Iritzia

LARRIALDIETARAKO TRESNA BERRIAK

Suhiltzaileek Bilboko Deustua, San Ignazio, Uribarri eta Abando auzoetan gerta daitezkeen larrialdiei aurre egiteko orain arte baino denbora gutxiago hartzea helburu duen parke berria inauguratu dute Deustun. Parkea egiteko lanek 1,3 milioi euro balio izan dute. Urteko 365 egunetako 24 orduetan izan daitezkeen larrialdiei erantzuteko beharrezko baliabide guztiak dituela jakinarazi dute. Joan den astelehenean inauguratu zuen Iñaki Azkuna alkateak.

Asmakizuna

Inauterietako mozorroa eranztean ohartu zara zimur berri bat agertu zaizula bekokian. Noiz gertatu da, ordea? Zirrikituetan sartuta geratu den pinturari bota diozu errua, lehen ere marratxoa, bai, hantxe zegoelako baina orain, barruan itsatsita geratu...

%4,1

Hiri hondakinen murrizketa Bizkaian. 2.000 herritar gehiago dauden arren, 2010ean baino 25.000 hiri hondakin tona gutxiago bildu ziren Bizkaian iaz: 588.804 tona. Alegia, %4,1 egin du behera. Hala, 1996an zuen mailara itzuli da herrialdea. Gainera, zaborraren %71 aprobetxatu egin da.

ASPALDIKO ZORRA KITATZEKO ASMOZ

"Haren obraren eta izenaren aitortza egin gabe zegoen, eta honi esker zor bat kitatu dugula esango nuke". Hitz horiekin aurkeztu du Javier Viar Bilboko Arte Eder museoaren zuzendariak Anselmo Guinearen (Bilbo, 1855-1906) lanekin osatutako erakusketa m...

P.A.A.

Egundoko hotza egiten du. Nahikoa meritu dute harmailetan bildutako zaleek. Eskerrak bufanda eta txanoei; eskerrak Asturiasko sagardo gozoari ere, bestela ez dago hotz hau jasango duen amaren semerik (esan beharrik ez dago, futbola gizonen kontua baita, amaren alabak —eta amak eurak ere— etxean geratu direla). Hasieran, giroa bezain hotz egon dira zaleak ere, baina oihuka hasi, eta apurka-apurka epelduz joan dira: taldearen aldeko oihuak izan dira hasieran, arerioaren aurkakoak gero, eta ez dira falta izan kontrako taldeko jokalari beltz bati egindako tximino zaratak eta epailearen amari buruzko iruzkinak ere, zer gutxiago eskatuko diogu gizonen arteko liturgia honi.

Gero, jokalariak zelaira irten dira banan-banan, eta batzuek, belarra eskuin eskuarekin ukitu ostean, gurutzearen keinua egin dute bi-hiru aldiz, eta lepotik zintzilik zeramaten santutxoa musukatu dute gutxi batzuek, eta denek eskuineko hankarekin zapaldu dute zelaia aurrenekoz, eta batek erritual harrigarri baina disimulatu bat egin du superstizioak baretzeko, eta gero, epaileak partida hastera zihoala adierazi arte, saltoka hasi dira denak, hogeita biak, Carlos Tartiere futbol zelaiko hotz izugarria uxatu nahian. Kapitainek banderatxoak trukatu dituzte, eskua eman diote elkarri, txanponak erabaki du nork jarriko zuen baloia mugimenduan. Eta hasi da ikuskizuna.

Minutuek aurrera egin dute. Atsedenaldia ere heldu da. Huts eta huts markagailuan, baina balantza edonorantz makurtu daiteke. Laster amaituko da dena. Eta atezainak ateratako baloi luzea hegaleko jokalari batek hartu du. Aurrera egin du, metro batzuk; gero, albora begiratu eta baloia erdialderantz jaurti du. Joko nahasia zelai erdian. Burukada batzuk, ostiko bat baloiari, eta etxeko taldeko jokalari batek hartu du esferikoa. Ederra du planta, aldizkarietako modeloa ere izan zitekeen. Aurrera egin du baloiarekin, eta harmailak berotzen hasi dira, zaleen burrundara ozentzen hasi da une batetik bestera. Erdilariak desordenatuta dauzka ileak, bizarra egin gabea, dena ondo estudiatua. Area ertzera hurbildu da, driblatu du kontrarioa, ezinezkoa zirudiena egin du: bultzadatxo bat baloiari, gola, harmailek eztanda egin dute. Minutu gutxi falta dira partida amaitzeko, Oviedok irabaziko du gaur ere. Piii-piii-piiiiii.

