Elkarrizketa

“Iraultza lasai, seguru eta sendoa egiten ari gara emakume ijitoak”

“Iraultza lasai, seguru eta sendoa egiten ari gara emakume ijitoak”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Emakume eta gazte den arren, erreferente da ijitoen artean Tamara Claveria (Bilbo, 1984). Berdintasunaren aldeko borrokan buru-belarri ari da, hori ijito komunitate osoaren onurarako izango dela sinetsita. Formazioaren aldeko apustu argia egiten du; horixe du emakume ijitoen ahalduntzerako giltzarri. Eta bere bidea eredu da askorentzat: Euskal Herrian Gizarte Integraziorako titulua eskuratu zuen lehen emakume ijitoa da.

Duela hamabost urte sortu zenuten Amuge emakume ijitoen elkartea. Zein helbururekin?

Ijito komunitatearen alde borrokatzeko jaio zen duela hamabost urte, Euskadiko emakume ijitoen sustapenean eta ahalduntzean indar berezia jarrita. Amuge izan zen gure lehen emakume elkartea, uste genuelako emakume ijitoen gaia emakume ijitoekin landu behar genuela. Erronka nagusiak ziren emakumeak formakuntza akademikora sartzea, gureak ere badiren espazioetan egotea, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lantzea.

Aldatu da egoera urteotan?

Bai, noski. Formakuntzari dagokionez, ijitoen %97 eskoletan daude; ez dago eskola absentismorik, eta hori arrakasta da. Bigarren hezkuntzan ez dugu horrenbesteko arrakastarik, eta hori lantzen jarraitu behar dugu. Erronka handia da emakume ijitoek formatzen jarraitzea gero lan mundura sartu ahal izateko. Batzuk iristen dira goi mailako tituluak izatera, baina gutxi oraindik.

Egongo dira landu beharreko gabezia gehiago ere...

Beste erronka asko ditugu lortzeko: genero indarkeria amaitzea, gure kulturari balioa ematea, emakume ijitoen benetako irudia ikusaraztea. Zeren, emakume ijitoak pertsona folkloriko moduan aurkezten dira, edo, bestela, lapurretekin lotuta. Badira garrantzitsuak izan diren ijito feministak, eta inportantea da historia hori ere erakustea. Emakume ijito eta ez-ijitoen arteko elkarrizketa sustatzea da beste erronka bat, eta ardura politikoetan egotea.

Ijitoen irudia estigmatizatuta dagoela diozu. Nola definituko zenuke komunitate hori?

Gizartean lapurretekin eta pobreziarekin lotutako irudia du historikoki. Eta emakume ijitoek lan handia egin dugu gure balioen alde, oso garrantzitsuak diren eta gizartean galduz joan diren balioak manten daitezen: nagusiekiko errespetua, emakumeen arteko elkartasuna, eta kanpotik datorren edonori ere laguntzeko joera. Orain, emakume ijitoa oso gaur egungoa da. Formatzen ari den emakumea da, gizarte honen zati izan nahi duena, egiteko asko duela badakiena baina pausoak ematen ari dena. Urratsak gehiago izatea nahi nuke, baina iraultza lasai, seguru eta sendoa egiten ari gara emakume ijitoak: gaur egun, ijitoak gara, euskal herritarrak, feministak. Astearteko jardunaldietan ikusi zen hori, eta izena bera ere adierazgarria da: Empoderío. Gitanas feministas en movimiento.

Aldaketaren motorra emakumeak direla diozu. Zergatik?

Emakumeak gara, eta are gehiago emakume ijitoak, kultur transmisioa egiten dugunak. Hori berdintasun ikuspegitik egin dadin nahi dugu, eta horregatik da garrantzitsua guk geuk hori uler dezagun, ahaldundu gaitezen eta ditugun desberdintasunen jakitun izan gaitezen, gure seme-alabek ez ditzaten horiek errepika. Eta emakumeak formatu daitezela nahi dugu, gure herriaren alde borrokatzeko baliabideak izan ditzaten. Baliabide horiek izateko modua formazioa da. Ijito kulturan garrantzitsuena askatasuna da. Askatasuna ematen duena aukeratu ahal izatea da, eta hori formazioak ematen du. Zer izan nahi duzun aukeratzeko formatuta egon behar duzu. Bestela, lan prekarioak eta ekonomia beltza besterik ez zaigu geratuko.

Barneratzen ari da hori emakume ijitoen artean?

