Durangaldea zortzi pausotan

Gerediaga elkarteak Merioaren ibilbidea izeneko ibilaldia gidariarekin egiteko bisita berezia antolatu du urtarrilaren 19 eta 20rako. Edonoiz egin daiteke ibilbide hori, baina Durangaldea bizkaitartzeko prozesua hasi zeneko 800. urteurrena gogoratzen ari direla eta, azalpenekin eta autobusez egitea pentsatu dute. 19koa gaztelaniaz izango da, eta 20koa, euskaraz. 09:30ean abiatuko dira, Iurretako plazatik. Gutxi gorabehera, 15:30ean bukatuko dute, Elorrion. 15 euro ordaindu eta izena eman behar da 94-681 80 66 telefono zenbakian.

Iurretako Goiuriatik abiatu eta Elorriora arte, Durangaldea, haren historia eta antolaketa sozio-politikoa ezagutzeko zortzi eremu daude aukeratuta. Leku horietako bakoitzean informazio egitura bana dago, ibilbide osoko eta toki jakin bakoitzeko azalpenak dituela. Euskaraz idatzita daude, eta gaztelerazko zein ingelesezko laburpenak dituzte. QR kode bati esker, www.gerediaga.com webgunean ibilbideak daukan atal berezira jo daiteke, inguru horri buruz gehiago jakiteko. Gerediagako kide Aitziber Atorrasagastiren esanetan, “Durangaldeko ondarea ezagutzeko aukera aparta da”. Nabarmendu du zortzi gune horiek baino gehiago badirela ikustea merezi dutenak.

Goiuria

Durangaldeko talaia

Lehenengo geldialdia Iurretako Goiuria auzoan egingo dute. “Eskualdeko espazio geofisikoaz hitz egingo da. Durangaldea haran batean dago, eta hura da osorik behatzeko puntu erreferentziala. Mendateak, ibaia… Dena ikus daiteke handik”, azaldu du Atorrasagastik.

Momoitio

Lehen erakundea: kofradia

Handik, Garaiko Momoitio auzora joango dira. San Joan baselizaren inguruan XI. mendeko nekropolia dago. “Haren inguruko azalpenak emango dira, eta, bide batez, lehen egituraketa politikoaz ere hitz egingo da. Auzoetako lanak egiteko kofradietan antolatu ziren, ermiten inguruan. Momoitioko hau zen horietako bat”.

Garai

Kofradiak batuta, elizatea

Garaiko herrigunera joko dute hurrengo, udaletxera. “Kofradiak txiki geratzean, batu egin ziren egitura, eta handiagoak osatu. Hala sortu ziren elizateak. Lehen, baselizen inguruan elkartzen ziren; gero, parrokietan bilduko dira. Hortik dator elizate izena”, azaldu du. Garaiko udaletxean, udalbatza aretoko eserlekuak ikusiko dituzte, haien bizkarraldean baserrien izenak dituztela. Alkatearen makila ere han dago, XIX. mendeko aginte ikurra. Baita elizateko bandera, 1886koa.

Gerediaga

Eskualdeko parlamentua

Garaitik Abadiñora jaitsiko dira, Gerediagako foru zelaira. Durangaldeko Batzar Nagusien egoitza den baselizan —gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzetako bat—, XVII. mendeko gurutzarria, zin egiteko plaza eta haritza ikusiko dituzte. “Merinaldeko 12 elizateak zeuden Durangaldeko Batzar Nagusi haietan ordezkatuta. Hiribilduak kanpoan geratzen ziren. Durangok, Elorriok eta Otxandiok ez zuten ordezkaririk”.

Astola jauregia

Ordezkariaren egoitza

Durangaldeak Bizkaiarekin bat egin zuenean, jaurerriaren ofizial administratiboa izendatzen zen merinalderako. Merioa zuen izena, eta Astola jauregian egoten zen —gaur egun, mankomunitatearen egoitza da—. “Ohiko bilerak bertan egiten ziren. Auzitegi eta espetxe lanak betetzen zituen. Gaur egun ere ikus daitezke kartzelaren aztarnak”. Zepoa, girgiluak, pisuak eta beste hainbat objektu ere ikusgai direla dio.

Muntsaratz dorretxea

Printzesaren bizilekua

“Diskurtsoan eten bat egingo dugu”, azaldu du hurrengo geldiunea. Muntsaratz dorretxea da; gaur egun, Kalitatea Fundazioaren egoitza dena. 1200. urtera arte Durangaldea Nafarroako erresumaren menpe zegoen. “Eskualdeak Nafarroarekin zuen harremana azaltzen dugu, eta kondaira bat kontatzen dugu: Nafarroako printzesa bat dorretxeko jauntxoarekin ezkondu ei zen”.

San Agustin Etxebarria

Burujabetzaren lekukotzak

Elorrioko San Agustin Etxebarria elizan aurkitu zen Durangaldeko forua. Indarrean egon zen Bizkaiko Jaurerriarekin bat egin eta Bizkaiko forua ezarri zen arte. “Durangaldeko kondeen momiak elizpeko San Martin kaperan daude lurperatuta. Haiek ziren garai hartako eskualdeko agintaritza”. XI. edo XII. mendekoa da eraikina, eta barruan erretaula platereskoa dauka. Horma irudiak eta estilo erromanikoko hainbat harlandu ere baditu.

Elorrio

Hiribildu eredua

Azken geltokian, hiribilduak ezagutuko dituzte. “Zer ziren? Nola antolatzen ziren? Zer dira sortze gutunak? Galdera horiei erantzungo diegu”. 1356an eman zion Don Tello Bizkaiko jaunak sortze gutuna Elorriori, sakabanatuta zegoen populazioa gune batean elkartu ahal izateko. Atorrasagastik herriko jauregiak eta Argiñetako nekropolia nabarmendu ditu herriko ondarearen barruan.