Iritzia

IÑIGO CABACASI OMENALDIA EGIN DIOTE

Iñigo Cabacasen heriotza salatu eta Basauriko gazteari omenaldia egiteko manifestazioa egin zuten domekan milaka herritarrek, Bilbon. Iñigo gogoan zaitugu zioen pankartaren atzean, arropa ilunak eta Athleticen bufandak zeramatzaten hara bildutakoek. Athleticen peñen elkarteak, Abertzale Surrek, Herri Nortek, Piratak Athletic taldeak eta Athleticen zaleek deitu zuten martxara. Bihar nazio manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean, Maria Diaz de Haro kalean hasita.

95

Garellanon zeuden gauzetatik aprobetxatuko dena. Garellanoko eraikinetan (Bilboko Basurtu auzoan) zeuden gauza guztien %95 birziklatu egingo dituzte, era batera edo bestera.

Izanaren izenean

Izena eta izana bihotz bakarreko siamdarrak ei dira. Ezin bata bestea barik bizi, ezin bata bestea barik izan. Aspaldiko kontua dugu, ez pentsa: izena duen guztia omen da dio esaera zaharrak, hizkuntza delako pentsamenduaren euskarria, hizkuntza delako identifikatzen gaituena, haur jaio berriekin gertatzen den modura: zelan dauka izena?

Gaur egungo joerei erreparatuz gero ere, sarean izenik ez duena ez ei da existitu ere egiten. Merkatuari begira ere, enpresetako berritasun-plan guztien arabera, argi eta garbi dago: izenaren bidez besteengatik bereiztea ezinbesteko baldintza da, izena marka bat da, eta marka horren barruan biltzen dira salgai dagoen produktua, produktu horrekin loturiko balore eta ezaugarriak zein produktuaren sortzailea, hots, enpresa.

Beraz, itxura guztien arabera, izena = izana binomioak banaezina dirudi, mendeak mende, sasoiak sasoi, joerak joera, pentsamenduak pentsamendu eta patroiak patroi.

Saia gaitezen, baina, binomio horren zatiak banan-banan aztertzen.

Batetik, izen berba daukagu, hizkuntzalarien arabera, izaki, gauza edo haien multzo bat adierazteko erabiltzen den hitza. Erabilpenari dagokionez, hiru multzotan banatzen da. Bat, pertsonak izendatzeko erabiltzen den multzoa. Bi, lekuak izendatzeko erabiltzen dena. Eta hiru, animaliak eta landareak izendatzeko erabiltzen duguna. Izen guztiak ez direnez mota berekoak, hor ditugu izen bereziak eta arruntak, zenbakarriak eta zenbakaitzak, bakunak edo elkartuak…

Izan berbari heltzen badiogu, ostera, zer esanahi aurkituko dugu? Izan: naturan aurkitzen den edozerk edo edonork gauzatzeko duen modua.

Bi berbok konparatzen baditugu, zein izango litzateke, lehenengoa? Ea, esan dugu, izen berbak izaki, gauza edo haien multzo bat adierazteko balio duela. Izan berba, berriz, zera dela, naturan aurkitzen den edozerk edo edonork gauzatzeko duen modua. Ondorioz, izan litzateke aurrenekoa, gauzatzea bera adierazten duelako, eta izen, aldiz, ondorengoa, gauzatze hori bereizteko erabiltzen dugulako.

Zer gertatzen da, baina, ordena alderantziz jartzen denean, hau da, aurrena izen bat asmatu eta ondoren izen berri horrentzat izan bat, izate bat, asmatzen dugunean? Ba, binomioak berdin-berdin funtzionatzen duela. Begiratu, bestela, sormenarekin zerikusia duen edozein diziplina.

Gauzak honela, eta behin honaino iritsita, galdetuko duzue, zertarako hainbeste hausnarketa?

Ba, labur-labur azalduko dizuet mezu nagusia. Krisialdiak diruak behar diren gauzetan erabiltzera bideratzen gaituen modura, zergatik ez gauza bera egin hitzekin?

Imajinatu, hemendik aurrera, izate zehatz batekin identifikatzea nahi duzula. Zer izen jarriko zenioke zeure buruari?

Jolas bat baino ez da, joko sinple bat, burrundara zorabiatzaile artean, zeure burua berrasmatu eta berrizendatzeko, zeure gustuko izanaren izenean.

6,234

Iurretako Udalaren aurrekontua, milioi eurotan. Iurretako Udalak azken hamar urteetako aurrekonturik txikiena izango du aurten: 6,234 milioi eurokoa, hain justu. Inbertsioetarako 1,16 milioi izango ditu.

LAPURRETA GAZTEEN ETXEAN

Getxoko Itzubaltzeta gaztetxean lapurreta egin dutela salatu du bertako Gazte Asanbladak. Martxoaren 29ko gauean gertatu zen. Bi hilean gertatu den bigarren lapurreta dela ekarri dute gogora; bietan dirua ostu dutela azaldu dute. Aurrekoan, ordenagail...

