Bizkaia

Bi zubi berri eraikiko dira, Barakaldo eta Bilbo lotzeko

Barakaldo eta Bilboko Udalek Kadagua zeharkatuko duten bi zubi eraikitzeko akordioa egin dute. Barakaldoko Brutzeña auzoa eta Bilboko Zorroza auzoaren arteko lotura bultzatu nahi dute bi igarobide horiekin. Zubioi esker oinez eta bizikletaz igaro ahalko da itsasadarra. Baita tranbiaz ere.

Zubietako bat Kadagua ibaiaren ondoan dagoen tren geltokitik hurbil egin nahi da, zonalde horretan eraikitzen ari diren bide berriei jarraipena emateko. Bigarren zubia, berriz, Kadagua ibaiaren bokalea eta Bilboko itsasadarreko pasealekuak batzeko eraikiko da. Oinezkoentzat eta bizikletaz doazenentzat izango litzateke azken hori. Eraikuntzak 2014ean egitea aurreikusi da.

Bilboko Itsasadarraren garbiketa plana eredu

Malaysiako Kuala Lumpurreko delegazio bat etorri zen abenduan Bilboko itsasadarraren ur garbiketaren berri jasotzera. Ibaizabalek izan zituen kutsadura arazo berak dituzte. Industria gune izatetik, Bilbok "bizitzaz beteriko" hiriburu bihurtzeko izan d...

Ekialdetik hariari tiraka

ErakusketaBilboHaritik. Ekialdeko txotxongiloak erakusketa bisitatzeko aukera dago Ondare erakusketa aretoan, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean. Panpina horiek manipulatzeko era eta estilo desberdinak ezagutzeko modua izango dute bisitariek, hilaren 1...

Ankerrei, omen

Gaur egungo Gernika-Lumon 1937ko bonbardaketaren burrunba hotsa ez da isildu. Herriak negarrez jarraitzen du, garai hartako krimenengatik inork ez baitu ordaindu, ezta erantzukizunik hartu ere. Espainiako esparru atzerakoienek Frankismo garaiko pertso...

Ura, bere bidea egin guran

Aiartza, Arratia, Artibai, Asua, Karrantza, Butroe, Oka, Gobela... erreka eta ibaiz josita dago Bizkaiko lurralde osoa. Eskualde askori izena ere ematen diote, eta herri asko horien inguruan eraiki dira. Produktuen garraiorako, nekazaritza lurrak urez...

Banaketa sozioekonomikoa egin du itsasadarrak

Ikuspegi sozio-ekonomikotik Bilboko itsasadarrak bizitza ereduaren zatiketa ere marraztu du. Ezaugarri sozialekin bat etorrita zonalde bi banatu zituen industrializazio garaian. Ezkerraldea, langileen eta industriaren zonalde bilakatu zen eta eskumald...

Aisiarako ortu kopurua bikoiztuko du udalak

MARKINA-XEMEIN. Udaberrira begira, Markina-Xemeinen dagoen aisiarako ortu kopurua bikoizteko asmoa iragarri du udalak. Berroeta inguruan bertan beste berrogei ortu jarriko dituztela azaldu dute. Jakinarazi dute orain arte eskuragarri dauden partzela g...

“Egoerak identifikatzea eta euren autonomiari ahalik eta luzeen eustea da helburua”

Osasuna eta gizarte zerbitzuak sarri eskutik doazen gaiak izanik, Uribe eskualdean bi alorrok elkarrekin lanean jartzeko arreta protokoloa jarri dute martxan, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdea osatzen duten 24 udalerrien arteko elkarlanari esker. Programa aitzindari horren xehetasunak azaldu ditu Mari Luz Marques Osakidetzak eskualdean duen kudeatzaileak (Bilbo, 1961).

Zertan datza zehatz akordioa?

Gizarte zerbitzuak eta osasuna lotzen dituen hitzarmen batean ari gara lanean. Duela urtebete inguru hasi zen, eta ibilbide luzea izango du. Osakidetzak eta 24 udalerriek oraintsu sinatu dugu hitzarmen hori, eta landu nahi ditugun alderdi ugarietako bat baino ez da. Osasun eta gizarte arloetan inplikatuta dauden eragileen elkarlanean datza.

Lan esparrua oso zabala da. Izan ere, era desberdinetako herritarrak barneratzen ditu. Besteak beste, mendekotasuna izan dezaketen adinekoak, babesik gabe dauden herritarrak, buruko patologiak dituztenak, haurrak, tratu txarren biktimak diren emakumeak... Guk hainbat zatitan banatu dugu osotasun hori, eta atalka landuko dugu. Orain, batez ere, adinekoak hartu ditugu ardatz. Mendekotasun egoeran edo arriskuan dagoen nagusia dugu jomuga, etxean zein egoitza batean bizi dena.

