Asteburuko proposamena

Biziaren bermatzaileei so

Biziaren bermatzaileei so

Natalia Salazar Orbe

Martxa honetan, 300 urteren buruan basorik gabe geratuko gara". Iragarpen latz eta beldurgarri hori egin du Leo Simoesek, Begira Photo jaialdiko zuzendariak. Jaialdia antolatzeko egin duten ikerketa baten ostean atera dute ondorio hori. Balizko etorkizun beltz hori aldatzen laguntzeko harri koskorra jarri nahi dute. Hala, Basoa du izenburu eta ardatz aurtengo jaialdiak.

Ziklo tematiko bat abiatu du Begira Photok. "Bertan, gizakiak lurraldearekiko duen harremana, eta lurraldeak gizakiarengan eragina duela islatu gura du". Trilogia baten lehen atala da Basoa. Haren ostetik iritsiko dira Harria eta Ura. Hala, mendiek eta ibaiek eta itsasoek hartuko dute protagonismoa datozen edizioetan. Helburu berari eutsiko dio jaialdiak denetan: "Geografiarekin eta lurraldearekin zer gertatzen den kontatzen saiatuko gara. Beti ere, alde ekologikoa nabarmenduz".

Martxan den jaialdiak edizio "politikoagoei" zabaldu dizkie ateak. "Argazkilaritzak eta arteak ere jarrera hartu behar dute gizarteko arazoen aurrean. Bizi garen ingurunea errespetatzearen garrantziaren gainean pedagogia egin nahi dugu; gizaki gisa, basoetako baliabideak gehiegi esplotatzen ari garela jabetu gaitezen. Logika ekologikoa ekonomikoaren aurrean gailentzen den begirada zabaldu nahi dugu".

Betebehar hori gauzatzeko, erakusketetan ikus daitezkeen argazki gehienetan, itxuraz behintzat, ondo zaindutako basoak ageri dira. "Begirada poetikoa gailendu da".

Gizakiaren portaera aldatzeko ekarpena egiten saiatu gura du jaialdiak. "Ezkorra naiz, dena den. Ez dakit honek guzti honek konponbiderik duen. Hala ere, nahiko genuke aldaketa eragin ahal izatea. Baina hori ez dugu epe laburrean ezagutuko, noski".

Hiru erakusketak osatzen dute Kinua argazki elkarteak bultzatutako kultur egitasmoko Basoa-ren egitura: Zuhaitzen lekua, Frozen Trees eta Zuhaiztia. Misha Ridder, Regina Anzenberger, Pablo Castilla eta Ellen Bornkesselek ateratako zuhaitzen paisajeak daude ikusgai lehenengoan. "Hamabi argazkik osatzen dute, formato eta tamainu anitzetakoak. Bakoitzak basoari buruzko ikuspegi bat du; eta teknika bat baino gehiago landu dituzte".

Bertako ordezkaria

Euskal Herriko artista bati lekua ematen dio bigarrenak. Imanol Marrodanek landutako Frozen Trees Zornotzan ikus daiteke. Izoztutako zuhaitzen irudiak hartu ditu argazkilariak. "Urte asko egin ditu Anboto mendiaren inguruan lanean. Marrodanek ilusio handia zeukan proiektua garatu den lekutik gertu ikusgai jartzeko". Banakako erakusketa bakarra da; gainerakoak kolektiboak dira.

Maiatza, ekaina eta uztaila artean argazkiak jasotzeko nazioarteko deialdia egin zuen Kinua argazki elkarteak, Zuhaiztia erakusketa kolektiboa osatzeko. 44 argazkiz osatutako laginak hainbat lekutan dituzte ikusgai: "Zati bat Arte eta Historia museoko lehenengo solairuan dago, Durangon. Zuhaitzen lekua eta Zuhaiztia ditugu bertan. Bata bestearengatik ondo bereizita dago, marko eta guzti, ohiko erakusketetan legez". Erakusketaren beste atal bat Iurretan dago, belaki batzuetan jarrita. Beste zati bat Plateruena kafe antzokiaren fatxadan dute, eta, azkena, Abadiñoko Errota kultur gunean.

Barrualdeko eta kanpoaldeko erakusketak prestatu dituzte, beraz. Durango, Iurreta, Zornotza eta Abadiñoko agertokiek hartu dituzte bertako eta atzerriko artisten lanak. Argazkilaritza kalera ateratzeko nahia beti izan dute Leo Simoesek eta haren taldeak. Eraikinen fatxadak eta herrietako beste eremu batzuk baliatu dituzte horretarako. Iurreta eta Durango lotzen dituen zubia da ekimen horren adibideetako bat. Mugakideak dira bi herriok. Bata bestearen mendekoa zen aspaldi. Geroago, Iurreta desanexionatu egin zen, eta bere autonomia berreskuratu zuen. "Ibaizabal ibaiaren gainean belaki handietan kokatu ditugu argazkiak. Era horretan, argazkilaritza edozein herritarrengana irits daitekeela bermatzen dugu. Izan ere, egunero, gutxienez, 400 lagun pasatzen dira zubi horretatik".

