Bizkaia

Durangaldea zortzi pausotan

Gerediaga elkarteak Merioaren ibilbidea izeneko ibilaldia gidariarekin egiteko bisita berezia antolatu du urtarrilaren 19 eta 20rako. Edonoiz egin daiteke ibilbide hori, baina Durangaldea bizkaitartzeko prozesua hasi zeneko 800. urteurrena gogoratzen ari direla eta, azalpenekin eta autobusez egitea pentsatu dute. 19koa gaztelaniaz izango da, eta 20koa, euskaraz. 09:30ean abiatuko dira, Iurretako plazatik. Gutxi gorabehera, 15:30ean bukatuko dute, Elorrion. 15 euro ordaindu eta izena eman behar da 94-681 80 66 telefono zenbakian.

Iurretako Goiuriatik abiatu eta Elorriora arte, Durangaldea, haren historia eta antolaketa sozio-politikoa ezagutzeko zortzi eremu daude aukeratuta. Leku horietako bakoitzean informazio egitura bana dago, ibilbide osoko eta toki jakin bakoitzeko azalpenak dituela. Euskaraz idatzita daude, eta gaztelerazko zein ingelesezko laburpenak dituzte. QR kode bati esker, www.gerediaga.com webgunean ibilbideak daukan atal berezira jo daiteke, inguru horri buruz gehiago jakiteko. Gerediagako kide Aitziber Atorrasagastiren esanetan, "Durangaldeko ondarea ezagutzeko aukera aparta da". Nabarmendu du zortzi gune horiek baino gehiago badirela ikustea merezi dutenak.

Goiuria

Durangaldeko talaia

Lehenengo geldialdia Iurretako Goiuria auzoan egingo dute. "Eskualdeko espazio geofisikoaz hitz egingo da. Durangaldea haran batean dago, eta hura da osorik behatzeko puntu erreferentziala. Mendateak, ibaia... Dena ikus daiteke handik", azaldu du Atorrasagastik.

Momoitio

Lehen erakundea: kofradia

Handik, Garaiko Momoitio auzora joango dira. San Joan baselizaren inguruan XI. mendeko nekropolia dago. "Haren inguruko azalpenak emango dira, eta, bide batez, lehen egituraketa politikoaz ere hitz egingo da. Auzoetako lanak egiteko kofradietan antolatu ziren, ermiten inguruan. Momoitioko hau zen horietako bat".

Garai

Kofradiak batuta, elizatea

Garaiko herrigunera joko dute hurrengo, udaletxera. "Kofradiak txiki geratzean, batu egin ziren egitura, eta handiagoak osatu. Hala sortu ziren elizateak. Lehen, baselizen inguruan elkartzen ziren; gero, parrokietan bilduko dira. Hortik dator elizate izena", azaldu du. Garaiko udaletxean, udalbatza aretoko eserlekuak ikusiko dituzte, haien bizkarraldean baserrien izenak dituztela. Alkatearen makila ere han dago, XIX. mendeko aginte ikurra. Baita elizateko bandera, 1886koa.

Gerediaga

Eskualdeko parlamentua

Garaitik Abadiñora jaitsiko dira, Gerediagako foru zelaira. Durangaldeko Batzar Nagusien egoitza den baselizan —gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzetako bat—, XVII. mendeko gurutzarria, zin egiteko plaza eta haritza ikusiko dituzte. "Merinaldeko 12 elizateak zeuden Durangaldeko Batzar Nagusi haietan ordezkatuta. Hiribilduak kanpoan geratzen ziren. Durangok, Elorriok eta Otxandiok ez zuten ordezkaririk".

Astola jauregia

Ordezkariaren egoitza

Durangaldeak Bizkaiarekin bat egin zuenean, jaurerriaren ofizial administratiboa izendatzen zen merinalderako. Merioa zuen izena, eta Astola jauregian egoten zen —gaur egun, mankomunitatearen egoitza da—. "Ohiko bilerak bertan egiten ziren. Auzitegi eta espetxe lanak betetzen zituen. Gaur egun ere ikus daitezke kartzelaren aztarnak". Zepoa, girgiluak, pisuak eta beste hainbat objektu ere ikusgai direla dio.

