Zelaak “sakon” aztertuko ditu ikastetxeen izen aldaketak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak “sakon” aztertuko ditu Basauriko Lope de Vega eta Velazquez ikastetxeek izenak aldatzeko aurkeztu dituzten arrazoiak. Izenak aldatzeko erabakia “hezkuntza irizpide” bati jarraiki edo “nortasunarekin edo hezkuntzaren eraginkortasunarekin eta balioarekin zerikusirik ez duen beste arrazoiren bategatik” hartu den aztertzea da Isabel Zelaa buru duen sailaren helburua.

Polemika sortu dute Basauriko bi ikastetxe horietako eskola kontseiluek aho batez harturiko erabakiek. Lope de Vega Bizkotxalde deitzea nahi dute, eta Velazquez, berriz, Soloarte. Eusko Legebiltzarrera iritsi da zenbait herritarren ezinegona UPD alderdiaren ahotik. Gorka Maneiro legebiltzarkidearen ustez, eskola kontseilu bietako proposamenak “zentzugabekeria” dira eta helburua “espainiar izate hutsagatik pentsaera ilustratuaren aztarna oro ezabatzea” da.

Tramite “hutsa”

Orain arte, ikastetxe baten izena aldatzeko prozesuak ez du era horretako polemikarik sortu, eta erraz egiten zen bidea. Ikastetxeko eskola kontseiluak bertan erabakitako izen berriaren proposamena Hezkuntza Sailari bideratzen zion, eta horrek oniritzia ematen zion zuzenean. “Ikastetxeen erabakia, orain arte, ez da atzera bota. Normalean, tramite hutsa izan da hori Hezkuntza Sailean”, jakinarazi du Hezkuntza Saileko prentsa arduradun Gorka Azkorbebeitia.

Ikastetxe baten proposamena atzera botatzeko arrazoi bakar bat egon izan dela ekarri du gogora: “Herri berean ezin daitezke egon izen bera duten bi ikastetxe. Hori izan da arrazoi bakarra”. Eta Basauriko bi ikastetxeen kasuetan horrelakorik ez dela gertatzen ohartarazi du.

Ezezkorik ez, orain arte

Hala ere, esan du orain artean ez dela gertatu Basaurikoen pareko kasurik: “Izen aldaketak ez dira era honetakoak izan; gazteleratik euskarara aldatu dira, edo toponimo baten ordez, beste bat jartzen zuten. Orain artean, baina, ez dute kultura munduko izen bat kendu eta toponimo bat jartzeko proposamena egin”. Hezkuntza Sailak, dena den, ez dio inoiz ezezkoa eman izen aldaketa bati.

Bi ikastetxeok ez dute ulertzen Basaurin gertatzen ari dena. “Hezkuntza ordezkaritzakoek bere garaian esan ziguten eskola kontseiluak aho batez onartu behar zuela proposamena eta gero udalak osoko bilkuran onartu behar zuela. Guk haiek agindutako prozedurari jarraitu diogu”, esan du izena ezkutuan gorde nahi izan duen Lope de Vega ikastetxeko irakasle batek.

Toponimoak aukeratu dituzte bi ikastetxeek izen berrietarako. Lope de Vegaren kasuan, Bizkotxalde proposatu dute. “Bizkotxoalden gaudelako”, arrazoitu du bertako irakasleak. “Eskola kontseiluaren proposamena toponimoak erabiltzea zen, besterik gabe. Azken finean, izen toponimoak aseptikoak direla uste dugu, beraz, ez diote inori minik emango. Pertsonaia publiko baten izena proposatuz gero —nahiz eta pertsona hori herrikoa bertakoa izan— batzuei ez gustatzea gerta zitekeela pentsatu genuen. Toponimia erabilita, ostera, inori minik ez ziola emango uste genuen”, azaldu du.

Gogora ekarri du, gainera, ikastetxeak bi eraikin dituela: batetik, Haur Hezkuntzarako izango den eraikin berria egingo dute, eta, bestetik, eraikin nagusia Bizkotxoalden dagoena da. “Eraikin hau berria da; izan ere, Lope de Vega zena eraitsi egin zuten”, adierazi du irakasleak, izena aldatzeko proposamenaren arrazoia azalduz.

Velazquez ikastetxearen kasuari buruz mintzatu zen Zelaa, bestalde, Eusko Legebiltzarrean. Ikastetxe horretan lau izen desberdin fusionatzen direla ekarri zuen gogora: Bidebieta, Cervantes, Velazquez eta San Fausto. Hezkuntza gune berri bat eratu denez, “beste izen bat merezi du, zalantzarik gabe”, esan zuen. Izan ere, Velazquezen dauden ikasle eta irakasle erdiak bertakoak dira, eta beste erdiak, Bidebieta institututik joandakoak. Fusio horren ondorioz aldatu nahi diote izena.

Udalaren babesa

Basauriko Udalak oniritzia eman die eskola kontseiluetako proposamenei. EAJren eta Bilduren babesa jaso dute ikastetxeetako erabakiok. PSE-EE eta PP alderdiak, aldiz, proposamenaren kontra agertu dira. Ikastetxe publikoek orain arte zuten izena aldatzerik nahi ez duten biztanle batzuk ere badaude. Orain arteko izenei eusteko eta aldaketarik ez egoteko sinadurak biltzeko prozesua abiatu dute herritar horiek.