Politika

Beste mugarri bat galdeketen ibilbidean

Beste mugarri bat galdeketen ibilbidean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Orain arte Bizkaiko 63 herritan egin du etorkizunari buruzko galdeketa Gure Esku Dago plataformak: 325.000 herritar egon dira hautetsontzietara deituta eta, denera, %20,6k eman dute botoa orain arte. Bada, zazpi herri gehituko dira zerrenda horretara igandean, Arakaldo, Igorre, Lezama, Zamudio, Portugalete, Gueñes eta Gordexolan boto kutxak jarriko baitituzte. Orotara, 16 urtetik gorako 55.916 bizkaitarrek izango dute etzi botoa emateko eskubidea.

‘Gernika’ Gernikaratu dadin

‘Gernika’ Gernikaratu dadin

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Francoren diktadurak iraun zuen 40 urteetan gorde zen gezurra, eta egia azaleratzea zaildu du horrek. 81 urte igaro diren arren, eztabaida politiko bizia sortzen du oraindik 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketaren auziak....

Batu, eraginkorrago izateko

Batu, eraginkorrago izateko

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bulego asko Bilbon, denetariko eraikinetan: balio arkitektoniko handiko jauregi ederretan, eraikin moderno ikusgarrietan, zein etxebizitza arruntenak diruditenetan. Eraikin osoak zein solairu solteak. Jabetzan dituenak, utziak dizkiotenak, eta alokairuan hartutakoak. Ikur sinboliko nagusitzat duen Foru Jauregiaz gain, beste 32 egoitza ditu Bizkaiko Foru Aldundiak hiriburuan. Asko, eta sakabanatuta; sakabanatuegi, bertako arduradunen begietan. Aspalditik aldatu nahi duen egoera da, baina eska lezakeen dirutza dela-eta atzeratuz joan dena. Gaia mahai gainean jarri du berriro, neurriak hartzeko helburuarekin: egoitza gutxiagotan batu nahi ditu bere langileak, praktikotasunaren eta eraginkortasunaren izenean.

Sail bera bost egoitzatan

Hiru mila langiletik gora ditu aldundiak 33 egoitza horietan. Eta, dioenez, bulegoetako asko ez dira egokiak: behar baino txikiagoak direlako edo egitura desegokia dutelako batzuk. Beste batzuk, berriz, handiegiak dira ematen zaien erabilerarako; ehunka edo milaka metro dituzte, horietako asko aprobetxatu gabe. Indarrak galtzea dakar horrek; ez izatea behar bezain eraginkor. Horren erakusle, badira bost egoitzatan banatuta dauden sailak, adibidez.

Bestelako egituraketa baten bila ari da horregatik aldundia. Egokiena egoitza erraldoi bat izatea litzatekeela iruditzen zaio; bertan jardutea langileen herenak: 3.000 funtzionariotik mila inguru egoitza berean biltzea. Horrela, sail osoak leku berean egoteaz gain, elkarlanean aritzen diren sailen arteko lankidetza ere erraztu egingo litzatekeela dio; elkarren ondoan egoteak tramitazioak eta administrazio lanak nabarmen arinduko lituzkeela. Bai aldundiaren beraren barne lanei begira, eta bai tramiteak egin behar dituzten herritarrei begira. Ez batzuek ez besteek ez lukete alde batetik bestera ibili beharko.

Baina non bildu mila langile? Gaur egun aldundiak dituen eraikinek ez dute horretarako gaitasunik, eta, beraz, beste bat alokatu edo erostea, edota eraikin berri bat egitea litzateke horretarako modua. Bai bata bai bestea aukera garestiak dira oso, baina aldundiak mahai gainean dituenak. Halako eraikin erraldoiren bat topatzea zaila dela badakite agintariek. Aukera gutxi daudela, eta oso garesti. Hala ere, bila dabil aldundia, eta "aukeraren bat" sor litekeela adierazi du Ibone Bengoetxea Administrazio Publiko eta Harreman Instituzionaletarako diputatuak, egoitza zehatzen bati buruz ari ote den argitu gabe.

Egon, badago Bilbo erdian oso handia den eta hutsik dagoen eraikin bakanen bat. Plaza Biribilean dagoen BBVAren egoitza zena da horietako bat, adibidez. Erabat eraldatzen ari dira Bilboko lehen etxe orratza izan zena. Beheko lau solairuak Primark dendak hartuko ditu, baina gainerakoentzako egoile jakinik ez dago oraingoz.

