Elkarrizketa

“Etxea eta lana dituen jendea ere badago bazterketa egoeran”

“Etxea eta lana dituen jendea ere badago bazterketa egoeran”

Eider Mugartegi
Gizartetik baztertuta dauden pertsonen bizi baldintzak hobetzea helburu, Gizarte Bazterketaren Balorazio eta Diagnostiko Zerbitzua jarri zuen martxan Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean. Zerbitzu hori berregokitu eta sistema eraginkor bat finkatzeko asmoz, gizarte bazterketa egoeran daudenen profila zehaztu eta premiak identifikatu nahi izan ditu erakundeak orain. Ikerketa bat egin du horretarako Lore Ibaibarriaga soziologoak.

“Espero dugu herriko beste gazte batzuek gure bideari jarraitzea”

“Espero dugu herriko beste gazte batzuek gure bideari jarraitzea”

Aintzina Monasterio Maguregi

Zeruko Lainoa II arrantzontziaren jabea eta patroia da Andoni Goitiz Zorrozua (Elantxobe, 1984), eta beragaz lanean ari da Igor Diez Eiguren (Elantxobe, 1996). Arrantzale tradizioko familiakoak dira bi gazteak. Ilusioz hasi dute etapa berria, eta luzerako izatea espero dute. Hamar metroko "lebazalea" prest dute arrantzarako, eta gogotsu daude.

Zergatik erabaki zenuen abentura honetan sartzea?

ANDONI GOITIZ: Bizi guztian izan dut ideia buruan. Orain dela bost bat urte, serioago hartu nuen. Oraintsu, laguntzak zeudela jakin, eta aukera aprobetxatzea erabaki nuen. Garaia zela ikusi, eta aurrera egiteko hautua egin nuen. Ilusio itzelagaz hasi gara. Espero dugu dena ondo irtetea eta luzerako izatea.

Nondik jaso duzu diru laguntza?

A.G.: Bruselak arrantza sektorea bultzatzeko laguntzak ematen ditu, eta Eusko Jaurlaritzan egin ditut izapide guztiak. Azarotik egon naiz itsasontzi honen atzetik. Nahi baino gehiago atzeratu den arren, azkenean lortu dugu ontzia Elantxobera ekartzea.

Nondik ekarri duzue?

A.G.: Donostiatik ekarri dut. Hiru jaberena zen. Erretiratu ziren, eta salgai jarri zuten. Ontziagaz, haien materiala ere eskuratu dut. Oraingoz, biok ari gara, eta beste bat sartzeko asmoa ere badugu, lanaren arabera. Gaur-gaurkoz nire aita eta osaba ari dira laguntzen; beren saltsan daude.

Noiz hasi zineten martxan?

A.G.: Orain dela bi aste itsasoratu ginen lehenengoz, ontzia eta makineria zelan zeuden ikusteko. 105 kilo itsas aingira arrantzatu genituen. Dena ondo prestatuta, asteon hasi gara gogor lanean. Asmoa da egunero joan-etorrian aritzea. Goizaldeko ordu biak aldera atera eta eguerdian porturatzea da asmoa. Euskal kostaldean ariko gara. Atuna arrantzatzeko Asturiasera edo behar den lekura joan, eta ahal badugu bizpahiru egun egingo ditugu kanpoan.

Nobedadea zarete herrian. Zelan hartu dute elantxobetarrek?

IGOR DIEZ: Askok aholkuak eta animoak eman dizkigute. Herriak ondo hartu gaitu. Portuari bestelako alaitasuna eman diogu, orain arte egon ez den saltsa bat. Donostiatik itsasontzian etorri ginenean, bolanderekin eman ziguten ondoetorria. Ontzi bat sartzean arrantzaleen kofradiako sirena jotzea zen tradizioa, eta hori egiteko asmoa zuten, baina ez dago erabilgarri. Gertuko batzuk itsasora atera ziren gure zain, eta moilan ere jende asko batu zen. Harrera polita egin ziguten.

Kofradiarik ez duzue herrian.

A.G.: Arrantzontziak desagertu zirenez, kofradia udalari utzi zitzaion, herriak erabiltzeko, herritarren beharrizanetarako lekua egoteko. Orain, ontzia ekarri dugunez, bertan lekua edukiko dugu gure materiala gordetzeko.

Nora eramaten duzue arrantzatutakoa?

A.G.: Bermeora. Han jarraitzea da asmoa, hurbilago dugu-eta. Gero ikusiko da, prezioaren arabera, Bermeon edo Ondarroan salduko dugun arraina. Gorabehera asko egoten dira salmentetan: arrantza motaren eta kopuruaren arabera, eta eskariaren arabera. Bermeogaz alderatuta, Ondarroan bentari gehiago dago.

