Bizkaia

Konfrontazioaren alde

Ez da harritzekoa eta, espero zitekeen bezala, Gure Esku Dago plataformak antolatutako Giza Katearen aurkako hamaikatxo berba entzun eta irakurri behar izan ditugu bi aste eskas hauetan. Baina demokraziaren etsaien orroei entzungor eginez, gogoetara eraman behar gaituztenak dira, printzipioz, mentalitate irekia duten eta bat ez egitea erabaki zuten horien hitzek.

Horien artean, usuen irakurri ahal izan ditudanak diote XXI. mendeko Euskal Herri batek plurala behar duela izan, etnikoki, politikoki eta linguistikoki. Horrez gain, identitateen arteko talkaren arriskua ere azpimarratu dute batzuek, konfrontazioa ekidin beharreko gaitza balitz bezala. Antza, XXI. mendeko Euskal Herrian denok eskutik joan beharko dugu beti. Horra paradoxa.

Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da. Horiek hirurak dira Gure Esku Dago plataformak bere filosofia laburbiltzeko erabili dituen ideiak. Hortik aurrera egindako interpretazioen arriskua errealitatetik alegiazko munduetara, konturatu barik, igarotzea da. "Alegia", "hots" eta "esan gura dute" bezalakoek airea kutsatzen duten mundu batera.

Plataformaren hiru leloak, banan-banan hartuta, onartzen ez dituenak ez du demokraziarik gura, totalitarismoa baizik. Eta hori esate hutsa bada konfrontazioa. Konfrontazio politikoa, esan daiteke. Beraz, konfrontazioa ekidin litekeen zerbait dela sinestarazi gura diguten horiei, agian, gogoratu beharko litzaieke egunerokotasunean konfrontazio hutsean bizi dela munduko populazioaren ehuneko ehuna. Jendarteko berbaldietan ikus daiteke hori argi. Hitz trukaketak ele bakarrean egiten baitira gehientsuenetan: euskaraz, frantsesez, espainolez, ingelesez… Eta hizkuntza bat aukeratzen denean (edo aukeratzera behartzen zaituztenean) erabat alderatuta uzten dira berbalditik gainontzeko hizkuntza denak.

Lurbiratik konfrontazio etnikoa desagerrarazi daitekeenik (eta desagerrarazi beharko zenik) defendatzen duten horiei agian gogorarazi beharko litzaieke Frantziar Estatuak, egalité teorikoki eder horren izenean, frantsesa baino ez duela onartzen République orain ultraeskuindar horretako parlamentuan. Berdintasun sakratua, Rousseau-ren izenean.

Eta identitateen arteko konfrontazioaz zer esan? Norberak bere burua gura duen moduan identifikatzeko eskubiderik existitzen ez den XXI. mende honetan errealitatea bera da konfrontazioa. Eta horri egin behar zaio aurre. Ideiekin, berbekin eta, agian ere, eskuz-eskuz lotutako giza kateekin.

“Mundakako uretan ere egin daiteke itsas zeharkaldi bat”

Mundakako Tropela txirrindulari taldeko kideak dira, baina itsasoaren magalean hazitakoak. Urdaibaiko itsasadarra alde batera eta Kantauri itsasoa bestera. Bizikletak gorde, eta itsasoari begira ipini dira orain. MDK Swim zeharkaldia antolatu dute leh...

Iberdrolaren egoitza ohia bota egingo dute

HIRIGINTZA. Iberdrolak Kale Nagusiaren ondoan izan zituen bulego zaharrak botatzeko, lehen urratsak egingo ditu Bilboko Udalak. Egungo eraikinari duen babesa kenduko diote, amiantoagatik kalteak dituelako. Haren ordez, luxuzko 48 etxebizitza eraikiko ...

Jauregizarri pisuak erostea onartu du Bilboko EAJk

HIRIGINTZA. Larraskitu auzoan Jauregizar eraikuntza enpresa eraikitzen ari den sei etxebizitza erosiko ditu Bilboko Udalak, 800.812 euroren truke. Etxebizitzak kooperatiba gisa eraikitzen ari dira, eta zor ugari izaten ari da. Etxebizitza horiek udala...

