Herri alarguna, egiatik egina

Ez da argazkirik jasotzerik, ezta lekukoen testigantzarik ere; baina ez da hori arrazoi nahikoa 1912ko enbata oroimenetik ezabatzeko; ez, behintzat, Bermeo, Lekeitio, Elantxobe eta Ondarroako herritarrenetik.

1912ko abuztuaren 12a zen. Ohi bezala, Bizkaiko kostaldeko arrantzaleak itsasora joanak ziren, familia eta lagunak atzean utzita. Baina ez zen gainerako egunak bezalakoa izan abuztuaren 12 hura, ez arrantzaleentzat, ez haien familientzat. Gauarekin batera, XX. mendeko hondamendirik handiena ailegatu zen arrantzale bizkaitarrak zeuden tokira. Hala, 1912ko enbata esaten zaion horrek 142 arrantzale eroan zituen: horien artean, 116 bermeotar, 16 lekeitiar, 7 elantxobetar eta 3 ondarroar.

Galernaren istorio ezezaguna

Ehun urte igaro dira geroztik. Nahikoak ez, herritarrek tamaina hartako zoritxarra ahaztu ahal izateko. Egun horretan herria “alargun” geratu zela dio Jabi Elortegi zinema zuzendari bermeotarrak. Emazteak alargun, emaztegaiak ezkontzeko atarian, haurrak umezurtz… Hala deskribatzen du Elortegik Bermeon, Elantxoben, Lekeition eta Ondarroan zorigaitz haren ondorioz bizi izan zutena. Baina bermeotarrak dio hainbat herritarrek ez dutela egoera haren berri. Hori dela eta, ezbeharraren 100. urteurrena aprobetxatuz, itsasoan bizia galdu zutenen eta portuetan zain geratu zirenen istorioa kontatzera ausartu da zinema zuzendaria.

Ordubete iraungo duen dokumental baten bitartez kontatuko du abuztuaren 12 hartan gertatutakoa, 1912ko enbataren hurrengo egunetan egunkarietan agertutako albisteekin eta lekukoen testigantzekin, zenbait historialariren berbekin, inoiz itsasoan zorigaitzen bat sufritu dutenekin eta abarrekin sortuko du Elortegik filma. Garai hartako argazkirik ez du inondik aurkitu zinema zuzendariak: “Ez Euskal Herrian, ez Espainian, ezta Frantzian ere”. Filmoteka askotan bilatu duen arren irudirik ez dagoela esan du: “Alfontso XIII.a erregea Bermeora etorri zeneko argazkia besterik ez”. Hortaz, argazkien faltan, istorioa berritzeari ekingo dio Elortegik Pausoka komunikazio enpresarekin batera. Horretarako, aktoreek ere izango dute euren rola filmean. Gertaerak berritzea posible izan dadin, Zokoako (Lapurdi) Brokoa txalupa erabiliko dute. Izan ere, Elortegik azaldu duenez, 1912koen “ia-ia berdina da”.

Hartara, egun hartan itsasoan nola ibili ziren, nola arrantzatu zuten, gaua heltzearekin batera nola galernak arrantzaleak harrapatu zituen eta abar kontatzen saiatuko da bermeotarra. Ez da lan erraza izango; izan ere, aktoreak ezin daitezke itsaso txarrarekin uretaratu, eta, beraz, ezin daiteke grabatu. Horregatik, olatuak egitea posible izango den igerileku bat lortzen saiatuko da zinema zuzendaria. Euri efektua ere egin beharko dute egun hartako gertaerak eraikitzeko, baita haizagailuak erabili ere.

“Istorioa bizi zuenik ez dagoenez, nahi izan dut beste urte batzuetan antzeko gertaeraren batean izan denak kontatzea”, dio Bermeoko zuzendariak. “Emozionalki arreta handiagoa eskuratu nahi dut”. Horregatik gura du gaur egun itsasoan galdutako batek kontatzea itsasoan zer sentitzen den. Izan ere, Elortegiren ustetan, “ehun urte igaro diren arren, garai hartan uretara erortzea zein gaur egun erortzea gauza bera da”.

Dokumental bat den heinean, egiaren bitartez kontatuko dute istorioa Elortegik zuzendutako filmean; “egiatik egindakoa eta emozionalki gogorra” izango da. Itsasora joatea zer zen azalduko dute hor, baina baita emakumearen rola zein zen ere: herrian nola geratzen ziren senarraren edo bikotekidearen zain, haien pentsamenduak zeintzuk ziren, nola aurrera ateratzen zituzten seme-alabak eta etxea…

Itsasora joatea bizitzeko eratzat jotzen du Elortegik, eta, horregatik, bizitzeko modu hori aukeratzen duten arrantzale guztiei omenaldia egiteko aprobetxatuko du filma. Elortegi zinema zuzendaria da, baina haren aita eta aitona arrantzaleak izandakoak dira. Horregatik, emozionalki, 1912ko enbataren dokumentalak biziki lotzen du Elortegi.

Trailerra aurkeztu dute

Dokumentalaren trailerra grabatzen aritu dira azkenaldian Elortegi eta harekin lanean dabiltzanak, eta, orain, egindako lana erakusteko garaia iritsi zaie. Hain zuzen ere, Galerne: The unknown storm (Enbata: ekaitz ezezaguna) izenburupean aurkeztu dute Canneseko jaialdian (Frantzia). Bitartean, gidoia egiteari eta dokumentazio lanari heldu diote. Grabaketa lanekin, berriz, maiatzean hasteko asmoa dute, abuztuan dokumentala estreinatu ahal izateko.

Bermeotarrak esan du herritarren parte hartzea garrantzitsua izango dela dokumentazio lan horietan jarduten duten bitartean. Horregatik, inork galernaren inguruko informaziorik izango balu —filmen bat, dokumentazioa, egunkariren bat, argazkiren bat…—, asko eskertuko luke Elortegik.

Telebistan, zinemaldian, jaialdiren batean edo beste edonon aurkezten dutela ere, dokumentala beste leku batzuetara ere eraman nahi du Elortegik. Denengana ailegatu gura du. Ahalik eta oihartzun handiena lortzea du helburu: Titanic itsasontziaren istorioak sortutako jakin-min eta oihartzun bera, alegia.