edo Vancouverren egon zaitezke, eta euskarazko irratsaioa entzun. Internetek zure ahalmena eta indarra asko areagotzen ditu”.

Bilbo Hiria irratia FMko 96.0an entzun daiteke, edo helbide honetan:

www.bilbohiria.com