Eraikin erraldoi bat amets

Nahiago, eraikin berri bat egitea nahiago izan du beti aldundiak. Eta, aurrez ere egitekotan izan den arren, beharrezko dirutzak bota du atzera orain arte. 2003. urtean gertatutakoa da egoera argien erakusten duena. Bizkaiko administrazioaren egoitzak eta funtzionarioak biltzeko helburuz, eraikin moderno, handi eta ikusgarria egin nahi zuen Josu Bergara ahaldun nagusi izandakoak. Eta apustua egina zuen: Abandoibarraren gainean agertuko zen eraikin ikusgarria beretzat nahi zuen: gaur egun Iberdrola dorrea dena.

Erabakiak hartua zirudien, eta Iñaki Azkuna alkate zena ere aukera horren defendatzaile sutsua zen. Baina, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusi kargura iritsi zenean, aldatu egin zen asmoen norabidea. Halako eraikintzarra egiteak diru gehiegi eskatzen zuela ohartarazi, eta geldiarazi egin zuen proiektua. Ordura arte aldundiak beretzat amesten zuen etxe orratza ordaintzea Guggenheim egitea baino hiru aldiz garestiagoa izango litzatekeela nabarmendu zuen Bilbaok; Metroaren 2. linea egiteko behar zen aurrekontuaren erdia behar litzatekeela gutiziatzat har zitekeen nahia betetzeko. Krisi garaian, lehentasunak beste batzuek behar zuten izan. Temati jarri zen horrekin Bilbao, Azkunarekin luzaro iraun zuen liskarra izan zuen, baina aldundiak ez zuen halako dirutza eskatzen zuen eraikina beretzat hartu.

Orain, aldundiaren beharretara egokituko den eraikin handi bat propio egiteko aukera mahai gainean dago berriro. Eta zalantzak sortzen dituen alor bakarra duela hamabost urteko berbera da: eskatzen duen dirutza.

Egoitzak gutxitzeko mahai gainean dituen aukeretako edozein gauzatzeko, zenbait egoitza salduko lituzke aldundiak, diru sarrera batzuk lortzearren. Eta egun alokatuak dituen beste batzuk alokatzeari utzi ahalko lioke. Kontuan hartu behar da gaur egun alokatuta dauzkan zazpi egoitzen truke 1,3 milioi euro ordaintzen dituela aldundiak, urtero. Jabetzan dituen eraikinek 147 milioi euroko balioa dute. Edonola ere, aldundiak ez lituzke, inola ere, horiek guztiak salduko. Hemeretzi ikusten ditu saldu, berregituratu edota bateratzeko moduan.

Edo dagoenarekin moldatu

Hirugarren aukera ere badute aztergai agintariek: eraikin erraldoi berri batera joan ordez, aldundiak gaur dituen 33 egoitza horietan berregituratzea. Moldagarri gisa dituen hemeretzi egoitza horietako batzuk utzi, besteetako espazioa hobeto aprobetxatuta egituraketak aldatu, eta horietan batzea sail eta langile guztiak, egoitza gutxiagotan. Aukerarik merkeena litzateke hori, baina ez aldundiak amesten duena.

Eta gauza bat argi du aldundiak: 33 egoitzetatik hemeretzi moldatu, batu edo saltzeko prest dago, baina beste hamalauak ez. Foru Jauregia, argi eta garbi, ukiezintzat du. Argi du aldundiaren sinbolo nagusia den eraikin horrek bere horretan jarraituko duela, eta irudi ofiziala emateko zereginaren bidetik mantenduko du, batez ere. XIX. mende amaierako jauregi dotorea ekitaldi instituzionaletarako soilik gordetzea ere pentsatu izan dute agintariek.

Foru Jauregiaren ondoan dagoen foru liburutegia ere bere horretan mantendu nahi du. Jauregiaren ondoan, ikono gisa du kristalezko eraikin moderno hori, eta egoitza instituzional klasikoaren ondoan eraikin modernoa izateak osotasun sinbolikoa ere ematen dio; lehengoaren sendotasuna eta aurrera begirako berritasuna.

Ukitu ezin diren besteak

Kaputxinoen kalean Ogasunerako duen eraikina ez du ukitzeko asmorik aldundiak. "Ez da aldatuko", adierazi du Bengoetxeak. "Oso behar bereziak dituzten herritar asko hartzen ditu". Eraikin osoa du Ogasunak Basurtun, eta hala jarraitu behar duela iruditzen zaio aldundiari.

