“Harrera etxea sortu nahi zutela jakitean, ez genuen dudarik egin”

“Harrera etxea sortu nahi zutela jakitean, ez genuen dudarik egin”

Peru Azpillaga

Otxarkoagatik mundura. Hori da Kaiene proiektuaren leloa. Mugimendu sozialetatik eta hainbat erakunde politiko eta herritarretatik etorritako norbanakoek osatutako egitasmoa da Kaiene, eta hiru ekimenen topaleku bilakatu da. Helburua: autogestioaren eta desobedientziaren bidez, auzoarentzako eta errefuxiatuentzako espazio bat eraikitzea; garai bortitz hauetan, aniztasunaren ikur bilakatzea, eta, elkartasuna oinarri hartuta, gehien behar duenari aterpea eskaintzea.

Norbanako horietako bat da Igor Ubelez (Bilbo, 1989). Hark azaldutakoaren arabera, urtarrilaren 7an saiatu ziren haien proiektua gorpuztuko zuen espazio fisikoa okupatzen, baina ez zuten lortu. Hala ere, ez dute itxaropena galtzeko asmorik, eta, oraindik egitasmoaren ateak zabaltzea lortu ez duten arren, ziur da sortutako mugimendu herritarrak, eguneroko lanari esker, Kaiene proiektua burutzea lortuko duela.

Hasteko, zer da Kaiene?

Otxarkoagako auzoan hiru ardatzen inguruan osatutako proiektu herritarra da. Batetik, auzoarentzako proiektu komunitarioa da, egun auzoan aseta ez dauden beharrizanei erantzuna eman nahi diena; horretarako, auzokideok zuzenean kudeatuko dugun espazio bat eraiki nahi dugu. Bestetik, pertsona errefuxiatuentzako harrera etxe bat da, Kaienek gatazka politiko, miseria eta gerratik ihesi, Bilbotik igarotzen diren pertsonentzako informazio eta aholkularitza gune bezala funtzionatuko baitu. Azkenik, ateneoa ere izango da Kaiene: aktibismoa sustatu eta auzoko erakundeen topaleku bihurtzea espero dugulako.

Nondik dator ideia hirukoitz hori?

Auzoan behar batzuk genituela ikusi genuen: egun ditugun espazio instituzionalek ez digute uzten bestelako proiektu alternatiboak garatzen, era komunitario eta autogestionatuan. Beste alde batetik, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartean ibilitako pertsona batzuk leku bila zebiltzan harrera etxe bat egiteko helburuarekin. Udaletxearekin saiatu dira behin baino gehiagotan, baina ez dute emaitzarik lortu. Hori dela eta, haien proiektua garatzeko espazio baten bila hasi ziren, era alternatibo eta desobedientean, haiek kudeatutako espazio bat aurkitzeko esperantzarekin. Orduan, bi behar horiek elkartu eta lanean hasi ginen…

Hasieratik zenuten argi non gauzatuko zenuten Kaiene?

Guk bagenekien auzoan lekuak bazeudela, eta horien artean aproposena zen udalak Kutxabanki eman zion eta urtetan hutsik dagoen eraikina, bizitzeko prestatuta dagoelako, eta, beraz, ez zirelako lan handiak egin behar. Horregatik, harrera etxe bat sortzeko leku baten bila zebiltzala jakin genuenean, ez genuen dudarik egin. Oso ideia ona iruditu zitzaigun proiektuak elkartzea, egitasmoa pluralagoa eta indartsuagoa izan zedin.

Nolakoa izan da harreman hori?

Ikusi genuen proiektuaren helburuak oso zabalak zirela eta jende asko batu zitekeela. Gure ustez, hori lortzeko lehen pausoa sare moduko bat sortzea zen, behar hori jendearekin lantzeko eta proiektua gizarteratzeko. Beraz, hasierako lana hori izan da: jendea harremanetan jartzea haiekin eta baita haien artean ere. Kaiene pertsonek eraikitako proiektu bat da, baina horien atzean badaude hainbat erakunde sozial eta politiko ere; alde horretatik, oso sare zabala osatu dugu, eta, zailtasunak zailtasun, harreman oso eraginkorra sortu dugu, batzen gaituzten ezaugarriak partekatuz eta guztiok batera landuz.

