Uztailaren 1erako zen epe muga, baina hilabetez gehiago egongo da zabalik. Hala ere, "malgu" jokatuko dutela argi utzi gura izan du Jagoba Zallo Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaritzako kideak. Bilboko Bailen kalean drogen zaintzape...
Bizkaia
17 artistaren beste horrenbeste lan
Bilboko Windsor Kulturgintzak 17 artistaren beste horrenbeste lan ditu ikusgai bere aretoan. 17 miradas para una colección (hamazazpi begirada bilduma baterako) martitzenetik zapatura bisita daiteke, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara bitartean.
Egungo artearen espresio plastiko garrantzitsuenetakoak jaso dituzte. Xedea da proposamen askotarikoen arteko elkarrizketan parte harraraztea ikuslea.
17 artistaren lanak jasotzen dituen erakusketa martitzenetik zapatura bisita daiteke.
Jabetza eskubidearen aldeko borroka luzea
Gautegiz Arteagako Portu Errotako jabea da Jon Iturribarria, eta haren izenean dagoen marea errotaren jabetza berreskuratzeko borrokan jarraitzen du: "Espainiako Estatuan, bidegabeko lege batean oinarrituta, ustez legezkoak diren gauzak egin daitezke....
Uda aurreko azkeneko Musika Merkatua
Musikarekin zerikusia izan dezakeen edozer topatu ahal izango da etzi, Bilboko Zorrotzaurre auzoan: musika instrumentuak, biniloak, CDak, kamisetak, partiturak, zuzeneko musika... Musika Merkatua (MUME) musikarien, ikusleen eta sektorean behar egiten ...
“Asko hazi da laguntza bila datorren jende kopurua”
"Egun guztia igarotzen dut eskerrak ematen, jendeak beretzat ez duena ere ematen digulako". Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko zuzendariordea da, eta pozik dago, "ahal den heinean, behintzat", berak ordezkatzen duen erakundeak egiten duen lanar...
Navalek enplegua erregulatzeko 9. dosierra ezarriko du
ONTZIGINTZA. Navaleko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak enplegua erregulatzeko bederatzigarren espedientea aplikatzeko akordioa sinatu dute. 130 behargin ingururengan izango du eragina, eta uztailaren 1ean hasi eta abenduaren 31 bitartean egongo da...
Behar eta elkartasun handiagoa
Krisi ekonomikoa hedatu zenetik, herritarren beharrak nabarmen egin du gora. Inork ez du hori dudan jartzen. Hala ere, fenomeno horrek elkartasun olatu bat eragin du gizartearen sektore guztietan. "Nork ez du bere artean ditxosozko krisi hau jasan due...
Txakolingunearen kudeaketa zerbitzuaren adjudikazioa, ezbaian
Egoera nahasian ireki zuten Bakioko Txakolingunea, joan den martxoaren 19an: herritarren artean ez zuen proiektuak atxikimendu handirik izan, eta Txakolinaren Interpretazio Zentroa izanda ere, herriko txakolin ekoizleek adierazi zuten ez zutela proiektuarekin bat egingo. Museoaren kudeaketa egiteko kontratazioaren adjudikazioak piztu du orain eztabaida. Itxaslehor enpresa hautatu zuen foru aldundiak kudeaketarako, egungo Bakioko alkate Aitor Apraizen enpresa ohia —turismo zerbitzuak eskaintzen ditu—. Alderdi politikoek ez dute hautaketa prozesuan "gardentasunik" ikusten. Horregatik, EH Bilduren eta PSE-EEren eskariz, azalpenak eman zituen Josune Ariztondo Euskara eta Kultura diputatuak astelehenean, Batzar Nagusietan.
