Bizkaia

Ogia Gabonen iragarle

Ogi Eguna

Galdames

Beste urte batez, irina eta ura funtsezko osagai dituzten ogiz beteko da Galdames. Bihar goizean XXIV. Ogi Eguna ospatuko dute herrian. Eguerdira arteko jarduerak prestatu dituzte, abenduaren 24a izanik eguna berezia ere badela kontuan izanda.

Ohiko azokaz gain, 11:00etan, txikiei ogia zelan egiten den irakasteko tailerra egingo dute. Ordubete geroago, umeak han bilduta egongo direla aprobetxatuta, Olentzerori ongietorria emango diote.

13:30ean, bestalde, ogi lehiaketan parte hartu dutenei sariak banatuko dizkiete. Ogiarekin lotutakoak ez dira izango bihar banatuko dituzten sari bakarrak. Izan ere, azokako kartel lehiaketako saridunak ere —Trapagarango Amaia Ballesterosek— egun horretan bertan jasoko ditu 350 euro eta garaikurra.

Datorren eguaztenean, bestalde, haurrentzako antzerki ikuskizuna antolatu dute. Sambhu Teatro taldearen eskutik, Bihotzez antzezlana ikusteko aukera izango dute herriko gaztetxoek. 18:00etan hasiko da ikuskizuna, udaletxeko kultura aretoan.

Umeak izango dira, zalantzarik gabe, Gabonetako protagonistak Galdamesen. Hilaren 29rako, datorren ostegunerako, Hipo eta Tomaxen eskutik, herri kirolen ikuskizuna izango da. 18:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, kultura aretoan. Ondoren, liburutegirako antolatutako liburuetako orriak bereizteko markagailuen IV. lehiaketako sari banaketa egingo dute.

Helduak ere ez dituzte alde batera utzi. Datorren barikuan, hilak 30, gaztelaniazko antzezlana eskainiko du Muskizko Juego de Damas taldeak: El cumpleaños (Urtebetetzea). Galdamesko Udaleko areto nagusian egingo dute, 19:00etan. Urtarrilerako ere egitarau zabala prestatu dute ume eta gazteentzat.

GABONETAKO EGITARAUA

Bihar. Ogi Eguna. Azoka, ogi tailerra eta sari banaketa. Olentzerori ongietorria ere egingo diote.

Abenduak 28. Haurrentzako antzerkia, 18:00etan. Bihotzez antzezlana.

Abenduak 29. Umeentzako herri kirolen erakustaldia.

Ospakizunez betetako urtea

Abesbatza batek ez ditu betetzen egunero 25 urte. Eta urtemuga berezi hori ospatzea jende askok atsegin duen kontua da. Bada, datorren martxoaren 26an zilarrezko ezteiak beteko dituen taldeak Garaizarko Matsorriak izena du, eta ospakizunez betetako egutegia du aurtengoa. Urte biribila bukatzeko, Italiara joango dira 2012ko ekainean. Izan ere, Florentzian eta Sienan kontzertuak ematera gonbidatu dute hango abesbatzek.

Abesbatza sortzeko ideia Jose Luis Etxebarria Txelu-ri bururatu zitzaiola dio Iñaki Baroja presidenteak. "Txelu euskal musikari eta hemengo dantzei lotuta egon den pertsona bat da. Txistua jotzen hasi zen eta Begoñako bizilagunek abesbatza baten beharra ikusi zuten", kontatu du Barojak. Auzotarren eskaera aintzat hartu, eta Santa Ageda egun batez hasi ziren abesten.

Garaizarko Matsorriak jatorri herrikoia duen abesbatza bat da bertako zuzendariarentzat: "Gu kalean jaio ginenez, bertan abesten genuen". Horregatik, hasierako urteetan antzoki eta kulturguneetan abestu ez izana ez da harritzekoa. Gerora, pasa ziren Bizkaiko Abesbatzen Elkartearen parte izatera, eta horrekin etorri zen beste toki batzuetan ere kontzertuak emateko beharra.