Arrantza sektorean esperientzia al daukazue?

A.G.: 18 urtegaz sartu nintzen aita eta osabarekin Noyes itsasontzian, eta lauzpabost urte egin nituen han. Gero, Iberdrolak azpikontratatuta, zazpi urte egin nituen mantentze lanetan. Baina ikusi nuen hura ez zela niretzat; umetatik, arrantza izan da nire pasioa. Honetan sartu aurretik, Castron urtebete egon nintzen, eta, ondoren, lehengusuaren Jesús de Nazaret ontzian, Lekeition. Oso gustura egon nintzen, eta denbora gutxian asko ikasi dut.

I.D.: Esan liteke Andonik atera ninduela amaren gonapetik. Leketion zegoela deitu zidan, eta astebetera itsasoan nengoen, hegaluze bila. Castron ere elkarrekin egon ginen. Gero, Getariako Irigoyen Berria enpresaren ontzi batean egon nintzen. Lan asko egiten dute, eta gustura egon nintzen. Asko ikasi nuen itsasoan urte asko daramatzan jendearengandik. Orain, hau da gure ilusioa; herrian ari gara, eta oso gustura.

Senideen lekukoa hartu duzue.

A.G.: Tradizioari jarraitu diogu. Ia familia guztia aritu da arrantza munduan. Aitak eta osabak itsasontziak zituzten. 7-8 urte nituela, aitaren saredun ontzian ezkutatzen nintzen. Portuan zeudela sartu, eta itsasoratzean konturatzen ziren han nintzela.

I.D.: Gurean ere, gauza bera; aitita makinen arduraduna izan zen, eta osaba ere hemen aritu zen. Itsasoan zaudela, konturatu gabe pasatzen zaizkizu orduak.

A.G.: Askotan, goizeko bostetan itsasoratu eta etxera eguerdiko ordu bietan heldu arren, arratsaldean daukadan motor txikia hartu, eta nire kontura arrantzan ateratzen nintzen. Gogorra da, eta lan handia dago, baina guretzat zaletasuna ere bada.

Lehen sektoreko beste alorretan legez, belaunaldien arteko transmisioa eten, eta sektorea asko aldatu da.

A.G.: Euskal Herrian asko jaitsi eta aldatu da arrantzaren egoera. Umeak ginela, dozena bat ontzi zeuden portuan. Geldiro-geldiro, kenduz joan ziren. Esaterako, orain dela hamar bat urte kendu zuten gure aitak-eta eurena. Burugogorra naizenez eta beti amets hau izan dudanez, hemen gaude.

I.D.: Beti Anaitasuna izan zen hemen egon zen azkena. Saredun itsasontzi berde bat zen, eta orain dela zortzi urte kendu zuten hura.

A.G.: Hango patroi Florenek asko lagundu dit, eta asko ikasi dut harengandik ere.

Zelan ikusten duzue gaur egungo egoera?

A.G.: Denborak esango du, baina ilusioa eta gogoa baditugu. Errentagarria den artean, aurrera jarraituko dugu.

I.D.: Saredunak edo ardorekoak Santurtzin lau daude, Bermeon bi, eta Ondarroan eta Lekeiton bana. Lekeition Kalamu da ardorea, 32-35 metrokoa eta 14-16 metroko lebazaleak lau bat dira. Bermeon, saredun handiak bi geratzen dira: Lekanda eta Euskal Herria. Gipuzkoan arrantzontzi gehiago daude. Oraintxe, euskal kostaldetik ardoreetan indartsuenak Getaria eta Hondarribia dira.

Eta etorkizuna?

A.G.: Badakigu gogorra izango dela eta sufritu beharko dugula. Espero dugu herriko beste gazte batzuek gure bideari jarraitzea. Geldiro-geldiro gehiago irtetea. Ez dakigu hemendik zenbat urtera, baina beste ontziren bat portuan ikustea espero dugu; bizpahiru egotea polita litzateke: beste bizitasun bat emango lioke herriari.

I.D.: Titulua ateratzen ari naiz, eta praktikak hemen egingo ditut. Horrela, makinan ere ibiltzeko aukera edukiko dut, behar izanez gero.

Horregatik, erakundeen laguntza behar-beharrezkoa dela azpimarratu duzue.

A.G.: Aurrera egiteko eta aukera berriak sortzeko, ezinbestekoa da haien laguntza. Ontziak kentzeko asko ematen dute, baina berrietarako ia ez dago ezer.

I.D.: Hemen, dena turismoari begira pentsatu da azkenaldian. Arrantza albo batera utzita egon da, eta guk arrantza sektorea bizirik mantentzea gura dugu.