Plaza berri baten aukera, geldi oraingoz

Egoera "penagarria" dela diote Portugaleteko alde zaharreko bizilagunek. Auzoan dendak ixten ari direla nabarmendu dute, etxebizitza ugari hutsik daudela eta osasungarritasuna behera egiten ari dela. "Etxe batzuetan arratoiak agertzen ere hasi dira", azaldu du Aitor Bilbao auzo elkarteko kideak. Utzikeria handia dagoela dio, eta, egoera horren aurka, ekintzarako prest daude herritarrak. Eta saioa ere egin dute: joan den domekan, 90 pertsona bildu ziren, Coscojales kalean dagoen orube bat konpontzeko asmoarekin. "Jendea aitzur, pala eta antzeko tresnekin agertu zen, orubea garbitu eta txukuntzeko asmoarekin". Baina ezin izan zuten. Izan ere, lanak egitea aurreikusten zuten lekura iritsi zirenerako, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak itxita zeukaten oruberako sarbidea. "Udalak ez zigun baimenik eman han lan egiteko; beraz, haren kontrako salaketa jarri dugu, zikinkeria ez garbitzeagatik".

Hain zuzen ere, alde zaharreko utzikeriaren erakusgarri egin dute Coscojales kaleko 9 eta 11 zenbakietan dagoen orubea. Baina Bilbaok gogorarazi du beste lau orube ere antzeko egoeran daudela. "Alde zaharra hilda dago, eta biziberritzeko egitasmoak behar dira". Horregatik, udala dauka gogoan. Auzoa biziberritzeko plan estrategiko bat aurkeztu berri du LKS enpresak, eta udalbatzako gehienek aldeko bozekin onartu zuten, joan den astean —PP abstenitu egin zen—. Plan horrek alde zaharra piztu beharra aipatzen du: "Merkataritzari begiratu dio batez ere, eta azpimarratzen du eskaintzak turismoari begiratu behar diola". Baina salatu du udalak orain arte ezer egin ez izana. Areago, herritarrek erakutsi duten borondatea "oztopatu" duela-eta penatuta daudela ere adierazi du auzo elkarteko kideak. Auziari buruz hitz egiteko, Bizkaiko Hitza Portugaleteko Udalarekin harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du erantzunik jaso.

Lan horiek egitea "ezinbestekoa" dela dio Bilbaok. Izan ere, alde zaharra Portugaletek duen auzo "erakargarriena" dela dio, baina, era berean, erabat utzita ikusten du. "Itsasadarrak berak eta Bizkaia zubiak sekulako aukerak eskaintzen dizkigu, baita herrian dagoen langabeziari aurre egiteko ere". Jakitun da plan estrategiko horrek puntu hori biltzen duela, baina "hitz gutxiago eta ekintza gehiago" eskatu ditu. Auzo elkarteko kideak gogorarazi du joan den igandeko ekinaldia izan zela horretarako aukera "ezin hobea", eta esan du aukera "galtzen utzi zuela". Hala ere, ez dute etsiko, eta aurreratu du orubea konpontzeko lanak egingo dituztela, baina betiere "legeriaren barruan".

Bilbaok, halere, ohartarazi du igandean bertan ere lanak egin izan balituzte araudiaren arabera ariko zirela. Hain zuzen ere, auzo elkarteak gutun bat bidali zion udalari iragan maiatzaren 28an, eta han alde zaharrean egin beharko ziren esku hartzeei buruzko proposamen zerrenda bat egin zion. Horien artean, Coscojales kalean egingo zuten esku hartzearen berri eman zion elkarteak udalari. "Erantzunik ez genuen jaso; beraz, interpretatu genuen isiltasun administratiboak baimena ematen zigula". Baina ez zen horrela izan. Bidea itxi zieten ertzainek jakinarazi zienez, hiru hilabeteko epearen ondoren izango lukete horretarako eskubidea. Beraz, "hemendik hiru hilabetera, hara itzuliko gara".

Proposamen ugari

Domekan ezin izan zuten ezer egin, baina hemendik hiru hilabetera, Coscojales kaleko orubera itzultzen direnean, auzolanari esker ingurua garbitu eta plaza bat sortzeko asmoa daukate herritarrek. Angeles plaza izena izango luke, herriko merkatari baten omenez. "Hango belarrak kendu eta harresiak bota nahi ditugu, eta han herritarrentzako elementuak jarri". Besteak beste, bankuak eta adineko pertsonentzako ariketa guneak.