Inguru horretan inplikazio zuzena dutenak Osakidetzako profesionalak eta udalerrietako gizarte langileak dira. Lehenengo hitzarmena ondoko alorrak zehazteko egin dugu: zelakoak izango dira gure harremanak? Zelan ekingo diegu afera hauei? Zelan esku hartuko dugu eta zelan egingo diegu jarraipena adineko pertsonei bizi diren eremuan? Osasun eta gizarte zerbitzuen eremuetako profesionalen lantaldeak eratu ditugu, alor horietako lehen arretako beharginekin —medikuak, erizainak eta gizarte langileak—. Proiektuan zaharren egoitzako medikuak eta erizainak, foru aldundikoak, larrialdi zerbitzuetakoak eta gizarte langileak ere badaude, herritar horiek eremu horietara jo dezaketelako.

Eta zelan gauzatuko da protokoloa?

Orain artean ere harremanetan geunden gizarte langileekin. Orain, kontaktu hori sistematizatzea da gure helburua; hau da, osasun arloko langileek eta gizarte beharginek osatutako talde egonkorrak eratzea. Hilero batzartuko dira, eta adinekoen beharrak antzematea dute xede.

Beharrizan horiek aldatuz doaz urteen poderioz. Hasiera batean, baliteke adinekoak autonomoak izatea; gero, ordea, mendekotasun arriskuan sar daitezke, eta beharrizan hori sortu. Helburua egoera identifikatzea da, jakiteko zein puntutan dauden, eta lortzea euren autonomiari eutsi ahal izatea ahalik eta denbora luzeenean. Eskuragarri dituzten baliabideak ezagutaraztea ere lortu gura dugu. Izan ere, batzuetan gertatzen da baliabideak egon arren ez dituztela erabiltzen ezagutzen ez dituztelako.

Orain artean zelan gauzatzen zen pertsona horienganako arreta zerbitzua?

Eskaeren araberakoa zen. Inplikatutako agenteetako batek, osasun arlokoak zein gizarte zerbitzuetakoak, beharrizan bat antzematen zuenean, bestearekin harremanetan jartzen zen.

Aldaketa nagusia da pertsona horiek ezagutzen joango garela beharrizana azaldu ere ez denean egin. Informazioa ematen diegu, zein itxaropen duten jakin, beraien ingurua ezagutu. Bakartuta dauden jakin, eta hala bada, beharrezko baliabideak helaraziko dira; besteak beste, suteak antzemateko gailuak eman edo Beti On telefono bidezko alarma sistema euren esku utzi. Euren errealitatea ezagutzea dugu helburu, ez soilik osasunarekin lotutakoa, baita soziala ere. Horren bitartez, sortuko diren beharrizanei aurrea hartuko diegu.

Zer-nolako metodologia darabilzue?

Balorazio geriatriko integrala darabilgu. Aspektu klinikoak, funtzionalak, kognitiboak eta sozialak aztertzen ditugu. Egituratuta dagoen balorazio bat da. Pertsona horien beharrizanak elkartzen ditugu dagozkien alorrean bidera daitezen.

Sendagilearenera doazenean antzematen al dira beharrizan horiek?

Bai, baina sarri gizarte zerbitzuen bitartez gertatzen da. Senideren bat baliabideren bati buruz galdezka joan ohi da zerbitzuotara, eta han hasten da prozesua. Beharrizanak agertu aurretik aurre hartzen saiatzea da helburua.

Sistema aitzindaria dela esanez aurkeztu duzue.

Ez dakit aitzindaria den ala ez. Argi dagoena da honen indarra zein den: oso eremu desberdinetako agenteak eseri gara mahai gainean. Helburu komuna ezarri dugu; interesatzen zaigun populazioa identifikatu dugu, eta lanean hasi gara. Hori guztia 24 udalerrirekin.

Esperientzia hori beste eremu batzuetara zabaltzeko asmoa ere badago, ezta?

Bai. Egitura hau oso erraz estrapolatu daiteke beste leku batzuetara. Errazagoa izango da udalerri gutxiago dauden eremuetan gauzatzea, eta zailtasunak aurki daitezkeen arren, hedatzeko erraza dela uste dugu.

Zenbat pertsonak izan litzakete beharrizan horiek?

Kopuru zehatzik ematerik ez daukat. 65 urtetik gorako populazioa hartu dugu guk erreferente modura, baina adin horren barruan denetariko egoerak daude.

Mendekotasun arriskuan dauden edo mendekotasun arazoak dituzten adinekoekin abiatu duzue protokoloa. Gainerakoengana noiz zabalduko duzue programa?

Urtarrilaren 23an berriz batzartuko gara hurrengo atalarekin hasteko: egoitza batera joateko beharra duen adinekoa, mendekotasun handia duelako. Ostean etorriko dira besteak. Proiektu bat martxan jarri, jarraipena egin eta ebaluatu egiten dugu. Bien bitartean, hurrengoa osatzen hasten gara, hori ere martxan jartzeko, jarraipena egin eta ebaluatzeko.