P.A.A.

Egundoko hotza egiten du. Nahikoa meritu dute harmailetan bildutako zaleek. Eskerrak bufanda eta txanoei; eskerrak Asturiasko sagardo gozoari ere, bestela ez dago hotz hau jasango duen amaren semerik (esan beharrik ez dago, futbola gizonen kontua baita, amaren alabak —eta amak eurak ere— etxean geratu direla). Hasieran, giroa bezain hotz egon dira zaleak ere, baina oihuka hasi, eta apurka-apurka epelduz joan dira: taldearen aldeko oihuak izan dira hasieran, arerioaren aurkakoak gero, eta ez dira falta izan kontrako taldeko jokalari beltz bati egindako tximino zaratak eta epailearen amari buruzko iruzkinak ere, zer gutxiago eskatuko diogu gizonen arteko liturgia honi.

Gero, jokalariak zelaira irten dira banan-banan, eta batzuek, belarra eskuin eskuarekin ukitu ostean, gurutzearen keinua egin dute bi-hiru aldiz, eta lepotik zintzilik zeramaten santutxoa musukatu dute gutxi batzuek, eta denek eskuineko hankarekin zapaldu dute zelaia aurrenekoz, eta batek erritual harrigarri baina disimulatu bat egin du superstizioak baretzeko, eta gero, epaileak partida hastera zihoala adierazi arte, saltoka hasi dira denak, hogeita biak, Carlos Tartiere futbol zelaiko hotz izugarria uxatu nahian. Kapitainek banderatxoak trukatu dituzte, eskua eman diote elkarri, txanponak erabaki du nork jarriko zuen baloia mugimenduan. Eta hasi da ikuskizuna.

Minutuek aurrera egin dute. Atsedenaldia ere heldu da. Huts eta huts markagailuan, baina balantza edonorantz makurtu daiteke. Laster amaituko da dena. Eta atezainak ateratako baloi luzea hegaleko jokalari batek hartu du. Aurrera egin du, metro batzuk; gero, albora begiratu eta baloia erdialderantz jaurti du. Joko nahasia zelai erdian. Burukada batzuk, ostiko bat baloiari, eta etxeko taldeko jokalari batek hartu du esferikoa. Ederra du planta, aldizkarietako modeloa ere izan zitekeen. Aurrera egin du baloiarekin, eta harmailak berotzen hasi dira, zaleen burrundara ozentzen hasi da une batetik bestera. Erdilariak desordenatuta dauzka ileak, bizarra egin gabea, dena ondo estudiatua. Area ertzera hurbildu da, driblatu du kontrarioa, ezinezkoa zirudiena egin du: bultzadatxo bat baloiari, gola, harmailek eztanda egin dute. Minutu gutxi falta dira partida amaitzeko, Oviedok irabaziko du gaur ere. Piii-piii-piiiiii.

Munduak beste kolore bat du orain. Hotza ere joan zaigu kolpetik. Oe, oe, oe. Ze ona den, sekulako jokalaria, denok maite dugu hainbeste. Bost emakumeri egin zien eraso 2006an eta 2007an, horietatik hiruri gau berean, denak Gernikan. Bizia da, badaki ondo kokatzen zelaian, ze ona, ze ona den. Hiru urte baino gehiagoko kartzela zigorra jarri zion epaileak, baina Espainiako Gobernuak indultatu egin du, ahaztu ditzagun kontu horiek (futbolaz ari gara, ez kontu pertsonalez). Sekulako futbolaria da. Erasora jokatzen du beti. Sekulako erasotzailea da. Erasotzaile petoa. Paul Abasolo Amantegi, ze ona den, joder.