Orain, abesbatza 34 gizonek osatzen dute. Hala ere, ekitaldi gehienetan 32 kide biltzen dira. 2008ko urtarriletik partaide guztiak zuzentzeko ardura, berriz, emakume batek dauka: Miren Zubietak, alegia. Astean ordu biko bi saio izaten dituzte. "Astero bi proba ditugu. Parte hartzea %98koa da. Agian, arrakastaren arrazoia abesten hasi aurretik egiten dugun askaria izan daiteke", azaldu du Barojak barrez- ka.

Zilarrezko ezteiak hainbat kontzertu emanez ospatuko ditu Garaizarko Matsorriak taldeak. 2011. urteari agur esateko kontzertua Gabonei lotuta dago. Izan ere, Iralaberriko San Antonio abesbatzarekin batera abestuko baitute Begoñako Basilikan abenduaren 30ean. 2012. urteari ongietorria Bizkaiko Abesbatzen astearekin emango dio Begoñako abesbatzak. Ekitaldia otsailean izango da, toki berean. "Guri ilusioa egiten digun kontu bat da Begoñan kontzertua ematea. Gainera, bertakoak garenez, ziur berezia izango dela", esan du Barojak.

Maiatzekoa bereziena

Zuzendariarentzat ikasturte honetan emango duten kontzerturik bereziena maiatzekoa izango da. Urtero San Isidro bueltan abesten dute, baina aurten, abesbatzak 25 urte beteko dituenez, ezohiko ekitaldia izango da. Ospakizuna Iralaberrin eskainiko dute, maiatzaren 18an. Baina Garaizarko Matsorriak egun garrantzitsu horretan ez da bakarrik egongo. Izan ere, Santutxuko (Bilbo) Gaztedi dantza taldeak dantza egingo du abesbatzak abesten duen bitartean. Habanerak, euskal musika eta bilbainadak entzuteko aukera izango du bertaratzen denak.

Hiriburuko musika gotorlekuaren urteurrena

Musikaren ezagutza eta zabalkuntza sustatzeko asmoz sortu zen Bilboko Koral Elkartea, ahots kantuei zegokiena plazaratzeko batez ere, 1886ko abuztuaren 3an. 125 urte hauetan, abesbatzaren musika entzuteko aukera izan dute makina bat lekutan, Euskal He...

“Herritarrak lan egiteko eta parte hartzeko prest daude”

Asun Gaztelu alkateari ez zaio gustatzen Larrabetzu udaletxeko balkoitik begiratzea; nahiago du plazara jaitsi, eta handik herriari so egitea, "herritarren parez pare". Zazpi hilabete eskas daramatza Gazteluk lan horretan, eta inoiz politikan aritu gabea bada ere, laguntza handia jasotzen ari dela aitortu du. "Gainera, ez gara hutsetik hasi beste udal batzuetan bezala, ezker abertzalea azken urteetan oposizioan egon baita". Horrek lana asko erraztu diela dio.

Herri txikia da, baina heldu bezain laster bizitza ikusten da kaleko bazter guztietan. Alkateak ere Larrabetzuren berezko alaitasun hori nabarmendu du, "astebururo dago zer edo zer, eskualde osoan bizitasun handiena duen herria da". Alde horretatik, Larrabetzuko elkarteek lan handia egiten dutela azpimarratu du.

Eskolako guraso elkartea da herri mugimenduaren adibideetako bat. Ikastetxeko jantokiaren kudeaketa haren esku dago guztiz: menua osatu, erosketak egin, langileak kontratatu… Horrela, beste elikadura kontsumo bat bultzatzea da gurasoen asmoa. Gaztetxearen lana ere goraipatu du Gazteluk. Orain dela 46 urte sortu zuten, "kultur arloan ekintza ugari antolatzen dira". Horrez gain, abesbatza ere badago Larrabetzun, baita Gurpide nekazaritza elkartea ere, larunbatero plazan merkatua antolatzen duena.