Zornotzako Zelaieta kultur etxearen fatxada ere arbolen irudiez jantzi dute. "Etxe barruan erakusketarako nahikoa lekurik ez dago. Hala, belakiak jarri behar izan ditugu eraikin horren fatxadan ere".

Aurten bete dute jaialdia Durangotik eskualdera zabaltzeko betidanik izan duten ametsa. Ez da izan lan erraza. "Ez dago erakusketarako leku askorik Durangaldean. Argazkilaritza tradizio handirik ere ez dago. Argazkilaritza arte eta kultur jarduera gisa hartuta, noski". Hala ere, sustraiak lurrean barrena zabalduz doaz. Indarra hartuz doa, beraz, Begira Photo. "Hala dela pentsatu eta sinetsi gura dugu".

Pentsamendu garaikideaz

Argazkiak erakusteko jarduera hutsetik harago doa Begira Photo. Argazkilaritza Mintzagai jardunaldiak prestatu dituzte azarora begira. "Jaialdiak sormen artistikoa sustatzen du. Baina baita irudi fotografikoen inguruko pentsamendu garaikidea ere. Pentsamendua sustatzeko espazioa da hau. Argazki liburuek eta erakusketek sormena defendatzen dute, eta jardunaldiek, pentsamendua".

Jaialdiari bukaera emateko saiook azaroaren 11n eta 12an egingo dituzte. Hainbat gonbidatu izango dituzte hitzaldietan eta mahai inguruetan parte hartzeko. Hainbat gai izango dituzte mintzagai: sormena argazkilaritzan, argazkiak ikusleengana iritsi ahal izateko zabalkundea, eta kritika zein kritikarik eza. "Behin eta berriro errepikatzen ari garen ardatz horien inguruan eztabaidatuko dugu: lanaren sozializazioa, argazkilaritzaren inguruan dauden rol anitzak... Argazkilariez gain, badaude beste aktore batzuk: argitaratzailea, galerista... Argazkilaritza biltzen duen guztiari lekua egiten saiatzen gara pentsamendu foro honetan, rol anitzetatik aztertuta".

Irudien eta pentsamenduen zurrunbilo horretan barneratuta, jaialdia zenbait argazki liburu sustatu eta aurkezteko ere baliatu du Begira Photok. Carmen Riveroren Pérdida de lo absoluto; Ximena Almeydaren Calma, eta Jesus Mari Aruabarrenaren Friederike argazki liburuak aurkeztu zituzten joan den astean. Horiekin batera aurkeztu zituzten Noctis Photobooks eta Pewen Cuadernos de Fotografía proiektuak ere.

Basoaren misterioak utziko ditu agerian aurten Begira Photo jaialdiak. Ikuspegi anitzak islatzen dituzte argazkiek. Lanok, adarrez betetako baso ezkutuetan zein hiri barruko zuhaiztietan murgilduko dituzte ikusleak. "Irudietako askotan arbola bakar bat ageri da. Hala ere, zuhaitz mordo batek elkarrekin osatzen duten multzoa da baso bat. Landaketak, ziurrenik mendeetan zehar hor egon diren basoak eta eta hondamendiren bat edo beste uztartu ditugu; suteak, batez ere". Basoaren barreneko poesia azaleratzen duten irudiak euren jatorrizko bizilekuetatik kanpo atera dituzte, eta herritarrei, meditazio eta gogoetarako leku zoragarri gisa aurkeztu, irudi ezkorrak, gehienetan, bazter utzita. Eta beti ere, zaindu beharreko leku paregabe legez azalduta. Zuhaitzak bizitzaren berme direlako.

Itsasaldien topaleku

Itsasaldien topaleku

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Islandia, New York, Ingalaterra, Alemania, Mundaka, Donostia eta Zarautz. Askoren artean, hiri eta herrialde horien elkargunea da egunotan Bermeo. Mareak jaialdiaren bigarren edizioa ospatzen ari dira bertan. Eta urriko lehen ham...

Migrazioek utzitako arrastoak

Migrazioek utzitako arrastoak

Natalia Salazar Orbe

Beharrizanak bultzatuta zein beste herri batzuk ezagutzeko abentura goseak eramanda, betidanik, milioika gizon-emakumek utzi dute beren aberria eta beste leku batzuetara jo. Bidaia eta lekualdaketa horiek kulturen truke ugari ekarri dituzte. Eta jatorrizko herrira itzuli direnen kasuetan, bisitaldi horien eragin nabarmenak eraman dituzte. Horixe hartu dute ardatz, aurten, Ondarearen Europako Jardunaldiek. Etxetik kanpo: migrazioak eta kultur ondarea izenburupean, 300 jarduera inguru prestatu dituzte Bizkaiko 63 udalerritan. Historiaurreko gizakien migrazioak eta duela urte gutxira arteko migrazio mugimenduak aztertuko dituzte zenbait herritan. Jarraian, herri batzuetako jarduera horietako batzuk jaso dira.