Hala ere, oraindik beste lau orube daude utzita, eta horietan lan egitea zailagoa ikusten du auzo elkarteak, jabego pribatukoak baitira. Coscojales kaleko orubea publikoa da. Edonola ere, Bilbaok dio utzitako orube horietako bat EAJrena dela. "Auzo elkartea jeltzaleekin hitz egiten ari da, han proiekturen bat garatu dezaten, ez dezaten orubea egoera horretan utzi".

Kontuak kontu, Bilbaok nabarmendu du betebehar handiena udalarena dela. "PSOE Espainian utzita dauden orubeak aprobetxatzen ari da herritarrei zerbitzuak emateko, eta guk hori eskatzen dugu, euren alderdikideak egiten ari direna gure herrian ere egitea". Horretarako, borrokan segituko dute.

Txakolingunearen kudeaketa zerbitzuaren adjudikazioa, ezbaian

Egoera nahasian ireki zuten Bakioko Txakolingunea, joan den martxoaren 19an: herritarren artean ez zuen proiektuak atxikimendu handirik izan, eta Txakolinaren Interpretazio Zentroa izanda ere, herriko txakolin ekoizleek adierazi zuten ez zutela proiektuarekin bat egingo. Museoaren kudeaketa egiteko kontratazioaren adjudikazioak piztu du orain eztabaida. Itxaslehor enpresa hautatu zuen foru aldundiak kudeaketarako, egungo Bakioko alkate Aitor Apraizen enpresa ohia —turismo zerbitzuak eskaintzen ditu—. Alderdi politikoek ez dute hautaketa prozesuan "gardentasunik" ikusten. Horregatik, EH Bilduren eta PSE-EEren eskariz, azalpenak eman zituen Josune Ariztondo Euskara eta Kultura diputatuak astelehenean, Batzar Nagusietan.

Sei hilabeteko kontratua du Itxaslehor enpresak Txakolingunearen kudeaketa lanetarako. Beste hiru enpresarekin batera aurkeztu zuen interpretazio zentrorako kudeaketa plana, eta, egokiena zelakoan, hari eman zion behin-behineko lana diputazioak. Ordutik, hiru lan lerro nagusi izan ditu: bisitak hartzea, proiektua zabaltzea eta jarduerak antolatzea. Txakolingunean zerbitzu horiek emateaz gain, eraikinean dagoen udal turismo bulegoa ere kudeatzen du Itxaslehorrek. Behin-behineko sei hilabeteak pasata aterako da berriz txakolingunearen kudeaketa zerbitzua behin betiko adjudikatzeko lehiaketa, abuztuaren 31n. EH Bilduk eta PSE-EEk zalantzak dituzte prozesuarekin, eta horren defentsa egin zuen Ariztondok Bizkaiko Batzar Nagusietan. Diputatuaren arabera, Itxaslehorrek hainbat ekimen egin ditu azken hilabeteetan. Besteak beste, zientziari buruzko tailer bereziak, artista lokalen erakusketak, Bizkaiko museoen bilera eta Euskal kostaldeko museoen koordinazio bilera. Nabarmendu du ireki zutenetik 1.500 bisitari izan dituela interpretazio zentroak.

Irune Soto EH Bilduko ordezkariak, berriz, ez du hori uste: Itxaslehorrek "porrot" egin du harentzat eta kontratua enpresa horri ematea Bakioko alkatearen enpresa ohia "erreskatatzeko modu bat" izan da. Baina, Ariztondoren arabera, Txakolingunearen kudeaketa enpresa haren esku geratu zenetik Bakioko alkatea ez da enpresako kide izan. Hortaz, ez du kontratazioan eraginik izan. "Hautaketa prozesuak sektore publikoaren kontratazio lege guztiak betetzen ditu".

Adjudikazio formula hori beste hainbat ekimenetan erabili du Bizkaiko Diputazioak, Ariztondok esandakoaren arabera. Besteak beste, 2008ko Santimamiñeko koben interpretazio zentroa eta Sopelako ludoteka eta gaztelekuan erabilitakoak aipatu ditu Ariztondok: "Sortu berriak diren proiektuetan beharrezkoa da errealitate saioak egitea, gerora kontratazio pleguak zehazteko". Esan duenaren arabera, kasu horietan egindako esperimentazio aldiak balio izan du behin betiko pleguaren baldintza teknikoak, giza baliabideak eta baldintza ekonomikoak zehazteko.

