Bizkaia

Kontzertuak elizetan

Eleizetan jaialdia 15. aldiz abiatuko dute bihar, Zornotzan. Ganbera musikaren alorrean egun dagoen saio berezienetako batez gozatzeko aukera izango dute estilo hori gustuko dutenek, bihar hasi eta maiatzaren 25era bitartean. Baselizetan eta landa elizetan eskainiko dira kontzertuak. Hain zuzen, horri da programa horren berezitasuna: kokalekua bera.

Aurtengo programazioari dagokionez, bost musika saio eskainiko dituzte, bariku, zapatu eta domeketan. Asteburuan egingo dute estreinaldia. Antolatzaileek doako autobus zerbitzua antolatu dute kontzertuetara joateko. Gudari kaleko geltokitik aterako da, kontzertuak hasi baino ordu erdi lehenago; Bernagoitiko saioaren kasuan, 45 minutu lehenago egon beharko da.

1. Bihar

Laura eta Giannak osatutako Caronni Ahizpak bikoteak emango dio hasiera aurtengoari, 20:00etan, San Pedro Boroakoaren baselizan.

Batak klarinetea jotzen du; besteak, txeloa. Horrez gain, biek abesten dute. Haien arteko "doinu sinbiosiak magnetismo xarmagarria" sortzen duela azaldu dute antolatzaileek.

Euren estiloa definitzeko orduan, ordea, zehatz esaterik ez dagoela deritzote. Hain zuzen, diziplina klasikoaren eta Argentinako kantu eta musika tradizionalen arteko nahastea dute. Poesiaz, liluraz eta fintasunez ez ezik, malenkoniaz, urraketaz eta herriminaz betetako errepertorioa aurkeztuko dute.

2. Maiatzak 16

Botxo Boogies laukoteak egingo du kontzertua datorren barikuan, Dudeako San Migel baselizan. Arratsaldeko zortzietan ekingo diote saioari. Bizkaiko Swing-boogie taldeak Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen omenez egituratutako kontzertua eskainiko du.

Musika klasikoaren eta jazzaren arteko nahasketa eramango dute agertoki berezi horretara. Hala ere, Arriagaren lanaren esentziari tinko eutsiko diote.

3. Maiatzak 18

Txekiako Barocco Sempre Giovanne ganbera taldeak eskainiko du kontzertua datorren zapatuan, 12:00etan, Etxanoko Andra Mari elizan. Josef Krecmerren zuzendaritzapean ariko da Iva Kramperova bakarlaria.

Ganbara musika talde hori 2004. urtean sortu zuen Krecmer biolin jotzaileak, eta handik gutxira lortu zuen arrakasta. Entzuleek eta kritika espezializatuak goraipatu egin zuten. Barrokoko konposizioak interpretatzen dituzte bereziki, bestelako estiloak eta garaiak baztertu gabe.

4. Maiatzak 24

Xabier Zeberio nyckelharpa jotzailea eta Pello Ramirez akordeoi jotzaileak osatutako bikotea ariko da, hilaren 24an, San Bartolome elizan. 20:00etan emango diote hasiera saioari. Esperimentatzeko nahiak eta sorkuntzarako aukera berriak bilatzeko grinak eraginda, beraiek egindako lanen eta folklore gaien bertsioek osatutako errepertorio askotarikoa aurkeztuko dute.

5. Maiatzak 25

Manuel Francok —akordeoia—, Jorge Ramonek —klarinete baxua— eta Juan Luis Royok —klarinetea eta errekintoa— osatutako Trivium Klezmer taldeak eskainiko du aurtengo azken kontzertua, hilaren 25ean, Bernagoitiko San Migel elizan, 12:15ean. Aragoiko musikari taldeak bere bigarren lana aurkeztuko du, Ekleztico izenekoa.

Sozializatzeko bertsoaren eredua

Eustakio Larrabeiti Eulea bertsolari laukiztarra ezagutzeko, berbatxangoa antolatu dute etziko Erandioko Berbotx, Sopelako Aitxu eta Getxoko Egizu euskara taldeek. 1848an jaio zen Eulea, eta 1936an hil; gerra hasi baino hamabost egun lehenago, hain zu...

Meñika eta Bartra, Arratia eta Hego Uribeko txapeldun

Oihana Bartrak eta Igor Meñikak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Hego Uribeko eta Arratiako bertsolari txapelketak. Biek ala biek Bizkaiko txapelketarako sailkatu dira. Asteburuan lehiatu dira bi eskualdeotako finalak; lehenengoa, zapatuan, Bilboko Hika Ateneoan; bigarrena, Igorreko Lasarte aretoan, domekaz.

Zapatuan, 50 bertsozale inguru elkartu ziren Hika Ateneoan. Arkaitz Zipitria, Axier Goñi, Joseba Barandiaran, Peio Ormazabal, Txaber Ormazabal eta Bartra bera aritu ziren lehian. Buruz burukoan Joseba Barandiaranen kontra kantatu zuen bilbotarrak.

Txapela lortzeko 390 puntu eskuratu zituen Bartrak. 30 puntutara geratu zen Barandiaran; 359,5 puntu eskuratu zituen. Atzetik izan zituzten Txaber Ormazabal (233,5), Peio Ormazabal (230 puntu), Zipitria (215 puntu) eta Goñi (211).

Igorren ikusmin handia sortu zuen Arratiako Bertsolari txapelketaren finalak. 65 bertsozale elkartu ziren Lasarte aretoan. Arazo pertsonalak tarteko, azkenean lau bertsolari lehiatu ziren bakarrik. Buruz burukoa, bada, Iñaki Iturriotz Zuluagaren kontra jokatu zuen Meñikak. Finala bukatutakoan 365,5 puntu jaso zituen Meñikak. Iñaki IIturriotzek 358,5 puntugaz amaitu zuen saioa. Illart Gumuziori 205 eman zizkioten. Irato Astondoak, berriz, 204,5 jaso zituen.