AULESTI
Kridxedak

Historiaren kontakizunetan sarri ahaztuta utzi badira ere, emakumeentzako leku batzuk gorde dituzte jarduerotan. Aulestikoa da horien adibideetako bat. 1936ko gerraren aurretik eta ostean, hainbat eta hainbat neskatila joan ziren inude dirudunen etxeetara, neskame edo kridxeda lanak egitera. Emakume horiei egindako elkarrizketak jasota, film labur bat prestatu dute. Estreinaldia urriaren 28an egingo dute, ostiralez, udaletxeko ekitaldi aretoan. Euskarazko emanaldia 21:00etan hasiko da.

BARRIKA
Lehen migrazioak

Jakina da migraziorako joera antzina sortu zela. Horren adibide baten berri emango dute Barrikan. Bisita gidatu baten bidez, Kurtziomendi aztarnategia ezagutuko dute bisitariek. Historiaurreko gizakiek erabiltzen zuten silex lehengai garrantzitsua eskuratzeko gune nagusia zen berau. Duela 300.000 urtez geroztik ehiztari eta biltzailez osatutako lehenengo migrazio taldeek silexez egindako objektuak harrobi horretatik oso urrun zeuden Historiaurreko aztarnategietara nola eraman zituzten erakutsiko dute. Horrez gain, Kurtziomendi harrobiko silexa lantzeko tailerrak prestatu dituzte. Lanabes esperimentalak egingo dituzte horietan, Historiaurreko gizakiek egiten zutenaren antzera. Bisita urriaren 15erako antolatu dute; eta, tailerra, 29rako.

BASAURI
Eskarabillerak

Eskarabillerek trenetako eta lantegietako ikatzaren hondakinak jaso eta saltzen zituzten. Emakumeek egiten zuten lan hori. Eskarabillerak Basauriko historiaren isla dira, eta herritarren ikurra. Emakume horien eta XX. mendearen hasierako beste andre batzuen lana ezagutzeko, haien bizitzei buruzko bideo bat proiektatuko dute. Urriaren 9rako egin dute deialdia. Haurrentzako ipuin kontalariak eta tailerrak ere egongo dira.

BERANGO
Herritik mundura

Gerrek eragin dituzte migrazio mugimendu ugari; historian zehar iheslarien exodoa eragin dute. 1936ko gerran milaka gaztetxok alde egin behar izan zuten. Altair Markaidak hitzaldia emango du, bidaia horien ondorioz beste lurralde eta kultura batzuk ezagutu zituztenen jatorriei eta helmugei buruz mintzatzeko. Gertaera hark protagonistengan utzi zuen arrasto ezabaezina ere izango da hizketagai. Euskal kultura eraman zuten haiekin batera. Baita zabaldu ere. Urriaren 21ean entzun ahalko dira hitzaldi horren xehetasunak.

BERMEO
Euskaldunak Islandian

Euskal Herriko arrantzaleek urrutiko lurraldeetara jo dute mendeetan, baleak eta bakailaoa arrantzatzera. Islandiako lurretan izaniko zenbait esperientzia eta abentura jasotzen dituen erakusketa izango da ikusgai Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Eta hitzaldi bat ere emango dute hilaren 18an. Islandiako herritarrekin izan zuten harremana ezagutu ahalko da; bereziki, XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, merkataritzaren zein giza harremanen ikuspegitik. Gogora ekarriko dituzte bortitzak ere izan ziren desadostasunak eta bat egiteak. Horiek guztiek elkarrekin bizitako historia islatzen dute. Eta horien memoriak eta eragin kulturalak bizirik iraun dute gaur egunera arte, hainbat arlotan: linguistikan eta Islandiako jantzi tradizionaletan, kasurako.

BILBO
Historiako migrazioak

Gizakien migrazioak kultur trukerako tresnatzat eta komunitateen arteko komunikazio eratzat ere jo daitezke. Ideia horren gaineko gogoeta zabaltzeko asmoz, bost hizlarik historian zehar izan diren biztanleria mugimenduetako batzuk erakutsiko dituzte. Gizakia Afrikatik atera zenetik, eta godoak Inperioaren mugen barruan kokatu zirenera arte. Urriaren 18an hasiko dituzte saiook, Arkeologia museoan.

Beste herri gehienetan ere ekitaldi bat baino gehiago antolatu dute. Bilbon hainbat lekutan izango dira jarduerak. Iraganeko migrazioak azterturik, gaur egungo esperientziak islatuko ditu, besteak beste, Mundu Walk izeneko saioak. Munduko hainbat lekutako pertsonak bizi dira San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan. Jaioterriak utzi eta beste leku batera alde egin behar izan duten bizilagunak dira. Pertsona horiei merezitako aukera berria lortzen laguntzen dieten auzo elkarteak ezagutzeko ibilbide gidatu bat antolatu dute urriaren 4 eta 18rako.