Nik, benetan, hitza ematen dizut baietz uste dudala. Nire amaren diskurtsoa bat zen, ahizpena beste bat da, eta nirea beste bat. Baina ilobena erabat desberdina da. Nire ilobek ez dute planteatu ere egiten eskolara ez joatea. Bat batxilergoa egiten ari da, eta emagina izan nahi du. Beste batek alkate izan nahi du.

Zailtasunak ere badaude.

Bai, noski. Uneotan, hiru familiatik bik ez ditu aseak bere oinarrizko beharrak. Arazoak dituzte hil amaierara iristeko. Eta lehentasunak jartzen dituzte, beste edonork bezala. Oinarrizko beharrak ezin badituzu bete, egiten duzun lehen gauza lanean hastea da. Hortik dator ikasketak uztea... Baina gu beste mezu bat ematen ari gara: ijito gazte bikainak nahi ditugu; abokatu, mediku izango direnak, urdaitegi edo harategian lanean ariko direnak. Medikuarengana joan eta ijito batek artatzea itzela litzateke; ulertuko gintuzke, jakingo bailuke nola bizi ditugun gaixoaldiak, heriotza...

Emakumeen artean aldaketa ematen ari dela diozu. Eta gizonen artean?

Hori da beste erronka bat, baina ez ijitoena soilik. Ijitoen feminismoak ez ditu gizonak baztertzen. Ahalduntzerako ikastaroa hasi genuenean, ikastaroan ziren zenbait emakumek zera jarri zuten mahai gainean: "Ni gaitasun batzuk ikasten ari naiz, baina etxean gizon bat dut, eta beti bezala jarraitzen du". Gizonekin ere lan egin behar genuela ikusi genuen. Eurek ere sarri etortzen ziren gure lokalera zer egiten ari ginen galdetzera. "Ahalduntze ikastaroa egiten ari gara" erantzutean, adibidez, ea zer den galdetzen zuten, emakumeek azaltzen zieten... Maskulinitate alternatiboen gaia lantzea proposatu genien, eta, gaur egun, 30 gizon ijito ari dira gizon izatea zer den hausnartzen, zer den gizon ijito izatea... hezteari buruz hitz egiten ari dira, ardura partekatuei buruz, genero indarkeriari buruz... Pentsa! Oso erronka garrantzitsua da, funtzionatzen ari dena. Hamar gizonen talde bat hasi zen duela hiru urte froga gisa, eta orain egonkortzen ari da 30 gizonekin.

Hala ere, zailtasunak nabarmenak dira oraindik.

Noski, baina gizartean orokorrean ere bai. Egia da emakume ijitoen bizitza ez dela erraza, diskriminazio hirukoitza jasaten baitugu: ijito izateagatik, emakume izateagatik eta ikasketarik ez izateagatik. Lehen diskriminazioa da gogorrena: bazterkeria instituzionala dugu, eta kalekoa. Inork ez die etxea ijitoei alokatzen, ezta lanpostua ematen ere. Emakume ijito asko daude bere identitatea ezkutatzen dutenak lan egin ahal izateko. Gauza asko aldatu behar dira, baina gizarteak ere lagundu behar digu pixka bat.

Ijito kultura gorde beharra ere aldarrikatzen duzu. Zer da aldatu behar dena, eta zer ez da aldatu behar?

Ijito komunitateak ondo gorde behar duena askatasuna da. Aukeratu ahal izateko askatasuna. Norberak aukera dezala zer nahi duen, noiz eta nola: ezkondu nahi duen edo ez, umeak izan nahi dituen... baina inolako inposizio kultural edo sozialik gabe. Presiorik gabe; ez ijito komunitatearena, ez ijito ez direnena.

Alde horretatik, baikor zara?

Bai, baina ijitoekin dagoen muturreko arrazakeria gainditu behar da. Sarri esaten da ijitoak ez direla integratzen. Baina zer da integratzea? Garena izateari uztea beste batzuek nahi duten modukoak izateko? Frankismora itzultzea da hori! Inklusioari buruz hitz egin behar da. Guztiok barne hartzeari buruz. Hori guztion kontua da, baina horretarako aurreiritzi asko ezabatu behar dira. Eta guztiok izango bagenitu bizitzeko oinarrizko baliabideak, ez lirateke horrenbeste arazo izango.