Baina diputatuak emandako azalpenak ez ditu alderdi politikoak baretu. Hasieratik adierazi dute zalantzak dituztela adjudikazioarekin eta kultur zentroaren kudeaketaren prozesuarekin. Irune Soto EH Bildu koalizioko ordezkariak salatutakoaren arabera, prozesuan ez dira txakolin ekoizleak aintzat hartu: "Ekoizleek salatu dute aldundiak ez duela haiekin kontatu museoa egiterakoan. Eta uste dugu garrantzitsua dela interpretazio zentroaren etorkizuneko kudeaketa ereduan haien parte hartzea sustatzea".Txakolingunearen irekiera ekitaldian bertan adierazi zuten txakolin ekoizleek proiektuarekiko zuten desadostasuna, denen harridurarako. Txakolina "bestelako helburuak lortzeko" erabiltzen ari zela salatu zuten, eta EH BIlduko batzarkidearen arabera, gainera, ekoizleek ez dute proiektuaren ekimenei buruzko informaziorik jasotzen.

Arturo Aldekoa PPko ordezkariak ere museoak irekieratik izan dituen eztabaidak aipatu ditu: "Ardoaren museo bati gerta dakiokeen okerrena da ozpinduta egotea". Eta Juan Otermin PSE-EEko ordezkariak ere kontratazio prozesuan argitasuna eskatu du: "Interes publikoaren defentsan, gardentasunaren alde egiten dugu guk. Eta herritarren artean kexua edo zalantza sortzen duen edozer sustraitik moztu beharko litzateke".

Behin betiko adjudikazioa

Txakolingunearen kudeaketa zerbitzuaren behin betiko kontraturako pleguak prestatzen ari da foru aldundia. EH Bilduko ordezkariak kontrataziorako aukera berdintasuna bermatzeko neurriak hartu behar dituela adierazi dio diputatuari: "Izendapen zuzenez lortu ditu kontratuak Itxaslehorrek orain arte, eta horrek behin betiko esleipenen aukeraketa desitxuratzeko arriskua du". Ariztondok ziurtatu du orain arte museoaren kudeaketan aritu den enpresak ez duela punturik jasoko azken sei hilabeteetako esperientziagatik.

Iraganak geroan utzitako aztarnak

Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da nora goazen jakiteko". Jon Urutxurturen berbak dira horiek, Arratia posta txarteletan liburua argitaratu berritan. XX. mendearen lehen erdialdeko postalen bilduma da, eta gaur bertan aurkeztuko du jendaurrean. Iraganari begiratzen dion liburua da, baina geroari begiratzeko balio duela uste du. "Jendeak uste du iraganeko kontuak iragana besterik ez direla. Hala ere, haiei ere begiratu behar diegu, beti aurrera begiratu behar den arren, iraganekoa ezagutu eta ulertzea ezinbestekoa baita". Asmo hori buruan zuela, bilduma bat egitea pentsatu zuen hasieran. "Antzinako dendetara joan, eta postal mordoa ikusi eta lortu nituen". Baina denak sakabanatuta zeuden, eta horiek biltzea eta jendeari eskuragarri jartzea egokiago izango zela pentsatu zuen. Ondare ikonografikoa egiteko helburua izan zuen, hain zuzen ere.

Ikerketa horretan, 89 postal bildu ditu Urutxurtuk. Jasotako horien artean, ordea, denak ez dira postalak. Zortzi argazki posta txartel argitaratu ditu liburuan. Hau da, argazkilari batzuek ateratako argazkiak posta txarteletako paperean errebelatu eta postal eran saltzeko aprobetxatzen ziren argazkiak. Era horietako batzuk bildu ditu liburuan "lekukotasun gisa". Horietako bat litzateke, esaterako, Dimako bolalekuan hilda agertzen den behiarena. "Ez da postal klasikoa, bildumagile profesionalek inportantzia gero eta handiagoa ematen die horiei". Antzinako postalak aurkitzea gero eta zailagoa da, eta, horregatik, argazki posta txartelak du orain interesa.