Honako hau da beste egoitza batzuekin batu eta funtzionamendua aldatzea planteatu ere egingo ez duen gainontzeko eraikinen zerrenda: Foru Artxibategia, Miribillako Kirol Etxea, Sota Eraikina, Albia, Sabino Aranaren 8. zenbakian duena, Orueta Gotzainaren kaleko eraikin historikoa, Hurtado Amezaga eta Aiala artekoa, Euskararen Etxea, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren egoitza, Lersundi kaleko 9. zenbakian duena eta Lantiken egoitza.

Aukera asko ditu mahai gainean aldundiak. Hiru egoitza handi berregituratu eta horietan "zerbitzuetarako triangelua" sortzea ere aztertzen ari da. Delclaux eraikina, Euskadiko Artxibategi Historikoa eta Orueta Gotzainaren kaleko eraikina dira horretarako egoki ikusten dituen kokaguneak, eta, beraz, aukera hori gauzatzea erraztuko luketenak. Rekalde zumarkalearen 30. zenbakian dagoen Delclaux eraikinak 13.048 metro koadro ditu. Estilo klasizistako eraikin osoa da, eta 214 funtzionario aritzen dira bertan. Berregituratu eta milaka metroko espazio hori askoz hobeto aprobetxatzeko aukera ematen du.

Maria Diaz de Haro kalean dagoen Euskadiko Artxibo Historikoak 44 langile ditu 7.077 metro koadrotan; dokumentu historikoak gordetzen dira bertan, baina espazioak hobeto banatzeko aukera ematen du. Baita Banco Urquijoren egoitza izan zen Orueta Gotzainaren kaleko eraikin klasikoak ere. 98 langile aritzen dira 2.672 metro koadroko espazio horretan.

Erabakirik ez du hartu oraindik aldundiak. Aukera guztiak aztertzen ari da, eta bataren zein bestearen prezioek baldintzatuko dute, nagusiki, erabakia.

Euskal Herri “burujabea” irudikatuko dute igandean Larrabetzun

Euskal Herri “burujabea” irudikatuko dute igandean Larrabetzun

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hizkuntza, kultura, energia zein hezkuntza; berdin arlo sozioekonomikoan. Eguneroko jardunean aurrerapausoak egiten jarraitzeko, Euskal Herria burujabe izatea hobe dela irudikatuko du Independentistak sareak igandean, Larrabetzun egingo den Independentzia Egunean. Aurtengoak festa baino gehiago izan nahi du, ordea, sareak mugarri bat jarri baitu: Independentistak sarearekin batera ekitaldia antolatzen ari den herri batzordeko kideek udalerri independentista aldarrika dezala eskatu diote Larrabetzuko Udalari. Ez dira bakarrak izan: bide bera egin dute Arrankudiaga-Zollok, Dimak eta Nafarroako Bakaiku herriek ere.

Errepublikaren aztarnen bila

Errepublikaren aztarnen bila

Natalia Salazar Orbe

Historia iragan da, baina haren aztarnek bizirik diraute. Arrastoak ezabatzen zailak baitira. Barakaldon I. Errepublika izendatu zuteneko urteurrena baliatuko du Irabazi koalizioak herrian garai hark eta II. Errepublikak ekarri zituztenak gogorarazteko. 85 urteren ostean, agenda politikoan indarrean dauden gaiez mintzatuko dira. Etzi aterako dira, 10:30ean, Herriko plazatik. Lehen errepublika omenduz, bigarrena oroituz, hirugarren Errepublika abiatzen lelopean, ordu eta erdiko bidea egingo dute.