“Ur zikinak, tratatu gabe, itsasadarrera isuri dira”

“Ur zikinak, tratatu gabe, itsasadarrera isuri dira”

Natalia Salazar Orbe

Hainbat herritar aztoratu ziren joan den astean Uribe Kostako hondartzetan bainua hartzeko debekua ezarri zutelako. Bandera gorria zegoen, baina itsaso zakarrik ez. Gero jakin zen ur zikinen kutsadurak eragin zuela debekua. Garikoitz Plazaola (Andoain, Gipuzkoa, 1971) Eguzki talde ekologistako kidea da. Saneamendua hobetzeko beharraz mintzatu da. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin hitz egiten ere saiatu da Bizkaiko Hitza, baina esan dute ez dutela emango elkarrizketarik.

Astebetetik gora egon da bandera gorria hainbat hondartzatan ur zikinek eragindako kutsaduragatik. Zer gertatu da?

Uraren Agentziako teknikariek eman diguten informazioaren arabera, eurite oso indartsu eta jarraituak egon dira, eta horrek ur pilaketa sortu du saneamendu sistema osoan. Galindoko [Sestao] hondakin uren araztegiak gainezka egin du, eta, ondorioz, kasu hauetarako prest dauden huste uneak ireki behar izan dituzte. Hala, saneamenduko ur zikinak, tratatu gabe, itsasadarrera isuri dira. Galindoko araztegiko urei dagokienez, lehen mailako tratamendua soilik egin ahal izan diete; alegia, hondakin solido handiak kendu besterik ez. Egun batean baino gehiagotan bakterioz betetako ura isuri dute itsasadarrera. Ondorioz, hondartzetako uraren kalitatea jaitsi egin da, bainua hartzea ezinezko egiteraino.

Ohikoa da euri jasa handiak daudenean ur zikinak araztu gabe isurtzea?

Ekaitzak leku sakabanatuetan gertatu ohi dira. Kasu honetan, ordea, euri jasa horiek orokorrak izan dira, zabalduak. Horrek eragin du jasotako ur kopurua handia izatea. Hala ere, badirudi Bilbo Handiko saneamendu sarean urtean behin baino gehiagotan irekitzen direla hodiak itsasadarrera ura isurtzeko. Datu zehatza ez daukagu.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren arabera, kutsadura ez dute eragin araztegietatik atera diren emariek, baizik eta araztegietara iritsi gabe behar bezalako tratamendua jaso ez duten urek.

Bi gauza gertatu dira: 200.000 metro kubiko isuri dira zuzenean saneamendu sistematik. Eta ia beste 200.000 isuri ditu Galindoko araztegiak berak, guk daukagun informazioaren arabera.

Zer-nola dago saneamendu sarea? Urdaibain ere, biosferaren erreserba izan arren, osatu gabe dago. Ba al daukazue Bizkaiko egoeraren argazki osatua?

Ez, ez daukagu datu zehatzik. Guk ere salatu izan dugu behin baino gehiagotan bereziki deigarria dela Urdaibaiko kasua. Batetik, Bilbo Handia kenduta Bizkaian dagoen biztanle bilgune handiena delako —itsasadar osoa kontuan hartuta— oraindik urak araztu gabe isurtzen dituena. Bestetik, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbari buruz ari garelako. Deigarria da Euskal Herrian babes neurririk handiena daukan eremua delako, Bardearekin batera. Baita, itsasadarra izanik, bere uretan eta inguruan sortzen diren ekosistemengatik ere. Eta hain justu, leku horretan, ur zikin asko eta asko zuzenean isurtzen dira itsasadarrera. Bertako hainbat hondartzatan ere —gehienetan— ekaineko egun batean debekatuta egon da bainua. Hala ere, gertakaria ez da izan Bilbo inguruan bezain iraunkorra.

Normala da 2018an saneamendu sare osatu eta egoki bat ez izatea?

Ustez, izan beharko genuke. Kontua da, batetik, administrazioek ez diotela behar adina garrantzi eman saneamendu sistema osatu eta egin beharreko tratamendu guztiak egiten dituena edukitzeari. Horren eraginez, gizarteak ere ez dio ematen duen garrantzia. Jendeari galdetuz gero, joera horrek eraginda, ia ziur garrantzi handiagoa emango diete lurretik gora egiten diren eraikuntzei lurretik beherako azpiegiturei baino. Eta saneamendu sistemaren zatirik handiena lurpean egiten da. Bestetik, benetan ez da inbertitu behar zen beste. Jaurlaritzaren aurrekontuak eztabaidatu direnean, behin baino gehiagotan salatu dugu nola saneamendu gaietarako aurrekontua murrizten joan diren urtez urte. Iazkoa izan zen, oker ez banaiz, goraka egiten hasi zen lehena. Horren guztiaren ondorioz, Bizkaian zein beste herrialdeetan saneamendu sarea atzeratuta dago. Eusko Jaurlaritza ez da errudun bakarra, ordea. Berdin esan genezake estatuaren zein aldundiaren inbertsioei buruz. Hala ere, aldundiek, proportzioan, esfortzu handiagoa egiten dute.

