Ogia Gabonen iragarle

Ogi Eguna

Galdames

Beste urte batez, irina eta ura funtsezko osagai dituzten ogiz beteko da Galdames. Bihar goizean XXIV. Ogi Eguna ospatuko dute herrian. Eguerdira arteko jarduerak prestatu dituzte, abenduaren 24a izanik eguna berezia ere badela kontuan izanda.

Ohiko azokaz gain, 11:00etan, txikiei ogia zelan egiten den irakasteko tailerra egingo dute. Ordubete geroago, umeak han bilduta egongo direla aprobetxatuta, Olentzerori ongietorria emango diote.

13:30ean, bestalde, ogi lehiaketan parte hartu dutenei sariak banatuko dizkiete. Ogiarekin lotutakoak ez dira izango bihar banatuko dituzten sari bakarrak. Izan ere, azokako kartel lehiaketako saridunak ere —Trapagarango Amaia Ballesterosek— egun horretan bertan jasoko ditu 350 euro eta garaikurra.

Datorren eguaztenean, bestalde, haurrentzako antzerki ikuskizuna antolatu dute. Sambhu Teatro taldearen eskutik, Bihotzez antzezlana ikusteko aukera izango dute herriko gaztetxoek. 18:00etan hasiko da ikuskizuna, udaletxeko kultura aretoan.

Umeak izango dira, zalantzarik gabe, Gabonetako protagonistak Galdamesen. Hilaren 29rako, datorren ostegunerako, Hipo eta Tomaxen eskutik, herri kirolen ikuskizuna izango da. 18:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, kultura aretoan. Ondoren, liburutegirako antolatutako liburuetako orriak bereizteko markagailuen IV. lehiaketako sari banaketa egingo dute.

Helduak ere ez dituzte alde batera utzi. Datorren barikuan, hilak 30, gaztelaniazko antzezlana eskainiko du Muskizko Juego de Damas taldeak: El cumpleaños (Urtebetetzea). Galdamesko Udaleko areto nagusian egingo dute, 19:00etan. Urtarrilerako ere egitarau zabala prestatu dute ume eta gazteentzat.

GABONETAKO EGITARAUA

Bihar. Ogi Eguna. Azoka, ogi tailerra eta sari banaketa. Olentzerori ongietorria ere egingo diote.

Abenduak 28. Haurrentzako antzerkia, 18:00etan. Bihotzez antzezlana.

Abenduak 29. Umeentzako herri kirolen erakustaldia.