Sei hilabeteko kontratua du Itxaslehor enpresak Txakolingunearen kudeaketa lanetarako. Beste hiru enpresarekin batera aurkeztu zuen interpretazio zentrorako kudeaketa plana, eta, egokiena zelakoan, hari eman zion behin-behineko lana diputazioak. Ordutik, hiru lan lerro nagusi izan ditu: bisitak hartzea, proiektua zabaltzea eta jarduerak antolatzea. Txakolingunean zerbitzu horiek emateaz gain, eraikinean dagoen udal turismo bulegoa ere kudeatzen du Itxaslehorrek. Behin-behineko sei hilabeteak pasata aterako da berriz txakolingunearen kudeaketa zerbitzua behin betiko adjudikatzeko lehiaketa, abuztuaren 31n. EH Bilduk eta PSE-EEk zalantzak dituzte prozesuarekin, eta horren defentsa egin zuen Ariztondok Bizkaiko Batzar Nagusietan. Diputatuaren arabera, Itxaslehorrek hainbat ekimen egin ditu azken hilabeteetan. Besteak beste, zientziari buruzko tailer bereziak, artista lokalen erakusketak, Bizkaiko museoen bilera eta Euskal kostaldeko museoen koordinazio bilera. Nabarmendu du ireki zutenetik 1.500 bisitari izan dituela interpretazio zentroak.
Irune Soto EH Bilduko ordezkariak, berriz, ez du hori uste: Itxaslehorrek "porrot" egin du harentzat eta kontratua enpresa horri ematea Bakioko alkatearen enpresa ohia "erreskatatzeko modu bat" izan da. Baina, Ariztondoren arabera, Txakolingunearen kudeaketa enpresa haren esku geratu zenetik Bakioko alkatea ez da enpresako kide izan. Hortaz, ez du kontratazioan eraginik izan. "Hautaketa prozesuak sektore publikoaren kontratazio lege guztiak betetzen ditu".
Adjudikazio formula hori beste hainbat ekimenetan erabili du Bizkaiko Diputazioak, Ariztondok esandakoaren arabera. Besteak beste, 2008ko Santimamiñeko koben interpretazio zentroa eta Sopelako ludoteka eta gaztelekuan erabilitakoak aipatu ditu Ariztondok: "Sortu berriak diren proiektuetan beharrezkoa da errealitate saioak egitea, gerora kontratazio pleguak zehazteko". Esan duenaren arabera, kasu horietan egindako esperimentazio aldiak balio izan du behin betiko pleguaren baldintza teknikoak, giza baliabideak eta baldintza ekonomikoak zehazteko.
Baina diputatuak emandako azalpenak ez ditu alderdi politikoak baretu. Hasieratik adierazi dute zalantzak dituztela adjudikazioarekin eta kultur zentroaren kudeaketaren prozesuarekin. Irune Soto EH Bildu koalizioko ordezkariak salatutakoaren arabera, prozesuan ez dira txakolin ekoizleak aintzat hartu: "Ekoizleek salatu dute aldundiak ez duela haiekin kontatu museoa egiterakoan. Eta uste dugu garrantzitsua dela interpretazio zentroaren etorkizuneko kudeaketa ereduan haien parte hartzea sustatzea".Txakolingunearen irekiera ekitaldian bertan adierazi zuten txakolin ekoizleek proiektuarekiko zuten desadostasuna, denen harridurarako. Txakolina "bestelako helburuak lortzeko" erabiltzen ari zela salatu zuten, eta EH BIlduko batzarkidearen arabera, gainera, ekoizleek ez dute proiektuaren ekimenei buruzko informaziorik jasotzen.
Arturo Aldekoa PPko ordezkariak ere museoak irekieratik izan dituen eztabaidak aipatu ditu: "Ardoaren museo bati gerta dakiokeen okerrena da ozpinduta egotea". Eta Juan Otermin PSE-EEko ordezkariak ere kontratazio prozesuan argitasuna eskatu du: "Interes publikoaren defentsan, gardentasunaren alde egiten dugu guk. Eta herritarren artean kexua edo zalantza sortzen duen edozer sustraitik moztu beharko litzateke".
