Plaza berri baten aukera, geldi oraingoz

Egoera “penagarria” dela diote Portugaleteko alde zaharreko bizilagunek. Auzoan dendak ixten ari direla nabarmendu dute, etxebizitza ugari hutsik daudela eta osasungarritasuna behera egiten ari dela. “Etxe batzuetan arratoiak agertzen ere hasi dira”, azaldu du Aitor Bilbao auzo elkarteko kideak. Utzikeria handia dagoela dio, eta, egoera horren aurka, ekintzarako prest daude herritarrak. Eta saioa ere egin dute: joan den domekan, 90 pertsona bildu ziren, Coscojales kalean dagoen orube bat konpontzeko asmoarekin. “Jendea aitzur, pala eta antzeko tresnekin agertu zen, orubea garbitu eta txukuntzeko asmoarekin”. Baina ezin izan zuten. Izan ere, lanak egitea aurreikusten zuten lekura iritsi zirenerako, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak itxita zeukaten oruberako sarbidea. “Udalak ez zigun baimenik eman han lan egiteko; beraz, haren kontrako salaketa jarri dugu, zikinkeria ez garbitzeagatik”.

Hain zuzen ere, alde zaharreko utzikeriaren erakusgarri egin dute Coscojales kaleko 9 eta 11 zenbakietan dagoen orubea. Baina Bilbaok gogorarazi du beste lau orube ere antzeko egoeran daudela. “Alde zaharra hilda dago, eta biziberritzeko egitasmoak behar dira”. Horregatik, udala dauka gogoan. Auzoa biziberritzeko plan estrategiko bat aurkeztu berri du LKS enpresak, eta udalbatzako gehienek aldeko bozekin onartu zuten, joan den astean —PP abstenitu egin zen—. Plan horrek alde zaharra piztu beharra aipatzen du: “Merkataritzari begiratu dio batez ere, eta azpimarratzen du eskaintzak turismoari begiratu behar diola”. Baina salatu du udalak orain arte ezer egin ez izana. Areago, herritarrek erakutsi duten borondatea “oztopatu” duela-eta penatuta daudela ere adierazi du auzo elkarteko kideak. Auziari buruz hitz egiteko, Bizkaiko Hitza Portugaleteko Udalarekin harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du erantzunik jaso.

Lan horiek egitea “ezinbestekoa” dela dio Bilbaok. Izan ere, alde zaharra Portugaletek duen auzo “erakargarriena” dela dio, baina, era berean, erabat utzita ikusten du. “Itsasadarrak berak eta Bizkaia zubiak sekulako aukerak eskaintzen dizkigu, baita herrian dagoen langabeziari aurre egiteko ere”. Jakitun da plan estrategiko horrek puntu hori biltzen duela, baina “hitz gutxiago eta ekintza gehiago” eskatu ditu. Auzo elkarteko kideak gogorarazi du joan den igandeko ekinaldia izan zela horretarako aukera “ezin hobea”, eta esan du aukera “galtzen utzi zuela”. Hala ere, ez dute etsiko, eta aurreratu du orubea konpontzeko lanak egingo dituztela, baina betiere “legeriaren barruan”.

Bilbaok, halere, ohartarazi du igandean bertan ere lanak egin izan balituzte araudiaren arabera ariko zirela. Hain zuzen ere, auzo elkarteak gutun bat bidali zion udalari iragan maiatzaren 28an, eta han alde zaharrean egin beharko ziren esku hartzeei buruzko proposamen zerrenda bat egin zion. Horien artean, Coscojales kalean egingo zuten esku hartzearen berri eman zion elkarteak udalari. “Erantzunik ez genuen jaso; beraz, interpretatu genuen isiltasun administratiboak baimena ematen zigula”. Baina ez zen horrela izan. Bidea itxi zieten ertzainek jakinarazi zienez, hiru hilabeteko epearen ondoren izango lukete horretarako eskubidea. Beraz, “hemendik hiru hilabetera, hara itzuliko gara”.

Proposamen ugari

Domekan ezin izan zuten ezer egin, baina hemendik hiru hilabetera, Coscojales kaleko orubera itzultzen direnean, auzolanari esker ingurua garbitu eta plaza bat sortzeko asmoa daukate herritarrek. Angeles plaza izena izango luke, herriko merkatari baten omenez. “Hango belarrak kendu eta harresiak bota nahi ditugu, eta han herritarrentzako elementuak jarri”. Besteak beste, bankuak eta adineko pertsonentzako ariketa guneak.

Hala ere, oraindik beste lau orube daude utzita, eta horietan lan egitea zailagoa ikusten du auzo elkarteak, jabego pribatukoak baitira. Coscojales kaleko orubea publikoa da. Edonola ere, Bilbaok dio utzitako orube horietako bat EAJrena dela. “Auzo elkartea jeltzaleekin hitz egiten ari da, han proiekturen bat garatu dezaten, ez dezaten orubea egoera horretan utzi”.

Kontuak kontu, Bilbaok nabarmendu du betebehar handiena udalarena dela. “PSOE Espainian utzita dauden orubeak aprobetxatzen ari da herritarrei zerbitzuak emateko, eta guk hori eskatzen dugu, euren alderdikideak egiten ari direna gure herrian ere egitea”. Horretarako, borrokan segituko dute.