Lurraldetasunaren mugak

Lurraldetasunaren mugak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ez aurrera eta ez atzera. Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bihurtzeko prozesua blokeatuta egon da azken urtean. Usansolo Bizkaiko 113. herria bihurtzeko ibilbide orria adostu zuten bi aldeek 2016an, baina prozesua trabatuta dago ordutik. Behin baino gehiagotan salatu du Usansolo Herria plataformak auzoa herri bihurtzeko bidea oztopatu nahian ari dela Galdakaoko Udala. Presio egiteko asmoz eta sezesio prozesuan berresteko, 2.000 sinadura aurkeztu zituzten usansolotarrek foru aldundian joan den azaroan. Mugiarazi dute Galdakaoko Udala; ez, ordea, esperotako norabidean. 2016an adostutako bide orrian zehazten ez zen pausoa eman du, bere bidetik: Usansoloren mugak zeintzuk diren zehazteko, bederatzi auzotan galdeketa egingo du urtearen amaieran. Galdakaotik bereizi nahi den subjektua zein den zehazteko biderik "demokratikoena" dela dio udalak. Usansolo Herriak, berriz, usansolotarren indarrak zatitzeko eta desanexio prozesua gelditzeko saioa nabari du Galdakaoko Udalaren posizioan.

Usansoloren lur eremua zein den zehaztea izan da desanexio prozesuaren korapilo nagusia. Eremu gehienean, Galdakao ez diren beste udalerri batzuek zehazten dituzte Usansoloren mugak, eta, ondorioz, ez dago eremu horietako mugak definitzeko aparteko arazorik. Zehazki, Zaratamok, Zeberiok eta Bediak marrazten dute Usansoloren eremu geografikoa. Hortaz, Labea auzoa da arazoa ulertzeko gako nagusia: muga Galdakaoko auzoekin egiteaz gain, ospitalea dago eremu horretan, eta Galdakaoko herri kutxan eragin ekonomiko handia du zerbitzuak. Hori dela eta, usansolotarrek uste dute Galdakao ahaleginetan ari dela Labea inguruko eremuak desanexio prozesuan sar ez daitezen.

Halabeharrez ala ez, Usansolo erdigunetik kanpo geratzen diren bederatzi auzotan egingo duten galdeketa hiru multzotan banatu du Galdakaoko udal gobernuak, eta Labea da multzo horietako bat. Udal ordezkariek azaldu dutenez, hiru eremutan elkartu dituzte galdeketa egiteko eremuak: aipatutako Labea multzoa lehenik —Labea, Puentelatorre, Uraska eta Labega auzoak hartuko lituzke eremuak—; Gorosibai auzoa bigarrenik; eta Arteta multzoa azkenik —Arteta, Ordañe, Lekue eta Lekubaso auzoak bilduko lituzke Artetan bildutako eremuak—. Eremuak zehazteaz gain, baldintzak ere jarri ditu udalak: zehaztu dituzten hiru eremuetako bakoitzean auzokideen %35ek parte hartu behar dute, gutxienez, galdeketan, eta gutxieneko kopurura iristen ez diren eremuak desanexio prozesutik kanpo utziko lituzke.

Ezarritako mugez gaindi

Legea eta tranpa, biak ikusi ditu Usansolo Herriak udalak iragarritako pausoetan. Labea multzoko auzoak Galdakaon gelditu daitezen eginahalak eta bi egiten ari dela uste dute plataformako kideek. "Arteta, Lekue, Isisi, Gorosibai eta Labeako bizilagunek 2014an ere eman zuten botoa, eta argi adierazi zuten Usansolo direla. 1989an egindako lurralde mugaketako ikerketek ere hala direla ezarri zuten. Orduan finkatu ziren Usansoloren mugak".

Mugak zedarritzea da Galdakaoko Udalak proposatutako galdeketaren xede bakarra, eta galdera argia proposatu dute horretarako: Gura dozu zure auzoa Usansoloko segregazio prozesuan sartzea?. Herritarrek berek Usansolo auzoaren muga geografikoen barruan dauden ala beren burua Galdakaon kokatzen duten zehaztuko dutela azaldu du Ibon Uribe Galdakaoko Udaleko alkateak. "Erregistro publikoan ez dago Usansoloren muga geografikoak egiaztatzen dituen dokumenturik. Uste dugu demokratikoena dela inguru horretan bizi diren auzokideei galdetzea Usansoloko segregazio prozesuaren parte izan nahi duten ala ez".

Usansolo Herria plataformako kideek argi erantzun diote proposamenari: mugak zeintzuk diren argi egoteaz gain, usansolotarrek behin baino gehiagotan agertu dute auzo izateari utzi eta udalerri bilakatzeko nahia. "Usansolok zer nahi duen argi utzi dugu behin baino gehiagotan". 2014an Usansolo Herria plataformak antolatutako galdeketa da adibiderik argiena: 2.187 herritarrek parte hartu zuten, eta horietatik 1.964k egin zuten desanexioaren alde; %90ek, alegia.

Nahi hori berretsi dute duela gutxi. "2017aren bukaeran berretsi dugu udalerri izateko nahi hori". Plataformak 1.995 herritarren babesa lortu zuen iazko azaroan desanexio prozesuaren alde auzoan egindako sinadura bilketan. Azaldu dutenez, Usansolo osatzen duten barruti guztiak daude ordezkatuta sinadura bilketan, eta denetan lortu dute biztanleen %60k baino gehiagok sinatzea. Udalak entzungor egiten die guztiei, plataformaren hitzetan. "Alkateak ez du kontuan hartu ere egin. Are gehiago, aipatu ere ez ditu egin. Hortaz, zertaz ari da herritarrak entzun beharra aipatzen duen bakoitzean? Usansolotarrok hitz egin dugu jada, behin baino gehiagotan. Gure erabakia errespetatu eta aurrera egitea besterik ez da falta".

Udalak zehaztutako bidea

Joan den astelehenean bildu ziren Galdakaoko ordezkariak eta Usansolo Herria plataformako kideak, desanexioaren auziari aterabidea emateko asmoz bi aldeek 2016tik osatzen duten batzorde parekidean. Bertan eman zuten udal ordezkariek beren asmoen berri. Gehiengoa dute batzordean, eta proposamenak aurrera egingo zuela jakinda aurkeztu zuten galdeketa egiteko asmoa eta datozen hilabeteetan egingo dituzten urratsak. Datozen egunetan udaleko ezohiko bilkurara eramango dute gaia, eta, bilkuran onartu ondoren, galdeketa egiteko baimena eskatuko dute Madrilen. Hala jakinarazi du Uribek. "Uste dugu Madrildik galdeketa egin ahal izateko baimena emango liguketela, ez delako segregazio erreferendum bat, kontsulta bat baizik".

Euskal Herriko hainbat herritan izan diren beste sezesio prozesu batzuetan gertatutakoa saihestu nahi dute horrela. Itsaso eta Igeldoren (Gipuzkoa) kasuak dira berrienak. Itsaso 2016ko irailean bereizi zen Ezkio udalerritik, herri galdeketa egin ondoren eta foru aldundiaren babesarekin. Baina, iazko martxoan, desanexioa bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak. Berdin Igeldorekin ere: Donostiatik bereizi zen 2013an, eta duela urtebete erabakia bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.

Espainiako Gobernuak Usansoloren mugak zehazteko galdeketa egiteko baimena emango duela uste du Uribek. Eta baimen eskaerari erantzuna emateko hiru hilabeteko epea zehaztu du udal ordezkariak. "Erantzunik ez balego; hots, administrazioaren aldetik isiltasuna nagusituko balitz, baiezkotzat joko genuke erantzuna".

Usansolo Herria plataformako kideak ez dira horren baikor azaldu. Madrilek jarrera abegikorra izango duela zalantzan jartzeaz gain, auzia Espainiako Gobernuaren "esku" uztea leporatu dio Galdakaoko udal gobernuari Usansoloren desanexio prozesuaren aldeko plataformak. Marraztu berri den bide orria EAJren "estrategia" dela azpimarratu dute, eta erabaki guztien atzean "denbora irabaztea" dagoela uste dute plataformako kideek. "EAJ hari guztiak mugitzen ari da Sabin Etxean, diputazioan, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Galdakaoko Udalean usansolotarrek udalerri berri bat eratzeko duten helburu eta sentimendua ito dadin".

Lurraldetasunaren korapiloa konpontzea Galdakaoko udal ordezkariei, Usansoloko ordezkariei eta foru aldundiko kideei dagokiela zehazten du Bizkaian udalerri berriak sortzea arautzen duen foru arauak. Horregatik, Usansolo Herria-ko kideek ez dute ulertzen zertara datorren orain galdeketaren erabakia. "Batzorde mistoak zedarritu behar ditu mugak, eta, horretarako, orain arteko dokumentazio guztia hartu behar da oinarri gisa".

Eskumenak, zalantzan

Usansoloren mugak zehazten dituzten txosten ofizialak ere aipatu dituzte plataformako kideek: 1987an galdeketa bat egin zen, eta 2014an beste bat, desanexioari buruz galdetzeko, eta Usansoloren mugak argi azaltzen dira bertan. Iazko azaroan desanexioaren alde egindako sinadura bilketan ere berretsi dute erabakia. Galdakaoko Udalak galdeketa egingo duen bederatzi auzoetako herrikideek parte hartu dute guztietan, eta horregatik uste du plataformak ez dagoela zertan beste bat egin. "Zenbat alditan hitz egin behar dugu? Borondate politikoa behar da, eta oztopoak jartzeari utzi behar diogu".

Usansolo Herria plataformak 2016an adostutakoa hautsi izana leporatu dio Galdakaoko udal gobernuari azken urtean. Usansoloren mugak zehazteko prozesua ere adosten baitzen bertan. Zehazki, hiru proposamen egin zituen udalak 2016ko uztailean. Bat: batzorde parekidea osatzea, aurrera begirako urratsak zehazteko: Usansoloko eta Galdakaoko ordezkariak elkartuko lirateke bertan. Bi: batzorde mistoa —2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitzen arabera, Usansoloko hiru ordezkarik, udaleko beste hiruk eta foru ordezkari bik osatuko lukete batzordea—. Foru arauak zehaztutako txostenak egitea da batzorde horren egitekoa: Usansoloren lurraldea zehaztea, batetik, eta udal zerbitzuen egoera aztertzea, bestetik. Hiru: egindako azterketa horiek guztiak udaleko osoko bilkuran onartu eta aldundira eramatea litzateke azken urratsa. Bizkaiko Batzar Nagusiek prozesua onartu ondoren, legezko baldintza guztiak dituen galdeketarekin bukatuko litzateke prozesua.

2016an onartutako bide orria hautsi dute Galdakaoko ordezkariek, Usansolo Herria-ko kideen arabera: "Ez dugu bilerarik egin azken urtean. EAJk guztiz blokeatua du duela bi urte sortutako batzorde parekidea. Hedabideei kontatu ondoren azaldu zigun guri galdeketa egiteko asmoa zutela. Lotsagarria da. Baina aurrera egingo dugu, lortuko dugu Bizkaiko 113. herri izatea".

Erakundeen “utzikeria” salatu dute Abiñakoek

Erakundeen “utzikeria” salatu dute Abiñakoek

Oihana Cabello

25 urte beteko dira Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko enklabeak desagerrarazteko 8/1993 foru dekretua onartu zuela, eta abenduaren 14an onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek orain arte Sukarrietakoa zen San Antonio enklabea aurrerantzean Busturia udalerrian barneratzea. Abiña auzoa eta hango bizilagunen etorkizuna aldatuko du Batzar Nagusiek hartutako erabakiak, eta egoerarekin nekatuta daude bertakoak. Jon Martinez Abiñako auzokideak dioenez, auzokoek bilerak egin dituztenean denek adierazi dute behingoz auzia konpontzeko gogoa. "Sukarrietako Udalak abandonatuta utzi gaitu. Urteak dira erabaki dutela auzoan inbertsiorik ez egitea auzia konpondu bitartean, eta abandonatuta gaude. Itsasoko ura sartzen da auzora, arratoiak daude, eta espaloirik ere ez dugu", zehaztu du Martinezek. Hori dela eta, auzia hainbat eta arinen konpontzea nahi dute Abiñakoek, beraien hobebeharrez, auzoan konponketak egin behar direlako. "Aldundiak alde batetik, eta Sukarrietako Udalak bestetik, abandonatu egin gaituzte", errepikatzen dute sentipena. Busturiko Udalaren jarrera ere utzikeriazkoa izan dela dio Martinezek: "Ez da gurekin ezertarako harremanetan jarri. Mundu guztiak abandonatu gaitu".

Eskualdeko alderdi politikoek beraiekiko izan duten jarrera ere kritikatu du Martinezek: "Inork ez du kontuan hartu gure nahia, ezta EH Bilduk eta EAJk ere. Zenbakiak, zergak baino ez gara beraientzat".

Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdi politikoekin ere harremanetan jarri izan dira Abiñako bizilagunak, baina, diotenez, inork ez du aintzat hartu haien iritzia. Gure Esku Dago-k 2017ko apirilaren 2an egin zuen herri galdeketa baliatuta, Abiñako bizilagunek ere, modu sinbolikoan, busturiarrak edo sukarrietarrak izan nahi zuten adierazteko aukera izan zuten. Abiñako hamasei biztanleetatik hamabost joan ziren botoa ematera, eta denek ere Sukarrietako bizilagunak izaten jarraitu gura dutela adierazi zuten. Notariotzara ere joan ziren, beren nahia notario baten aurrean berrestera. "Askok ahoa betetzen dute errespetua, erabakitzeko eskubidea eta horrelako hitzekin, baina gero ez dira gai herritarren nahia kontuan hartzeko", kexu da.

Martinezek dio 8/1993 foru legeak, hasiera batean, ez zuela Abiña jasotzen Bizkaiko enklabeen artean. Abiñako bizilagunaren hitzetan, Busturiaren nahia izan da Abiña bereganatzea, eta, hori lortzeko, fede txarrez jokatu du. "Munitis auzoaren kasua erabili dute: lehen, Busturia zen, eta, gaur egun, Sukarrietaren esku dago. Baina injustizia bat ezin da konpondu beste injustizia batekin". Are gehiago, esan du eurek ez dutela horretan "inolako errurik", eta orain hartu den erabakiak kalte sakonagoa eragingo duela: "Abiña auzoa Sukarrietaren arima da; herri txiki bati arima kendu nahi diote, eta bere etorkizuna kolokan jarri".

Auzitegien esku

Sukarrietako zinegotzi Iñaki Biteriren (EH Bildu) esanetan, 8/1993 foru arauaren harira enklabeak aztertzeko aldundiak kontratatu zuen enpresak hasiera batetik jaso zuen Abiña bere txostenean. Hala ere, nabarmendu du Abiña Bizkaiko enklabeen txostenetik kendu zutela gero, aldundiaren aginduz. Biterik salatu duenez, Busturia izan da behin eta berriro Abiña enklabe legez hartzeko eskatu izan duena. Busturiko alkate Aitor Aretxagak, baina, ezeztatu egin ditu adierazpen horiek. Aretxagaren esanetan, aldundiak kontratatu zuen enpresak hasiera batean jaso zituen Busturialdeko bi enklabe bere txostenean: "Munitis zen bat, administratiboki Busturiarena zena; eta San Antonio zen bestea, administratiboki Sukarrietarena". Aretxagak azaldu duenez, eskualde horretako enklabeei irtenbide egokiena emateko eta inguratzen duen lurraldean nola integratu aztertzeko Bizilan enpresa kontratatu zuen aldundiak. "Enpresa horrek hainbat txosten egin zituen, ingurumena, lurraldea, hirigintza, ekonomia zein egoera soziala kontuan hartzen zituztenak. Txosten horietan oinarrituta erabaki zuten Munitis Sukarrietaren lurretara pasatzea eta Abiña Busturikoetara". Hala, 2003-2004 urteen bitartean hasi zuten Munitis Sukarrietaren esku uzteko prozedura. Legea bete beharra zegoela-eta, Busturiak eginbehar hori arazorik gabe onartu zuela dio herri horretako alkateak.

Hala ere, Aretxagak azaldu duenez, San Antonio Busturiarena izateko prozedura ez zuten hasi. Hori dela eta, Busturiko Udalak aldundira jo zuen 2005. urtean, azalpen eske. "Diputazioaren erantzuna izan zen San Antonio ez zela enklabea. Iritzia eta jokabidea aldatu zuten bat-batean, eta garai hartako udal arduradunek, Bizilanek egindako txostenean oinarrituta, epaitegietara jotzea erabaki zuten", adierazi du Busturiko alkateak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2013an eman zuen ebazpenean zioen San Antonio enklabea zela, eta herri batean edo bestean integratu behar zela. "Arazoa ahalik eta erarik naturalenean konpontzeko agindu zuen sententziak, baina, gure sorpresarako, aldundiak epaia errekurritu eta Auzitegi Gorenera jo zuen, Sukarrietako Udalaren laguntzarekin", zehaztu du alkateak.

Adostasunik ez

Aretxagak alkatetza hartu zuen urtean heldu zen Auzitegi Gorenaren ebazpena, 2015ean. Sententzia hark EAEko Auzitegi Nagusiak erabakitakoa berretsi zuen, eta San Antonio Busturiaren esku uzteko agindu zuen. Prozedura arauturik eman gabe, lagapena hautaz eta kontsentsuz egin beharrekoa zela zioen ebazpenak, baina, bai Busturiko alkateak bai Sukarrietako zinegotziak aitortu dute bien arteko adostasunik lortzerik ez dela posible izan auzi horretan. "Aldundiak beste enpresa bat kontratatu zuen txosten berriak egiteko. Txosten berriaren arabera, enklabea Sukarrietaren esku geratuko litzateke, eta Busturiarena litzateke hondartzaren hareatza. Mugak aldatzea proposatzen zuen txostenak, eta hori legez kanpokoa zen; ezin genuen onartu". Egoera horretan, berriro auzitara joatea erabaki zuen Busturiak, eta 2016. urtean heldu den azken epaiak ere aurrekoak berretsi ditu.

Epaia onartu, eta aldundiak 2017. urteko abenduan aurkeztu du San Antonio Busturiaren esku uzteko proposamena Batzar Nagusietan. Podemosen eta talde mistoaren aldeko botoekin egin zuen aurrera aldundiaren proposamenak. Gainontzeko alderdiek abstentzioa eman zuten.

Batzar Nagusien erabaki horri helegitea jartzea aztertu zuen Sukarrietako Udalak, eta ezohiko udalbatzarrera deitu zuten. Bertan onartu zuten helegitea jartzea, beraien ustez San Antonio irla ezin daitekeelako enklabetzat hartu. Diotenez, zentzugabekoa da, irla bat irla bat delako eta ezin delako enklabetzat hartu. Era berean, diotenez, ezin dute Batzar Nagusiek hartu duten erabakia onartu, kontuan hartzen den arrazoi bakarra epailearen erabakia delako, eta ez beste hainbat puntu. Hala ere, Biterik azaldu duenez, oraindik ez dute hartu erabaki irmorik. Herritarrak informatu nahi dituzte lehendabizi, eta, horretarako, batzarra egingo dute gaur, 18:00etan, gaztelekuan. Auziaz arduratu den abokatua ere bertan izango da, Sukarrietako bizilagunen zalantzak argitzeko eta orain arte egindakoa azaltzeko. Abiñakoek abokatuarekin kontsultatuko dute zenbait zerbitzu Sukarrietan hartzen jarraitzeko aukera, medikua adibidez, Busturiak Munitisko bizilagunekin egin bezala. Hala ere, argi dio Martinezek: "Busturian erroldatuta egon arren gu ez gara inoiz busturiarrak izango, sukarrietarrak garelako".

Herritarrei udalak egin die batzar horretara joateko deia, herri bezala erabaki nahi dutelako zer egin. "Egia da orain arte Sukarrieta modura isilik egon garela, joko mediatikoetan ez jausteko, eta hauteskundeetan ere ez dugu inoiz holakorik erreibindikatu", dio Biterik. EH Bilduko zinegotziak, gainera, babes falta ere aipatu du: "Busturia handiagoa da, eta galtzeko gehiago du Sukarrietak baino. Gu orain galduta gaude; ez daukagu alderdiaren babesik. Kalera begirakoa ez dugu jorratu, eta orain egin behar dugu".

Era berean, ebazpenean aurreikusten den kalte-ordaina "eskasa" dela uste dute, Abiña galduz gero Sukarrieta ez litzatekeelako bideragarria izango. Ebazpenean hurrengo konpentsazio neurriak proposatu ditu aldundiak: hurrengo bost urteetan Busturiko Udalak Sukarrietakoari eman beharko dio enklabeko establezimenduen jarduera ekonomikoen gaineko zergengatik, udan saltokiak edo kioskoak jartzeagatik edota San Antonio hondartzako bisitariengatik zituen diru sarreren konpentsazioa, eta Udalkutxako sarrerak.

Sukarrietaren etorkizuna

Biteri eta Martinez bat datoz Sukarrietaren etorkizunari buruzko kezka dela eta. "Hau ez da bakarrik auzo baten liskar bat; herri batek bere etorkizuna eta bere nortasun administratiboa gal ditzake urteekin. Ez litzateke bideragarria izango ekonomikoki. Diru asko da, eta nork dio Kanalak ere bide berdina hartuko ez duenik?", azaldu du Biterik. Bitartean, Aretxagak esan bezala, tramite administratiboekin hasia da Busturia, eta Sukarrietako Udalera zein aldundira jo dute jada.

Errepidetik ateratzeko bidea

Errepidetik ateratzeko bidea

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bukatzea nahi duten egoerak eraman dituzte kamera aurrera, desagertzea nahi duten eszenak. Euskal presoen sakabanaketak gernikarrengan uzten duen aztarna erakutsi eta egoerari irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko sortu du A...