Durangoko alde zaharraren egoera salatu dute

Durangoko alde zaharrean hainbat arazo daudela salatu dute DAZ Durangoko Alde Zaharra auzo elkarteko kideek, udalak ez diela-eta konponbiderik ematen. “Abandonatuta” sentitzen dira. Hain zuzen, 2010ean bilera bat egin zuten udaleko ordezkariekaz, eta 2012an beste bat. Eta horietan euren aldarrikapenen berri eman zieten. “Jaso dugun erantzun bakarra isiltasuna izan da”. Joan den otsailean, idatzi bat aurkeztu zuten, eta udalak apirilean erantzun badie ere, “konponbiderik ez” diela eman salatu dute auzo elkarteko kideek.

Besteak beste, eraikin gehienak zaharrak direla eta igogailuak jartzeko zailtasunak dituztela ekarri dute gogora. Igogailuak jartzeko azterketak egitea eta udalak araudi bat osatzea eskatu dute. Udalak erantzun die badaudela igogailuak jartzeko laguntzak. Hala ere, bizilagun batzuei horretarako trabak jarri dizkietela salatu du elkarteak.

Era berean, auzoko estolderia sarearen egoera ekarri dute gogora. “Negargarri” daudela diote. Baita balizko sute batek izan ditzakeen ondorioak ere. Ebakuazio plan bat beharrezkotzat jotzen dute. “Suhiltzaileek ere askotan esan izan digute oso zaila dela hona sartzea”.

Lurra labainkor egoten dela eta zabor edukiontzien erabilera txarra egiten dutela ere esan dute. Udalak erantzun die brigadak hilean behin ikuskatzen duela lurra; edukiontzien erabilera egokiari buruz “hainbatetan” eman die informazioa.

Zaratak dira beste kezka bat. Mapa egiten ari dela dio udalak; Elkartearen esanetan, eginda dago, baina borondatea falta da neurri zuzentzaileak ezartzeko.