Tradizioei eutsi, eta irauli

Tradizioei eutsi, eta irauli

Natalia Salazar Orbe

Zabalkunderako aukera txikien izaten duen folk musikak agertoki zabala aurkitu du Ermuan. XI. Folkez Blai ari dira egiten han. Gaur, bihar eta etzi, sei talde lehiatuko dira urteko folk talde hasiberrien onena zein den ebazteko. “Maila ona” dutela eta estilo anitz uztartuko dituztela iragarri du Patxi Lopez kultura teknikariak.

Bi helbururekin abiatu zuten: “Batetik, folk talde berriei bultzada ematea”. Lehiaketarako oinarriek diote parte hartzen dutenek gehienez bi disko izan ditzaketela kalean. “Beren bidea hartua dutenak ez zaizkigu interesatzen. Hasten ari diren folk taldeei lehen bultzada ematea dugu xede”.

Bestetik, folk musika bera bultzatu gura dute. “Irratietan eta komunikabideetan, batez ere, rocka, musika elektronikoa edota popa entzuten dira. Folk musikarik ez da entzuten. Garrantzitsu deritzogu herriko zein inguruetako jendeari musika hori entzuteko aukera ematea”.

27 taldek aurkeztu dituzte euren lanak. Hala ere, urtero legez, sei besterik ez dituzte aukeratu. “Oso maila bikaina dute”. Euskal Herriko ordezkari bakarra ariko da: Ordago Folk. Gehiago aurkeztu ziren, baina Arabakoa besterik ez da iritsi finalera.

Hainbat arlo izaten dituzte kontuan taldeak aukeratzeko orduan: “Batetik, konposizioa: jatorrizko abestiak kantatu behar dituzte. Bestetik, musika mailari erreparatzen zaio: instrumentazioari. Musikarien arteko oreka ere kontuan hartzen da”. Azkenik, finalera iristen direnen artean irabazlea erabakitzeko, ikuskizuna bera da gakoa: “Zuzenean zer-nolako proposamena taularatzen duten agertokian”.

Sei estilo propio

Sei taldeon estiloak erabat desberdinak dira. Iberiar penintsulako kantu ezagunenetan eta melodietan errotutako musikarekin gozarazteko asmoz iritsiko da Ermuara Bruna Sonora Madrilgo taldea. Ordago Folk arabarrek, eurek sortutako doinuak zein abesti bilduma zaharretatik egokitutakoak eramango dituzte agertokira.

Festa eta erritmoa gailenduko dira El Gueto con Botas taldearen ikuskizunean. Ska, reggae eta drum & bass erritmoekin batera uztartuko dute folk musika. Bestalde, tradizioak babesteko helburua du Xaluq taldearen musikak. Valentziar kulturak gordetzen dituen kanturik zaharrenak eramango dituzte Orbe kardinalaren plazara.

Galiziako gaita du protagonista Pontevedratik iritsiko den Quodlibet taldeak. Konnotazio historiko eta artistikoz betetako agerraldia egingo dute. Azkenik, Salamancako Brân taldeko musikariak gaita, whistle-a, bibolina, gitarra, kontrabaxua eta perkusioa eskuan dituztela agertuko dira agertokian.

Maila bikaina erakutsi dute denek, lehiaketarako aurkeztu dituzten lanetan. Hori hala izan da orain arteko jaialdi guztietan. Urteekin aldatu den gauza bakarra da gero eta urrutiago iristen dela jaialdiaren oihartzuna.

Aukera ona eskaintzen die lehiaketak hasi berriak diren taldeei ezagunago bihurtzeko. Batetik, hainbat komunikabidetan ateratzen dira irabazle moduan. Horrez gain, “lehen saria eskuratzen duenak zuzenean Getxo Folk jaialdian parte hartzeko aukera du. Eta datorren urtean gonbidatu gisa joko du gure jaialdian. Beren produktua ezagutarazteko beste aukera bat, beraz”.

Talde errotuak

Lehiaketara aurkezten diren taldeez gain, gonbidatutako beste batzuk ikusteko aukera ere izango da egunotan. Xabi Aburruzaga Band ariko da gaur. Trikitilariak bere trebezia utziko du agerian Ermuan.

Euskelga taldeak bihar emango du kontzertua. Haren eskutik, geografia zelta osoan zehar bidaiatu ahal izango dute ikus-entzuleek.

1999an sortu zen Los Niños de los Ojos Rojos. Hainbat kulturatan zehar bidaiatzeko aukera eta ikuskizun ikusgarria eskainiko dizkie bihar euren kontzertura biltzen direnei. Azkenik, iazko Folkez Blai lehiaketa irabazi zuen Entre Orillas Bartzelonako taldeak kontzertua emango du domekan. Flamenkoaren eta musika kubatarraren arteko komunikazioa du ardatz: bi herri horien arteko eraginari buruzko ikerketa lana. Hala, hainbat estilo jorratzen ditu taldeak, kutsu oso pertsonalarekin: guajira, tangoak edota habanerak, besteak beste.

Jende mordoa erakartzen du jaialdiak. “Oso giro polita sortzen du. Gero eta jende gehiagok estimatzen du. Jendez betetzen da Orbe kardinalaren plaza, unean uneko kontzertuaren arabera. Herritarren aitortza badu”.

Folkez Blai Ermuko agendan txoko egonkorra lortu duen ekitaldietako bat da. 11 urte bete ditu aurten, jada. “Pixkanaka hasi ginen. Eta hori haziz joan da. Oso pozik gaude. Betidanik izan dira sei talde finalean. Hala ere, gero eta talde gehiago daude gonbidatu gisa; gero eta ezagunagoa egiten ari da jaialdia. Hitzordu garrantzitsua da gurean. Proiektu moduan hasi zen, baina erabat egonkortuta dago gure programazioan”.

Datozen urteei begira “baliabide gehiago” izatea nahiko lukete antolatzaileek, besteak beste, talde ezagunagoak gonbidatu ahal izateko. Ekitaldi gehiago antolatu ahal izatea ere badute amets: “Tailerrak, azoka bat, kalejirak… Baina, oraingoz, hau da daukaguna eta egin dezakeguna. Gure asmoa haztea da, ahal dugun heinean”.