Sozializatzeko bertsoaren eredua

Eustakio Larrabeiti Eulea bertsolari laukiztarra ezagutzeko, berbatxangoa antolatu dute etziko Erandioko Berbotx, Sopelako Aitxu eta Getxoko Egizu euskara taldeek. 1848an jaio zen Eulea, eta 1936an hil; gerra hasi baino hamabost egun lehenago, hain zuzen. Gatazka hura galdu zuen, baina ondo baino hobeto zekien gudua zer den; bertatik bertara ezagutzen zuen. “Gerra karlistetan borrokatu zen. Sarjentua izan zen”, azaldu du Asier Legarreta filologo eta bertsolari mungiarrak. “Lazkao Txiki besteko ezaguna ez bada ere, harekin pelikula bat grabatzeko beste istorio” badituela azaldu du Legarretak. Haren azalpenek lagunduta egingo dute txangoa.

Enkarguz egiten zituen bertsoak Euleak. “Neska bat gustatu baina hark kasurik ez egitea askotan gertatzen da. Eta garai hartan hitzarmenezko ezkontzak zirela eta, neska bat gustuko izan arren haren gurasoek ezkongaiagaz ezer jakin gura ez izatea ere bai. Beraz, Eustakiorengana jotzen zuten ezkongai horietako askok, bertsoak eskatzeko. Hark idatzitakoa herrian zabaltzen zuten, eta batzuetan eragina izaten zuten”. Zenbaitetan onerako, eta besteetan txarrerako.

“Garai hartan ez zegoen ez Internetik ez prentsa arrosarik; eta egunkariak ere, gutxi. Beraz, sozializatzeko edo komunikatzeko baliabide bat zen bertsoa, batez ere, Bizkaian”, ekarri du gogora Legarretak. Haren ustez, horren adibide lirateke Euleak sortutako bertsoak.

Bere lanetako batzuk ezizenagaz sinatzen zituen. Dena den, erraza ei da haren sormena identifikatzen. “Bertsoak egiteko eragatik, zeukaten ironia bereziari erreparatuta, errimak erabiltzeko moduagatik eta bertsoen formagatik, erraz igartzen da berak egindakoak direla”.

Berbatxangoan bertsolariaren bizitzan esanguratsuak izan diren lekuak bisitatuko dituzte. “Eulea Loiun jaio zen. Gero, Galdakaora joan zen bizitzera. Ostean, Erandion bizi izan zen. Eta, azkenik, Laukizera etorri zen. Ganene baserrian egin zuen bizimodua. Han ezkondu zen, alaba bi izan zituen, eta ehungintzan egin zuen behar. Laukizen ireki zuen tailerra”. Gatikan ere ibilitakoa da. “Leku askotatik igaro zen. Gaur egun jendea asko mugitzen dela esaten da, baina, nabari denez, sasoi hartan ere ez zen hain arraroa”.

Laukizen, Jataben eta Gatikan idatzitakoak dira haren bertso gehienak. Hala ere, Galdakaon bere lagunei egindakoak aurkitu dituzte. “Sasoi hartan gutunak bertso eran idazten ziren, hitz neurtu eta errimatuan. Halakoak hainbat ditu Euleak”.

Landutako bat-batekotasuna

Bertsoak idazten zituenez, askoren esanetan haren sormena ez zen bat-batekoa. Baina Legarreta ez dago ados. “Armintzako Karmengo Amaren jaietan kupel baten gainera igo eta bertsotan ibili zen lekukotzak daude. Baldintza bakarra jarri omen zioten: politika konturik ez aipatzea. Baina lehenengo bertsoa bota zuenean, azken puntuan abertzale gisako aldarrikapena egin zuen. Eta handik bota egin zuten, berriz ez bueltatzeko aginduz. Nahiz eta adineko gizona izan, kontzientzia politiko handia zuen”.

Berbatxangoa egin gura dutenentzako ordua 09:30ean ipini dute, Erandioko metro geltokiaren aurrean. 09:45ean, Algortako metro geltokitik igaroko da autobusa. 10:00etan, Sopelako eliza ondoan jasoko dituzte azken bidaiariak. Handik Gatikara, Laukizera eta Mungiara abiatuko dira. Parte hartzeko, izena eman behar da aurrez, helbideotako batera idatzita: berbots@gmail.com, aitxuizuba@gmail.com edo egizugetxo@gmail.com.