Alkatearen ustez, funtsezkoa da taldeek eta udalak elkarlanean dinamika ugari sustatzea, "bakoitzak bere arloan ahal duena egin dezan". Bide horretan, kultur bilgunea martxan jartzea izan da udal gobernu berriak egin duen lehenengo lanetako bat. Bertan bildu dira udaleko ordezkariak eta herriko elkarteak. "Jendea lan egiteko gogoz dago, eta udalaren ekimenetan parte hartzeko prest daude".

Horrela, auzolana bultzatzeko asmoa ere bueltaka dabilkio Gazteluren udal gobernuari. Larrabetzun erabili izan dute jadanik tresna hori, erreka inguruak garbitzeko, esate baterako. Egun ere, erreka atontzeko modu egokia izango litzatekeela uste du, sasiz eta harriz beterik baitago. "Euri jasa dagoenean uholde arriskua dago, baina erreka kanalizatzeko proiektua ez da inoiz gauzatu. Legez trabak baditugu ere, herritar guztien laguntzaz posible izan daiteke".

Gazteluren hitzetan, gardentasuna eta parte hartzea dira oinarri udal talde berriaren politiketan. Hasieran, herri programako asmo guztiak martxan jartzea zaila suertatu zitzaiela dio, "kudeaketak egunerokotasuna jan egiten du batzuetan". Herritarren asmoak entzun, eta beraien lana bertatik abiarazteko asmoz, urrian antolatu zuten lehenengo herri batzarra. "Hiru puntu jorratu genituen: udalaren funtzionamendua, aurrekontuak eta plan orokorra". Gerora, 2012ko aurrekontuak onartze aldera, beste bi bilkura ere izan dira.

Gazteluren ustez, aurrekontu parte hartzaileak bultzatzen diren lehenengo urtea denez, herritarrei kosta egiten zaie gaia menderatzea. "Hala ere, ekarpen ugari eta interesgarriak jaso ditugu. Batzuk, filosofia orokorrari dagozkionak; beste batzuk, gauza zehatzagoen inguruan", laburbildu du.

Hirigintzako plan orokorrari dagokionez, aurrerapena onartu berri du udalak, eta guztiz onartzea da orain bere erronka. "Zein motako Larrabetzu nahi dugun zehaztuko dugu", dio Gazteluk, "etxebizitzari, azpiegitura eta ekipamenduei, arlo ekonomikoari eta lurzoru ez urbanizagarriari dagokienez". Orain arte, gehienbat etxebizitza arloan buru-belarri aritu direla azaldu du, "herrian ez da eraikuntza berririk behar, zain daudenak eraiki, lonjak etxe bihurtzea aztertu, edo hutsik diren etxebizitzak betez, herriko beharrak ase ahalko lirateke".

Bizitzeko giro ederra

Herri batzarretan beste hainbat kezka ere azaldu ziren. Besteak beste, Txorierriko mankomunitatearen lanaren gardentasun falta salatu zuten, herriak dirua bertan inbertitzen duen heinean mankomunitatearen lana ondo ezagutu behar dela esan dute larrabetzuarrek.

Beste hainbat arazo ere badirela aipatu du Gazteluk. "Eskola txikitzen ari da, gero eta ume gehiago dagoelako; garraio publikoa ere ez da behar bestekoa". Izan ere, Galdakaoko ospitalea sei kilometro eskasera badago ere, ez dago hara heltzeko garraiorik, "Galdakaotik Bilbora doan autobusa ospitaletik ere igarotzeko lan egiten ari gara". Horrez gain, herriko osasun etxeak zerbitzu osoagoa eskain dezan, Osakidetzarekin hitz egiten dabil udala, "odol analisiak egiteko, adibidez, larrabetzuarrak lekualdatu behar ez daitezen". Baina, murrizketak ere aurreikusten ditu Gazteluk, egoera ekonomiko larria dela eta; kiroldegiko zerbitzua eskasagoa izango da 2012an, eta herritarrei kosta egingo omen zaie hori ulertzea.

Hala ere, Larrabetzun bizitzeari alde onak besterik ez dizkio ikusten Gazteluk: "Herri txiki honetan behar dugun guztia daukagu, bizitzeko giro ederra: lan egiteko gogoa da nagusi herritarren artean".