‘Hareazko ipuinak’ antzezlana estreinatuko dute bihar

Hareazko ipuinak Markeliñe antzerki konpainiaren lan berria euskaraz ikusteko aukera izango da bihar Zornotza aretoan. 18:00etan emango dute ikuskizuna. Sarrerak lau euro balio du.

Aita baten gogoetak eta aldarte aldaketak erakutsiko dituzte aktoreek taula gainera. Kezka nagusi bat dauka aita horrek. Hain zuzen, alabak gaixotasun sendaezin bat du, minbizia. Eta gaztetxoak bere haurtzaroa galduko duen beldurrak obsesionatu egiten du gizona. Kezkak, beldurrak, samina… azalduko dira antzezlanean. Baita barreak ere.

Gaztelerazko estreinaldia gaur egingo dute, 21:00etan. Familia osoarentzako antzezlan gisa aurkeztu dute antolatzaileek.

Egitarau zabala

Datozen hiletara begira, egitarau zabala aurkeztu dute Zornotza aretoan, “gustu eta adin guztietako publikoarentzat programatu den eskaintza”. Musikak, dantzak, antzerki lanak, familientzako ikuskizunak, zinemak… Guztiek lekua izango dute eskaintza horren barruan.

Besteak beste, Jabier Muguruzak Bikote bat bere azken lana aurkeztuko du otsailean. Eta martxoan, emakumeek egindako film laburrak emango dituzte.