‘Elkartasunean mendia bide’: Pakistango errealitatearen berri, Mungian

Elkartasunean mendia bide izeneko erakusketa dago ikusgai Mungiako Kultur Etxean. Hain zuzen, Pakistango Karakorum mendilerroaren azpiko aldean dagoen Hushe ibarraren errealitateari buruzko argazkiak jaso ditu Felix Baltistan fundazioak. “Hango egoera gogorra islatu nahi duten argazkiak dira, betiere, irribarrea galdu gabe”, azaldu dute fundazioko kideek.

Otsailaren 13ra arte egongo da zabalik erakusketa. Bertan, tamaina handiko argazkien bitartez, Hushe ibarreko jendea eta inguruak erakutsiko dituzte.

Felix Baltistain fundazioa

Felix Baltistan fundazioa (FBF) nazioarteko garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat da. 2001ean sortu zenetik, “laguntza jasotzen duen eskualdeko biztanleei beharrezko gaitasunak eta azpiegiturak eskaintzea” izan du helburu, bertan “gizon eta emakumeentzat berdintasunezkoa izango den garapen ekonomiko eredu propio eta iraunkorra sustatu eta kudea dezaten”. Fundazioko kideek “naturarekiko eta, bereziki, mendiarekiko pasioa eta errespetua dute ezaugarri”. Munduan 6.000 metrotik gorako mendi gehien biltzen duen ingurua da Baltistan.