Muntsaratz dorretxea

Printzesaren bizilekua

"Diskurtsoan eten bat egingo dugu", azaldu du hurrengo geldiunea. Muntsaratz dorretxea da; gaur egun, Kalitatea Fundazioaren egoitza dena. 1200. urtera arte Durangaldea Nafarroako erresumaren menpe zegoen. "Eskualdeak Nafarroarekin zuen harremana azaltzen dugu, eta kondaira bat kontatzen dugu: Nafarroako printzesa bat dorretxeko jauntxoarekin ezkondu ei zen".

San Agustin Etxebarria

Burujabetzaren lekukotzak

Elorrioko San Agustin Etxebarria elizan aurkitu zen Durangaldeko forua. Indarrean egon zen Bizkaiko Jaurerriarekin bat egin eta Bizkaiko forua ezarri zen arte. "Durangaldeko kondeen momiak elizpeko San Martin kaperan daude lurperatuta. Haiek ziren garai hartako eskualdeko agintaritza". XI. edo XII. mendekoa da eraikina, eta barruan erretaula platereskoa dauka. Horma irudiak eta estilo erromanikoko hainbat harlandu ere baditu.

Elorrio

Hiribildu eredua

Azken geltokian, hiribilduak ezagutuko dituzte. "Zer ziren? Nola antolatzen ziren? Zer dira sortze gutunak? Galdera horiei erantzungo diegu". 1356an eman zion Don Tello Bizkaiko jaunak sortze gutuna Elorriori, sakabanatuta zegoen populazioa gune batean elkartu ahal izateko. Atorrasagastik herriko jauregiak eta Argiñetako nekropolia nabarmendu ditu herriko ondarearen barruan.

Enkarterriko txokoak ezagutzeko beta

Bizkaiko Enkarterri eskualdeak paraje ezin hobea du oinez zein bizikletaz ibilalditxoak egiteko. Hori sustatzeko xedearekin, Enkarterri Triatloi taldeak blog bat sortu du, bertan euren ibilbide gogokoenak argitaratzeko asmoz. Iker Gallastegi Enkarterr...

Orain dela ehun urteko ‘photocall’-a

Gaur egungo bizkaitarrek eta bilbotarrek nekez ezagutzen dituzten arren, garaikideen artean ezagunak ziren. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran bizi izan ziren, eta zer esana eman zuten. Pitolerdo maisuaren, Lodi Errosarioduna deitzen zuten durangarraren, jaiotzez Galiziakoak ziren ahizpa biolin jotzaileen eta beste askoren bizitzaren arrastoari jarraitzeko modua dago, ehun urte igaro direnean. Garai hartako 45 pertsonaiaren erretratuen erakusketa dago Bilboko Euskal Museoan, otsailaren 24ra arte.

Bilduma askoz zabalagoa da. Orotara, 239 lanek osatzen dute, eta Bizkaitar Entzutetsuen Galeria du izena. Lertxundi anaien lana dira guztiak, 1940 eta 1950 artean margotutakoak. Jose Antonio eta Luis Lertxundi Sirotich ziren anaiak. Luis Graficos Lerchundi familia enpresako arduraduna zenez, uste da Jose Antonio izan zela artista. Hala ere, ez dago egiletza ziurtatzerik. Bi anaiek Bizkaiko historia museo ikonografiko bat sustatu nahi izan zuten, pertsonaia horien bitartez orduko historia kontatzeko.

