Iritzia

Amets (ia) profetikoak

Bai, sekulakoa izan zen joan den ostegunean Athleticek Manchesterren jokatutakoa. Harrigarria bada ere, azken txilibitu-hotsera arte ikusi nuen partida, aho zabalik, emaitzaren ardurarik ez duenaren gozamen arrotzetik eta batere sufritu gabe, poztuz e...

Otxarkoaga eta Bilboko etxebizitza politika

Harridura sortzen du, zinez, Bilboko historiari buruz orain arte esan digutenak —frankismo garaikoak, hain zuzen—, behin sakon ikertu eta gero konturatzen baitzara historia horrek ez duela zerikusi handirik errealitatearekin. Bestalde, datuak eta informazioa izatea, hau da, erudizioa, ondo datorkigu historialarioi, baina niretzat garrantzitsuagoa da honakoa: zenbat eta kontraesan edo paradoxa gehiago mahai gaineratu eta aztertu, orduan eta ulergarriagoa egingo zaio jendeari errealitate korapilatsu hori.

1959. urtean Bilbo industrialaren eraginez etorkizun hobe baten bila guregana milaka bizilagun etorri izanak arazo larriak sortu zituen, batez ere etxebizitzarik ez zegoelako, etorkin horientzat behintzat. Azkenean, ondorioak agintariek uste baino larriagoak bilakatu ziren: 40.000 bizilagunek ikusi zituzten beren buruak txaboletan biziaraztera beharturik, eta beste 125.000k, berriz, alokaturik bizitzera. Urte horretan Bilbok 280.000 biztanle zituela kontuan izanik, kopuru hauek benetako egoera nolakoa zen adierazten digute.

Kinka larri hartan, bai Monte Banderasen, bai Monte Cabrasen, bai Irustan, eta abarretan, milaka bizilagunek bizi behar izan zuten eurek porlanez eta adreiluz eraikitako txaboletan, baldintza negargarrietan… Bestalde, Bilboko zein Madrilgo agintariek premiazkoa zuten garai hartan poligono baten proiektua abian jartzea. Denbora aurrera joan ahala, txaboletan zein alokaturik bizi zirenen egoera gero eta okerragoa zen, eta agintariek ezin zituzten datu haiek alde batera utzi, baina ez zeukaten ez dirurik ez tresna teknikorik buruhauste larri hura konpontzeko.

Etxebizitza Ministeriora jo behar izan zuten Bilboko agintariek, udalak ez zeukalako aukerarik proiektuak aurrera egin zezan. Horrexegatik Bizkaiko Larrialdi Sozialerako Plangintza delakoa dekretatu zen, eta horren barruan Otxarkoagako poligonoaren proiektua zegoen.

Dena den, Elizak, politikariek eta enpresariek bultzaturik, txabola guztiak desagerrarazi nahi izan zituen Francok. Hori ez zen gertatu haren borondate onaren edo paternalismoaren ondorioz, orain arte esan diguten bezala, baizik eta bere burua hartara beharturik ikusi zuelako, frankismoa sostengatzen zuten oinarrien presiopean. Horretarako, poliziak eta armadak bizilekuak hustu zituzten eta kamioi eta gurdietan jendea poligonora eraman zuten, bortxaz beren ordura arteko etxeetatik aterata, euren borondatearen kontra, auzotegi eraiki berrira.

Urte eskas batean ezerezetik Otxarkoaga auzoa sortu zen, 1961ean. Nekazari mundu horretan sekulako zirrara izan zela azpimarratu beharko genuke, laborantza mundu izatetik hiri izatera bat-batean pasatzean.

Baina zer zegoen horren azpian? Funtsean kontraesan bat: garai hartan, Bilbo berri bat saldu nahi zuten agintari frankistek, Bilbo modernoa. Baina aldi berean garapen ekonomikorako plangintza egiteke zegoen oraindik, eta 30 errebal zeuden Bilbo hartan. Bateraezintzat jo zituzten agintariek bi ereduok.

Proiektu horren atzean Bizkaiko arkitektoen elkargotik hamabi arkitekto gazte zeuden, eta helduago bat: Juan Madariaga, hain zuzen ere. Egia esan, arkitektoek ez zuten aukera handirik eduki. Etxebizitza Ministerioko arduradunek, non eta nola aurretik erabakita, lehenbailehen 4.000 etxebizitza eraiki nahi zituzten, 20.000 bizi lagunentzat; hor auzo etxea, bi eliza, hiru merkataritza-gune eta hiru eskola ezarriz, ziotenez, poligonoari autonomia emateko.

Etxebizitzak aztertzean, adierazgarria da kanpoko aldean eraikuntza irekiak proposatu izana, gune eguzkitsuetan, gune berdez inguratuak, eta adreiluz eginak, erarik merkeena zelako. Ministeriokoek leku egokitzat jo zuten mendien artean kokatzea, ondoan Etxebarri, Galdakao, Basauriko haranak eta lantegiak zeudelako. Ezin hobeto zetorkien langileei euren etxeetatik lantegiak hain hurbil edukitzea.