Bildumagileak jasotako postaletako batzuk norbaitek idatzi eta bidalitakoak dira, eta aurkitu dituen zaharrenak Areatzako eta Igorreko elizen irudiak dituztenak dira. 1906koak dira biak. Areatzakoa alemanez idatzita dago. "Beste batzuk Frantziara bidalitakoak dira, eta baita hemengoak ere".

Liburuan bildutako postalek iraganean eskualdea nolakoa zen erakusteaz gain, "datu mordoa" eskaintzen dutela ere nabarmendu du Urutxurtuk. Areatzako elizakoa bezalako beste postal bat ere aurkitu du, 1909koa. Gazteleraz idatzitako testu bat dauka horrek. Hala dio: "Bartzelonan izandako istiluen ondorioz, berandu iritsi gara Billarora". Bartzelonako aste tragikokoak dira aipatzen dituen istilu horiek, grebak eta istiluak gertatu zirenekoak. "Pertsona hori Bartzelonan egongo zen, eta azalpen hori idatzi zuen postalean".

Era horretako datuek, beraz, are bereziago eta bitxiago egiten dute Urutxurturen bilduma. "Argazkia bera dago, batetik, eta horrek datu ugari ematen ditu. Argazkiaz gain, zigilua, zigilu-marka —zein datatan eta nori bidali zaion— eta, batzuetan, postal horietan zer kontatzen den ere interesgarria da; aipatutakoan, kasurako. Beste batzuetan, lelokeriak besterik ez dira azaltzen". Esaterako, suhiak amaginarrebari Alemaniara bidalitakoan, mezua oso sinplea eta interesik gabekoa dela azaldu du: "Eliza baten irudia bidaltzen diola esaten dio, eta gehiago ez dituela aurkitu".

Mezu hori itzultzeko, alemaniar bati eman zion postala Urutxurtuk. "Idatzita azaltzen zen berba batek zer esan gura zuen ez zekiela eta, Alemanian pertsona zahar bati galdetu behar ziola esan zidan".

1900 hasierara begirako leihoa

Horregatik guztiagatik, XX. mendearen hasierako Arratialdeko bizitza ezagutzeko leiho gisa deskribatu dute Urutxurturen lana. Irudiek garai hartako bizimoduari eta ohiturei buruz asko esaten dutelako da hori, egilearen esanetan: "Janzkerak, etxeak eta paisaia zelan aldatu diren ikus daiteke. Orain, pinu asko daukagu; baina, lehen, landuta egoten ziren lurrak". Ohiturak ere agerian geratzen dira: "Jendea zelan entretenitzen zen ikus daiteke: bola jokoan, karta jokoan domeketan, Diman zezenketak ere azaltzen dira... Garai hartatik hona egoera zelan aldatu den ikusten da", ondorioztatu du.

Bere bildumakoak zein beste batzuen bitartez lortutakoak dira postalak. Madrilera ere bidaia asko egindakoa da Urutxurtu, antigoaleko gauzak saltzen dituen denda batera. "Igorreko elizakoa, esaterako, Madrilen aurkitu nuen. Dendakoak ez zidan saldu gura, bere bildumakoa zelako, nahiz eta nik bere bilduma osatzeko beste bat eman nion. Hala ere, eskaneatzeko baimena eman zidan. Eta hala jaso dut". Urtero joaten da Urutxurtu Madrilera. "Espainian postalei buruz gehien dakien denda dago han. Hiru ordura arte ematen ditut dendan, postalei begira eta dendariagaz beragaz berbetan edo galderak egiten". Billaroko gazte batek zein Getxoko bizilagun batek ere utzi dizkiote batzuk, bilduma argitaratzeko.

Liburuan azaltzen diren gainontzeko posta txartelak 1906az geroztikoak dira. Erdiak, 1920ra artean argitaratutakoak. 1922koak dira, bestalde, Foru Aldundiak auzo eskolei buruz argitaratutakoak. Areatzako asiloaren postala, 1926 ingurukoa da, eta Lemoako Burdin Hesiari buruz Gerren Museoak argitaratutakoa 1937 edo ostekoa. 1940ko hamarkadakoak dira, berriz, Areatzako bainuetxeari buruzko gehienak eta Arteako Seminario Txikiak argitaratutakoak. Gorbeiako gurutzea ere ageri da, beste batean.