Lehenengoz 1957an aurkeztu zuten bilduma jendaurrean. Bidebarrietako Liburutegian antolatu zuten erakusketa, Bilbon tuberkulosiak jota zeuden gaixoentzat dirua lortzeko. Hamar urte geroago, margolanok salgai jarri zituzten hiriburuko Tavira galerian. Garai hartako alkate Javier Ibarra eta Bergek ikusi zituen, eta, Manuel Basas artxibozainak aholkatuta, lanok eskuratzea erabaki zuen. Hala, udal jabetzako bihurtu ziren. Alabaina, galerian egon ziren bitartean, horietako hamazortzi saldu egin ziren, eta, beraz, gaur egun 221 lan dira. Hasieran, Bidebarrietako Liburutegian gorde zituzten lanok. 1995ean, Euskal Museora eraman zituzten, eta han egon dira gehiago erakutsi gabe.

Pertsona herrikoiak

Bilduma hainbat ataletan egon da katalogatuta: Kalekumeak, Kirolariak, Herrikoiak, Artistak, Idazleak, Ospetsuak, Ongileak, Negozio Gizonak eta Goi Gailurrak. Pertsonaia asko direnez eta, haiekin batera, aipamen biografiko labur bat jarri nahi izan denez, pertsona horien berri txandaka eskaintzea erabaki du museoak. Hori horrela, lehenengo emanaldia, egun ikusgai dagoena, kalekumeei eta pertsona herrikoiei eskainitakoa da.

Gaur egun, askok ezagutzen du Txomin Barullo konpartsa, baina seguruenera gehienek ez dute jakingo izena nondik datorkion. Hona Marian Alvarez Euskal Museoko koordinatzaileak emandako azalpena: "Jose Domingo Sagarminaga zuen izena, eta burtsan lan egiteaz gain, Bilbon egiten ziren jai guztiak antolatzeaz arduratzen zen: Bilboko jaiak, operak, prozesioak, zezenketak... Zalaparta denetan zebilen; hortik datorkio Txomin Barullo izena".

Salustiano Oriberen izena, ordez, ez da lar ezaguna. Baina bai haren asmakuntzetako bat: Licor del Polo haginetako pasta ezaguna. "Logroñon jaio eta Madrilen ikasi ondoren, Bilbora etorri zen bizitzera, eta Askao kalean farmazia bat jarri zuen. Jende askok ezagutuko du negozioa, 1983ko uholdeak gertatu ziren arte bertan egon baitzen. Oso polita zen, nazariar estilokoa. Laborategia Deustuan zuen. Bitxikeria bat kontatzen dute, ez dakigu egia izango ote den. Diotenez, Licor del Polo produktua jendartean ezagutarazteko asmoz, Gineako beltz bat haginetatik eskegi zuen, pasta erabiltzeagatik hortz gogor eta osasuntsuak zituela frogatzeko", azaldu du Alvarezek.

Perez azalpen emailea, berriz, sevillarra zen sortzez. "Garai hartan, filmak mutuak ziren, eta hark irudiak azaltzen zituen. Diotenez, emanaldi bakoitzean istorio ezberdina kontatzeko adinako irudimena zuen. Beraz, film berbera birritan ikusi arren, bi ikustearen parekoa zen harekin". Horrek egin zuen ezagun, Alvarezek gogora ekarri duenez. Zinemak soinua hartu zuenean bukatu zitzaion ogibidea.

Pertsonaia horiei buruzko informazio gehiena garai hartan idatzi ziren bibliografietatik atera dute: Emiliano Arriaga, Jose Arrieta, Indalecio Prieto, eta Julian Alegriaren obretatik, besteak beste. Hala ere, badira oso informazio gutxi duten bost pertsonaia: Julian Kortadi, Julian Gisbert, Adonis Pocheville, Jose Maria Basterra eta Martin Zubiaur. Bisitariei dei egin die museoak, zerbait jakinez gero kontatzeko. Beste horrenbeste falta diren lau lanen berri dakien edonori ere. Izan ere, bilduma osatzen zuten bost lan desagertu egin ziren: Lorito, Jodra, Begoñako santua, Ochandiano Chimbo, Santiaguito eta Jaungoikoa izenekoak falta dira. Azken hori esku pribatuetan topatu dute, eta lanaren jabeek erakusketan jartzeko utzi diote behin-behinean museoari.