“Txikitasunari esker, lana libreki egiteko aukera izan dugu”

“Txikitasunari esker, lana libreki egiteko aukera izan dugu”

Asier Arrate Iruskieta

Hogei urteren ostean, Berton aldizkariak agur esan du. Bere txikitasunetik, Begoña, Bolueta, Otxarkoaga, Santutxu, Txurdinaga eta Uribarri auzoetako milaka herritarren errealitatea ezagutarazteko tresna bilakatu da, baina, azken urteotako aldaketen ondorioz, ezinezkoa egin zaie aurrera jarraitzea. Lur Mallea zuzendariaren berbetan, "pena handiz" hartutako erabakia izan da. Egindako bidea ospatzeko eta "berri tristeari buelta emateko" jaialdi bat egingo dute, bihar, Santutxuko Karmelan.

Zergatik bukatu hogei urteko ibilbidea?

Azkenengo urteotan Berton-en osasuna ez delako ona izan. Komunikabide oso txikia gara; azken urteotan lantaldea murriztu egin da, eta horrek nekea sortu du. Giza baliabideak izanez gero, hedabide txiki bat gai da aurrera egiteko, baina, talde sendo bat gabe, ezinezkoa da. Lantaldea txikitzearekin batera, ingurua ere ahuldu da. Euskara elkartea desagertu egin da, eta auzo elkarteak gutxitu egin dira. Horri gehitu behar zaio diru laguntzen jaitsiera eta publizitatearen beherakada.

Komunikazio eredu aldaketak izan du eraginik?

Berton paperezko hilabetekari txiki bat da. Azken urteotako egoera ekonomiko txarrak eta krisialdiaren iraupenak zaildu egin du eredu horri eustea. Ohartu gara egungo zurrunbilo informatiboan asko zaindu behar direla hilabetekarietako edukiak, sasoiz kanpo ez geratzeko. Berton-eko lantaldea ahulduta zegoenez, ezin izan dugu hori lortu. Saiatu gara horri aurre egiten sarera salto eginez, Tokikom eta Hekimenen parte hartuz eta Uriolaren ataria sortuz. Moldaketa etengabean aritu gara egoerak horrela eskatzen zuelako, eta horregatik ikusi dugu zaila, nekeza eta zentzugabea dela paperean jarraitzea.

Uriola eta Tokikom aipatu dituzu. Tokiko hedabideen joera elkartzea izango da?

Krisiak gogor jo zuen garaietan erabaki zen saretzea zela jarraitu beharreko estrategia. Orain hogei urte, hedabide asko sortu ziren Euskal Herrian. Batzuek ondo eutsi diote, eta beste batzuek, ez. Egoera kaxkarragoan gaudenontzat, elkartzea da aukera bakarra. Ez soilik handiagoak izateko: baita esparru komunak behar ditugulako ere. Bilboren moduko hiri batean, hainbat auzotan barreiatuta daude hedabideak, eta, horregatik, estrategikotzat jo genuen informazio guztia bildu eta herritarren eskura jarriko zuen Uriolaren moduko atari bat sortzea.

Zaila izan da Bilboren zurrunbiloan euskarazko tokiko hedabide bat egitea?

Bilbok historia zaila du euskararekin. Euskara elkarteak eta hedabideak auzokoak izan dira, eta modu apal batean funtzionatu dute. Ez dira zabaldu, eta orain arte ez da egon Bilbo osorako elkarte edo hedabiderik. Horregatik erabaki dugu Uriolaren moduko atari baten bitartez auzoetan egiten den lana zabaltzea, ikusgarriagoa egitea eta indartzea.

Zein beharrizani erantzuteko sortu zen Berton aldizkaria?

Komunikabide tradizionalek tokiko informazioa gertakari ilunekin edo kritikoekin lotzen dute. Jorratzen duten ikuspuntua sarritan baztertzailea da. Horregatik, Berton sortu zenean, erabaki genuen beste toki batzuetan tarterik ez zuen errealitatearen berri emango genuela. Bertoko kontuak, istorioak, historia... Otxarkoagaren kasuan, esaterako, estigma handi bat sortu da, eta auzotarrek bizi osoa daramate horren aurka borrokan. Hedabideetatik ere badago horri aurre egiterik, adibidez, sortu duten elkarte baten berri emanez.

Bete dituzue helburuak?

Uste dut baietz. Jakin dugu hurbiltzen auzotarren errealitatera. Auzotarrak eta haien egitasmoak dira Berton-eko protagonista. Horregatik, hogei urteren ostean, jakinarazi genuenean aldizkaria argitaratzeari utziko diogula, hainbat pertsona hurbildu zitzaizkigun beren nahigabea adieraztera. Aldizkaria oso hurbileko sentitzen dute.

Aldizkari bat baino gehiago da Berton?