Behin betiko adjudikazioa
Txakolingunearen kudeaketa zerbitzuaren behin betiko kontraturako pleguak prestatzen ari da foru aldundia. EH Bilduko ordezkariak kontrataziorako aukera berdintasuna bermatzeko neurriak hartu behar dituela adierazi dio diputatuari: "Izendapen zuzenez lortu ditu kontratuak Itxaslehorrek orain arte, eta horrek behin betiko esleipenen aukeraketa desitxuratzeko arriskua du". Ariztondok ziurtatu du orain arte museoaren kudeaketan aritu den enpresak ez duela punturik jasoko azken sei hilabeteetako esperientziagatik.
Iraganak geroan utzitako aztarnak
Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da nora goazen jakiteko". Jon Urutxurturen berbak dira horiek, Arratia posta txarteletan liburua argitaratu berritan. XX. mendearen lehen erdialdeko postalen bilduma da, eta gaur bertan aurkeztuko du jendaurrean. Iraganari begiratzen dion liburua da, baina geroari begiratzeko balio duela uste du. "Jendeak uste du iraganeko kontuak iragana besterik ez direla. Hala ere, haiei ere begiratu behar diegu, beti aurrera begiratu behar den arren, iraganekoa ezagutu eta ulertzea ezinbestekoa baita". Asmo hori buruan zuela, bilduma bat egitea pentsatu zuen hasieran. "Antzinako dendetara joan, eta postal mordoa ikusi eta lortu nituen". Baina denak sakabanatuta zeuden, eta horiek biltzea eta jendeari eskuragarri jartzea egokiago izango zela pentsatu zuen. Ondare ikonografikoa egiteko helburua izan zuen, hain zuzen ere.
Ikerketa horretan, 89 postal bildu ditu Urutxurtuk. Jasotako horien artean, ordea, denak ez dira postalak. Zortzi argazki posta txartel argitaratu ditu liburuan. Hau da, argazkilari batzuek ateratako argazkiak posta txarteletako paperean errebelatu eta postal eran saltzeko aprobetxatzen ziren argazkiak. Era horietako batzuk bildu ditu liburuan "lekukotasun gisa". Horietako bat litzateke, esaterako, Dimako bolalekuan hilda agertzen den behiarena. "Ez da postal klasikoa, bildumagile profesionalek inportantzia gero eta handiagoa ematen die horiei". Antzinako postalak aurkitzea gero eta zailagoa da, eta, horregatik, argazki posta txartelak du orain interesa.
Bildumagileak jasotako postaletako batzuk norbaitek idatzi eta bidalitakoak dira, eta aurkitu dituen zaharrenak Areatzako eta Igorreko elizen irudiak dituztenak dira. 1906koak dira biak. Areatzakoa alemanez idatzita dago. "Beste batzuk Frantziara bidalitakoak dira, eta baita hemengoak ere".
Liburuan bildutako postalek iraganean eskualdea nolakoa zen erakusteaz gain, "datu mordoa" eskaintzen dutela ere nabarmendu du Urutxurtuk. Areatzako elizakoa bezalako beste postal bat ere aurkitu du, 1909koa. Gazteleraz idatzitako testu bat dauka horrek. Hala dio: "Bartzelonan izandako istiluen ondorioz, berandu iritsi gara Billarora". Bartzelonako aste tragikokoak dira aipatzen dituen istilu horiek, grebak eta istiluak gertatu zirenekoak. "Pertsona hori Bartzelonan egongo zen, eta azalpen hori idatzi zuen postalean".
Era horretako datuek, beraz, are bereziago eta bitxiago egiten dute Urutxurturen bilduma. "Argazkia bera dago, batetik, eta horrek datu ugari ematen ditu. Argazkiaz gain, zigilua, zigilu-marka —zein datatan eta nori bidali zaion— eta, batzuetan, postal horietan zer kontatzen den ere interesgarria da; aipatutakoan, kasurako. Beste batzuetan, lelokeriak besterik ez dira azaltzen". Esaterako, suhiak amaginarrebari Alemaniara bidalitakoan, mezua oso sinplea eta interesik gabekoa dela azaldu du: "Eliza baten irudia bidaltzen diola esaten dio, eta gehiago ez dituela aurkitu".