Migrazio mugimenduetan ezin ahantz zitekeen Ameriketara artzain lanetan joan ziren euskaldunen historia. Bakardade handian murgilduta, artzainek zuhaitzen enborren azaletan grabatzen zituzten irudiak eta hitzak. Argazki erakusketa batean jaso dituzte arte iragankor horren zenbait eredu. Euskal Museoan izango da ikusgai.

Bizkaian izandako migrazioek eta euskal herritarrek Islandian eta Ameriketan utzitako aztarnei buruzko bost hitzaldi prestatu ditu, bestalde, Euskaltzaindiak. Euskararen aztarnak izango da lehenengoa. Gidor Bilbaok azalduko du pidgina komunikazio eredua. Hizkuntza horrek 745 berba dauzka. Euskara, islandiera, frantsesa eta ingelesezko 745 berba gordetzen ditu.

ELORRIO
Auzokide exotikoak

Kultur adierazpenez gain, lorategiak ere zibilizazioaren eta naturaren arteko lotura hertsien adierazpide dira. Hala dio Lorategi Historikoen Florentziako Gutunak. Hori hala dela egiaztatu nahi dutenentzako, Elorrioko jauregi batzuetako lorategietan barrena ibiltzeko aukera eskainiko dute urriko bi asteburutan. Urrutitik ekarritako zuhaitzak ikusi ahalko dituzte ibilaldi gidatuotan parte hartzen dutenek.

ERANDIO
Langileeen etxeak

Industrializazioak eskulan ugariren beharrizana sortu zuen Bizkaian. XIX. mendearen bukaeraz geroztik, Erandiora langile asko joan ziren bizitzera eta lan egitera. Altzaga auzoan hartu zituzten horietako asko. Horretarako, etxebizitza eredu berriak eraiki ziren: alokatzeko eraikinak, etxe merkeak eta etxebizitza multzoak egin ziren, besteak beste. Bisita gidatua egingo dute urriaren 22an.

KARRANTZA
Indianoen oihartzuna

Indianoen migrazio mugimendua da jardunaldiotan aztertuko den beste alor bat. XVIII eta XIX. mendeetan herritar askok, Ameriketan edo Filipinetan aberastu ondoren, patronatuak eta fundazioak sustatu zituzten euren jaioterrietan. Sainz Indo fundazioa da adibide horietako bat. Karrantzako bisita hori baliatuta, indianoek sorterrian izan zuten garrantzia eta oihartzuna aztertuko dituzte.

KORTEZUBI
Nomadak

Kulturaren eta historiaren transmisioak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da txikienek ere horren berri izatea. Haientzako jarduerak ere antolatu dituzte hainbat herritan. Kortezubi da horietako bat. Jokoak baliatuta, 6 eta 12 urte arteko gaztetxoek ikasiko dute Historiaurreko biztanleak ez zeudela beti haitzulo berean. Bizirik irauteko baliabideen bila leku batetik bestera mugitzen zirela. Halaber, Santimamiñe inguruan nagusi ziren animalia eta landare espezieak zeintzuk ziren ere azalduko diete. Euskaraz egingo dute jarduera, urriaren 15ean.

LARRABETZU
Burdin Hesiaren arrastoak

1936ko gerraren gehiegikeriak presente izango dira jardunaldien barruan. Armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zeneko 80. urtemuga bete berri da. Altxamendua gertatu zenetik hilabete batera hasi ziren eraikitzen matxinatuen kontra babesteko sistema, Larrabetzun. Milizianoek, herritarrek eta Gipuzkoatik etorritako errefuxiatuek eraiki zuten. Lubakiak hondeatu, eta metrailadore habiak eta babeslekuak egin zituzten. Hiru belaunaldi igaro dira orduz geroztik, baina, memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz jabetuta, larrabetzuarrek ondare hori berreskuratu dute. Eta bisita gidatuak egiten dituzte. Urriaren 29rako antolatu dute bat.

LOIU
Ingelesen hilerria

Migrazioak mugimendua eta bizitasuna iradokitzen baditu ere, mugimendu horren protagonistak, urteen poderioz, hil egiten dira. Bizitzaren prozesu horren erakusgarri, Loiun hilerri bitxi bat dago. Britainia Handiko koroaren mendeko enklabe bat da. 10.000 metro karratu dituen hilerria: Ingelesen hilerria. 1926. urtean egin zuten, katolikoak ez ziren pertsona ingelesak eta beste leku batzuetakoak ehorzteko. Azken mendeetako Britainia Handiaren eta Bizkaiaren arteko harreman sakonen lekukoa da.

OROZKO
Teilaginen hizkera

Gorbeialde ingurura ere iritsi ziren migratzaileak. Eta, gaur egun sarri gertatzen den legez, bertakoek nahi ez zuten lanbide batean aritzen ziren. Arearrietako teileria dago Orozkon. Bertakoek ez zuten batere gogoko ogibide hura; iraingarritzat jotzen zuten. Hala, sasoikako langileek hartu zuten: lehenengo, Kanbotik (Lapurdi) iritsi ziren, eta gero, Asturiastik. Kulturen truke horrek hizkera berezi bat sortu zuen: teilaginen hizkera, xiriga. Asturiasko ekialdeko teilaginek euren artean erabili ohi zuten mordoiloa Euskal Herrian ikasitako berbekin nahastuta osatu zuten. Felix Mugurutzaren eskutik izango da xiriga ezagutzeko aukera, urriaren 22an.

