“Asko hazi da laguntza bila datorren jende kopurua”

“Egun guztia igarotzen dut eskerrak ematen, jendeak beretzat ez duena ere ematen digulako”. Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko zuzendariordea da, eta pozik dago, “ahal den heinean, behintzat”, berak ordezkatzen duen erakundeak egiten duen lanarekin. Izan ere, urtea hasi zenetik 40.000 pertsona baino gehiago lagundu dituzte. “Iaz baino 2.000 pertsona gehiago hilabetero”. Egiten duten lanari balioa emateko, 10.000 euroko diru laguntza jaso dute aste honetan. Kopuru horrekin, Basaurin duten pabiloia elikagaiz bete, eta ahalik eta azkarren husten saiatuko dira. Crovettoren ustez, hori izango da lana ongi egin duten froga.

Zer egoeratan dago momentu honetan Bizkaiko Elikagaien Bankua?

Lan askorekin gaude. Asko hazi da laguntza bila datorren jende kopurua, baina, era berean, laguntzeko prest dagoen jendea ere askoz gehiago da. Hala ere, nabarmendu behar da igarri dugula laguntza behar dutenen ehunekoa %33koa dela eta donazioen hazkundea %13koa izan dela. Hori dela eta, 2012an 100 kilo banatzen genituen pertsona bakoitzeko, eta gaur egun 92, baina lan gehiago egiten dugu.

Beharrak sortu du hazkunde hori, ala zuen sareak hobeki banatzen asmatu duzuelako izan da?

Agian, bi gauzarengatik izan daiteke. Geroz eta ezagunagoak gara, baina konturatu gara bazegoela jendea laguntza non eskatu ez zekielako laguntzarik eskatzen ez zuena. Uste dut jendeak bere aurrezkiak gastatu dituela eta ez duela guregana etortzea beste irtenbiderik aurkitu. Ez dira soilik langabeak etortzen; momentu honetan erretiratu asko dago bere seme-alabak laguntzen dituena. Eskatzen duenaren profila asko aldatu da. Duela urte batzuk, etorkin asko egoten zen, baina orain klase ertaineko jende asko etortzen da, 4-5 urte langabezian egon ondoren ez zaiolako aurrezki gehiagorik geratzen.

Zein da zuen erronka nagusiena momentu honetan?

Gure erronkarik handiena ahalik eta jende gehienarengana heltzea da, eta, batez ere, ilarak bukatzea. Nahikoa zoritxar du pertsona horrek ilarak egin edota urrunera joan behar izateko. Hori dela eta, ahalik eta banaketa erakunde gehien sortzen saiatzen ari gara. Oso ondo doa, akordio asko lortu ditugulako, eta alde horretatik oso pozik gaude.

Zer-nolako erantzuna jasotzen duzue herritarren eta erakundeen aldetik?

Erakundeek gizarte laguntzarako zeukaten aurrekontua mantendu dute, baina, eskaera handitu denez, ez da ezertarako heltzen. Urte bukaeran egiten dugun kanpainan, duela bi urte 200.000 kilo batu genituen, eta ikaragarria iruditu zitzaigun. 2013an, berriz, 500.000 kilo izan ziren. Horrez gain, ikastetxeetan antolatzen diren kanpainak asko handitu dira, eta horiexek dira garrantzi gehien dutenak, umeak baitira gure etorkizuna.

Zein dira elikagai bankuak hobetu beharko lituzkeen hiru puntu?

Galdera zaila da. Guk dugun erronketako bat da, aurrez esan dudan legez, Bizkaiko herri guztietan elikagai banaketa zentro bat izatea. Hori izan liteke lehen puntua. Bigarrena gure lana are gehiago ezagutaraztea izan beharko litzateke, gehien behar dutenei bide berriak zabaltzeko. Eta, hirugarrenik, ume eta gazteak elkartasunaren inguruan kontzientzia daitezen lortu behar dugu, elkartasuna sustatzea baita lanik garrantzitsuena etorkizunera begira.