Ura, bere bidea egin guran

Aiartza, Arratia, Artibai, Asua, Karrantza, Butroe, Oka, Gobela… erreka eta ibaiz josita dago Bizkaiko lurralde osoa. Eskualde askori izena ere ematen diote, eta herri asko horien inguruan eraiki dira. Produktuen garraiorako, nekazaritza lurrak ureztatzeko, garbiketarako edota erroten hauspoak mugitzeko. Hamaika funtzio bete dute erreka zein ibaiek historian. Gaur egun, ordea, horietako hainbat ostenduta daudela dirudi, askori hormak eraiki, ibilbidea itxi eta markatu zaie. Hiri zein herrietan ikusten den ohiko paisaia da. Ibai izan ordez, pareta artean doan korronte bihurtu dira sarritan.

“Zaila da egungo egoerari buelta ematea”. Hala dio Diego Ortuzarrek. Ekologistak Martxan kolektiboko kidea da, eta kezkatuta daude ibai zein erreken egoerarekin. Etxebizitza eta eraikinak horien alboetan eraikitzeak kalte nabaria eragin diela uste dute: “Logika gabe eraiki da. Kasu askotan, uraren mailaren azpitik eraikitzen da. Eta uholdeak egotean inguru horiek urpean geratzea normala da”.

Errespetatzen al dira ibai eta errekak herri edo hiriak eraikitzean? Galdera horri erantzuteko, uholdeen adibideari hel dakioke. Uholdeak fenomeno naturalak dira. Aldiro erreka eta ibaiek gainezka egitea beraien ekosistemaren parte da. Horien inguruan dagoen landaredia haztea eragotzi eta ubideak garbitu egiten dituzte aldizkako uholdeekin. Hortaz, ibai eta erreken bizitzaren parte dira.

Azken urteetan, kalte nabariak eragin dituzte horiek. Euri jasa handiak daudenean, begi gehienak ibai inguruetara joaten dira. Baina uholdea ibaien ziklo naturala bada, nola eragin dezake horrelako kaltea? “Inguruko landaredia mantendu izan balitz, uholdeen eragina ez litzateke horren handia izango”, adierazi du Ortuzarrek: “Ibaia espazio gabe utzi dugu, inguruan zementua besterik ez diogu jarri”. Gaur egun, eraikuntza eta bideek uraren filtrazioa eragozteaz gain, ibaietara ura arinago eta kopuru handiagoz joatea ekarri dute. Gainezka egiteko zuten espazioa ere kendu zaie erreka eta ibaiei. Horretaz gain, uholdeak saihesteko neurri bertsua hartu izan da hainbat tokitan: ibaiaren inguruan hormak eraikitzea. Horrek kaltea eragin dezake luzera. Ibaietako ur korronteek presio eta indar handiagoa dutenean kalte handiagoa eragin dezaketelako. Dena den, egoera horretan “herriek ere ezin dute asko egin”. Hala uste du Ortuzarrek. Ibai eta erreken inguruko konpetentziak ez daude udaleen esku, Ura Uraren Euskal Agentziaren eskumena da horien kudeaketa. Hortaz, maiz, Hiriak Antolatzeko Plan Orokorrak egitean (HAPO), ibaien inguruko erabaki gutxi har dezake udalak. Dena den, ibai eta erreka bazterren inguruan kontzientzia sortzea beharrezkoa da. Ura agentzia ere neurriak hartzen hasia da uholdeak saihesteko. Horren adibide da Getxon egiten ari diren plana. Neurriak hartuko dituzte, Gobela inguruan uholdeak saihesteko asmoz. Horien artean dago ibaiaren habitat naturalaren hobetzea.

Baina uholdeena ez da ibaien buruhauste bakarra. Landare eta animalia inbaditzaileei dagokienez ere, arazoa ikusten du Ortuzarrek. Auzi hori hainbat herritan landu da azken urteetan, eta hainbat plaga kentzeko auzolanetan aritu dira. Ekologistak Martxan-eko kideak adierazi duenez, Urak horiek kentzeko hainbat kanpaina egin dituen arren, berriz hazten dira. “Ezinbestekoa da horren inguruko legedia zurrunago bat”.

Uraren gaineko kontzientzia

Oro har, uraren gaineko kontzientzia asko murriztu dela uste du Ortuzarrek. “Biztanleko ur kantitate handiak gastatzen ditugu; uste dugu doakoa dela. Bukatzen ez den lehengaitzat dugu ura. Egunerokoan, iruditzen zaigu sukaldean edo komunean ditugun txorrotek ez dutela bukaerarik”. Horren kontzientzia berreskuratzea ezinbestekoa dela uste du Ekologistak Martxan-eko kideak: “Arlo horretan herritarrak heztea da orain erronka nagusia”.