Bisita gidatuaBilboBizkaiko Foru Agiritegi Historikoak bisita gidatuak antolatu ditu aurrenekoz. Asteartero, gidari batek lagunduta, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean dagoen eraikinaren barrunbeak ezagutzeko aukera egongo da. Horretarako, aurretiaz hi...
Asteburuko proposamena
‘Hareazko ipuinak’ antzezlana estreinatuko dute bihar
Hareazko ipuinak Markeliñe antzerki konpainiaren lan berria euskaraz ikusteko aukera izango da bihar Zornotza aretoan. 18:00etan emango dute ikuskizuna. Sarrerak lau euro balio du.
Aita baten gogoetak eta aldarte aldaketak erakutsiko dituzte aktoreek taula gainera. Kezka nagusi bat dauka aita horrek. Hain zuzen, alabak gaixotasun sendaezin bat du, minbizia. Eta gaztetxoak bere haurtzaroa galduko duen beldurrak obsesionatu egiten du gizona. Kezkak, beldurrak, samina... azalduko dira antzezlanean. Baita barreak ere.
Gaztelerazko estreinaldia gaur egingo dute, 21:00etan. Familia osoarentzako antzezlan gisa aurkeztu dute antolatzaileek.
Egitarau zabala
Datozen hiletara begira, egitarau zabala aurkeztu dute Zornotza aretoan, "gustu eta adin guztietako publikoarentzat programatu den eskaintza". Musikak, dantzak, antzerki lanak, familientzako ikuskizunak, zinemak... Guztiek lekua izango dute eskaintza horren barruan.
Besteak beste, Jabier Muguruzak Bikote bat bere azken lana aurkeztuko du otsailean. Eta martxoan, emakumeek egindako film laburrak emango dituzte.
Azken txanpa indartsua sanbizenteak bukatzeko
Joan den asteburuan hasi ziren Barakaldon San Bizente jaiak ospatzen. Hala ere, igandean da santuaren jaieguna eta ordura arte asteburu indartsua dute aurretik. Gaur bertan, kasurako, Mozorro Eguna ospatuko dute, Horterak vs Fashion Victims lelopean. ...
Mareek ezkutatzen duten hori
Erakusketa berria inauguratu du Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean. Azti-Tecnalia ikerketa zentroak prestatu eta antolatu du, eta martxoa bukatu arte egongo da. Aurretik beste leku batzuetatik igaro ost...
Kolpez kolpekako lehia
Sestao
Boxeo erakustaldia izango da bihar Sestaon. Hain zuzen, 2012ko boxeo olinpikoaren Bizkaiko lehiaketarako kanporaketa txapelketa egingo dute Benedicta kiroldegian. 18:00etan abiatuko dute norgehiagoka, eta irabazten dutenak hurrengo asteko finalerdietara pasatuko dira. Han nagusitzen direnek finala jokatuko dute otsailaren 11n.
Gizonezkoak ikusteko aukera izango da bihar. Emakumezkoek, lehiatzeko prest egon badauden arren —hiruk eman dute izena— , ez dute euren mailetan borrokatzeko aurkaririk. Beraz, zuzenean Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako boxeolarien norgehiagoka hartzen duen txapelketara pasatuko dira, Carlos San Jose Bizkaiko Boxeo Federazioko presidenteak jakinarazi duenez.
'Superwelter'-ekoak gehienak
Gizonezkoei dagokienez, bestalde, superwelter deritzon kategoriakoak —66,678 eta 69,853 kilogramo artekoak— izango dira lehiakide gehienak. San Joseren arabera, lehenago "luma-pisukoak eta arinak ziren. Orain, ordea, gazteak gehiago hazten dira, eta pisu gehiago hartzen dute lehen baino elikadura hobea dutelako", argitu du.
Bestalde, faborito batzuk egon badauden arren, ez du esan gura izan nor ikusten duen garaile, "besteekiko mespretxurik ez egiteko". Hala ere, uste du berak garaile ikusten duen gizonezkoa Espainiako lehiaketara iritsiko dela. "Eta handik bueltan —apirilean—, profesionalen mailan sartuko da", iragarri du.
Bizkaian boxeolarien maila goraka doala deritzo Carlos San Josek. "74 urte dauzkat. Nire sasoietan zapatu guztietan egoten ziren boxeo erakustaldiak. Boxeoa ez da elkarri jotzea soilik, arau eta teknika batzuk daude", zehaztu du.
Halere, garai batean PSOE alderdiak kirol hori debekatu egin gura izan zuela ekarri du gogora, eta ondorioz praktika horrek eta haren jarraitzaileek "behera nabarmen" egin dutela esan du.
Dena den, "apurka indarra berreskuratzen" ari direla dio, baita lehiaketetara ikusle asko joaten direla ere: "Sestaon, 600 eta 800 bitarte izaten dira". Bihar txapelketa ikusi gura duenak hamar euro ordaindu beharko du sarrera.
