Otxarkoagaren historia gogoan

1950eko hamarkadan Otxarkoagaren sorrera zelakoa izan zen ikusteko Bilbo berriaren hastapena, Otxarkoaga erakusketa zabaldu dute Begoñako udaltegian. Auzo horren iragana eta historia berreskuratzea helburu duen erakusketa gisa aurkeztu du Expodistritok, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen aldi baterako erakusketa zikloak. Aurten 50. urteurrena betetzen duen Otxarkoagako Familien Elkartearen laguntzarekin antolatu dute .

1950eko hamarkadan auzoa sortzeko beharra eragin zuen egoera ekonomiko eta soziala ez ahaztea du helburu erakusketa honek. Izan ere, Bilbok 290.000 biztanle zituen 1959an, antolatzaileek gogorarazi dutenez. Pertsona horien erdiak 1950eko hamarkada horretan iritsi berriak ziren. “125.000 inguru beste batzuen etxeetan bizi ziren, eta 40.000 etxe klandestinoetan, ezinezkoa zitzaielako etxe duin bat eskuratzea”, azaldu du Bilboko Udaleko Kultura Saileko komunikazio arduradun Irma Cerrok.

Garai horretan industrializazioak eskulan falta zuen, eta nekazaritza eremu batzuetako eta besteetako biztanleak hasi ziren lan horretan. Milaka pertsona joan ziren, beraz, Bilbora eta etxebizitza eskari handia sortu zen. Garai hartako agintari frankistak eskari hari erantzun egokia emateko gai ez zirela izan gogorarazi du Bilboko Udalak.

Hain zuzen, sortutako gizarte, ekonomia eta hirigintza arazo larriari aurre egiteko asmoz, etxebizitza multzo bat eraikitzea erabaki zuten. Begoñako lurrak aukeratu zituzten horretarako. “Ingurua eguzkitsua zelako, babestuta zegoelako eta Etxebarriko, Basauriko eta Galdakaoko industrialdeetatik hurbil zegoelako”, aditzera eman du Cerrok.

Jose Luis Arrese Etxebizitza ministroak proposatuta, 1958an Bilbon 4.000 etxebizitza eraikitzeko agindua jaso zuten. Halaber, 1959an onartu zuten Bizkaiko gizarte premiarako planari buruzko dekretua, eta bost urtean 50.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen: Otxarkoagan eraikiko zituzten 3.672 etxebizitzaz eta Uretamendiko beste 400 etxebizitzaz gain.

Erakusketaren osagaiak

20 panelek, auzoko biztanleek utzitako materialak, garai hartako egunkari zatiek eta Espainiako Etxebizitza Ministerioak etxebizitza multzo horretarako prestatutako arkitektura proiektuen agiri ofizialek osatzen dute erakusketa. Otsailaren 15era arte egongo da Begoñan. Hilaren 16tik 29ra, Castañoseko udaltegian izango da bisitatzeko aukera.