Era berean, etxebizitzen barneko antolamendua Diru-Laguntzaz babesturiko Etxebizitzen legepean zegoen. Lege berri honekin ekimen pribatuarentzat eskaintza erakargarria lortu zen, material ahalik eta merkeenak erabiliz eta ahalik eta lasterren eraikitzea hobetsiz, kostu ahalik eta merkeena lortzeko.

Beste ezaugarri bat eraikuntza mendien gainean egitea zen, hirigintza planik gabe: auzoa aldapaz beterik gelditu zen, gabezia askorekin eta kalitate eskaseko materialekin. Geroago hezetasunak etorri ziren, eta arazo gehiago eta larriagoak ere. Hainbat etxe-orratz eraiki eta gero, bestalde, biztanle dentsitate ikaragarria ere sortu zen.

Hirigintza eta arkitekturaren ikuspuntutik eredu berriaz ari gara, hiriaren kanpoko aldeko poligono baten bitartez Bilboko zabalgune ereduarekin apurtu zuena. Era berean, arkitekturako laborategi gisa har dezakegu, material eta aurrefabrikatzeko sistema berriak erabili zirelako. Otxarkoagakoa Bizkaiko lehen poligonoa izan zen, eta hura eredu hartuta, geroago beste leku askotan egin ziren: Txurdinagan, Begoñan, Bilbo Handian, Basaurin, Sestaon, Portugaleten, eta Muskizen, besteak beste. Horregatik nabarmentzekoa da Otxarkoagaren garrantzia.

Paternalismoa baino askoz gehiago ere bazegoen politika horren atzean, eta 50eko hamarkadan falangisten mendean egindako etxebizitza politikaren porrota adierazten zuen. Hutsak gainditzeko ekimen pribatua erakartzeko bideak sortzea erabaki zuten orduan agintari frankistek, hau da, etxebizitzak negoziotzat hartzea. Bankuak erakartzeko, etxebizitza-jabetasuna eredu bihurtu zen, bai eroslearentzat bai erabiltzailearentzat ere. Hortik aurrera, ekimen pribatuak erabakiko zuen Bilboko hedapenak nondik nora jo behar zuen eta hiria non, noiz eta zelan eraiki. Otxarkoagakoa hasiera baino ez zen izan.

43

Argitan elkarteak genero indarkeriagatik artatu andreak. Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Zentroak iaz 307 emakumezkori eman zien zerbitzua. Horietatik 43 andre genero indarkeriaren edo sexu erasoen biktima izan ziren.

Foru Aldundiaren isiltasuna Erralderen inguruan

Erralderen inguruan asko berba egin da aspaldion. Erraldea, hitza bera, pisua neurtzeko unitatea (5 kg) galtzeko zorian dago, eta Erralde hiltegia ere ez dago egoera samurragoan. Litekeena da galera biak lotuta egotea: nekazaritzari eta abeltzaintzari garatzeko zenbat eta oztopo gehiago jarri, haiei lotutako hiztegia zenbat eta murritzagoa.

Edozelan ere, kontua da Erralde hiltegiari arazoak sortu zaizkiola alde guztietatik. Bizkai osoan, kudeaketa eta kontrol publikoaren funtzionatzen duen hiltegi bakarra da, eta bizkaitar guztioi eskaintzen digu zerbitzua. Erralderi esker daukagu bizkaitarrok bertoko kalitatezko okela kontsumitzeko aukera. Gainera, ezin dezakegu ahaztu nekazariei eskaintzen dien zerbitzua. Hiru mila baino gehiago dira Erralde erabiltzen duten baserritarrak, eta zein etorkizun izango dute Erralde betiko ixten bada?

Eusko Jaurlaritzak bere kabuz hartu zuen erabakiaren ondorioz, Erralde hiltegiak itxi beharra izan du, eta erabaki hori salagarria da guztiz, ondorioak ikusten baditugu. Oraindik ere, hiltegiaren kudeatzaileak agintariekin hitz egiten ari dira arazoarentzat irtenbidea biltzeko, baina gure gutun honekin ez dugu Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi. Izango da horretarako aukera aurrerago ere Erralderekin gertatzen denaren arabera, badakigulako hiltegiak osasun neurriak behar den moduan konpondu eta hartuko dituela.

Orain salatzen duguna da Bizkaiko EAJk eta, bide batez, Foru Aldundiak gai honetan izan duten jarrera. Harrigarri irizten diogu EAJk izandako jarrerari, baina batez ere harrigarria egiten zaigu EAJren eta Foru Aldundiaren posizionamendurik eza: inork entzun al du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren jarrera zein den Erralderen itxieraren inguruan? Egin al du Nekazaritza Sailak inongo adierazpenik Bizkaiko nekazaritzari honek zer ekarriko dion azaltzeko? Guk dakigula, ez. Eta halako egoera latz batean isiltasunak harritu egiten gaitu. Egoera larria da, eta Bizkaiko erakunde gorenari badagokio arazo honetaz zerbait esatea.

