Iraganak geroan utzitako aztarnak

Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da nora goazen jakiteko”. Jon Urutxurturen berbak dira horiek, Arratia posta txarteletan liburua argitaratu berritan. XX. mendearen lehen erdialdeko postalen bilduma da, eta gaur bertan aurkeztuko du jendaurrean. Iraganari begiratzen dion liburua da, baina geroari begiratzeko balio duela uste du. “Jendeak uste du iraganeko kontuak iragana besterik ez direla. Hala ere, haiei ere begiratu behar diegu, beti aurrera begiratu behar den arren, iraganekoa ezagutu eta ulertzea ezinbestekoa baita”. Asmo hori buruan zuela, bilduma bat egitea pentsatu zuen hasieran. “Antzinako dendetara joan, eta postal mordoa ikusi eta lortu nituen”. Baina denak sakabanatuta zeuden, eta horiek biltzea eta jendeari eskuragarri jartzea egokiago izango zela pentsatu zuen. Ondare ikonografikoa egiteko helburua izan zuen, hain zuzen ere.

Ikerketa horretan, 89 postal bildu ditu Urutxurtuk. Jasotako horien artean, ordea, denak ez dira postalak. Zortzi argazki posta txartel argitaratu ditu liburuan. Hau da, argazkilari batzuek ateratako argazkiak posta txarteletako paperean errebelatu eta postal eran saltzeko aprobetxatzen ziren argazkiak. Era horietako batzuk bildu ditu liburuan “lekukotasun gisa”. Horietako bat litzateke, esaterako, Dimako bolalekuan hilda agertzen den behiarena. “Ez da postal klasikoa, bildumagile profesionalek inportantzia gero eta handiagoa ematen die horiei”. Antzinako postalak aurkitzea gero eta zailagoa da, eta, horregatik, argazki posta txartelak du orain interesa.

Bildumagileak jasotako postaletako batzuk norbaitek idatzi eta bidalitakoak dira, eta aurkitu dituen zaharrenak Areatzako eta Igorreko elizen irudiak dituztenak dira. 1906koak dira biak. Areatzakoa alemanez idatzita dago. “Beste batzuk Frantziara bidalitakoak dira, eta baita hemengoak ere”.

Liburuan bildutako postalek iraganean eskualdea nolakoa zen erakusteaz gain, “datu mordoa” eskaintzen dutela ere nabarmendu du Urutxurtuk. Areatzako elizakoa bezalako beste postal bat ere aurkitu du, 1909koa. Gazteleraz idatzitako testu bat dauka horrek. Hala dio: “Bartzelonan izandako istiluen ondorioz, berandu iritsi gara Billarora”. Bartzelonako aste tragikokoak dira aipatzen dituen istilu horiek, grebak eta istiluak gertatu zirenekoak. “Pertsona hori Bartzelonan egongo zen, eta azalpen hori idatzi zuen postalean”.

Era horretako datuek, beraz, are bereziago eta bitxiago egiten dute Urutxurturen bilduma. “Argazkia bera dago, batetik, eta horrek datu ugari ematen ditu. Argazkiaz gain, zigilua, zigilu-marka —zein datatan eta nori bidali zaion— eta, batzuetan, postal horietan zer kontatzen den ere interesgarria da; aipatutakoan, kasurako. Beste batzuetan, lelokeriak besterik ez dira azaltzen”. Esaterako, suhiak amaginarrebari Alemaniara bidalitakoan, mezua oso sinplea eta interesik gabekoa dela azaldu du: “Eliza baten irudia bidaltzen diola esaten dio, eta gehiago ez dituela aurkitu”.

Mezu hori itzultzeko, alemaniar bati eman zion postala Urutxurtuk. “Idatzita azaltzen zen berba batek zer esan gura zuen ez zekiela eta, Alemanian pertsona zahar bati galdetu behar ziola esan zidan”.

1900 hasierara begirako leihoa

Horregatik guztiagatik, XX. mendearen hasierako Arratialdeko bizitza ezagutzeko leiho gisa deskribatu dute Urutxurturen lana. Irudiek garai hartako bizimoduari eta ohiturei buruz asko esaten dutelako da hori, egilearen esanetan: “Janzkerak, etxeak eta paisaia zelan aldatu diren ikus daiteke. Orain, pinu asko daukagu; baina, lehen, landuta egoten ziren lurrak”. Ohiturak ere agerian geratzen dira: “Jendea zelan entretenitzen zen ikus daiteke: bola jokoan, karta jokoan domeketan, Diman zezenketak ere azaltzen dira… Garai hartatik hona egoera zelan aldatu den ikusten da”, ondorioztatu du.

Bere bildumakoak zein beste batzuen bitartez lortutakoak dira postalak. Madrilera ere bidaia asko egindakoa da Urutxurtu, antigoaleko gauzak saltzen dituen denda batera. “Igorreko elizakoa, esaterako, Madrilen aurkitu nuen. Dendakoak ez zidan saldu gura, bere bildumakoa zelako, nahiz eta nik bere bilduma osatzeko beste bat eman nion. Hala ere, eskaneatzeko baimena eman zidan. Eta hala jaso dut”. Urtero joaten da Urutxurtu Madrilera. “Espainian postalei buruz gehien dakien denda dago han. Hiru ordura arte ematen ditut dendan, postalei begira eta dendariagaz beragaz berbetan edo galderak egiten”. Billaroko gazte batek zein Getxoko bizilagun batek ere utzi dizkiote batzuk, bilduma argitaratzeko.

Liburuan azaltzen diren gainontzeko posta txartelak 1906az geroztikoak dira. Erdiak, 1920ra artean argitaratutakoak. 1922koak dira, bestalde, Foru Aldundiak auzo eskolei buruz argitaratutakoak. Areatzako asiloaren postala, 1926 ingurukoa da, eta Lemoako Burdin Hesiari buruz Gerren Museoak argitaratutakoa 1937 edo ostekoa. 1940ko hamarkadakoak dira, berriz, Areatzako bainuetxeari buruzko gehienak eta Arteako Seminario Txikiak argitaratutakoak. Gorbeiako gurutzea ere ageri da, beste batean.

Bere poltsikotik ordaindu ditu argitalpen lanak Urutxurtuk. “Oporretan joan beharrean, apeta hori ase dut”, azaldu du. “Libururik saltzen ez delako”, badaki erosle askorik ez duela izango, baina, hortxe du bere lana. Gaur bertan aurkeztuko du 20:00etan, Igorreko Lasarte aretoan.