Abereak nagusi sanantontxuetan
San Antontxu eguna ospatuko dute datorren eguaztenean Mungian; egun hori heldu bitartean girotzen hasteko, egitarau zabal bat prestatu dute herrian, asteburu osorako. Gaur bertan hasiko dituzte ekitaldiak. Gauean, 21:00etan, Su Ta Gar taldearen kontzertua izango da Olalde aretoan. Aurretik, 19:30ean, Binakako Munduko Pala Txapelketa ikusteko aukera izango da udal frontoian. Sarrerak bost euro balio du.
Bihar, herri kirolekaz hasiko dituzte ekitaldiak; 12:00etan egingo dituzte, Olalden. Gero, idi proba erakustaldi bat antolatu dute, 4.300 kiloko harriagaz. Iluntzean Xabier Lete izango dute gogoan, eta kontzertu bat egingo dute haren omenez; 20:00etan izango da, Olalden. Sarrerak zortzi euro balio du, eta aukera dago aurretik erosteko.
Indaba lehiaketa
Domekan, jakiek protagonismo handiagoa hartuko dute. Indaba usainak Andra Mari plaza hartuko du goiz osoan, Mungiako II. Indaba Lehiaketa dela eta. Txispeleta eskaut taldeak antolatutako txapelketako sari banaketa 18:00etan egingo dute, udalak jaietarako atondu duen karpan.
Bazkaldu aurretik, kirolerako tartea ere izango da. Bizikleta gustuko dutenek aukera ezin hobea daukate ibilaldi bat egiteko, Mendi Bizikletaren XX. Martxa antolatu baitu Valentin Uriona txirrindulari elkarteak, 10:00etan.
Antzinako autoak gustatzen zaizkienentzat, berriz, auto klasikoen erakusketa bat eta azoka bat antolatu dituzte, Legarda eskolen inguruan. 10:00etan hasiko da Goggomobil eta Auto Klasikoen elkarteak antolatutako erakusketa hori.
Euskal kulturak ere tarte bat izango du San Antontxu bezperetan. 13:00etan, bertso saio bat izango da Andra Mari plazan, Taket Mungiako bertsozale elkartearen eskutik; Jon Maia, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Jexux Mari Irazu ariko dira Iñaki Beitia Arbildu-k jarritako gaiei hitzak eta bertso doinuak jartzen. Gero, 15:00etan, bertso bazkaria izango da Ehiza eta Arrantza Elkartearen txokoan. 16:30ean, giroa alaitzen jarraitzeko, kantagunea jarriko dute udalaren karpan eta Andra Mari plazan.
Astelehenean atseden hartu, eta martitzenean San Anton eguna ospatuko dute mungiarrek. Dantzak izango dira eguneko protagonistak; Mungiako Dantza Eskolaren eskutik, erakustaldi bat egingo dute, 19:00etan.
Egun handia eguaztena izango da: orduantxe ospatuko dute San Antontxu eguna. Ohi bezala, egun osoan feria nagusia izango da, eta bertaratzen diren jaizaleek era guztietako saltokiak ikusteko aukera izango dute, feria lekutik hasi eta Foruen enparantzaraino.
Abereak, plazara
Feria lekuan, ganaduaren erakusketa eta salmenta egingo dute. Gainera, 11:00etan, abere arrazen ezaugarriei buruzko azalpenak emango dituzte hainbat adituk. Dena den, ganadua ez da protagonista bakarra izango; izan ere, animaliez gain, aukera izango da hainbat makina, erreminta, fruitu arbola eta landare apaingarri ere ikusi eta erosteko.
Foruen enparantzan, Matxin plazan eta Trobika, Alkartasuna eta Itxaropena kaleetan bertoko produktuen erakusketa izango da. Produktu horiek salgai egongo dira.
Andra Mari plazan, Euskadiko Odoloste eta Txorizoen XVI. Lehiaketa egingo dute. 11:00etan egingo dute sari banaketa, udalaren karpan.
Eskulangileen lanek ere lekua izango dute San Antontxu egunean. Bentades aterpean, herriko eskulangileen lanak egongo dira ikusgai. Iturribide kalean, berriz, eskulangintza lan ugari erakutsi eta salduko dituzte.
Arratsaldean, Ilargiaren bi aldeak umeentzako antzerki, musika eta zirku ikuskizuna izango da, Olalde aretoan. Lau urtetik gorako umeentzat da. Sarrerak lau euro balio du.
Euskal erromeriagaz emango diete amaiera ekitaldiei, 19:00etan, udalaren karpan. Horrez gain, kale animazioa izango da arratsalde osoan, Txikuri fanfarrearen eskutik.