ZEANURI
Karea egiteko prozesua

Kareak izan zuen erabilgarritasuna ezagutzeko, San Justuko karobia bisitatzeko aukera eskainiko dute, Zeanurin. Hainbat gauzatarako erabiltzen zuten karea: eraikuntzan, morteroa lortzeko eta baserriak zuritzeko kare-esnea egiteko; nekazaritzan, ongarri moduan; abeltzaintzan, kortak desinfektatzeko...

Kareaz gain, energia sortzeko eremu bat ere badu herriak: Barazarko zentral hidroelektrikoa. Lurpean ezkutatuta dago. 1950eko hamarkadan Bizkaiko Labe Garaiei zerbitzua emateko egin zuten. Zehazki, 1948. eta 1950. urteen artean eraiki zuten. 3.000 pertsonak egin zuten lan eraikuntza lanotan. Gehienak etorkinak ziren. Undurraga auzoan bizi ziren horietako asko eta asko. Urriaren 19rako antolatu duten ibilbide gidatuari esker, toki berezi hori eta bertako 12 kilometro eta erdiko tunela ezagutuko dituzte bisitariek.

Informazio zehatzagoa bildu nahi izanez gero:

bizkaikoa.bizkaia. eus/jep

Euskal Herriko artzain txakur onenaren bila

Euskal Herriko artzain txakur onenaren bila

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Riki, Txuit, Leze, Bat eta Arin. Artaldea gidatzeko lanetan aritzen diren artzain-txakurren izenak dira horiek. Bizimodua ateratzeko era izan da eta da artzaintza bizkaitar zein euskal herritar askorentzat. Eta, ogibide horretan, funtsezko gidaria izan dute artzainek: txakurra. Artaldea gidatzeko lan hori, kirol bihurtu da azken urteetan. Eta saio garrantzitsua dute larunbatean jardun horretan aritzen direnek, Euskal Herriko Artzain-txakur Txapelketa jokatuko baita Atxondoko Elizondoko larreetan. Berezia izango da aurtengo lehia, mende laurdena igaro baita lehen txapelketatik. Ekitaldiak ez dira larunbatera mugatuko, ordea. Asteburu osoan egingo dituzte Abadiñon, Ardi Jaia egitarauaren barruan.

Euskal Herri osoko artzainek parte hartzen dute Gerediagak urtero antolatzen duen lehiaketan. Herrialdekako txapelketetan lehiatzen dira lehenengo, eta ondorengo zita da Atxondokoa. Eta hamaika artzain izango dira larunbateko ekitaldian: lurralde bakoitzeko txapeldunak eta txapeldun ordeak, alegia. Bizkaiko txapelketan Juan Egurrolak eta Aitor Urienek lortu zuten larunbatean jokatuko den finalerako txartela, Leze eta Bat txakurrek lagunduta.

Berezia da Urienen kasua. Abadiñokoa da, eta txapelketako partaiderik gazteena: 25 urte ditu. Baina gaztea izan arren ondo ezagutzen du artzainen jarduna. Kirolean aritu izan dira haren birraitona, aitona eta aita. Eta tradizio hori jaso du berak ere, hamaika urte zituenetik aritu baita kirolean. Edonola ere, artzain-txakurren txapelketez haragoko harremana du Urienek ardiekin. Ibaizabalgo gazta ere egiten du abadiñarrak, eta txapelketa bitartean plazan egongo den Durangaldeko Idiazabalgo gazten azokan, salgai izango dira berak ekoizten dituen esnekiak.

Bi horiez gain, Enrike Mendiguren orozkoarra ere izango da txapelketan, lehen postua lortzeko lehian. Iazkoa irabazi zuten Mendigurenek eta lagun duen Riki artzain-txakurrak. Aurtengo Euskal Herriko finalean zuzenean sailkatu da horregatik. Bi ariketa egin behar izango dituzte parte hartzaileek.

50 urte lehen txapelketatik

Aurtengoa berezia da Gerediaga Elkartearentzat. 50 urte dira txapelketa lehen aldiz antolatu zela, eta, horregatik, azken mende erdian izan diren 50 irabazleak omenduko ditu elkarteak larunbateko ekitaldian. 1967an egin zen Euskal Herriko lehen artzain-txakur txapelketa, Mañarian. Eta urtero, Durangalde eskualdeko herri batean egin dute jaia. Azken txapelketetarako, Atxondoko Elizondoko landetako talaia aukeratu du elkarteak ekitaldia egiteko; Anboto mendiaren magaleko lurretan, alegia. Txapelketara sartzeko sarrera lau euroan salduko dute, eta, lehiaren ondoren, gazta eta ardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek, trukean.