Bizkaiko Robin Hood

Galdakaon jaio zen (1796), baina Larrabetzun hazi zen Manuel Antonio Madariaga. Errementariak ziren etxekoak, baina alfabetatzeko aukera izan zuen umetan. Sei seme-alaba izan zituen.1820an, bidelapur talde bat osatu zuen familiako hainbat kiderekin ba...

Gorakada, 25 urtez

ErakusketaLeioaGorakada antzerki konpainiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa dago Leioako Erakusketa Gelan. Eskularru txotxongiloak eta aktoreak abiapuntutzat hartuta, hainbat teknika, estilo eta eszenaratze garatu ditu konpainiak urte h...

Bizargorriren arerioa

Mungia elizatean jaio zen, XVI. mendean. Zer izen zuen ez da ezagutzen. Gaztelako koroak kortsario lizentzia eman zion, eta Bermeo eta batez ere Plentziako portuak izan zituen gotorleku. Hala, Mungiako Matxin ez ezik, Plentziako Matxin eta Bermeoko Ma...

Bizkaiko eremuan, atzerritar

Trebiñu administratiboki Burgosko (Espainia) herria izan arren bertako herritar gehienek Euskal Herriko, Arabako herri bihurtu nahi dutela ez dakienik ez da egongo. Bizkaian bertan, ordea, bada askorentzat ezezaguna den antzeko kasu bat. Enkarterri eskualdean dagoen herri txiki bat da. Karrantza, Artzentales eta Turtzioz ditu mugakide. Administratiboki, ordea, Kantabriaren (Espainia) menpe dago. Laurehun biztanle ere ez ditu, eta hogei kilometro koadroko eremua: Villaverde Turtzioz da herri hori.

Aspaldi, bertako herritarrek herria Bizkaian sartzeko saioa eta prozesua abiatu zituzten. Udalak bera ere esku hartu zuen, eta 1986an, osoko bilkura batean, oniritzia eman zioten anexioa eskatzen zuen mozioari. Espainiako Gobernuak, ordea —PSOE zegoen garai hartan agintean— atzera bota zuen Villaverde Turtziozko herritarren erabakia, eta gaur egunera arte ez da era horretako bestelako saiorik izan.

"Gaur egun, herrian ez dago enklabeari buruzko eztabaidarik", azaldu du Jose Ignacio Agirre bertako Tejea kultur elkarteko kideak. "Denbora luzea daramate gauzek lasai. Jendeak onartuta dauka afera politikoa dela hori eta Kantabriako politikariek ez dutela onartuko lurraldez aldatzea", iritzi dio.

Eliza ere, bizkaitarra

Bizimodua, baina, Enkarterriko beste edozein herritarren antzera egiten dute Villaverde Turtziozen. "Oinarrizko zerbitzuak Enkarterriko beste herri baten antzera gauzatzen ditugu: eskolatzea, osasun arloa eta bizimodu soziala zein kulturala".

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publikoak baliatzen dituzte hainbat alorretan. Kontuan hartu behar da Santandertik (Kantabria, Espainia) 79 kilometrora daudela. Elizari dagokionez ere, Bilboko Elizbarrutiko parte da herriko parrokia.

Umeek, beraz, euskara ikasten dute eskolan. "Duela zenbait urteko ez dakit zer-nolako gorabehera politikoak tarteko, herriko eskola publikoa kendu zuten. Ordutik, ume gehienak Turtziozko eskola publikoetara eramaten dituzte; gainerakoak Zallako eskola pribatuetara joaten dira. Bizkaiko eskoletan ari dira ume guztiak txiki-txikitatik", azaldu du Agirrek. Eskola sasoia amaituta, "Balmasedako edo Bilbo inguruko institutuetan" hasten direla gehitu du.

Zabor bilketa eta autobus zerbitzua ere foru aldundiak ematen dizkie. "Ez dago Kantabriako autobus linearik Villaverden. Bizkaibus lineak dira guztiak. Zaborrei dagokienez, Enkarterriko mankomunitatearekin funtzionatzen dugu".

