Lurraldetasunaren mugak

Lurraldetasunaren mugak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ez aurrera eta ez atzera. Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bihurtzeko prozesua blokeatuta egon da azken urtean. Usansolo Bizkaiko 113. herria bihurtzeko ibilbide orria adostu zuten bi aldeek 2016an, baina prozesua trabatuta dago ordutik. Behin baino gehiagotan salatu du Usansolo Herria plataformak auzoa herri bihurtzeko bidea oztopatu nahian ari dela Galdakaoko Udala. Presio egiteko asmoz eta sezesio prozesuan berresteko, 2.000 sinadura aurkeztu zituzten usansolotarrek foru aldundian joan den azaroan. Mugiarazi dute Galdakaoko Udala; ez, ordea, esperotako norabidean. 2016an adostutako bide orrian zehazten ez zen pausoa eman du, bere bidetik: Usansoloren mugak zeintzuk diren zehazteko, bederatzi auzotan galdeketa egingo du urtearen amaieran. Galdakaotik bereizi nahi den subjektua zein den zehazteko biderik “demokratikoena” dela dio udalak. Usansolo Herriak, berriz, usansolotarren indarrak zatitzeko eta desanexio prozesua gelditzeko saioa nabari du Galdakaoko Udalaren posizioan.

Usansoloren lur eremua zein den zehaztea izan da desanexio prozesuaren korapilo nagusia. Eremu gehienean, Galdakao ez diren beste udalerri batzuek zehazten dituzte Usansoloren mugak, eta, ondorioz, ez dago eremu horietako mugak definitzeko aparteko arazorik. Zehazki, Zaratamok, Zeberiok eta Bediak marrazten dute Usansoloren eremu geografikoa. Hortaz, Labea auzoa da arazoa ulertzeko gako nagusia: muga Galdakaoko auzoekin egiteaz gain, ospitalea dago eremu horretan, eta Galdakaoko herri kutxan eragin ekonomiko handia du zerbitzuak. Hori dela eta, usansolotarrek uste dute Galdakao ahaleginetan ari dela Labea inguruko eremuak desanexio prozesuan sar ez daitezen.

Halabeharrez ala ez, Usansolo erdigunetik kanpo geratzen diren bederatzi auzotan egingo duten galdeketa hiru multzotan banatu du Galdakaoko udal gobernuak, eta Labea da multzo horietako bat. Udal ordezkariek azaldu dutenez, hiru eremutan elkartu dituzte galdeketa egiteko eremuak: aipatutako Labea multzoa lehenik —Labea, Puentelatorre, Uraska eta Labega auzoak hartuko lituzke eremuak—; Gorosibai auzoa bigarrenik; eta Arteta multzoa azkenik —Arteta, Ordañe, Lekue eta Lekubaso auzoak bilduko lituzke Artetan bildutako eremuak—. Eremuak zehazteaz gain, baldintzak ere jarri ditu udalak: zehaztu dituzten hiru eremuetako bakoitzean auzokideen %35ek parte hartu behar dute, gutxienez, galdeketan, eta gutxieneko kopurura iristen ez diren eremuak desanexio prozesutik kanpo utziko lituzke.

Ezarritako mugez gaindi

Legea eta tranpa, biak ikusi ditu Usansolo Herriak udalak iragarritako pausoetan. Labea multzoko auzoak Galdakaon gelditu daitezen eginahalak eta bi egiten ari dela uste dute plataformako kideek. “Arteta, Lekue, Isisi, Gorosibai eta Labeako bizilagunek 2014an ere eman zuten botoa, eta argi adierazi zuten Usansolo direla. 1989an egindako lurralde mugaketako ikerketek ere hala direla ezarri zuten. Orduan finkatu ziren Usansoloren mugak”.

Mugak zedarritzea da Galdakaoko Udalak proposatutako galdeketaren xede bakarra, eta galdera argia proposatu dute horretarako: Gura dozu zure auzoa Usansoloko segregazio prozesuan sartzea?. Herritarrek berek Usansolo auzoaren muga geografikoen barruan dauden ala beren burua Galdakaon kokatzen duten zehaztuko dutela azaldu du Ibon Uribe Galdakaoko Udaleko alkateak. “Erregistro publikoan ez dago Usansoloren muga geografikoak egiaztatzen dituen dokumenturik. Uste dugu demokratikoena dela inguru horretan bizi diren auzokideei galdetzea Usansoloko segregazio prozesuaren parte izan nahi duten ala ez”.

Usansolo Herria plataformako kideek argi erantzun diote proposamenari: mugak zeintzuk diren argi egoteaz gain, usansolotarrek behin baino gehiagotan agertu dute auzo izateari utzi eta udalerri bilakatzeko nahia. “Usansolok zer nahi duen argi utzi dugu behin baino gehiagotan”. 2014an Usansolo Herria plataformak antolatutako galdeketa da adibiderik argiena: 2.187 herritarrek parte hartu zuten, eta horietatik 1.964k egin zuten desanexioaren alde; %90ek, alegia.

Nahi hori berretsi dute duela gutxi. “2017aren bukaeran berretsi dugu udalerri izateko nahi hori”. Plataformak 1.995 herritarren babesa lortu zuen iazko azaroan desanexio prozesuaren alde auzoan egindako sinadura bilketan. Azaldu dutenez, Usansolo osatzen duten barruti guztiak daude ordezkatuta sinadura bilketan, eta denetan lortu dute biztanleen %60k baino gehiagok sinatzea. Udalak entzungor egiten die guztiei, plataformaren hitzetan. “Alkateak ez du kontuan hartu ere egin. Are gehiago, aipatu ere ez ditu egin. Hortaz, zertaz ari da herritarrak entzun beharra aipatzen duen bakoitzean? Usansolotarrok hitz egin dugu jada, behin baino gehiagotan. Gure erabakia errespetatu eta aurrera egitea besterik ez da falta”.

Udalak zehaztutako bidea

Joan den astelehenean bildu ziren Galdakaoko ordezkariak eta Usansolo Herria plataformako kideak, desanexioaren auziari aterabidea emateko asmoz bi aldeek 2016tik osatzen duten batzorde parekidean. Bertan eman zuten udal ordezkariek beren asmoen berri. Gehiengoa dute batzordean, eta proposamenak aurrera egingo zuela jakinda aurkeztu zuten galdeketa egiteko asmoa eta datozen hilabeteetan egingo dituzten urratsak. Datozen egunetan udaleko ezohiko bilkurara eramango dute gaia, eta, bilkuran onartu ondoren, galdeketa egiteko baimena eskatuko dute Madrilen. Hala jakinarazi du Uribek. “Uste dugu Madrildik galdeketa egin ahal izateko baimena emango liguketela, ez delako segregazio erreferendum bat, kontsulta bat baizik”.

Euskal Herriko hainbat herritan izan diren beste sezesio prozesu batzuetan gertatutakoa saihestu nahi dute horrela. Itsaso eta Igeldoren (Gipuzkoa) kasuak dira berrienak. Itsaso 2016ko irailean bereizi zen Ezkio udalerritik, herri galdeketa egin ondoren eta foru aldundiaren babesarekin. Baina, iazko martxoan, desanexioa bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak. Berdin Igeldorekin ere: Donostiatik bereizi zen 2013an, eta duela urtebete erabakia bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.

Espainiako Gobernuak Usansoloren mugak zehazteko galdeketa egiteko baimena emango duela uste du Uribek. Eta baimen eskaerari erantzuna emateko hiru hilabeteko epea zehaztu du udal ordezkariak. “Erantzunik ez balego; hots, administrazioaren aldetik isiltasuna nagusituko balitz, baiezkotzat joko genuke erantzuna”.

Usansolo Herria plataformako kideak ez dira horren baikor azaldu. Madrilek jarrera abegikorra izango duela zalantzan jartzeaz gain, auzia Espainiako Gobernuaren “esku” uztea leporatu dio Galdakaoko udal gobernuari Usansoloren desanexio prozesuaren aldeko plataformak. Marraztu berri den bide orria EAJren “estrategia” dela azpimarratu dute, eta erabaki guztien atzean “denbora irabaztea” dagoela uste dute plataformako kideek. “EAJ hari guztiak mugitzen ari da Sabin Etxean, diputazioan, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Galdakaoko Udalean usansolotarrek udalerri berri bat eratzeko duten helburu eta sentimendua ito dadin”.

Lurraldetasunaren korapiloa konpontzea Galdakaoko udal ordezkariei, Usansoloko ordezkariei eta foru aldundiko kideei dagokiela zehazten du Bizkaian udalerri berriak sortzea arautzen duen foru arauak. Horregatik, Usansolo Herria-ko kideek ez dute ulertzen zertara datorren orain galdeketaren erabakia. “Batzorde mistoak zedarritu behar ditu mugak, eta, horretarako, orain arteko dokumentazio guztia hartu behar da oinarri gisa”.

Eskumenak, zalantzan

Usansoloren mugak zehazten dituzten txosten ofizialak ere aipatu dituzte plataformako kideek: 1987an galdeketa bat egin zen, eta 2014an beste bat, desanexioari buruz galdetzeko, eta Usansoloren mugak argi azaltzen dira bertan. Iazko azaroan desanexioaren alde egindako sinadura bilketan ere berretsi dute erabakia. Galdakaoko Udalak galdeketa egingo duen bederatzi auzoetako herrikideek parte hartu dute guztietan, eta horregatik uste du plataformak ez dagoela zertan beste bat egin. “Zenbat alditan hitz egin behar dugu? Borondate politikoa behar da, eta oztopoak jartzeari utzi behar diogu”.

Usansolo Herria plataformak 2016an adostutakoa hautsi izana leporatu dio Galdakaoko udal gobernuari azken urtean. Usansoloren mugak zehazteko prozesua ere adosten baitzen bertan. Zehazki, hiru proposamen egin zituen udalak 2016ko uztailean. Bat: batzorde parekidea osatzea, aurrera begirako urratsak zehazteko: Usansoloko eta Galdakaoko ordezkariak elkartuko lirateke bertan. Bi: batzorde mistoa —2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitzen arabera, Usansoloko hiru ordezkarik, udaleko beste hiruk eta foru ordezkari bik osatuko lukete batzordea—. Foru arauak zehaztutako txostenak egitea da batzorde horren egitekoa: Usansoloren lurraldea zehaztea, batetik, eta udal zerbitzuen egoera aztertzea, bestetik. Hiru: egindako azterketa horiek guztiak udaleko osoko bilkuran onartu eta aldundira eramatea litzateke azken urratsa. Bizkaiko Batzar Nagusiek prozesua onartu ondoren, legezko baldintza guztiak dituen galdeketarekin bukatuko litzateke prozesua.

2016an onartutako bide orria hautsi dute Galdakaoko ordezkariek, Usansolo Herria-ko kideen arabera: “Ez dugu bilerarik egin azken urtean. EAJk guztiz blokeatua du duela bi urte sortutako batzorde parekidea. Hedabideei kontatu ondoren azaldu zigun guri galdeketa egiteko asmoa zutela. Lotsagarria da. Baina aurrera egingo dugu, lortuko dugu Bizkaiko 113. herri izatea”.