Bien bitartean, ardi arrazak ezagutzeko erakusketa jarriko dute plazan, eta azoka ere egingo dute. Gazteek artzainen lana ezagutzeko, tailerrak ere prestatuko ditu elkarteak, eta Latxine izeneko ardi erraldoia jarriko dute, txirristan ibiltzeko. Lehen orduan, Atxondo inguruko mendiak zeharkatzeko aukera izango dute korrikalariek, Atxondon hasi eta bukatzen den Sorginen mendi lasterketan.

Larunbateko ekitaldiez gain, asteburu osoko egitaraua prestatu dute Gerediagakoek 50. urtemuga ospatzeko. Gaur arratsaldean hasiko da Ardi Jaia. V. Baserri Eguna egingo dute Abadiñoko Matiena auzoan, eta, besteak beste, inguruko ekoizleen produktuak jarriko dituzte salgai.

Iganderako, transhumantzia antolatu dute Abadiñoko Udalak eta Alluitz Natura elkarteak. Artzainek, neguko hotzetik ihes egiteko artaldearekin egiten duten bidearen zati bat egiteko aukera izango dute herritarrek: Atxartetik Urkiolako santutegira doan bidea. Familientzako tailerrak eta jolasak ere egingo dituzte transhumantziako ibilbidea bukatzean.

Tradizioei eutsi, eta irauli

Tradizioei eutsi, eta irauli

Natalia Salazar Orbe

Zabalkunderako aukera txikien izaten duen folk musikak agertoki zabala aurkitu du Ermuan. XI. Folkez Blai ari dira egiten han. Gaur, bihar eta etzi, sei talde lehiatuko dira urteko folk talde hasiberrien onena zein den ebazteko. "Maila ona" dutela eta estilo anitz uztartuko dituztela iragarri du Patxi Lopez kultura teknikariak.

Bi helbururekin abiatu zuten: "Batetik, folk talde berriei bultzada ematea". Lehiaketarako oinarriek diote parte hartzen dutenek gehienez bi disko izan ditzaketela kalean. "Beren bidea hartua dutenak ez zaizkigu interesatzen. Hasten ari diren folk taldeei lehen bultzada ematea dugu xede".

Bestetik, folk musika bera bultzatu gura dute. "Irratietan eta komunikabideetan, batez ere, rocka, musika elektronikoa edota popa entzuten dira. Folk musikarik ez da entzuten. Garrantzitsu deritzogu herriko zein inguruetako jendeari musika hori entzuteko aukera ematea".

27 taldek aurkeztu dituzte euren lanak. Hala ere, urtero legez, sei besterik ez dituzte aukeratu. "Oso maila bikaina dute". Euskal Herriko ordezkari bakarra ariko da: Ordago Folk. Gehiago aurkeztu ziren, baina Arabakoa besterik ez da iritsi finalera.

Hainbat arlo izaten dituzte kontuan taldeak aukeratzeko orduan: "Batetik, konposizioa: jatorrizko abestiak kantatu behar dituzte. Bestetik, musika mailari erreparatzen zaio: instrumentazioari. Musikarien arteko oreka ere kontuan hartzen da". Azkenik, finalera iristen direnen artean irabazlea erabakitzeko, ikuskizuna bera da gakoa: "Zuzenean zer-nolako proposamena taularatzen duten agertokian".

Sei estilo propio

Sei taldeon estiloak erabat desberdinak dira. Iberiar penintsulako kantu ezagunenetan eta melodietan errotutako musikarekin gozarazteko asmoz iritsiko da Ermuara Bruna Sonora Madrilgo taldea. Ordago Folk arabarrek, eurek sortutako doinuak zein abesti bilduma zaharretatik egokitutakoak eramango dituzte agertokira.

Festa eta erritmoa gailenduko dira El Gueto con Botas taldearen ikuskizunean. Ska, reggae eta drum & bass erritmoekin batera uztartuko dute folk musika. Bestalde, tradizioak babesteko helburua du Xaluq taldearen musikak. Valentziar kulturak gordetzen dituen kanturik zaharrenak eramango dituzte Orbe kardinalaren plazara.

Galiziako gaita du protagonista Pontevedratik iritsiko den Quodlibet taldeak. Konnotazio historiko eta artistikoz betetako agerraldia egingo dute. Azkenik, Salamancako Brân taldeko musikariak gaita, whistle-a, bibolina, gitarra, kontrabaxua eta perkusioa eskuan dituztela agertuko dira agertokian.

Maila bikaina erakutsi dute denek, lehiaketarako aurkeztu dituzten lanetan. Hori hala izan da orain arteko jaialdi guztietan. Urteekin aldatu den gauza bakarra da gero eta urrutiago iristen dela jaialdiaren oihartzuna.

Aukera ona eskaintzen die lehiaketak hasi berriak diren taldeei ezagunago bihurtzeko. Batetik, hainbat komunikabidetan ateratzen dira irabazle moduan. Horrez gain, "lehen saria eskuratzen duenak zuzenean Getxo Folk jaialdian parte hartzeko aukera du. Eta datorren urtean gonbidatu gisa joko du gure jaialdian. Beren produktua ezagutarazteko beste aukera bat, beraz".