Munduak beste kolore bat du orain. Hotza ere joan zaigu kolpetik. Oe, oe, oe. Ze ona den, sekulako jokalaria, denok maite dugu hainbeste. Bost emakumeri egin zien eraso 2006an eta 2007an, horietatik hiruri gau berean, denak Gernikan. Bizia da, badaki ondo kokatzen zelaian, ze ona, ze ona den. Hiru urte baino gehiagoko kartzela zigorra jarri zion epaileak, baina Espainiako Gobernuak indultatu egin du, ahaztu ditzagun kontu horiek (futbolaz ari gara, ez kontu pertsonalez). Sekulako futbolaria da. Erasora jokatzen du beti. Sekulako erasotzailea da. Erasotzaile petoa. Paul Abasolo Amantegi, ze ona den, joder.

196

Bilbon iaz hilean artaturiko etxe bakoen batez bestekoa. Gurutze Gorriak, batez beste, 196 etxerik bakori eman zien arreta Bilbon 2011n hilean. Aurten, urtarrilean, 142ri.

4.000

Bilboko Udalak onartzea espero duen laguntzak. Asteon hasi da Bilboko Udala Gizarte Larrialdiko Laguntzen eskaerak jasotzen; 4.000 inguru onartuko dituela aurreikusi du.

Kutxabank, pribatizaziora bidean

EAJk eta PPk azpijoko antidemokratikoan ibili dira Gipuzkoako legezko ordezkariek Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan dagozkien lekuak izan ez ditzaten. Baina hori lehen urratsa besterik ez da izan, ekonomia globalizatuan euskal banku handi bat sortu eta pribatizatzea helburu duen estrategiaren barruan. Erakunde horrek, banku orok bezala, ez du kontsumo arduratsurako krediturik eskainiko, ezta edozein gizarte onurarakorik ere. Beste guztien antzera, espekulazioa zein epe motzeko mozkinak sustatuko ditu, eta, kosta ahala kosta, statu quo-a laguntzen saiatuko da.

Estrategia hori da, hain zuzen ere, ezagutarazi nahi duguna, hura gelditzeko garaiz gaudelako. Eskuma euskaldunak eta espainolak Italian 90eko hamarkadan jarraitutako prozesua berreskuratu nahi dute. Horri esker, aurrezki kutxak bankuetan eraldatu zituzten, gizarte-ekintzaren eta kapital publikoaren arrastorik utzi gabe. Egindako urratsak hauek izan ziren: bat, gizarte-ekintza bankuaren jardueratik banandu, fundazioak kontrolatuta ere; bi, legean aldaketak egin kapital pribatuaren sarrera ahalbidetzeko; hiru, kapital pribatua modu masiboan sartu; lau, kapital publikoari garrantzia kendu, azkenean esku pribatuetan uzteko. Emaitza: erabat pribatua den bankua eta gizarte-ekintzaren amaiera.

Dagoeneko lehen urratsa egin da. Orain, beste hirurak falta dira, zorrotz beteko dituztenak. Egia esan, badago berebiziko ezberdintasun bat. Izan ere, Italian 10 urte igaro behar izan ziren eta hemen ez dute hainbeste denbora itxoiteko asmorik. Mario Fernandezen azken deklarazioek bidea zabaldu dute, eta hurrengo urratsak justifikatzeko argudioak bilatzen hasi dira, "norbaitek behartu gaitzakeelako" aitzakiarekin.