Mahatserriko azken bi hamarkaden historiaren gordailua bihurtu da Berton. Hogei urtean, auzoetako errealitatea asko aldatu da, eta eraldaketa hori guztia aldizkarian aurki daiteke. Alde horretatik, hogei urte horietako aldaketak ulertzeko tresna ere bada. Hori dela eta, interesatuta dagoen ororentzat, Berton-eko ale guztiak digitalizatzen ari gara une honetan, eta ale fisikoak eskuragarri daude Bilboko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegietan.

Zein da tokiko hedabideen arrakastarako gakoa?

Tokiko informazioak badu indar bat, eta hori albisteetan nor agertzen den jakiteko grina da. Norberaren inguruan gertatzen den horren berri izateko nahiak dakar tokiko hedabideak publiko euskalduna baino harago heltzea. Berton-ek, esaterako, zenbakiek erakusten duten baino kontsumitzaile kopuru handiagoa du.

Gertuko albisteak lantzeak ez du esan nahi ezin dela kalitatezko kazetaritza egin.

Ez, eta gehiago esango nuke. Askatasun handia izan dugu gaiak lantzeko orduan. Babesle handirik eta presio politikorik gabe, oso libre egin dugu lan. Aukera izan dugu gai askori heltzeko inolako mugarik gabe. Hori gaur egungo hedabideetan nekez lortu daiteke. Ildo editorialak oso zurrunak dira hedabide handietan. Txikitasunari esker, lana libreki egiteko aukera izan dugu.

Loturarik ez izateak ere badu bere alde txarra.

Aparte egon gara, eta horregatik ahaztu dira gutaz. Batzuetan, babesleak galtzeak askatasuna galtzea ere badakar, hedabidea aurrera eramateko ezinbesteko oinarri bat galtzen baituzu.

Zein izango litzateke egonkortasunerako formula?

Ekuazioa ez da erraza. Hedabideek aurrera egiteko hiru oinarri daude: diru laguntzak, publizitatea eta irakurleak. Orekari eustea, ordea, gaitza da. Bat galduz gero, besteen beharra handiagoa da. Arazoa da egun diru laguntzek eta publizitateak nabarmen egin dutela behera eta irakurle asko ez daudela prest informazioagatik ordaintzeko. Euskarazko tokiko hedabideak izateko, denen parte hartzea eta aktibazioa behar da.

Egoera horretan, zein da etorkizunerako apustua?

Gure apustua tokiko informazioa digitalean eta elkarlanean ematea da. Horregatik, Berton-en hasitakoak Uriola atarian jarraituko du. Ez gaude ziur zein izango den emaitza, arrakasta izango duen edo nora eramango gaituen. Aldaketa handia da, eta lubaki digitala hor dago, baina paperetik digitalerako pausoa eman beharrekoa zen. Inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean. Agian, gauzek ondo segitzen badute, paperera itzuliko gara; agian, beste formatu berri bati helduko diogu. Abiatuko dugun bide berri horretan irakurleek gurekin bat egitea da garrantzitsua.

“Eskubideen alde zenbat eta gehiago batu, hobe”

“Eskubideen alde zenbat eta gehiago batu, hobe”

Oihana Cabello

Etxera Trail mendi martxa eta lasterketa antolatu dute bigarrenez. Gernika-Lumon egingo dute, urtarrilaren 28an. Aitor Gorriño (Arratzu, 1987) eta Jon Landa (Gernika-Lumo, 1984) prestaketa lanetan ari dira. 300 euskal preso baino gehiago daude kartzelan, larri gaixo dauden herritarrak ere preso dituzte, errefuxiatuak eta iheslariak ere badira oraindik, eta, diotenez, horregatik antolatu behar da Etxera Trail aurten, berriro. Aldarrikapen eguna izango dela aurreratu dute.

“Etorkinen harreran erakundeen aurretik goaz askotan”

“Etorkinen harreran erakundeen aurretik goaz askotan”

Lander Muñagorri Garmendia

Etorkinen harreran laguntza eskaintzeko gobernuz kanpoko 63 erakundeek osatzen duten sarea da Harresiak Apurtuz. Aurten hogeigarren urteurrena ospatzen ari dira, "inoiz baino lan gehiago" duten garai batean, gainera. Aitor Oribe (Bilbo, 1982) sareko zuzendaritzako kidea da, eta salatu du koordinakundea sortu zen garaitik atzera egin dela etorkinen eskubideetan. Egoera bideratzeko gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana goraipatu du.