Herriko giroa ikusi gura dutenentzat, txutxu trena ibiliko da goizez eta arratsaldez; 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, Elorduigoitia kaletik atera eta leku berera bueltatuko da.
Kirola eta musika ugari
Berriz
Esaera zaharrak dioenez, sanantonetan bisigu ugari zeuden Euskal Herriko kostaldean. Baina, ez dakigu arrain hori jateko aukerarik egongo den aurten. Hala ere, berriztarrek festa egitarau oparoa antolatu dute, urtero San Anton jaietan egiten duten antzera.
Gaur hasiko dira jaiak. 18.00etan Zuzarazu antzerki taldeak Familian izeneko ikuskizuna eskainiko du kultur etxean. Antzerki emanaldia bukatu ondoren, sagardoa edanez odolkiak dastatzeko aukera egongo da, trikitilariek giroa alaitzen duten bitartean. Eguna behar bezala bukatzeko, Zuzarazu taldeak kontzertua eskainiko du herriko plazan.
Larunbata kirola eginez hasiko dute. 10:00etatik 14:00etara Berrizko Ziklo-Kros sari nagusia izango baita Berrizburun. Arratsaldean, umeek Korri, Xalto eta Brinko pailazoekin barre egiteko abagunea edukiko dute. Haurrak pailazoekin dauden bitartean, pilota gustuko duena San Anton txapelketako finala ikustera gerturatu daiteke, Olakueta frontoira. Eguneko azken emanaldia Lisker taldeak eskainiko duen erromeria izango da.
Larunbateko parrandaren ondorioak ahalik eta azkarren ahazteko, mendi-bizikleta ibilaldia egongo da igandean. Ibilbideari hasiera kultur etxe aurrean emango zaio, eta izena ematea doakoa izango da. Kirola atsegin ez duenak beste zenbait ekitaldi ikusi ahalko ditu. 11:00etan eskualdeko barazki eta fruitu erakustaldia izango da, trikitilariek giroa alaitzen duten bitartean. Ordu berean, frontoian, eskulangintza txokoa egongo da. 13:00etan, Iremiñe dantza taldeak emanaldia antolatu du, urtero bezala. Arratsaldean Txintxaun kolektiboak The Full Monty ikuskizuna eskainiko du herriko kultur etxean.
Asteartea, egun nagusia
Festak gaur hasiko badira ere, egun nagusia asteartekoa da, San Anton eguna, alegia. 12:00etan santuaren baselizan meza egongo da. Arratsaldea baliatuko dute haur eta gazte askok barraketara joateko, doan izango baitira. 19:00etan frontoian askaria eta nekazaritzako olinpiar jokoak izango dira. Ondoren, ikuskizun bat ikusi ahalko da, txorizo otartekoa janez eta zerbait edanez.
Aisialdian euskara bultzatuko dute, ikusi eta ikasiz
Datorren astelehenean, Ikusi eta Ikasi programa hasiko dute Bilbon berriz ere; 3 eta 12 urte arteko ume eta gaztetxoek aisialdian euskaraz hitz egitea helburu duen programa, alegia. Martxoaren 17ra arte hainbat ekitaldi antolatu dituzte Begoña eta Deustuko udaltegietan, Indautxuko Karmen aretoan, Bilborock aretoan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbaran ikastetxe publikoetan.
Aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzeko helburuagaz Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak antolatu dituen 30 ekitaldiak astelehenean hasiko dituzte, Jolasen Txokoagaz. Umeentzako "erakusketa dinamiko" gisa aurkeztu dute ekitaldi hori, eta jostailuak, jokoak, ipuinak, filmak, musika eta bideo jokoak erabiliko dituzte han.
Begoñako udaltegian egingo dute ekitaldi hori astelehenean, 17:30etik 19:30era. Datorren barikuan eta zapatuan, berriz, Deustuko udaltegian egingo dute.
Euskaraz ez dakiten gurasoentzat, besteak beste, laguntza eta orientazio tailer bat ere emango du udalak aurten, seme-alabei etxeko lanetan lagundu ahal izateko. Gainera, sukaldeko errezeten tailer praktiko bat ere prestatu dute, familia eremuan euskararen transmisioa bultzatzeko.
Margolanek bizitzak salbatzeko balio dezaketelakoan, salmenta
Arteak eta elkartasunak bat egin dute Bilbon abiatu duten egitasmo batean; Raquel Rochas bilbotarraren olio pinturak eta grabatuak hiriko Barrainkuako udaltegian daude jarrita. Erakusketa horrek berezitasun bat dauka; hain zuzen, margolan horiek salga...
Gotorlekua, zabalik
Madariaga dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak hainbat ekitaldi antolatu ditu Gabonetako azken astebururako. Gaur itxita egongo da Errege eguna delako, baina bihar eta etzi, egunero bezala, zabalik egongo dira erakusketa iraunkorra eta...