Asteburuko proposamena

Inauteriei harrera egiteko, txorizo jana basoan

Ohiturari jarraituz, Bizkaiko hainbat herritan basaratuste ospatuko dute, inauterietako domekaren aurreko domeka. Mendira edo landaren batera joan, eta txorizoak edo bestelako txerrikiak burruntzian jarri eta sutan erreta jateko aukera izango dute batean zein bestean parte hartzen dutenek.

Derion, adibidez, galduta zegoen ohitura berreskuratu du azken urteetan Tximintx euskara elkarteak. Aurten ere domekarako ordua jarri dute: 17:00etan, Santimamiko landetan. Elkarteak ikatza eta edaria eramango ditu, baina janaria norberak eraman beharko duela jakinarazi dute. Umeentzako jolasak ere antolatu dituzte. Han kanporamartxo esaten diote egun horri.

Durangon, bestalde, Alpinok antolatu du txitxi burruntzia —hala esaten diote Bizkaiko txoko horretan—. 09:00etan Andra Mari elizpetik atera eta mendi ibilbidea egin ostean, txorizoa jango dute. Janaria norberak eraman behar du.

Gernika-Lumon, Elai Alai dantza taldeak 17:00etan deitu ditu herritarrak Lumoko plazara. Han ere, ohiturari jarraituz, txorizo errea jango dute. Sasikoipetsu ere esaten diote inauterietako ospakizunei hasiera ematen dien egun horri.

Palestina, Euskal Herrian

2010eko uztaila eta iraila bitartean Biladi Hadi elkartasun brigadak Palestinara egindako bidaian ikusitakoak eta bizitakoak jaso ditu argazki erakusketa batean. Igorren izango da egunotan Biladi Hadi, hamaika begirada Palestinara Euskal Herritik erak...

Arraunean, ilargipean

Ezohiko irudia izango da bihar iluntzean Bilboko itsasadarrean. Bizkaiko hiriburuan ohituta daude uretako kirol erakustaldiak ikustera. Aurten, baina, lehenengoz, gauez egingo dute estropada.Deustuko arraun taldeak antolatu du kirol jarduera hori, Bil...

Merke baino merkeago

Merkatu berezia

Gueñes

Egunotako hotzari aurre egiteko arropa egokia erosteko aukera paregabea izango da asteburuan Sodupen (Gueñes). Izan ere, merkealdiko azoka berezia egingo dute herriko merkatari eta ostalariek bihar eta etzi, plaza nagusian. Aurreko denboraldiko eta beste urte batzuetako produktu ugari egongo dira eskuragarri; prezio merkean, gainera. Modu horretan, nahi dute bezeroek krisiaren beldurrik gabe erosi ahal izatea behar dutena, baita merkatariek biltegiak hustea ere.

Bosgarren urtez antolatu dute merkealdiko azoka berezi hori. Aurten, Gueñeseko hamalau merkatari eta dendak parte hartuko dute. Bihar, zapatuz, goiz eta arratsalde izango da zabalik azoka: 10:00etan hasi eta 20:00ak arte. Domekan, berriz, eguerdira bitartean egongo da zabalik: hain zuzen, 14:00etan bukatuko da azoka berezi horretan erosteko tartea.

Antolatzaileen esanetan, "mauka eta aukera paregabeak" aurkituko dituzte han erosleek. Besteak beste, moda dendetan, oinetako eta osagarrien dendetan, barruko arropa dendetan, kosmetiko dendetan eta jostailu dendetan eros daitezkeen produktuak eramango dituzte merkatariek, baina ohi baino prezio merkeagoetan. Horiez gain, ile apaindegiak, estetika zentroak, lore dendak, gozo dendak, gozo dendak, optikak eta etxetresna elektrikoak saltzen dituzten dendak ere kalera irtengo dira, beren produktuekin.