Haientzat garrantzitsua zen Administrazio Kontseiluarekin egin dutena egitea: etxetik gorriak kaleratu, inork estrategia barrutik ezagut ez dezan, barruan dagoen inork banku publikoa eskatu ez dezan. Espainiako Bankuko diktadorea pozez zoratzen dago PP gobernura heltzeagatik —boterera ez da heldu, boterea beste nonbait baitago—: Dagoeneko finantza sistemaren erreforma berri bat iragarri dute! Behar bada, horrek ez dauka lehentasun handiena; aurretik sindikalismoa akabatu behar da, eta langile klasea zapaldu, negoziazio kolektiboa ezabatuz. Baina berehala helduko da berregituraketa eta finantza erakundeak kapitala handitzera behartuko dituzte, mundu globalizatu honetan irauteko asmoz, euren kaudimena ziurtatuz. Orduan Kutxabankek agindu horiek bete beharko ditu nahitaez: seguruenik, Espainiako hainbat aurrezki kutxa irentsiko ditu prezio merkean, gero kapital pribaturantz behin betiko pausua emateko… eta kito! 2., 3. eta 4. urratsak eginda denbora-markak hautsita! Koilarakada bat EAJ, PP ugari, Espainiako Bankuan muturreko eskuineko sukaldari bat, eta on egin!

Helburua, egungo krisi sakonera zuzenean eraman gaituen logika kapitalistaren bidean jarraitzea da: sektore pribatuarentzat dirua liberatu, publikoa den oro desegin, merkatu aseezinek etekinak ateratzeko aukera berriak sortu eta langile klasea otzandu. Hori da euren helburu ezkutua. Eta zeharo aldenduta dago ezkerrak Euskal Herriarentzat egiten duen apustutik: finantza sistema publiko, garden eta demokratiko baten alde, hain zuzen; funtzio soziala definitu eta mugatuko duena eta banku komertzialaren rola gaindituko duena, irizpide ekologiko eta sozialetan oinarritutako inbertsio produktiboa erraztuko duen bankua izateko; zaintza ekonomia baten lehentasunei mailegu eta inbertsio egokiak eskainiko dizkiona, kalitatezko enplegua sortuz eta klima aldaketaren aurkako borroka sustatuz, elikadura burujabetza eta sektore ahulenen kontsumoa sustatuko dituena, eta, azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzailea zein gardentasuna bidelagun izango dituena. Aitzitik, Kutxabankeko zuzendariak dagoeneko adierazi du "pausoak emateko" prest daudela inbertsioa Euskal Herritik aldenduko duten fusio berriak bilatzeko, erabat espekulatiboak diren interesen alde.

Pribatizaziorantz abiatutako bide hori ikusita, aurrez aurreko norgehiagoka garai baterantz abiatu behar gara, bi ereduak bateraezinak direlako. Batak epe laburreko mozkina bilatzen du; besteak, pausoak ematen ditu Euskal Herri burujabe eta sozialista baterantz, justizian zein pertsona guztiontzako eskubideetan oinarritua. Dagoeneko, bere garaian ezarritako euste-hormak nahikoak ez direla frogatzen hasi da, eta estrategia maltzur horri aurre egin behar diogu kaletik, gizartearen inkonformismotik. Noski, Administrazio Kontseiluan merezi dugun ordezkaritza demokratikoa eskatuko dugula, baina hori ez da nahikoa, ez dugu aski izango.

Publikoa dena kalean defendatu behar dugu, eta hori berebizikoa eta estrategikoa da. Haiek badute estrategia jakin bat, eta guk ere badugu geurea. Geldiarazi behar ditugu, garaiz gabiltza. Norgehiagoka, inkonformismoa eta borroka momentu historiko honen hitz gakoak izan behar dira. Banku publiko, sozial eta garden baten alde: Pribatizaziorik ez!

110

Foru Aldundiak eskatu duen mailegua, milioi eurotan. Bizkaiko Diputazioak 110 milioi euroko mailegua eskatu dio Europako Inbertsio Bankuari, Bilborako sarbideak finantzatzeko. 25 urteko amortizazio epea du, %3,755eko interes finkoarekin.

Begira nago begira

Elurrak mara-mara zuritu ditu bazterrak, San Blas azukreak barruko bizkotxo anisduna lez. Bazterrik bazter ibili da jendea, aldran, Santa Ageda eskean, neguko zapatu hotza beste era batera pasatzeko aitzakian, zergatik ez? Mimosak loratzear dauden hon...