Zer gertatu zen eraikina okupatu nahi zen egunean?

Sartu aurreko egunean jakin genuen eraikinean segurtasun pribatua jarri zutela, eta horrek erabat aldatu zuen plana. Auzoan hainbat espazio daude abandonatuta, asko publikoak eta udaletxearen jabetzakoak. Udala okupazioa gerta zedin saihesten ahalegindu zen. Baina proiektu hau aurrera ateratzeko borondatea sendoa da, eta ez da eraikin zehatz batera mugatzen. Kaiene jaio da jada, Kaiene proiektua da; aterpea emango dion eraikina motorra baino ez da izango. Proiektuaren ardatzetako bat desobedientzia zibila denez, beste leku batean egin genuen ekitaldia, salaketa modura. Azken finean, proiektua ez da hiltzen espazioa ez lortzeagatik: proiektua espazioa baino garrantzitsuagoa da. Guk toki hori nahi dugu, baina, ezin bada lortu, desobedientziaren bidetik jarraituko dugu.

Lortu zenuten egitaraua aurrera eramatea?

Argi genuen proiektua aurkeztu nahi genuela egun horretan, eta ahalik eta jende gehien batzen saiatu ginen. Egitarau plural bat osatu genuen, eta ahal izan genuen heinean eraman genuen aurrera. Zoritxarrez, Otxarkoagan eraikin huts asko daude, eta ez zitzaigun asko kostatu beste bat topatzea. Hutsik dagoen eskola batean egin genuen azkenean, patioan bereziki. Goizean, umeentzako tailerrak eta ikuskizun bat egon ziren. Ondoren, beste proiektu batzuen bizipenak ekarri genituen mahai inguru batera. Horretaz gain, bazkaria eta kontzertuak antolatu genituen, jai giroan, gure proiektua gizarteratu eta aurkezteko.

Aurrera begira baduzue zerbait pentsatua?

Sortutako sarea indartzen eta garatzen jarraituko dugu; hots, gure proiektua gizarteratzen eta egun dugun egoera salatzen. Ikaragarria iruditzen zaigu udala dirua xahutzen aritzea abandonatuta dagoen espazio batek abandonatuta jarrai dezan. Guk bide beretik jarraituko dugu: Kaiene ezagutarazteko ekintzak eginez eta proiektuan sakonduz.

Espero duzue udalarekin akordioren bat egitea?

Ateak irekita dauzkagu, eta negoziatzeko prest gaude, baina proiektua ez da aldatuko; hori ez da negoziatzen. Espazioari buruz hitz egin daiteke, baina proiektuaren oinarriak irmoak dira, eta horretan ez dugu atzerapausorik emango: proiektu irekia da, edozein pertsonak har dezake parte, eta autogestioaren bidez kudeatuko dugu.

Proiektua garatzeko beste toki posiblerik topatu duzue?

Ez. Gainera, argi dugu hori dela espazio aproposena: leku egokian dago, eraikina bera ondo mantendu da, eta ez da erabiltzen. Udalak Kutxabanki eman zion espazioaren kontzesioa, bertan gizarte ekintzaren bat garatzeko. Hala ere, urteak daramatza hutsik, eta ez dute ezertarako erabili. Guk, ordea, proiektu argi bat daukagu, auzoko behar batzuk beteko dituena. Orduan, zergatik ezin da garatu?

Zer-nolako harrera izan du Kaiene proiektuak auzoan?

Hasieratik izan dugu oso harrera ona. Jende asko etorri zaigu proiektuaren nondik norakoak galdetzera, eta haren inguruan interesa erakutsi du. Esparru oso desberdineko jendea bildu dugu, eta babesa oso handia izan da. Horrekin, beraz, ikaragarri pozik gaude, bide onetik goazela uste baitugu. Egia da hasieratik egon dela askotariko jendea egitasmoan murgilduta eta esparru desberdinetan konprometituta. Gure iritziz, hori da proiektuaren indarguneetako bat.