Salatu duzue erakunde eta administrazio publikoek ez dutela eman informaziorik. Nori zegokion azalpenak ematea?

Jokabide arrunta da. Uraren Agentziak, Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoak eta Osasun Sailak ez dute ohiturarik era horretako informazio jarraitua emateko. Herritar askoren kexak jaso ditugu guk gertatu denari buruz galdezka: ea isuri larririk gertatu ote den Bilboko portuan eta beste galdetzen zuten. Jendeari informaziorik ematen ez zaionean, edo informazio hori egokia ez denean, espekulazioari zabaltzen zaizkio ateak. Alarma soziala eragin dezake informazioa ez emateak. Bestetik, gure eskubidea ere bada informatuta egotea. Zer gertatzen da sorosleek hondartzatik alde egiten dutenean? Bandera jaitsi egiten dute. 21:00etan banoa hondartzara, ez dakit ura kutsatuta dagoen. Kartel bat jarriko zuten nonbait abisatzeko. Baina ez banoa espresuki bertara, ez dakit ur hori ez dela egokia bainurako. Jakitun dira ez dutela informazioa ematen.

Kaltea gertatu da jada, baina berriz errepika liteke. Zein baliabide beharko litzateke gauza bera ez gertatzeko?

Zaila da epe motzeko neurriak hartzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu bilketa bat egin beharko litzateke, eta ikusi benetan zein den egoera: zenbat hoditeria dagoen ur zikinak eta garbiak bereizita eraman ditzakeena. Zerbait egon behar du; izan ere, ekaitz tankeak eraikitzen ari dira, eta eraikitzen jarraitzeko asmoa dute. Tankeon helburua da orain jasan dugun gertakari baten antzekoen aurrean arazoak saihestea. Ekaitza dagoenean eta hoditeriatik araztegiak araz dezakeena baino ur gehiago doanean biltegi bezala jokatzen duten guneak dira. Egoera normaltzen denean, pixkanaka hortik ura ponpatzen joaten dira, araztu ahal izateko. Ekaitz tanke horiek egitea da irtenbide bakarra? Era horretako eraikuntzez bete behar dugu lurpea? Oreka bilatu behar dugu. Hoditeria bikoiztu daiteke gune batzuetan? Ikusi beharko da kasu bakoitzean zer den egokiena.

“Mahai honen erraietatik sortu dira talde askoren kantuak”

“Mahai honen erraietatik sortu dira talde askoren kantuak”

Nerea Bedialauneta Alkorta

1980an Xoxoa diskoetxearentzat espresuki egin zen MCI-JH636 soinu mahaia berreskuratu du Xabi Navarro Etxeberria Jota-k (Irun, 1963). Mahai hark zuen historia ikertuta, erosi egin zuen, Kantabriako herri txiki batean bi hamarkadaz baino gehiagoz gordeta egon ostean, erabat txikituta.

“Esklabo bihurtzen duzu zeure burua”

“Esklabo bihurtzen duzu zeure burua”

Peru Azpillaga

Asteetako kontua izan da. Baina, egun batetik bestera, Bilboko eta inguruetako herrietako kaleak, koloretako motxiladun banatzailez bete dira. Bizikletaz zein motoz, pertsona asko hasi dira, azkenaldian, Glovo bezalako enpresentzat lanean. Enpresa horiek lan mundua eraldatu dute egunetik gauera. Ordutegi malguen eta norbera bere lanaren jabe izatearen argudioarekin, langile mota berri bat sortu dute: autonomo faltsuak.

“Etapa bat irabaztea baino askoz gehiago da txirrindularitza”

Peru Azpillaga

Gaur bertan hasiko da Italiako Giroa, Jerusalemgo herrian. Bai, ehun urteko tradizio luzea duen hiru asteko lasterketa, lehen aldiz, Europatik kanpo abiatuko da. Jerusalemen ekin diote txirrindulariek pedal kolpeari, eta, Israelen mendeko lurretan hiru etapa egin ostean, Siziliara bidaiatuko dute. Ondoren, eta ia Italia osoa gurutzatu eta gero guztira 3.562,9 kilometro, Erroman emango diote amaiera lasterketari, hain zuzen ere, maiatzaren 27an.