Bere poltsikotik ordaindu ditu argitalpen lanak Urutxurtuk. "Oporretan joan beharrean, apeta hori ase dut", azaldu du. "Libururik saltzen ez delako", badaki erosle askorik ez duela izango, baina, hortxe du bere lana. Gaur bertan aurkeztuko du 20:00etan, Igorreko Lasarte aretoan.

50.000 gomazko ahate ur lasterketan

Bilboko erreka gomazko ahate txikiz bete zen domekan, elkartasunezko proiektu baten bitartez neuronen endekapenezko gaixotasunen kontra dirua biltzeko. Iazko kopuruak gainditu zituen WOP Walk On Project fundazioak. Izan ere, herritarrek 50.000 ahate erosi zituzten ¬ iaz 30.000 izan ziren ¬. Gomazko ahate guztiak kamioi batetik uretara bota zituzten eta, arazo tekniko batzuk egon arren, 35 minutu igarota iritsi zen lehenengo ahatetxoa Euskalduna zubian zegoen helmugara.

600

dantzaleku eta pubetarako baimenAkBilboko Udalak gauez diharduten negozioei 600 lizentzia inguru dauzka emanda. "Ez naiz Superman, eta ezin ditut bete gauez hutsik dauden tabernak", esan du duela gutxi Ibon Areso Bilboko alkateak.

Pixkanaka amatatzen ari da Bilbon gaueko giroa

Itzaltzeko arriskuan. Halaxe daude Bilboko gaua argitzen duten taberna eta dantzalekuak. Izan ere, herritarren poltsikoak astindu dituen krisi ekonomikoak ez ezik, gauaz gozatzeko izandako eredu aldaketak ere gogor jo ditu Bizkaiko hiriburuko gaua girotzen saiatzen diren negozioak. Duela gutxi, Bilboko alkate Ibon Aresok aitortu du bera ez dela "Superman" horien zailtasunei aurre egiteko, baina tabernako barraren beste aldetik laguntza eskatzen dihardute aspalditik. Babesik izan ezean, nabarmendu dute, argia motelduz joango da, iluntasunera heldu arte.

Hori da Badulake tabernaren kasua. Bezero fidelak dituela azaldu du Elena Sarasolak, tabernako arduradunak. Baina beherakada nabari dute, eta aitortu du belaunaldi berrien falta sumatzen dutela. Hamahiru urte darama Sarasolak tabernarekin. Eta hainbat faktoreri egotzi dio hiriburuko gauaren beherakada. Tartean, aipatu du, Bilboko Udalak ezarritako ordutegien "arau zorrotzek" gaueko ostalaritzari kalte handia egin diola: "Taberna hartu genuenean, isun asko iritsi zitzaizkigun ordutegia luzatzeagatik, eta neurri hori zorrotz betetzera behartu gintuzten". Adierazi du, neurri hori betetzeko udalak abiatu zuen kanpaina "oso gogorra" izan zela: "Udaltzainak bidaltzen zituzten tabernak ixtera. Zazpikaleetako tabernek asko sufritu zuten hori dela eta". Baina urteak pasatuta presioa baretu egin dela aitortu du Sarasolak: "Iñaki Azkuna alkate ohiak, munduan ikusarazi nahi zuen Bilbo, eta momentu batean konturatu zen, hiriak ia ez zuela gaurik".

Horren ondorioz, tabernei ordu gehiagoz zabalik egotea baimendu ziela adierazi du. Baina eguneko eta gaueko tabernetan ezarri zuen neurria. Eta Sarasolaren arabera, taberna guztietan ordutegiak luzatzean ere kaltetuek berdinak izaten jarraitzen dute: gaueko tabernek. "Eguneko tabernei ordua luzatzeak eta ixteko ordua atzeratzeko baimena emateak kaltea eragin digu. Geroago etortzen baitira gaueko tabernetara". Aitortu du, jende askok, jai giroan jarraitu beharrean, etxera egiten duela: "Eguneko tabernak goizaldeko hiruretan ixten badituzte, jendea etxera joaten da, eta ez doa gaueko tabernetara kontsumitzera". Eguneko ostalaritza sustatzen ari da udala, Sarasolaren arabera, eta gauekoei, berriz, aurrera egiteko zama gehiago jartzen.

