Amets (ia) profetikoak

Bai, sekulakoa izan zen joan den ostegunean Athleticek Manchesterren jokatutakoa. Harrigarria bada ere, azken txilibitu-hotsera arte ikusi nuen partida, aho zabalik, emaitzaren ardurarik ez duenaren gozamen arrotzetik eta batere sufritu gabe, poztuz ere neurrian, ikuskizun eder baten lekuko txunditu, jokoan ezer jarri gabe, ez urduritasunik eta ez miresmenik, ez grinarik eta ez irabazi nahiaren desirarik; ezer ez, soilik bi begi hauek pantailari begira, gozatuz, futbolarekin gutxitan gozatu dudan moduan. Ze, esan gabe doa, nik futbola ezin dut agoantatu.

Beharbada norbaitek espero zuen holako emaitza eta jokoa; nik ez. Gainera, balkoietan, kotxeetan, eskaparateetan, jendearen soinean eta txakurren artilezko jakatxoetan hainbeste bandera ikusten ditudanean, eta egunkari guztiak bi kolore bertikalez jantzita esnatzen direnean (edozein direlarik ere bi kolore bertikal horiek), eta kaleetan euforia usaintzen denean beste egun guztietan besapeko lurrina usaintzen den modu berean, orduan, gogo ezkutu eta ia aitorrezin batek heltzen nau lepotik, eta pentsatzen dut galtzea merezi dutela, popatik dena, eta batez ere izorra daitezela artilezko jakaz jantzitako txakurren jabeak, gorde ditzatela euren bufandatxoak datorren urterako, eta hurrengo goizean gosaldu dezatela euren euforia esnetan bustita, kruasan gozoago baten faltan.

Joan den osteguneko partidari dagokionez, berdinketa ere ia ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina amesten nuen bilbotarrek 1-2 irabaziko ote zuten, jakin arren zerbait kimerikoa zela, fantasia hutsa. Eta hori desio nuen, ez hainbeste lehoien balentriagatik, edo futbolistikoki historikoa izango litzatekeelako, edo jendearen ilusioagatik, edo maite zaituelako herriak, edo hau ez delako kamiseta bat baizik eta ondare bat, edo munduko zalerik onenak eta bla-bla-bla; ez, ez nuen horregatik desio, ezpada ilusioa egiten zidalako, sinpleki, Irati Jimenezek duela sei urte idatzitako Bat, bi, Manchester liburuaren izenburua profetikoa izango zela pentsatzeak, ahor nire arrazoi partikularra Athleticen garaipena desiratzeko. Ez edozein garaipen, ordea: 1-2, Manchesterren.

Imajinatzen nituen hurrengo eguneko egunkari bozkariotsuak, garaipenaren eztia erakusten duten lerro lausengariak, eta jendea saldoka prentsa erostera, eta hainbeste albiste, argazki eta deklarazioren artean, anekdoten atalean, ia ezkutuan, albistetxo bat: euskal literaturako liburu batek profetizatu zuela Manchesterreko emaitza historikoa. Eta jendea berriz ere saldoka liburu-dendetara, Bat, bi, Manchester erostera, eta dena futbolari esker. Euskal literaturaren egun bateko goralditxoa, futbolari esker. Hara zer imajinatu nuen. Hooligantxo epela ni; izan ere, gero Muniainek hirugarren gola sartu zuen, eta ametsak pikutara bidali. Eta euskal literaturak ez zuen gloriazko minututxorik ere izan, jakina.