“Beharrezkoa da pentsamendu kritikoa sustatzea”

“Beharrezkoa da pentsamendu kritikoa sustatzea”

Natalia Salazar Orbe

Inurri Gorria liburu denda inauguratu berri du Maribel Egizabal Suarez antropologoak (Portugalete, 1965), Gernika-Lumon. Liburu denda asoziatiboa da. Gizarte mugimenduen sarea ehuntzeko eta balioak eta pentsamendu kritikoa sustatzeko helburuak ditu. Ibon Elorrieta busturiarrak eskuz egindako postalak ere salduko ditu han.

Zer ekarpen egin nahi du liburu dendak Busturialdean?

Bilbon eta beste leku batzuetan badaude era horretako liburu dendak, baina Busturialdean, nahiz eta liburu denda onak egon, ez. Proiektu pertsonala baino zerbait gehiago da. Nik militante moduan ikusten dut neure burua. Era horretan, gustatuko litzaidake denda bat baino zerbait gehiago izatea hau: gizarte eta herri mugimenduekin harremanak egin nahi ditut, eta haiek nire liburu denda ikus dezatela harreman sarea egiteko bitarteko moduan. Baita euren jarduerak hemen antolatzeko eta elkarlanean jarduteko eremu moduan ere. Bitarteko bat izan nahi dut harremanak sakontzeko herri mugimenduekin, orokorrean, eta, bereziki, mugimendu femistarekin.

Liburu denda asoziatiboa da zurea. Zer esan nahi du horrek?

Bazkideak egitea du ardatz liburu denda asoziatiboaren ideiak. Izan ere, proiekua nik gidatu arren, elkarte moduan antolatzea da helburua. Liburuak saltzea zaila da, eta gutxieneko diru sarrera finkoa bermatzea beharrezkoa da proiektua mantentzeko.

Zeintzuk onura izango dituzte bazkideek?

Hemen egiten ditugun jarduera guztien berri izango dute; jarduerak proposatu ahalko dituzte, eta deskontuak izango dituzte liburuetan eta bestelako materialetan; adibidez, joko didaktikoetan.

Zer egin behar da bazkide izateko?

Liburu dendan bertan egin daiteke. Aurrerago, prestatzen ari garen webgunean ere izango da horretarako aukera. Bazkide bakoitzak nahi duen moduko ekarpena egingo du: hilero edo bi hilean behin egin dezake, esaterako, bost, hamar edo hogei euroren ekarpena. Diru horrekin gordailua osatuko dugu, eta horrekin liburuak eta hemen daukagun materiala erosteko aukera izango dute. Etxean dituzten bigarren eskuko liburuak ekartzen badituzte, lortzen dugun dirua gordailuan sartuko da, eta materiala erosteko pilatuko zaie.

Zeintzuk gai aurki daitezke zure apaletako liburuetan?

Oraingoz ditugun gaiak hauek dira: feminismoa, eta horren barruan, emakumeen egoera eta teoria eta mugimendu feminista; ekologia; urbanismoa; memoria historikoa; Euskal Herriari buruzko gaiak; kultura; gizarte zientziak, eta, horien barruan, psikologia, antropologia edota soziologia; beste kulturei buruzko liburuak; saiakera politiko ekonomikoa, saiakera soziala; eta baita literatura ere. Bi arlotan banatu dugu azken hori. Batetik, emakumeek egindako literatura daukagu. Eta, bestetik, orokorra. Azken horretan denetarik daukagu, baina saiatu gara beste liburu dendetan aurki ezin daitezkeen liburuak ekartzen: gauza bereziak ditugu. Hori guztia, pentsamendu kritikotik begiratuta.

Pentsamendu kritikotik begiratutako lanak aipatzen dituzunean, zeri buruz ari zara, zehazki?

Gaur egungo gizartea auzitan jartzen duten teoriak jaso ditugu. Edozein liburu dendatan aurki ditzakezun gaiak dira, baina ikuspuntu kritiko batetik helduta. Horrez gain, anarkia, marxismoa eta antzeko gaiak lantzen dituzten argitaletxeekin ari gara lanean. Baita eleberri grafikoa ere. Iparraldeko Maiatz argitaletxearekin ere egiten dut lan. Baionako (Lapurdi) elkarte bat da, eta haien aldizkaria eta liburu batzuk ditut. Horietako batzuk, euren euskalkian idatzita.

Umeak ere ez dituzu ahaztu. Zer aurki daiteke haientzat?

Ipuinak ditugu. Arazoa da euskaraz era horretako ikuspegitik landutako lan gutxi dagoela Euskal Herrian. Saiatuko gara daudenak ekartzen, baina gehienak gazteleraz ditugu. Balioak lantzen dituzte: feminismoa, generoa, transexualitatea, bullying-a… Hori guztia, umeei azaltzeko moduan. Horrez gain, jokoak ere baditugu. Nafarroako Ekilikua kooperatiba txikiarekin ari gara lanean. Balioak lantzeko jokoak dituzte; besteak beste, kulturartekotasuna, generoa, ekologia edota bizikidetza.

Feminismoak pisu handia hartu du liburu dendan. Txoko feminista jarri duzu bertan. Zergatik eta zertarako?

Irakurketa klub feminista antolatu nahi dut. Denda formatua izan arren, esertzeko lekuak eta txoko txiki bat dauzkagu edozeinek erabiltzeko, baina, bereziki, emakumeek kontsultak egiteko. Nik ditudan liburuak ekarri ditut. Feminismoa eta beste gai batzuei buruzko lanak dira: horietako asko deskatalogatuta daude.

Hitzaldiak, aurkezpenak eta hausnarketarako eremuak ere eskainiko dituzu. Zeintzuk jarduera dituzu zehaztuta jada?

Data zehatzik ez dugu oraingoz. Liburu aurkezpen batzuk zehazteko lanetan ari naiz. Nekane Juradok Lucharon contra la hidra del patriarcado: Mujeres Libres aurkeztuko du. Eta azarorako hitzaldi bat antolatu dugu. Gernikazarra historia elkarteko kide batek emango du, eta aztertuko du zer gertatu zen Urdaibain 1934ko iraultzan.

Zergatik halako liburu denda bat?

Gero eta beharrezkoagoa da pentsamendu kritikoa bultzatzea. Alde batetik, faxismoa eta eskuina goraka doaz. Bestetik, ideologia abertzalea eta ezkertiarra bultzatzen duten norbanako eta taldeak daude. Garrantzitsua da leku bat izatea eta halako liburuak egotea. Jendeak elkar ezagutzeko lekua izan daiteke. Uste dut gero eta gehiago sustatu behar dugula pentsamendu kritikoa. Oso ondo daude sare sozialak, baina, pentsamendu kritiko hori indartzeko, beharrezkoa da ideologia eta pentsamendua lantzea eta horretan sakontzea; alegia, gero eta ezagutza gehiago izatea.