2011n ezarritako tabakoaren legeak ere eragin handia izan duela adierazi du Badulakeko arduradunak. Aitortu du tabernako erdiak kanpora joaten direla erretzera: "Erretzera ateratzen den jendeak zarata egiten du kalean, eta, hori, tabernarientzat txarra izateaz gain, auzokideentzat ere gogaikarria da". Eta kalean sor daitekeen zarataz ez ezik, barnekoaren hotsgabetzearekin ere arazoak izan dituzte lokal ugarik. Hala adierazi du Badulake tabernako arduradunak. Barruko soinua hotsgabetzeko azpiegitura lanak egin behar izan dituzte hainbat tabernak, eta horrelako neurriak ezartzeak dakartzaten gastu ekonomikoei aurre egin behar diete, gainera.

Baina gau giroari jartzen zaizkien neurriez gain, gazteen artean ohitura aldaketa ere sumatzen du Sarasolak. Adierazi du datozen belaunaldiak lokaletan edo kaleko edanean aritzen direla gaur egun. Eta festa egiten dutenean, taberna txikietara joan ordez, diskoteka handietara joateko ohitura izaten dutela gehienetan: "Taberna txikietako jai ereduaren beherakada ekarri du horrek".

Gau Zuriari kritikak

Gaueko ostalaritzaren egoerarekin udaletxeak zeregin handia duela adierazi du Badulakeko arduradunak. Aitortu du instituzioak antolatu edo bultzatzen dituen jarduerek eragin zuzena dutela. Joan den ekainaren 14an egindako Gau Zuria, adibidez, ostalaritzarentzat urteko egunik onenetakoa izan dela adierazi du Bilboko Udalak. Baina Sarasolarentzat, ekitaldi horrekin sektore konkretu bat bultzatzen dute berriro ere. Gau Zuriaren eta makina-erremintaren azoken adibideak jarri ditu horretarako: "Nahi dutenean, luzatu egiten dute ordutegia". Baina azpimarratu du familiari begirako ekintzak bultzatzen dituela gehienbat udalak, eta horrek zuzenean eragiten diola gaueko ostalaritzari: "Gaua hiltzen ari da". Aurrera jarraitzen dute, hala ere, aitortu du Sarasolak, irribarretsu: "Irekita dugu, oraindik, eta gure bezeroak leialak dira". Baina sektoreko langileen artean, arduraz begiratzen diote etorkizunari. Adierazi du gero eta gehiago direla beren lokaleko pertsiana jaitsi behar izan dutenak.

La Granjako arduradunak ere beherakada nabaritu du gaueko ostalaritzan. Eta ez dio krisiari egozten, soilik, sektoreak sufritzen ari den gainbehera. Aitortu du hiriburuan eskaintza handiegia dagoela gaur egun: "Kate multinazional askok ireki dituzte lokalak Bilbon. Eta eskari berdinari aurre egiteko gero eta taberna gehiago dago". Baina lehiarik handiena kaleko edanean ikusten duela adierazi du tabernako arduradunak: "Gaur egun, oso hedatuta dagoen kalean edateko ohitura, eta oso berandu etortzen dira gazteak tabernara". Aitortu du belaunaldi berrien artean gero eta gutxiago baloratzen dela, kristalean edatea, edota tabernan antolatzen diren ekintzetan egotea. Arazo hori, baina, taberna edo gaueko lokalen arteko lehiatik kanpo dagoen faktorea da, La Granjako langilearen arabera, eta kalte ikaragarria eragiten du.

Azpimarratu du udalak abiatzen dituen ekintzek lagundu egiten dutela ostalaritza bultzatzen. Eta bat dator Sarasolak esandakoarekin. Egiten diren ekintzetan, egunekoa sustatzen da gehien: "Familiarteko ekintza hori ari da gehien indartzen udala, eta horrek eguneko ostalaritza gehiago sustatzen du". Gauekoa, berriz, bere horretan geratzen dela aitortu du: ia hutsik. Aitortu du urteetan gauekoan asko nabaritu dela jendearen joan-etorrietan izan den beherakada: "Gero eta jende gutxiago dator, eta arinago ixten dugu taberna". Baina mezu baikorra eman nahi izan du: "Aurrera jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu".