Asteburuko proposamena

Gogoeta bultzatzeko artea

Gogoeta bultzatzeko artea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Sexuaz, maitasunaz eta indarkeria matxistaz hausnartzeko erakusketa batzuk daude Bilboko Berreginen Museoan eta Azkuna zentroan: Afrodita. Kaosa. Desioa. Sexua. Amodioa? izenekoa gordetzen du lehenak, eta artista feministetan aitzindarietakoa den Margaret Harrison ingelesaren (Wakefield, Erresuma Batua, 1940) Sexuaren, klasearen eta indarkeriaren arteko harremanak atzera begirakoa dago Azkuna zentroan, joan den urteko urriaz geroztik. Margolanak eta eskulturak erabilita, gazte zein helduek zenbait gairi buruz hausnartzeko aukera ematen dute bi-biek.

Berezia da Berreginen Museoak jarri duen erakusketa, hiriburuko Begoñazpi ikastolako DBHko 4. mailako ikasleek egindako hezkuntza proiektu batetik garatu baita. Museoan dauden eskultura eta margolanak abiapuntu hartuta, formatu txikiko erakusketa bat diseinatu zuten Irene Campillo eta Olatz Gonzalez Begoñazpiko ikasleek, Amodioaren bila izeneko hezkuntza proiektuan. Amodio motak aztertzea zuen helburu egitasmoak; besteak beste, erromantikoa, platonikoa eta anai-arreben artekoa. Afrodita eta Venus jainkosen maitasunari buruzko kontzeptuari tiraka, Antzinako Greziako gizartetik gaur egun arteko amodioa ulertzeko moduak bildu zituzten ikasle biek proiektuan.

Ikastetxetik museora

Ikasturtea bukatuta, Afrodita. Kaosa. Desioa. Sexua. Amodioa? erakusketa ofizial bihurtu dute ikastetxeko areto batetik abiatutako ideia: 11 eskulturaz eta hiru margolanez osatuta dago, eta Afroditaren istorioa dute oinarrian, maitasunaren jainko greziarra izan baitzen. Bidaia bat proposatzen dute Berreginen Museoan jarritako erakusketarekin. "Jendeak jakingo du greziarrentzat indar kontrolaezina eta suntsitzailea zela amodioa. Gaur egun, Afroditak sortzen zituen pasioak krimen gisa ikusiko genituzke; izan ere, arrazoia eta autokontrola birrindu egiten zituen, eta bortizkeria eragiten zuen: bahiketak, bortxaketak eta bestelakoak hauspotzen zituen Afroditaren indarrak".

Greziako garai helenistikoko Venus Milokoa eskultura, Cnidoren Afrodita eta Ludovisi tronua dira ikusgai dauden piezetako batzuk, eta, gaien arabera, hiru ataletan banatu dute erakusketa. Lehen atalak Afrodita jainkosaren izaera eta nortasuna aztertzea du xede, eta, bigarren zatian, amodioaren eta sexuaren jainkosa gisa Afroditak izan zituen eginkizunak aztertzen dira. "Desira aurreikusi ezina zenez eta gizarteak kulturalki kontrolatzen zuenez, arriskua eta antsietatea sortzen zuten sarri, eta horri erreparatu zaio bereziki". Azkenik, Afroditak Grezia klasikoko kulturako gainontzeko jainkoekin zuen harremana lantzen da.

Idazle, margolari eta eskultore askorentzat inspirazio iturri izan zen Afroditaren irudia urte luzez. Askok irudikatu dute jainkosa margoetan edota eskulturetan; biluzik zein jantzita; eskuak bularretan edo altzoan dituela. Tenpluak ere eskaini zizkioten Grezian, eta, hango mitologiaren arabera, beldurra sortzen zuen Afroditaren edertasunak; zehazki, beldur ziren jainkosak gainontzeko jainkoen arteko bakea hautsiko ote zuen.