Eusko Jaurlaritzak hartutako beste erabaki batzuen inguruan, Jose Luis Bilbaok arrapaladan erantzun du komunikabideetan euskal gobernuari eskatuz bere gauzetan ez sartzeko, herrialde bakoitzak bere eskuduntzak dituela… Orain, ostera, Osasun Sailak Erralde itxi egin behar dela erabaki duenean, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak bere eskuduntza izan, ez dute ezer esan. Zergatik oraindik inork ez du bere iritzia eman itxieraren gainean?

Guk atera dugun ondorioa, hauxe da: EAJri bost axola zaio zer gertatzen zaien nekazariei, eta bost axola zaio Erralde hiltegia. Ez dauka hiltegiaren kudeaketa bere eskuan, ez dago bere betiko lagunik enpresa horretan sartuta eta ez dauka inolako irabazirik; beraz, ez dauka interesik.

Aburto ahaldun jaunak, komunikabideen aurrean, onartu egin du BECek zuloa egiten jarraitzen duela eta, hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu behar duela azpiegitura hori, bizkaitarrentzat ona delako. Ez dugu guk esango BEC ez denik bizkaitarrentzat ona, baina Bizkaian zenbat okela jaten da? Ez ote da bizkaitarrontzat beharrezkoa okela hori bertokoa eta kalitatezkoa izatea?

Erralde ona da Bizkairako, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ez dio diru laguntzarik ematen. Oraintsu arte zabalik egon den Bilboko Zorrotzako makro hiltegiari dirutza eman zion bere garaian Aldundiak. EAJ eskualdeetako hiltegiak ixten hasi zenean, Zorrotzako hiltegi erraldoia EAJren seme kuttun izendatu zuten nolabait, baina kudeaketa ilunegia izan zuen hiltegiak, eta, azkenean, itxi egin zuten. Ez dakiguna da zenbat milioi euro eman zituen Bizkaiko Foru Aldundiak itxi ez zedin. Badakigu milioiak izan zirela, baina ez zenbat.

Bizkaiko Batzar Nagusietan 2012ko aurrekontuak eztabaidatu zirenean, Bilduren zuzenketetako bat Erralderi diru laguntza eman beharra izan zen. PSOE horren alde agertu zen, eta PP abstenitu egin zen: EAJk ezezko borobila eman zuen.

Baserritarrak izan ziren Durangoko hiltegia berriro ere martxan jartzea erabaki zutenak, eta horretarako udalekin hitz egin zuten. Hainbat udalek osatutako mankomunitatea da Erralderen sostengu nagusia, eta EAJk oztopoak jarri dizkio behin eta berriz. Orain egoera larrian dago hiltegia, eta betirako itxita geratu daiteke. Berria eraikitzeko berriz, urte bi itxaron beharko da. Espero dugu, halako batean, EAJk benetan bere lurra zaintzen duten nekazarien aldeko pausoren bat ematea.

%70

Drogei buruz ohartarazteko kanpainan sartutako eskolak. Drogek eragiten duten menpekotasunari aurrea hartzeko Bilboko Udalak antolaturiko kanpainan, hiriburuko 19.530 ikaslek hartu zuten parte iaz, 690 irakaslek gidatuta. Eskolen %70 daude sartuta kanpainan.

Olaiaren erronka

Bizkaian bizi zaretenok beharbada ez zarete oraindik enteratu, baina ekimen bitxi bat jarri dute martxan Donostialdean, hondakinak bereizteko kontzientziatze kanpaia baten barruan. Proiektu aitzindaria izanik, helburua hauxe da: San Marko mankomunitat...

3.151

Iaz Bilbon salatu zituzten auto gidariak. Bilbon, abiadura baimendua gainditzea leporatuta, 3.151 auto gidari salatu zituen lehengo urtean Udaltzaingoak. Asteon hasi dute aurtengo kanpaina.

DRAGATZERIK EZ EGITEKO ESKEAN

Abra Bizirik Getxoko plataformak Punta Lucero inguruan dragatzerik ez egiteko sinadura bilketa egin zuen joan den zapatuan Algortan (Getxo), Telletxen. Bilboko Portuko Agintaritzak 50 milioi metro kubo harea ateratzeko proiektua aurreikusita duela eta...

100.000

Nekazaritza bulegoek 2011n bideratu zituzten kontsultak. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak dituen zazpi nekazaritza bulegoek 100.000 kontsulta inguru bideratu zituzten iaz. Baserritarrek euren ustiategietatik gehiegi urrundu gabe egin ditzakete kontsultak.

Kexatu

Kexatzeko motiboak edonon topatuko dituzun bezala, edonon agertuko zaizu gehiegi kexatzen zarela aurpegiratuko dizun norbait. Beren garaian soldadutza eginikoak gehienak, edo gerraostea bizitakoak bestela. Edozelan ere, jende trebea da euren sufrimend...