Talde errotuak

Lehiaketara aurkezten diren taldeez gain, gonbidatutako beste batzuk ikusteko aukera ere izango da egunotan. Xabi Aburruzaga Band ariko da gaur. Trikitilariak bere trebezia utziko du agerian Ermuan.

Euskelga taldeak bihar emango du kontzertua. Haren eskutik, geografia zelta osoan zehar bidaiatu ahal izango dute ikus-entzuleek.

1999an sortu zen Los Niños de los Ojos Rojos. Hainbat kulturatan zehar bidaiatzeko aukera eta ikuskizun ikusgarria eskainiko dizkie bihar euren kontzertura biltzen direnei. Azkenik, iazko Folkez Blai lehiaketa irabazi zuen Entre Orillas Bartzelonako taldeak kontzertua emango du domekan. Flamenkoaren eta musika kubatarraren arteko komunikazioa du ardatz: bi herri horien arteko eraginari buruzko ikerketa lana. Hala, hainbat estilo jorratzen ditu taldeak, kutsu oso pertsonalarekin: guajira, tangoak edota habanerak, besteak beste.

Jende mordoa erakartzen du jaialdiak. "Oso giro polita sortzen du. Gero eta jende gehiagok estimatzen du. Jendez betetzen da Orbe kardinalaren plaza, unean uneko kontzertuaren arabera. Herritarren aitortza badu".

Folkez Blai Ermuko agendan txoko egonkorra lortu duen ekitaldietako bat da. 11 urte bete ditu aurten, jada. "Pixkanaka hasi ginen. Eta hori haziz joan da. Oso pozik gaude. Betidanik izan dira sei talde finalean. Hala ere, gero eta talde gehiago daude gonbidatu gisa; gero eta ezagunagoa egiten ari da jaialdia. Hitzordu garrantzitsua da gurean. Proiektu moduan hasi zen, baina erabat egonkortuta dago gure programazioan".

Datozen urteei begira "baliabide gehiago" izatea nahiko lukete antolatzaileek, besteak beste, talde ezagunagoak gonbidatu ahal izateko. Ekitaldi gehiago antolatu ahal izatea ere badute amets: "Tailerrak, azoka bat, kalejirak... Baina, oraingoz, hau da daukaguna eta egin dezakeguna. Gure asmoa haztea da, ahal dugun heinean".

Denboraren arrastoak, agerian

Denboraren arrastoak, agerian

Natalia Salazar Orbe

XX. mendeko hiri bateko irudi bat; zuri-beltzean. Eta gaur egungo argazki bat, leku berean, koloreetan. Biak tartekatuta. Iraganeko irudia erdian, txertatuta ageri da: urteetan izandako aldaketa urriaren adierazgarri. Hiria Altneuland da, Israelen. Eta denboran eta espazioan bidaiatzen duen argazkilaria, Amit Sha'al. Denboraren joana irudikatzen du. Iragana, oraina eta etorkizuna, hirurak elkartuta gainazal berean. Argazkiak denbora hori islatu, iradoki eta komunikatzeko duen gaitasuna aztertuko du aurten Getxophotok.

Hamargarren urteurrena du jaialdiak. Atzo hasi eta urriaren 2ra bitartean, hogei erakusketa, tailerrak, eskolak, proiekzioak eta bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste.

Erakusketa gehienak kanpoan izango dira. Dena denen esku, aire zabalean. Hori du-eta ezaugarri nagusi jaialdiak. Formatu bitxiak baliatuko dituzte erakusgai dauden artelanak ikusarazteko: edalontzi azpikoak, belaki erraldoiak, fatxada papereztatuak, ikus-entzunezko proiekzioak, biniloak eta erakusleihoak.

Algorta auzoa bilakatu dute irudi bitxi eta erakargarrien topaleku. Hala, herrian barrena ibilbide bat eginez, irudi ikusgarri, hunkigarri eta harrigarriak aurkituko ditu bisitariak iraganetik etorkizunerako bide horretan.

Gherstenen loreak

Artistei dagokienez, ospetsuei zein etorkizun oparoa iragartzen zaien gazteei egin diete lekua. Hainbat ikuspegitatik heldu diote, batzuek eta besteek, Getxo-photok ardatz hartu duen gaiari. Besteak beste, Ori Ghersten Blown Up (Loreen detonazioa) dago ikusgai. Natura hilik islatzen du artistak. Lorak nitrogeno likidoa baliatuta izoztu ostean, leherrarazi egiten ditu. Hainbat kamera erabiltzen ditu prozesu osoa abiadura azkarrean jasotzeko. Emaitza, polita ez eze, beldurgarria ere bada. Loreen iraupen gutxiko edertasun eta zaurgarritasun ezaugarriak utzi ditu agerian.