Greziako mitologiaren arabera, Eros jainkoaren sortzailea izan zen Afrodita bera: haur hegaldun gisa irudikatu da, eta maitasunaren alde bikoitzarekin lotu izan da —erromatar kulturan, Kupido jainkoa da haren baliokidea—. Otsailaren 14an, Erosen irudia erabili ohi da maitasunaren egun gisa izendatutakoa ospatzeko, eta maitasunari buruz gaur egun dagoen usteari buruz hausnartzeko erabiliko dute egun hori museoan. Maiatzera bitarte izango da ikusgai Afrodita. Kaosa. Desioa. Sexua. Amodioa? Berreginen Museoan.

Oso bestelako itxura du Azkuna zentroan ikusgai dagoen Sexuaren, klasearen eta indarkerairen arteko harremanak erakusketak. Hiru hilabete dira Margaret Harrison artista feministaren ibilbidea omentzen duen erakusketa jarri zutenetik, eta datorren asteko igandea du azken eguna Bizkaiko hiriburuan. Beraz, herritarrek hamar egun dituzte oraindik arte feministaren aitzindarietako bat den artista ingesak 1970eko hamarkadatik hona sortu dituen lanak bertatik bertara ezagutzeko.

Testuinguru soziopolitikoari lotutako artea egin du Harrisonek hasieratik. Hala aitortu du artistak behin eta berriz. Ez du, ordea, edonola egin, begirada feminista oinarri hartuta egin baititu artelanak azken 40 urteetan, eta hark egindako lanek etengabe salatzen baitute sexuaren eta klasearen zapakultza eta emakumeen kontrako indarkeria sinbolikoa eta fisikoa.

Arte feministaren mugarria

Bada, genero zapalkuntzaren salaketak egin zuen aitzindari. 1971n bakarka egin zuen lehen erakusketa da horren lekuko: egun bat besterik ez zuen iraun erakusketak, artelan haiek "lotsagarriak" zirelakoan berehala itxi baitzuen Poliziak. Hugh Hefner Playboy aldizkariko zuzendaria untxiz mozorrotuta eta kortsearekin irudikatu zuen Bunny Boy lanean, eta zapata takoidunekin eta titiekin pintatu zuen Captain America. Antzera margotu zuen Superman ere.

Maskulinitatearen sinboloa zenari emakumeen genitalak, takoiak eta eskuko poltsa jarri zizkion. "Gizonak irudikatu nituen ordura arte publizitatean eta pornografian andreek hartzen zuten toki berean". 1970eko hamarkadan eskandalua sortu zuten irudi horiekin abiatzen da Bilboko erakusketa, eta ogitartekoen irudi ugari biltzen dituen Good Enough to Eat izeneko seriea ere jarri dute haren aldamenean. Emakumeak ogi arteko jaki gisa irudikatu zituen Harrisonek bilduma horretan sortutako margolan guztietan.

Etxeko emakume langileen egoera ikusarazteko eta salatzeko sortu zuen Homeworkers (etxeko langileak) artelan erraldoia. Erresuma Batuan, Soldata Berdintasunerako Legea onartzean abiatu zuen Harrisonek etxeko langileei buruzko ikerketa, 1975ean. Orduko andreek zituzten baldintzak eta, oro har, milaka emakumeren esplotazioa agerian uzteko lan tresnak edota fabrikatzaileek langileei emandako diru sarien paperak erabili zituen artelana sortzeko.

Antzeko prozesua erabili zuen Rape (Bortxaketa) izeneko lana sortzeko. Bi andreren bortxaketa kasuekin sortu zuen artelana, eta 1978an aurkeztu zuen jendaurrean estreinakoz, Londresko Serpentine aretoan. Edukiak izan zuen indarra ikusita hura ostontzeko saioa egin bazuten ere, kontrakoa lortu zuten, eta milaka izan ziren artelana ikustera joan ziren herritarrak. Bilbon ere jarri dituzte aipatutako margolan biak.

Artistak behin baino gehiagotan azaldu du irudikatzen dituen andreak edo haien istorioak direla bere lanen protagonistak, eta hala azaldu zuen Bilboko erakusketaren inaugurazioan egindako agerraldian ere. "Beti esaten dut ni ez naizela nire artelanen heroia, nire lanen atzean dauden emakume horiek guztiak baizik". Norabide horretan, Mary Wollstonecraft, Dorothy Wosrdsworth eta Rosa Luxemburg idazleak omentzeko sortu zuen Politics and the Beauty of Words lana (politikariak eta hitzen edertasuna). Hiru idazleek sortutako testuetatik abiatuta, historia nork idazten duen galdetzen dio artistak bere buruari.

Omentzeko artelanak

Joan den abenduaren 16an, martxa antimilitarista jendetsua egin du mugimendu feministak Santurtziko portura, handik armak esportatzen direla salatzeko. Hain zuzen, 1981ean NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak AEBetako misilak Erresuma Batura eramateko erabakiaren aurkako Greenhameko base militarrean milaka emakumek egindako protesta izan zuten eredu gisa Santurtzin. Ordukoak bezala, hesiaren inguruan kateatu ziren emakumeak. Harrison artistak, Greenham Common Women´s Peace Camp kanpaldian oinarrituta, Common Reflection lana sortu zuen 2013an; ekintza gogora ekartzeko eta protestan parte hartu zuten 70.000 emakume omentzeko.

Ispilu erraldoi bat ere jarri dio lanari Azkuna zentroko aretoan. Izan ere, azken hamarkadan artista feminista horrek egin dituen piezetan ohikoa da ispiluen erabilera, eta badu bere zergatia. Virginia Woolf idazlearen Gela bat norberarena (1929) liburuari zor dio Harrisonek kristalen erabilera hori. Honela idatzi zuen Woolfek: "Mende hauetan guztietan, emakumeak ispilu izan dira, gizonaren tamaina naturala bikoiztuta islatzeko gaitasun magikoa eta zoragarria izan duten ispiluak".

Gazte eta helduentzat dira erakusketa biak, eta gizartean bolo-bolo dabiltzan gaien inguruan hausnartzeko aukera ematen dute. Hilaren 14a du azken eguna Harrisonek Bilbon; erakusketaz gozatu nahi duenak astebete baino gehiago du horretarako.

Kultura, eraldaketarako iturri

Kultura, eraldaketarako iturri

Natalia Salazar Orbe
Herritarrek sortu eta herritarrentzat egindako kultura eta proiektuen leherketa. Espazio publikoan, denen esku, doan. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoen erraiak zabalduko dituzte bihar, festa eta aldarrikapen giroan. ...

Martetarren hurrengo belaunaldia

Martetarren hurrengo belaunaldia

Natalia Salazar Orbe

Atzean geratu dira tenis partida bat irudikatuta, jokalari bana marratxo gisa eta pilota bezala karratu ñimiño bat zituen bideo jokoaren tankerakoak. Jokalariek gora eta behera mugitzeko aukera besterik ez zuten horietan, pilota harrapatu eta aurkariaren zelaira botatzeko. Bideo jokoen historiaurrea irudituko zaie hori grafiko eta istorio ikusgarri eta erakargarriz osatutako jokoetan murgiltzen diren erabiltzaileei. Teknologia berriak izugarri garatu dira urte gutxian. Hastapen horiek atzean utzita, azken sormen lanak ikusi eta ezagutzeko aukera eskainiko du, beste urtebetez, AZPlay jaialdiak. Hain zuzen, Bideo-joko Independenteen Nazioarteko VIII. Lehiaketa egingo dute Azkuna zentroan, azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean.

Bi helburu nagusi ditu jaialdiak. Hala azaldu du Jose Maria Martinez Burgos jaialdiaren koordinatzaileak. "Bideo joko indie-ari [independentea] hedapena ematea eta azken sormen lanak ezagutaraztea da bat. Eta bigarrena, bertako garatzaileei babesa eman eta nazioartera begirako tranpolin bihurtzea".

Bideo joko sortzaileen lanak ezagutarazi eta onenak aurkitu eta aukeratzeko topaketa izateaz gain, zale eta familientzako jaialdia ere bada AZPlay. Lehiaketa gauzatuko dute batetik, eta, bestetik, Medialab aretoan Jokuplay espazioa atonduko dute. Bisitariek bideo joko horiek bertatik bertara ezagutu ahalko dituzte. Gero eta presentzia handiagoa hartzen ari den kultur fenomeno gisa bideo jokoen aldeko apustuari eutsi dio sariketak.

Arte Garaikidearen Zentro gisa, artea eta teknologia garatzeko helburua dauka Azkuna zentroak. "Bideo jokoa testuinguru horretan gauzatzen diren hainbat adierazpen modu erakusteko erreferentea da. Mestizaje hori gertatzen den eremua bideo joko indiea da". Ezaugarri argi batzuk dituzte lan horiek: "Sormen lanak berritzaileagoak eta esperimentalagoak dira. Aurrekontu handirik ez duten bideo jokoak izan ohi dira". Horiek baliatuta, ikus-entzuleak mundu horretan hezi gura ditu jaialdiak: "Bideo jokoak ez dira indarkeriari lotutako erremintak soilik, eta eurei buruz izan beharreko ideia ezin daiteke mugatu horien mende dauden jokalari sutsuen irudira. Alde iluna izan dezakete, baina oso erabilgarriak ere izan daitezke". Erreminta horiek eskaintzen dituzten aukerak plazaratuko dituzte AZPlay jaialdian.

Baliabide gutxirekin lanean diharduten bertako enpresei babesa eta bultzada ematen die jaialdiak. Eurentzako baliagarri izan daitekeen industria ehuna sortzen du, eta sektoreko enpresen nazioarteko proiekzioa ahalbidetzen. "Produkzio handiak egiten ari den enpresarik ez dago Euskadin". Sinetsita daude haientzat lagungarria dela bideo joko independenteen jaialdian bertako sortzaileentzako sariketa propio bat antolatzea.

Jokoak, bisitarien esku

Azken joerak erakusten dituzten sormen lanak eskura izango dituzte bisitariek. Izan ere, aurten hautatu dituzten 25 garatzaileren bideo jokoak probatzeko aukera eskainiko dute. Munduko hainbat txokotatik iritsitako sormen lanak dira, eta plataforma ezberdinetan landuak. Sormenak du lan horietan indarrik handiena, ezin baitaitezke lehiatu ekoizpen etxe handiekin. Ezustez betetako munduak irudikatzen dituzte, eta istorio bitxiak kontatu.

Lanok ezagutu eta probatu ez eze, bideo jokook egin dituzten sortzaileek euren produktua ekoitzi bitartean egindako prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eskainiko du AZPlayk. "Finalistei gonbita egiten diegu bideo jokoa nola sortu duten azal dezaten. Eragina sortuko duten hitzaldi didaktikoak nahi ditugu. Izan ere, gerturatzen diren ikus-entzule gehienak ikasleak izan ohi dira".

Bideo joko ikasleak, goraka

Euskal Herrian gero eta gehiago dira bideo jokoekin lotuta eskaintzen diren ikasketak. "Bizkaian soilik, 200 ikasle baino gehiago ari dira bideo jokoak egiteko ikasketak gauzatzen. Hitzaldi horiek oso irakasgarriak dira ikasleentzat. Eurentzako oso gertuko erreferentea dira hizlariak. Eurei hurrengo emango duten pausoa erakustea bezalakoa da".

Beraz, erakusketa, sari banaketa, hitzaldiak zein epaimahaikideen konferentziak eta tailerrak hartuko dituzte jaialdiak irauten duen sei egunetan. Hain zuzen ere, tailerrak dira bereziki bisitarientzat antolatutako jarduerak. Lau tailer eskainiko dituzte aurten. Bideo-jokoaren Historia eta Etorkizuneko Bideo-jokoa Diseinatzen izango dira horietako bi. Carlos Gonzalezek emango ditu biak.

Beste biak Pantallas Amigas ekimenaren eskutik iritsiko dira. Batean, sakelako telefonoen eta bideo-jokoen neurrigabeko erabilerak eragin ditzakeen jokaera arriskutsuei buruz hitz egingo dute. Tailerraren lehen atalean landuko dute hori. Bigarrenean, era horretako aparatuak modu egokian eta neurri aproposean nola erabili erakutsiko diete parte hartzen dutenei. Ekimen horrek prestatu duen bigarren tailerrean, genero rolei buruzko hausnarketa egingo dute.

Azken urtean hainbat mugimenduk aldarrikatu dute emakumeek bideo jokoen industrian duten lekua. "Azter daiteke zer-nola tratatzen den emakumea bideo jokoen barruan, baina baita industria horren barruan duen papera ere". Tailer horrek lagunduko du lan horretan egiteke dagoen bidea zehazten.

Zortzigarren urtea du AZPlayk. Urte horietan guztietan jaso dituzten bideo jokoei dagokienez, aldaketa nabarmena aurkitu dute. "Hasieran, 40 bideo joko besterik ez genuen jaso. Apurka, hedatze lana egin dugu, eta gaur egungo 432etara arte iritsi gara". Kalitate aldetik ere nabari da aldaketa. Aurtengo partida hastear da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

Azkunazentroa.eus

Isilarazitakoen bozgorailu

Isilarazitakoen bozgorailu

Natalia Salazar Orbe

Musika eta denetariko arte diziplinak herri baten tradizioaren parte dira. Zeregin garrantzitsua dute, eta ohitura eta emozioetan eragina ere izan dezakete. Denetariko mezuak zabal ditzakete: maitasuna, gorrotoa, beldurra, iraultza zein mezu sozial eta politikoak. Botereak badaki ahalmen hori badela, eta kontrolpean nahi du arte adierazpen oro, zentsuraren aurkako lanean dabiltzanen hitzetan. Haien ustez, estatuek eta presio taldeek zentsura erabiltzen dute eskubide gisa aitortuta dagoen adierazpen askatasuna geldiarazteko. Asko dira lanak eta adierazpen moduak zentsuratu dizkieten artistak. Hain zuzen, ideia horretatik abiatuta sortu zuen Producciones Serranok Zentsura At jaialdia. Astelehenetik larunbatera zentsura pairatu duten artisten edo zentsuraren aurka borrokatzen diren erakunde zein norbanakoei hitza eta agertokia emango die.

Helburu argia du aurten XII. aldia beteko duen jaialdiak. Hala azaldu du bertako behargin Josune Albonigak: "Artistei babesa ematea. Edonon edo edozergatik zentsuratuak izan diren artistei laguntzea. Ikusten ez diren artistak ikusaraztea da xedea".

Erakusketak, antzezlanak, kontzertuak eta mahai inguruak eskainiko dituzte Bilboko hainbat areto eta gunetan. Santi Otxoaren erakusketarekin abiatuko dute jaialdia: Kamiseten gerra. Jantzietan jar daitezkeen leloen zentsuraren aurkako ekinbidea da. "Harrigarria da nola gaur egun isun bat jaso dezakezun kamisetan daramazun leloaren arabera. Mozal legearen ondorioz, ezin dezakegu edozer eraman gure jantzietan".

Zentsura horiek, bereziki, estatuaren segurtasun indarren aurkakotzat jotzen diren kasuetan zigortzen direla azaldu du Albonigak. Titeres Desde Abajo konpainiari egindako gonbita ere bide horretatik doa. "Non geratzen da adierazpen askatasuna era horretako kasuetan? Bi artista kartzelatu zituzten antzezlan bat egiteagatik soilik". La bruja y Don Cristobal zentsuratu zieten, eta lan horixe ikusteko aukera emango du jaialdiak.

Kontzertuei dagokienez, zentsuraren eta boterearen indarkeriaren aurkako aldarriak zentzu desberdina hartuko du agertokira igoko den musika taldearen arabera. Mendebaldean blues gisa ezagutzen den musika mota mendeetan esklabo ontzien sotoetan garraiatu zen Amerikako lurretaraino. Maliko (Afrika) Vieux Farka Toure gitarrista eta kantariak gerra oihu hura taularatuko du BBK aretoan.

Bestalde, gai korapilatsuei modu eder eta ausartean heltzen dieten abestiak aurkeztuko ditu Moddi Norvegiako artistak. Unsongs bilduman dozena bat lan jaso ditu. Hamabi abesti horiek isilarazteko asmoz debekatu dituzten edo bertan behera utzi behar izan dituzten artistenak dira. Pussy Rioten Punk prayer eta Kate Bushen Army Dreamers abestien bertsioak eskainiko ditu, besteak beste.

Bertako artista batek emango die bukaera kontzertu saioei. Enrique Villarreal El Drogas nafarrak Barricada taldearen La Tierra está sorda diskoarekin osatutako proiektuari helduko dio. 1936ko gerrako zenbait gertakariri buruzko informazioa aztertu eta bilduta, hamazazpi abesti sortu zituen. Disko hura liburu batekin batera argitaratu zuten, memoria historikoa lantzeko. Orain, abesti haiek berreskuratu ditu El Drogas-ek, moldatu egin ditu, eta, bere taldearekin batera, formatu berritzailean eskainiko ditu: gaiarekin lotutako irudiek lagunduko dituzte abestiak. Alzheimer diskoko abesti batzuk ere sartu ditu, memoria eta memoriarik eza uztartuz. Gaixotasun mental hori abiapuntu duten abestiek gaixoen eta haien zaintzaileen ikuspegia azaleratzen dute. Musika eta arte eszenikoa uztartuko ditu bere ikuskizunean.

Musika arloko zentsura zuzen-zuzenean jasan izan dute Producciones Serranokoek ere. "Euskal taldeekin egiten dugu lan. Euskal Herritik kanpo joan garen bakoitzean, edo ahalegindu garenean joaten, mota guztietako zentsurak pairatu ditugu: politikoa, artistikoa... Kasu batzuk auzitegietara ere iritsi dira, eta gure musikarien hainbat eta hainbat kontzertu bertan behera geratu dira. Arrazoia oso sinplea da: euskaldunak izatea eta euskaraz abestea".

Musikak eta arte adierazpen orok duen garrantzia azpimarratu du Producciones Serranoko langileak. "Konturatu gara zer-nolako indarra duen musikak jendearengan. Herrialde bateko edo besteko izateak eta norbere kulturak eragina dute. Musikari batzuek eta besteek har dezaketen ospearen beldur da boterea".

Musikaz harago, edozein arlotan gero eta muga gehiago eta zentsura handiagoa ezartzen ari direla sinetsita, eskubide murrizketa horien aurka jardun beharraz konbentzituta daude jaialdiaren antolatzaileak. Jaialdira joateko orduan, ordea, zentsura hitzak berak ikus-entzule askori ekitaldietara ez gerturatzeko traba sorrarazten diela nabari dute. Irudimenak sorrarazten dien oztopo horri aurre egin beharraz mintzatu da, eta errealitate gordina marraztu du: "Eskubideen murrizketa gero eta handiagoa da. Estatuko gobernuaren lege berriak ikustea besterik ez dago. Sinestezina da gaur egun era horretako gauzak ikustea. Fikzioak errealitatea gainditu du".

Beldurra, andreen begietatik

Beldurra, andreen begietatik

Natalia Salazar Orbe

Beldurraren ondorioz dardarka, heroiren batek noiz salbatuko duen zain dagoen emakume bat; munstro baten eskuetan hauskor dirudien neska bat... Emakumea, biktima moduan; inoiz ez, edo gutxitan, bederen, ageri ohi da ahaldundutako protagonista gisa zine areto komertzialetan nagusi diren beldurrezko filmetan. Zinean islatzen diren gizarte estereotipoak baztertu eta emakumearen begirada ere barneratzearen garrantziaz jabetuta heldu dio beldurrezko filmen generoari Zinemakumeak Gara jaialdiak. Areto komertzialetan nekez aurki daitezkeen emakumeek zuzendutako filmei ikusgarritasuna emateko helburua du zikloak: Bilbon izango da, astelehenean hasi eta hurrengo asteko astelehenera arte. Film luzeak, laburrak, mahai inguruak eta zine kritikak eskaini eta egingo dituzte egun horietan guztietan.

Ana Gutierrez da jaialdiaren zuzendaria. Eta beharrezko deritze oraindik emakumeen lanei lekua egiten dieten era horretako ekitaldiei. "Emakumeek gero eta sari gehiago jasotzen dituzte jaialdietan euren filmengatik. Hala ere, zoritxarrez, film horiek guztiak ez dira iristen areto komertzialetara. Asko jaialdietan geratzen dira. Eta horiek ere garrantzitsuak dira, baina ez dira iristen publiko zabalarengana". Errealizazioaren eta zabalkundearen artean dagoen desberdintasun hori arindu nahi dute. Gutierrezek argi du: "Gizartearen erdia baino gehiago garen emakumeon begirada hori eman nahi dugu; gizonezkoen begirada soilik ikustera ohituta baikaude. Emakumeek gai oro zer-nola lantzen duten ikusi nahi dugu. Hala, era honetako jaialdiak beharrezkoak dira oraindik".

Izen handiko zinemagileak eta haien lanak ikusi ahalko dira Bilbon. Horien ondoan, hasten ari diren emakume sortzaileen film laburrek dakarten aire freskoari ere lekua egingo diote. Lau euskal zuzendariren lanak emango dituzte: Mar Gonzalez de Larramendiren Bestealdetik ikusi ahalko da asteartean; Norma Vilaren Jules D. eta Maria Zabalaren Bright Lights prestatu dituzte asteazkenerako. Eta Azahara Gomezen Extático lanari egingo diote lekua ostiralean. BBK aretoan egingo dituzte emanaldi horiek guztiak.

Amonaren barruan lehen begiratuan ikusten dena baino zerbait gehiago dagoela ikusten duen neska. Kontu handiz egurra lantzen ari den arotz baten lana etengo dute bat-batean atean entzuten diren soinuek. Emakume bakarti baten bizimodu lasaia aztoratu egingo da bere etxean pitoi kume bat aurkitzen duenean. Presentzia misteriotsu horrek bere desira ezkutukoenak piztuko ditu. Denetariko gai eta argudioak aurkituko dituzte ikus-entzuleek. Irudimena askatuta, betiere, feminismoaren ikuspegitik landuta sortutako lanak dira denak ala denak.

Zine zuzendari handien artean, Kathryn Bigelow estatubatuarra nabarmendu dute antolatzaileek. Zuzendari onenaren Oscar saria orain arte irabazi duen lehen emakumea da. Ana Asensio antzezle, zuzendari eta gidoilari madrildarrak, bestalde, Most Beautiful Island lana aurkeztuko du jaialdiaren lehen egunean. Astelehenean eskainiko duten ikuskizuna estreinaldi garrantzitsutzat jo du Gutierrezek. South By Southwest AEBetako jaialdian film onenaren saria irabazi zuen. Protagonista bera ere han izango da, filmari buruz hitz egiteko.

