Txakolingunearen kudeaketa zerbitzuaren adjudikazioa, ezbaian

Egoera nahasian ireki zuten Bakioko Txakolingunea, joan den martxoaren 19an: herritarren artean ez zuen proiektuak atxikimendu handirik izan, eta Txakolinaren Interpretazio Zentroa izanda ere, herriko txakolin ekoizleek adierazi zuten ez zutela proiektuarekin bat egingo. Museoaren kudeaketa egiteko kontratazioaren adjudikazioak piztu du orain eztabaida. Itxaslehor enpresa hautatu zuen foru aldundiak kudeaketarako, egungo Bakioko alkate Aitor Apraizen enpresa ohia —turismo zerbitzuak eskaintzen ditu—. Alderdi politikoek ez dute hautaketa prozesuan “gardentasunik” ikusten. Horregatik, EH Bilduren eta PSE-EEren eskariz, azalpenak eman zituen Josune Ariztondo Euskara eta Kultura diputatuak astelehenean, Batzar Nagusietan.

Sei hilabeteko kontratua du Itxaslehor enpresak Txakolingunearen kudeaketa lanetarako. Beste hiru enpresarekin batera aurkeztu zuen interpretazio zentrorako kudeaketa plana, eta, egokiena zelakoan, hari eman zion behin-behineko lana diputazioak. Ordutik, hiru lan lerro nagusi izan ditu: bisitak hartzea, proiektua zabaltzea eta jarduerak antolatzea. Txakolingunean zerbitzu horiek emateaz gain, eraikinean dagoen udal turismo bulegoa ere kudeatzen du Itxaslehorrek. Behin-behineko sei hilabeteak pasata aterako da berriz txakolingunearen kudeaketa zerbitzua behin betiko adjudikatzeko lehiaketa, abuztuaren 31n. EH Bilduk eta PSE-EEk zalantzak dituzte prozesuarekin, eta horren defentsa egin zuen Ariztondok Bizkaiko Batzar Nagusietan. Diputatuaren arabera, Itxaslehorrek hainbat ekimen egin ditu azken hilabeteetan. Besteak beste, zientziari buruzko tailer bereziak, artista lokalen erakusketak, Bizkaiko museoen bilera eta Euskal kostaldeko museoen koordinazio bilera. Nabarmendu du ireki zutenetik 1.500 bisitari izan dituela interpretazio zentroak.

Irune Soto EH Bilduko ordezkariak, berriz, ez du hori uste: Itxaslehorrek “porrot” egin du harentzat eta kontratua enpresa horri ematea Bakioko alkatearen enpresa ohia “erreskatatzeko modu bat” izan da. Baina, Ariztondoren arabera, Txakolingunearen kudeaketa enpresa haren esku geratu zenetik Bakioko alkatea ez da enpresako kide izan. Hortaz, ez du kontratazioan eraginik izan. “Hautaketa prozesuak sektore publikoaren kontratazio lege guztiak betetzen ditu”.

Adjudikazio formula hori beste hainbat ekimenetan erabili du Bizkaiko Diputazioak, Ariztondok esandakoaren arabera. Besteak beste, 2008ko Santimamiñeko koben interpretazio zentroa eta Sopelako ludoteka eta gaztelekuan erabilitakoak aipatu ditu Ariztondok: “Sortu berriak diren proiektuetan beharrezkoa da errealitate saioak egitea, gerora kontratazio pleguak zehazteko”. Esan duenaren arabera, kasu horietan egindako esperimentazio aldiak balio izan du behin betiko pleguaren baldintza teknikoak, giza baliabideak eta baldintza ekonomikoak zehazteko.

Baina diputatuak emandako azalpenak ez ditu alderdi politikoak baretu. Hasieratik adierazi dute zalantzak dituztela adjudikazioarekin eta kultur zentroaren kudeaketaren prozesuarekin. Irune Soto EH Bildu koalizioko ordezkariak salatutakoaren arabera, prozesuan ez dira txakolin ekoizleak aintzat hartu: “Ekoizleek salatu dute aldundiak ez duela haiekin kontatu museoa egiterakoan. Eta uste dugu garrantzitsua dela interpretazio zentroaren etorkizuneko kudeaketa ereduan haien parte hartzea sustatzea”.Txakolingunearen irekiera ekitaldian bertan adierazi zuten txakolin ekoizleek proiektuarekiko zuten desadostasuna, denen harridurarako. Txakolina “bestelako helburuak lortzeko” erabiltzen ari zela salatu zuten, eta EH BIlduko batzarkidearen arabera, gainera, ekoizleek ez dute proiektuaren ekimenei buruzko informaziorik jasotzen.

Arturo Aldekoa PPko ordezkariak ere museoak irekieratik izan dituen eztabaidak aipatu ditu: “Ardoaren museo bati gerta dakiokeen okerrena da ozpinduta egotea”. Eta Juan Otermin PSE-EEko ordezkariak ere kontratazio prozesuan argitasuna eskatu du: “Interes publikoaren defentsan, gardentasunaren alde egiten dugu guk. Eta herritarren artean kexua edo zalantza sortzen duen edozer sustraitik moztu beharko litzateke”.

Behin betiko adjudikazioa

Txakolingunearen kudeaketa zerbitzuaren behin betiko kontraturako pleguak prestatzen ari da foru aldundia. EH Bilduko ordezkariak kontrataziorako aukera berdintasuna bermatzeko neurriak hartu behar dituela adierazi dio diputatuari: “Izendapen zuzenez lortu ditu kontratuak Itxaslehorrek orain arte, eta horrek behin betiko esleipenen aukeraketa desitxuratzeko arriskua du”. Ariztondok ziurtatu du orain arte museoaren kudeaketan aritu den enpresak ez duela punturik jasoko azken sei hilabeteetako esperientziagatik.