Txartelak zoketarako

Prezio merkeak eskaintzeaz gain, merkatarien elkarteak erabaki du berrehun euroko opari txartelak zozkatzea, Gueñeseko eta beste herrietako erosleak erakartzeko asmoz. Hiru txartel izango dira, eta bi egun hauetan merkatura joan eta zerbait erosten dutenek izango dute horiek eskuratzeko aukera. 200 euro horiek elkarteko kide diren dendetan gastatu ahal izango dituzte. Zozketa otsailaren 13an egingo da; alegia, datorren astelehenean. Orain arteko urteetan izandako arrakasta ikusita, esperantza dute aurten ere Bizkaiko hainbat herritatik makina bat jende joango dela.

MERKEALDI AZOKA

Non. Sodupeko plazan.

Noiz. Bihar eta etzi.

Performancea, Miarritzeko balletaren eskutik

Gaspar Claus biolontxelo jotzaile eta konpositoreak, Gael Domenger dantzari eta koreografoak, Aymeric Reumaux multimedia artistak eta Jean-Claude Asquie argiztapen sortzaileak bat egingo dute gaur eta bihar Fundicion aretoan. Un coup de des jamais n'abolira le hasard ikuskizuna taularatuko dute.

Miarritzeko Malandain balletak egin ohi dituen tailer koreografikoetako bat eramango dute Bilboko aretora. Bertatik jakinarazi dutenez, performancearen antzeko emanaldi bat izango da, bitxia. "Ezin daiteke azaldu, era horretakoak ikusi egin behar dira", adierazi dute. "Elementu askok hartuko dute parte ikuskizunean".

XIII. Dantzaldiaren barruan antolatutako ikuskizuna da gaur eta bihar 20:00etan hasita emango dutena. Egitarau zabala prestatu dute, dena den, hiriko hainbat gunetan otsail eta martxo bitartean.

Hamar ikuskizun

Domekan, esaterako, Euskalduna jauregian Algerien ballet nazionalak —Frantziako eta Aljeriako kideak ditu — Nya (Chants eta Le Bolero) emanaldia eskainiko du. Matxoaren 29ra bitartean hamar ikuskizun izango dira.

Otxarkoagaren historia gogoan

1950eko hamarkadan Otxarkoagaren sorrera zelakoa izan zen ikusteko Bilbo berriaren hastapena, Otxarkoaga erakusketa zabaldu dute Begoñako udaltegian. Auzo horren iragana eta historia berreskuratzea helburu duen erakusketa gisa aurkeztu du Expodistritok, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen aldi baterako erakusketa zikloak. Aurten 50. urteurrena betetzen duen Otxarkoagako Familien Elkartearen laguntzarekin antolatu dute .

1950eko hamarkadan auzoa sortzeko beharra eragin zuen egoera ekonomiko eta soziala ez ahaztea du helburu erakusketa honek. Izan ere, Bilbok 290.000 biztanle zituen 1959an, antolatzaileek gogorarazi dutenez. Pertsona horien erdiak 1950eko hamarkada horretan iritsi berriak ziren. "125.000 inguru beste batzuen etxeetan bizi ziren, eta 40.000 etxe klandestinoetan, ezinezkoa zitzaielako etxe duin bat eskuratzea", azaldu du Bilboko Udaleko Kultura Saileko komunikazio arduradun Irma Cerrok.

Garai horretan industrializazioak eskulan falta zuen, eta nekazaritza eremu batzuetako eta besteetako biztanleak hasi ziren lan horretan. Milaka pertsona joan ziren, beraz, Bilbora eta etxebizitza eskari handia sortu zen. Garai hartako agintari frankistak eskari hari erantzun egokia emateko gai ez zirela izan gogorarazi du Bilboko Udalak.

Hain zuzen, sortutako gizarte, ekonomia eta hirigintza arazo larriari aurre egiteko asmoz, etxebizitza multzo bat eraikitzea erabaki zuten. Begoñako lurrak aukeratu zituzten horretarako. "Ingurua eguzkitsua zelako, babestuta zegoelako eta Etxebarriko, Basauriko eta Galdakaoko industrialdeetatik hurbil zegoelako", aditzera eman du Cerrok.