Simone de Beauvoir saria

Horrez gain, aurtengo Simone de Beauvoir saria Isa Campo zuzendari, gidoilari eta ekoizleari emango diote. Isaki Lacuestarekin batera zuzendutako La próxima piel filmaren emanaldia ere egingo dute saria banatzeko ekitaldiaren aurretik. Beldurrezkoa ez den jaialdiko film bakarra izango da Campo eta Lacuestarena.

Zine emanaldiez harago doan programa dakar Zinemakumeak Gara zikloak. Beldurraren generoaren gorakada horretan sakontzeko helburua ere badu-eta jaialdiak. "Emakumea beldurraren generoa zer-nola iraultzen ari den aztertzeko hitzaldiak eta konferentziak egingo ditugu. Mahai inguruak zein zine kritikariak ere izango dira. Alde teorikoari ere heldu nahi diogu. Adituak, espezialistak eta kritikariak izango ditugu. Besteak beste, Violeta Kovacsics izango dugu gure artean. Aditu horien laguntzarekin aletuko dugu zer dagoen zuzendari horien eta zine horren atzean".

Zinematografiaren teorian, historian eta dokumentazioan doktorea da Kovacsics, irakaslea Bartzelonako unibertsitatean, eta ACCEC Kataluniako zinema kritikaren eta idazketaren elkarteko presidentea. Asteartean egingo dute hitzaldi solasaldia harekin.

Emakumea eta munstroa mahai inguruan, generoari eta generoen rolei buruzko eztabaida piztuko dute, asteazkenean. Hiru hizlari ariko dira horretan: Desiree de Fez zine kritikaria, Itxaso del Castillo kazetaria eta Norma Vila Euskal Herriko Zinema Eskolako diplomaduna.

Begoña del Teso zine kritikaria izango du protagonista osteguneko saioak. Bere beldur kutunenak zeintzuk diren azalduko die bertaratzen direnei.

30 orduko lehiaketa

Adituen hausnarketa sakon horiekiko aurrez aurre, Xprest Aux film laburren VI. zinemaldia abiatuko dute hilaren 22an, igandearekin. Emakumeek zuzendutako film laburren lehiaketa da. "Emakume askok hartzen dute parte. Zine eskoletakoak eta antzeko lanetan ari direnak dira gehienak. Urtetik urtera lan gehiago aurkezten dituzte. 30 ordutan egin behar dituzte filmak. Egun polita izaten da gazteei errealizazioan aritzeko gogoa pizteko. Arrakasta handia ari da izaten".

Hurrengo egunean, astelehenean, emango diote bukaera jaialdiari. Ehundik gora lanen artean aukeratutako zortzi film laburrik onenen emanaldia egingo dute.

Beldurra, 22 urteren ostean

22 urteko ibilbidearen ostean, aurten lekua egin diote beldurrezko zineari. Jakin badakite ikus-entzule askok gustuko ez duten generoa dela. Hala ere, azken urteetan nabari dute goraka doala genero horretan lanean diharduen emakumeen kopurua. Gorakada kuantitatiboa gertatzeaz gain, filmotako gaiak lantzeko moduak ere aldatu dituzte andreek. "Rolen aldaketa ekarri du horrek. Emakumea biktima izatetik pertsona aktibo izatera pasatzen ari da". Eta gaiak ere orain artean genero horretan ikusiak ez zirenak hasi dira agertzen, gizonezkoaren begiradaren monopolioarekin apurtuz.

Orain artean aldaezinak ziruditen arketipoak aldatuta, iraultza ekarri dute emakumeon lanek. Feminismoarentzako itxaropenezko ostertza zabaldu dute. Beldur klasikoaren imajinarioa amesgaizto berriz kutsatu dute, eta eragin dramatiko sakona duen hizkuntza baliatu dute horretarako. Emakumeak gizartean dagokion lekua lortzeko prozesuaren beste bide bat zabaltzen ari da jaialdia. Gero eta ugariagoak diren zinemagileen lanak ikusgarri bihurtuko dituzte.