Chino Otsukak memoriaren, identitatearen, denboraren eta argazkilaritzaren arteko harremana aztertu du. Denboraren makina bat balitz bezala, prozesu digitalak baliatzen ditu bere jatorrizko herrira itzulita, bere historiari erreparatzen dion turista gisa aritzeko. Bide batez, bere iragana berrikusteko modu bat ere bada, haurtzarora bidaiatuz. Errealismo handiko erretratu bikoitzak sortzen ditu Tokioko artistak; sinesgarritasun handikoak. Otsuka heldua eta Otsuka haurra elkarren ondoan aurkezten ditu, antzinako neskatxari mezuren bat bidali nahiko balio legez: "Begira nazazu. Hemen nago", esan behar diola dirudi argazkiari erreparatuta.

Beste era batera jokatu du denborarekin Irina Weningek Back to The Future bere lanean. Bera ez den argazkilari baten lana eta berea baliatzen ditu azken emaitza lortzeko. Bi argazkik osatzen dute sail horretako obretako bakoitza. Ezkerrekoan, 1970 inguruan ateratako argazki bat dago; eskuinaldean, enkoadraketa eta bestearen xehetasun berberak dituen beste irudi bat ageri da. Denboraren joana agerian uzten du bigarren irudi horrek: protagonistak zaharrago azaltzen dira. Deigarria da oso eszenografia guztien berreraikuntza. Izan ere, batean eta bestean, bietan, berdina da. Pertsonaiak ere berdin jantzita ageri dira. Elementurik hunkigarriena ikus ezin daitekeen denbora da; alegia, argazki baten eta bestearen artean igaro diren 25 urteak: etorkizunerako itzulia.

Oroimenik bako denbora

Erakusketa guztien artean bada barrenak astinduko dituen lagin berezi bat: Paperezko erlojuak marrazki erakusketa. Alzheimerra duten pertsonek memoriaren galerari buruzko tailer batean egindakoak dira. Dementzia eta Alzheimerrari buruzko ikerketen arabera, denboraren nozioa da gaixook galtzen duten lehen gauza. Hala, memoriarik ez duena denboran kokatzen ez dakien gizaki bilakatzen da, lekuan edo izaeran kokatzen ez dakien pertsona bihurtu aurretik.

Pilulak hartzeko ordua, injekzioa jartzekoa, otorduak, nekearen ordua... Denboraren nozioaren galeraren adierazgarri, orduak esferatik kanpo kokatzen dituen erloju baten irudia aukeratu dute. Erloju hori irudikatu zuen adinekoaren buruaren barren-barrenean, ezkutuan, zer gordetzen den ezin jakin azalpenik gabe irudiari txundituta begiratzen dionak.

Bada gizakiak eta naturak aurre egin ezin dioten beste borrokarik ere: denboraren kontrakoa. Anna Katharina Scheidegger suitzarrak borroka horren adibide bisuala aurkeztu du: Suitzako Alpeetako glaziarren urtzea baliatuta islatu du denboraren kontrako borroka hori.

Antzeko bidea jorratu du Mark Formanekek ere. Standard Time bere lanak agerian uzten du denbora kontrolatzeko gizakiak duen obsesioaren aurrean lortu duen gauza bakarra hura neurtzea besterik ez dela izan. Ohalaxka handiak baliatuta, eskuz egindako erloju handi bat erakusten du. 70 beharginek etengabe zelan moldatzen duten jaso du: eguneko 24 orduetako minutu ororen irudiak erakusten ditu.

Emakumearentzako txoko berezi bat ere bada. Getxophotok, Bilboko Euskal Museoarekin elkarlanean, omenaldia egin nahi dio lehen euskal emakume argazkilariari. Eulalia Abaituari (Bilbo, 1853-Bilbo, 1943). XIX. mendearen bukaeran Liverpoolen bizi zen garaia oso garrantzitsua izan zen harentzat. Han ezagutu zuen argazkilaritza, eta lehen hastapenak egin zituen arte horretan. Zenbait aparatu eskuratuta, geroago Bilbora eramango zituen teknika batzuk ikasi zituen. Historialariek lehen euskal emakume argazkilaritzat jo dutenak garai zailak eta aldakorrak bizi izan zituen: gerren arteko garaiak, Bilboren industrializazio prozesua eta landa gizartearen ahultzea. Aldaketa garrantzitsu horien guztien lekukoa izan zen. Bera bizi izan zen eremutik gertukoak jaso zituen bere lanetan: Arratia, Begoña auzoa zein itsasadarra, besteak beste. Haren argazkiek balio etnografiko eta historiko handia dute. Horrez gain, hark utzitakoak aldaketa eta nahasmendu handiko garai haiei buruzko agiri garrantzitsuak dira.

Jaialdiak erakusgai jarri dituen argazki guztiak hiru orduko ibilbidean ikus daitezke. Bisita gidatuetan izena emateko aukera ere badago. Ibilbidea bere kabuz egin nahi duenak argibide ugari aurkituko du erakusketei buruz prestatu duten mapa deskargatuta. Aitzakiarik ez dago, beraz, teknika, baliabide, teknologia, ikuspuntu eta adierazmen ugariz betetako artelanei erreparatzeko tarterik ez hartzeko.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

getxophoto.com