Jose Luis Arrese Etxebizitza ministroak proposatuta, 1958an Bilbon 4.000 etxebizitza eraikitzeko agindua jaso zuten. Halaber, 1959an onartu zuten Bizkaiko gizarte premiarako planari buruzko dekretua, eta bost urtean 50.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen: Otxarkoagan eraikiko zituzten 3.672 etxebizitzaz eta Uretamendiko beste 400 etxebizitzaz gain.

Erakusketaren osagaiak

20 panelek, auzoko biztanleek utzitako materialak, garai hartako egunkari zatiek eta Espainiako Etxebizitza Ministerioak etxebizitza multzo horretarako prestatutako arkitektura proiektuen agiri ofizialek osatzen dute erakusketa. Otsailaren 15era arte egongo da Begoñan. Hilaren 16tik 29ra, Castañoseko udaltegian izango da bisitatzeko aukera.

Lokarria eztula lotzeko

San Blas

Abadiño

Abadiñok harrera egingo dio gaur urteko jai nagusiari. San Blas eguna ospatuko dute bertan, Euskal Herri osoan ezagun bihurtu den azokarekin. Eztarriko gaitzak uxatzeko bedeinkatutako lokarri eta erroskillaz haratagoko jaialdi bihurtu da, dagoeneko, gaurko ospakizuna. Edozelan ere, horiek ere tartea izango dute.

Ganadua, baserrirako tresnak, burdineria, ortuariak, fruituak, gazta, txakolina, ogia, eztia, artisautza eta landareak aurkituko ditu gaur Abadiñoko azokara biltzen denak. XX. abelburu erakusketa ere izango da.

09:00etan, Txanbolin taldeak alaitutako kalejirak girotuko du herria. Umeek euren txokoa izango dute Txanporta kultur etxeko arkupean, eurentzako tailerrak antolatu dituzte-eta bertan.

12:00etan, bertsolarien txanda iritsiko da. Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu ariko dira bertsotan Gogaikarri bertso eskolako ikasleekaz batera, Ferialeku plazan.

Probalekuan herri kirolak izango dituzte 12:30ean, eta, gero, nekazaritza produktuen sari banaketa egingo dute. Eguneko ospakizunei bukaera emateko, Lotxo taldearen erromeria izango da Ferialeku plazan.

Dena dela, idi probek ere lekua izango dute San Blas egunean, eta baita datozen egunetan ere. Gaur, 17:00etan eta 22:00etan egingo dituzte. Bihar ere, ordu beretan izango dira, eta domekan, berriz, 18:00etan. Hurrengo astean ere egongo dira.

San Blas txiki

Etxeko txikienak izango dira bihar Abadiñoko protagonistak, San Blas txiki egunean. 11:00etan eskola arteko krosa jokatuko dute Traña-Matiena auzoan. Bidezabal atletismo taldeak antolatutako txapelketa da hori. Kirolarekin jarraitzeko, 14:30ean, V. Eskola Igeriketa liga izango da udal igerilekuetan.

18:00etan, Tor magoaren magia erakustaldia izango da kultur etxean. Gero, txokolate jana prestatuko du Txirikilla aisialdi taldeak.

Egunari bukaera emateko txosnetan rock jaialdia antolatu dute. Hiru talderen musika zuzenean entzuteko aukera izango da 23:00etatik aurrera: Kruders, Arkada Social eta Itziarren semeak.

Bakarra besteko askotarikoa

Inauteriak iristeko hilabete baino gutxiago falta dela, Bilboko Euskal Museoak giroa berotzeko aukera eskaintzen du. Martxoaren 4ra bitartean, Inauteriak, Europako errege izeneko behin-behineko erakusketa ikusi ahal izango da. Izenak berak dioen modur...