Futbola eta Ibilaldia

Domekan Athleticek eta Realak derbia jokatuko dutela eta, bi futbol taldeen fundazioek antolatuta, bertso derbia egingo da gaur iluntzean BBK Aretoan. Athleticen taldea Onintza Enbeitak, Arkaitz Estiballesek eta Jon Maiak osatuko dute. Realarena, berriz, Andoni Egañak, Unai Agirrek eta Amets Arzallusek. 20:00etan hasiko da eta sarrera doakoa da.

Eta gaur zortzi bertso trama musikatua egingo dute Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan, 20:00etan, Ibilaldiaren aurreko ekitaldien barruan. Josu Goikoetxearen gidaritzapean Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga ariko dira. Haimar Arejitaren gitarraren doinuek lagunduko dituzte. Sarrerak daborduko salgai daude, zortzi euroan.

Kirolik ez egiteak eragiten ditu munduko heriotzen laurdenak

Lau heriotzatik bat ariketa fisikorik ez egitearen ondorioz sortutako gaitzek eragiten dute, OMEren arabera. Kirolak, heriotza goiztiarraren arriskua gutxitzeaz gain, gaixotasun koronarioak, arterietako hipertentsioa, diabetesa, ictusa, bularreko eta ...

Bertako produktuen kalitatea

Nafarroako Erribera nekazari lurraldea da. Duela berrogei urte, Pedro Luis Anton eta Maria Corona Campo euren lurretan lantzen zituzten produktuak ontziratzen hasi ziren. Hainbat urtetako lanaren ostean, 1988an, Pedro Luis kontserba enpresa sortu zute...

Durangoko alde zaharraren egoera salatu dute

Durangoko alde zaharrean hainbat arazo daudela salatu dute DAZ Durangoko Alde Zaharra auzo elkarteko kideek, udalak ez diela-eta konponbiderik ematen. "Abandonatuta" sentitzen dira. Hain zuzen, 2010ean bilera bat egin zuten udaleko ordezkariekaz, eta ...

5,7

Denboraleen kalteak ordaintzeko foru funtsaren milioiak. Bizkaiko Foru Aldundiak funts bat sortu du neguko denboraleek kostaldeko herrietan eragin zituzten kalteak ordaintzen laguntzeko. Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuaren esanetan, kalteen %100 ordainduko ditu foru aldundiak. Osotara, 5,7 milioi izango ditu funtsak. Oraindik ez dakite zenbat herrik eskatuko duten laguntza.

Bilboko Ibiltari Sarearen ibilaldiak, astean bitan

Oinez ibiltzea sustatzeko Ibiltari Sarea ipini du martxan Bilboko Udalak. Hiru ibilbide atondu dituzte. Nahi dutenek txangoetan parte hartzeko aukera dute, izenik eman barik, monitoreagaz. Ibilbideak txandakatu egiten dira. Martitzen eta eguenetan iza...

Umorez jositako jaialdia

Pailazoen jaialdia

Arrigorriaga

Arrigorriagako kaleak artez eta umorez beteko dira egunotan, gaur hasi eta domekara bitartean Clown eta Pailazoen Nazioarteko XIX. Jaialdia egingo baitute. Saio gehienak Udaletxe plazan egingo dituzte. Hala ere, ikuskizunak kiroldegian eta Joan XXIII.a aita santuaren plazan ere izango dira.

Euskarazko ikuskizun batek emango dio hasiera gaur jaialdiari. Nalua Fakir Handiak harrituta utziko ditu ikusleak. 18:30ean egingo du erakustaldia.

Bihar ere izango da euskarazko beste ikuskizun bat: Gari, Montxo eta Joselontxok Kontxo... Kontxo izeneko lana taularatuko dute. 12:30ean izango da, Arrigorriagako kiroldegian. Hiru pailazoek ateraldi umoretsuak eta ezustekoak eramango dituzte agertokira.

Bestelako aukerarik eskainiko du egitarauak. Adibidez, Monkey Stylek puxiketan oinarritutako ikuskizuna eskainiko du. Elementu hori nolabaiteko aberastasun, botere, erakarpen eta arma bihurtuko da. 19:30ean egingo dute euren erakustaldia, Udaletxe plazan.

Etziko ere ikuskizun liluragarriak prestatu dituzte antolatzaileek. Alauda Teatrok, adibidez, zirkua eroango du kiroldegira. Zirku berezia izango da; pertsonak barik txotxongiloak izango dira ikuskizuneko protagonistak. Begia zorrotz izan beharko dute ikusleek. 11:30ean hasiko dute saioa. Teatrapok itxiko du aurtengo jaialdia. Akrobazia, ikus-entzunezko teknikak eta efektu bereziak erabiliko dituzte.

EGITARAUA

Gaur. Nalua Fakir Handia, 18:30ean. Capicua taldearen Enredos, 19:45ean.

Bihar. Gari, Montxo eta Joselontxoren Kontxo... Kontxo, 12:30ean. Cartonutti-Maximiliano Stiaren Cartonutti y las 3 RRR, 17:30ean. Hnos Inconfundiblesen Qué raro, ¿verdad?, 18:30ean. Monkey Styleren Babyllon, 19:30ean. Guilem Alba & The All-in Orchestraren Marabunta, 20:30ean.

Etzi. Alauda Teatroren The Puppet Circus, 11:30ean. Adrian Schvarzsteinen Dans, 12:45ean. Sergio Plaren Todos los recuerdos, 13:45ean. Dudu & Companyiaren El Niu, 17:30ean.