30

Ogasunak Petronorretik jaso ez duena, milioi eurotan. Petronorrek hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren, berriro jarri du martxan produkzioko lehen linea. Geldirik egon den tarte horretan, Bizkaiko Foru Ogasunak 30 milioi euro jasotzeari utzi dio zergetan.

Izua eta indarra

Bere kabuz arnasa hartzeko beldur da haur jaio berria. Ama berriro itzuliko ez ote den beldur, eskolan hasi den txikia. Taldeak onartuko ez ote duen beldur, institutura doan nerabea. Koadrilak eta bikoteak ahaztuko ote duten beldur, atzerrira doan gaztea. Lanetik botako ote duten beldur, haurdun geratu den andrea. Ezgaituen multzora baztertuko ote duten beldur, erretiratzera behartutako gizon adin erdikoa… Bizia galtzeko beldur, bizirik sentitzen dena… Bizitza uzteko beldur, heriotza gertu sumatzen duena…

Joanna Bourke ez ohiko historialariak emozioen bidez aztertzen ditu gertaera eta ekintza historikoak. Bere ustez, beldurrak gidatu du XX. mendea eta beldurra izan da gobernuek jendea kontrolpean edukitzeko erabili duten tresna. Joanna Bourkek garaian garaiko gizon eta andrazkoak hartzen ditu protagonistatzat eta protagonista horiek akzio zehatzak burutzera bultzatzen dituzten arrazoi pertsonalak ikertzen ditu; oinazea eta beldurra, adibidez, eta horiei aurre egiteko ahalmena, indarra, indar fisiko, moral eta emozionala.

Beldurra betidanikoa da, dio; Erdi Aroan sorginak zeuden, deabrua, pestea… Orain, elikadura, klima aldaketa, minbizia, terrorismoa… Izan ere, izua oso erraz sor daiteke, haur-jolasa da. Zer datorren ez jakiteak blokeatu egiten gaitu. Zelan egin aurre horri? Indar fisiko, moral eta emozionala landuz.

Joannaren iritziz, 'baldintza normaletan', indartsu izaten irakats dezakegu. 'Baldintza normaletan' = oinarrizko behar izanak bermatuta daudenean. Baina, zer gertatzen da 'baldintza normal' horiek kili-kolo sumatzen direnean?

Mamuei buruzko ipuinak oso erakargarriak dira txikientzat, jende handixeagorentzat beldurrezko filmak bezainbeste. Aitzitik, esango nuke, jende txikia beldurrak baino gehiago erakartzen duela ikusteak zelan egiten dion aurre beldur horri protagonistak; izan ipotxak, izan inurriak, izan txakurtxoak, katutxoak, saguak, neskatoak, mutikoak, edo ikarak umetutako helduak.

Bai, agian beldurrari aurre egiten dioten protagonista, hasieran kikilduak eta amaieran indarberrituak, asmatzen hasi beharko dugu. Betiko ipuinen osagaiak har ditzakegu: heroia -edo heroina- eta honen laguntzaileak; aurkaria eta aurkariari men egiten diotenak; mamuen fabrikatzailea eta fabrikatzaile horri dirua eta baliabideak ematen dizkiotenak; heroia edo heroina, bere ordura arteko bizimodua utzita, bide ezezagunetan abiaraztera bultzatzen duten arrazoiak…

Bai, behar bada, ez dabil hain oker Bourke anderea, esaten duenean arrazoi pertsonalak direla gertaera historikoen atzean gordetzen direnak.

Eta, uste dut, XXI. mendearen bigarren hamarkada honetan ere, 'baldintza normalen'zakua hausten hasia dela eta, ondorioz, izuari aurre egiteko indarra lantzen hasi beharko dugula.

Indar fisiko, moral eta emozionala.

Besteen etxeak

Beti besteei gertatzen zaie. Gu kapsula isolatu batean bizi gara, ez mundutik aparte baina bai munduko gaitzetatik salbu, zorionekoak gu: zorte hori izan dugu, beti besteei gertatzen zaiela. Sutea izan da etxean, besteen etxean, tartean hildakoak; uho...

26.500

Bizkaian zer janik ez duten herritarrak. Bizkaiko Elikagai Bankuaren arabera, herrialdean 26.500 herritar daude zer janik gabe. 2011n 3.060.000 tona elikagai banandu zituzten, aurreko urtean baino %21 gehiago. Krisia dela eta, hartzaileen kopurua handitu da, eta eskatzaileen soslaia ere aldatu egin da.

3.975

Bilbon dauden udal etxebizitzak. Bilbok 3.975 udal etxebizitza ditu. Euskal Herrian biztanleko udal etxebizitza gehien duen hiria da. 9.150 pertsona bizi dira etxebizitzotan.