Mezu hori itzultzeko, alemaniar bati eman zion postala Urutxurtuk. "Idatzita azaltzen zen berba batek zer esan gura zuen ez zekiela eta, Alemanian pertsona zahar bati galdetu behar ziola esan zidan".
1900 hasierara begirako leihoa
Horregatik guztiagatik, XX. mendearen hasierako Arratialdeko bizitza ezagutzeko leiho gisa deskribatu dute Urutxurturen lana. Irudiek garai hartako bizimoduari eta ohiturei buruz asko esaten dutelako da hori, egilearen esanetan: "Janzkerak, etxeak eta paisaia zelan aldatu diren ikus daiteke. Orain, pinu asko daukagu; baina, lehen, landuta egoten ziren lurrak". Ohiturak ere agerian geratzen dira: "Jendea zelan entretenitzen zen ikus daiteke: bola jokoan, karta jokoan domeketan, Diman zezenketak ere azaltzen dira... Garai hartatik hona egoera zelan aldatu den ikusten da", ondorioztatu du.
Bere bildumakoak zein beste batzuen bitartez lortutakoak dira postalak. Madrilera ere bidaia asko egindakoa da Urutxurtu, antigoaleko gauzak saltzen dituen denda batera. "Igorreko elizakoa, esaterako, Madrilen aurkitu nuen. Dendakoak ez zidan saldu gura, bere bildumakoa zelako, nahiz eta nik bere bilduma osatzeko beste bat eman nion. Hala ere, eskaneatzeko baimena eman zidan. Eta hala jaso dut". Urtero joaten da Urutxurtu Madrilera. "Espainian postalei buruz gehien dakien denda dago han. Hiru ordura arte ematen ditut dendan, postalei begira eta dendariagaz beragaz berbetan edo galderak egiten". Billaroko gazte batek zein Getxoko bizilagun batek ere utzi dizkiote batzuk, bilduma argitaratzeko.
Liburuan azaltzen diren gainontzeko posta txartelak 1906az geroztikoak dira. Erdiak, 1920ra artean argitaratutakoak. 1922koak dira, bestalde, Foru Aldundiak auzo eskolei buruz argitaratutakoak. Areatzako asiloaren postala, 1926 ingurukoa da, eta Lemoako Burdin Hesiari buruz Gerren Museoak argitaratutakoa 1937 edo ostekoa. 1940ko hamarkadakoak dira, berriz, Areatzako bainuetxeari buruzko gehienak eta Arteako Seminario Txikiak argitaratutakoak. Gorbeiako gurutzea ere ageri da, beste batean.
Bere poltsikotik ordaindu ditu argitalpen lanak Urutxurtuk. "Oporretan joan beharrean, apeta hori ase dut", azaldu du. "Libururik saltzen ez delako", badaki erosle askorik ez duela izango, baina, hortxe du bere lana. Gaur bertan aurkeztuko du 20:00etan, Igorreko Lasarte aretoan.
50.000 gomazko ahate ur lasterketan
Bilboko erreka gomazko ahate txikiz bete zen domekan, elkartasunezko proiektu baten bitartez neuronen endekapenezko gaixotasunen kontra dirua biltzeko. Iazko kopuruak gainditu zituen WOP Walk On Project fundazioak. Izan ere, herritarrek 50.000 ahate erosi zituzten ¬ iaz 30.000 izan ziren ¬. Gomazko ahate guztiak kamioi batetik uretara bota zituzten eta, arazo tekniko batzuk egon arren, 35 minutu igarota iritsi zen lehenengo ahatetxoa Euskalduna zubian zegoen helmugara.