Gazteak dira euskal herritar sentimenduari eta Bizkaiko herri bihurtzeko nahi horri eusten diotenak. "Gazteen artean, bai, zalantzarik gabe, nagusi da sentimendu hori. Kontuan hartu behar da txiki-txikitatik bizimodua Enkarterrin egiten dutela eta harremanak eremu horrekin dituztela. Oso gazte gutxik izango dute Kantabriarekiko lotura sentimendua. Onartu egiten dute Kantabriaren menpeko herri batean bizi direla; pentsamendu, kirol, harreman eta bestelakoei dagokienez, ordea, Euskal Herriarekiko gertutasun sentimendua dute", ondorioztatu du.

PRCko (Partido Regionalista de Cantabria) alkatea daukate gaur egun udalean, "Miguel Angel Revillaren jarraitzaileak", Tejea elkarteko kidearen esanetan. "Revillak, herritar on legez, asko hobetu zituen Villaverde Turtziozko azpiegiturak, bizimodua... Kantabriako gobernuan egin zituen urteetan", esan du. Horrek bertako herritarrak lasai mantendu dituela deritzo, 1980ko hamarkadan piztu zen prozesua berriz abiatzeko beharrik gabe.

Desanexio prozesua

Ricardo Sanz Cebrian aritu zen Villaverde Turtzioz Bizkaira anexionatzeko prozesuko abokatu gisa. 1986ko irailean idatzi zuen hark udalak gehiengo osoz onartuko zuen mozioa. "1995eko abenduaren 29ko epai baten bitartez, udalak integraziorako egindako akordioa onartu zuen [Espainiako] Auzitegi Gorenak".

Espainiako Gobernuari erreferenduma egiteko eskaera egin ziotenean, ordea, ukoa etorri zen. "Ministroen Kontseiluak atzera bota zuen baimen hori. Eta [Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere bat egin zuen horrekin".

Villaverde Turtziozko herritarren artean, 1986 eta 1991 bitartean "ilusio sentimendua" nagusi zela gogorarazi du abokatuak. "Bertako gazte asko euskara ikasten ari ziren, eta bizilagunek, gainera, Kantabriaren aldetik utzita zeudela antzematen zuten". Sanz kritikoa da: "Beti pentsatu izan dut era horretako enklabeak anakronismo hutsa direla. Enklabeon egoera administratiboak zaildu egiten du zerbitzu publikoen kudeaketa. Dena den, uste dut integraziorako prozesu batean kontuan hartu behar den oinarrizko faktorea herritarren, kasu honetan, Villaverde Turtziozko herritarren borondatearekiko errespetua dela".

Bestalde, ez du uste luze gabe herritarren artean berriz ere Bizkaian integratzeko nahia piztuko denik. "Are gutxiago dugun krisi sakonean", esan du. Krisi garai horretan "primun vivere, deinde filosofare (lehendabizi bizi, ostean filosofatu) latinezko adierazpenak indar berezia" hartzen duela deritzo, gainera. Legeari dagokionez, egoera ez da aldatu. "Ministroen Kontseiluaren arabera, integrazio prozesuaren aurretik Kantabriak berak Villaverde Turtzioz bere lurretatik bereizteko prozedura onartu behar du. Eta autonomia estatutuak ez du aurreikusten horrelakorik".

Villaverde Turtziozera doanak planteatu ere ez du egiten, Jose Ignacio Agirreren esanetan, Euskal Herrian edo Kantabrian dagoen. "Egunerokoan, Enkarterriko beste edozein herriren antzekoa da. Lurralde hesi bat daukagu, baina ez dugu inongo desberdintasunik gure eskualde naturaleko beste edozein herritarrekin alderatuta".

Felipe Gonzalezen arbasoak, Villaverde Turtziozkoak

Herri txikia izanik, bitxikeriaren bat edo beste gordetzen du haren historiak. XIX. mendeko bigarren erdi aldera, hainbat etorkinek jo zuten Bizkaira lan bila, meatzaritza eta industria puri-purian zeuden garaietan. Tartean, Pio Gonzalez zegoen, Leong...