Basauri erdigunea eraberritzeko planak kolokan jarraitzen du

Basauri erdigunea eraberritzeko planak kolokan jarraitzen du

Asier Arrate Iruskieta

Basauri erdigunean dauden Bidebieta, San Fausto eta Pozokoetxe eremuak eraberritzeko proiektua are gehiago atzeratu liteke. Proiektuak herritarren babesa duela erakusteko udalak abenduaren 17an antolatutako galdeketak ez zuen gainditu udalak berak ezarritako gutxieneko %20ko parte hartzea. Bozkatu zutenen artean %73 proiektuaren alde agertu ziren, baina udalak ezingo du galdeketa hori baliatu osoko bilkuran. Oposizioko alderdiak proiektuaren kontra agertu dira, eta EAJk, gehiengo osorik ez duenez, galdeketa baliatu nahi zuen proiektua onartzeko.

Oraintxe, ez dago argi zein izango den udal gobernuaren hurrengo pausoa, baina, udalean Hirigintza sailean ari den langile batek Bizkaiko Hitza-ri azaldu dionez, litekeena da udalak informazio batzordea eratzea proiektuaren berri emateko, eta, horren ostean, proiektua bera eztabaidatzea osoko bilkuran. Galdeketaren babesik gabe, ordea, EAJk ezinbestean oposizioko alderdiekin negoziatu beharko ditu proiektuaren nondik norakoak.

Oposizio gehiena kontra

Eraberritze proiektuak ez du udaleko gainontzeko alderdien babesa izan. PSE, Basauri Bai eta PP proiektuaren aurka agertu dira. Baita galdeketaren aurka ere. EH Bilduk, berriz, proiektuaren zenbait punturekiko desadostasuna azaldu zuen, baina galdeketaren alde agertu zen, eta bozkatzeko askatasuna eman zien kideei.

Basauri Bai plataformako eledunek adierazi dutenez, Basaurik eraberritze proiektu bat behar dutela “herritar guztiek partekatzen duten ideia da”. Hala ere, plataforma herritarreko eledunek salatu dute udalak proiektua “herritarren eta inplikatutako eragileen adostasunik gabe” eraman nahi duela aurrera: “Hutsunez josita dagoen plana da”. Oposizioko alderdiez gain proiektuaren parte diren beste bi erakundeek ere Adif eta Bilbo Ria 2000 proiektuaren bideragarritasunik eza kritikatu zuten.

Galdeketari dagokionez, Basauri Bai horren kontra azaldu zen: “Ezin da aurrera eraman ekonomikoki bideragarria ez den eta, beraz, legez kanpokoa den plan bat”. Udalak galdeketa egitea adostu ostean, ezetz bozkatzeko eskatu zuen plataformak.

EH Bildu ere, Basauri erdigunea eraberritzeko “premiaz” mintzatu zen, baina, proiektuaren “eredu zaharkitua eta mugak” kritikatu zituen. Galdeketari dagokionez, ordea, alde agertu zen. Historian lehenbizikoz, herritarrek proiektu baten inguruan erabakitzeko aukera izatea nahi zuen.

Herria eraberritzea helburu

Basauriko proiektua orain urte eta erdi aurkeztu zuen udalak. 2008an onetsitako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) du jatorria, eta ingurune horretako burdinbide-multzoa berreskuratzea du helburu. Horren bidez, herriaren erdigunean dauden Pozokoetxe, San Fausto eta Bidebieta kaleak eraberritzea.

Udalak aurkeztutako proiektuak aurreikusten zuen berreskuratutako eremuetan berdeguneak eta etxebizitzak eraikitzea. 400 bat etxebizitza eta 15.000 metro koadroko berdeguneak eraiki nahi zituen udalak. Horrez gain, erabilera publikoko eremu berriak sortu, eta parkeen, aparkamenduen eta auzoen arteko lotuneak egitea ere proiektatu du. Eraberritze prozesuak herriaren beharrizan bati erantzun eta eremu horietako bilakaera ekonomikoa suspertzea espero duela ere esana du udalak.

Egitasmoaren ezaugarriak ezagutarazteko eta herritar, eragile eta alderdi politikoen iritziak jasotzeko asmoz, udalak bi informazio eta eztabaida fase antolatu zituen. Mahai inguruak egin zituen eragileekin eta herritarrekin, eta informazio guneak jarri zituen herrian zehar. Horrez gain, udalak herri galdeketara deitu zuen irailerako, proiektuaren babes maila ezagutzeko asmoz.

Debekua lehen galdeketari

Lehen galdeketa irailean egitekoak ziren, baina, Espainiako Estatuko Abokatutzak, legea urra zitekeela argudiatuta, galdeketa behin-behinean eteteko eskatu zuen. Bilboko bigarren epaitegiak, eskaera horri erantzunez, bertan behera utzi zuen galdeketa. Udalak, bigarren saiakera berme juridiko guztiekin egiteko aukera izateko, eskaera luzatu zion Espainiako Gobernuari. Baimena lortuta, abenduaren 17rako deitu zuen bigarren galdeketa.

Emaitza, ordea, ez da izan udalak espero zuena. Udal gobernuak berak ezarritako %20ko gutxiengoa gainditu gabe, EAJk ezingo du baliatu galdeketa proiektua gainontzeko alderdien babes gabe onartzeko. Hori dela eta, udalak eraberritze egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabakitzen badu, ezinbestean, oposizioko alderdiekin negoziatu beharko ditu horren ezaugarriak, eta ziurrenik gainontzeko alderdiek osoko bilkuran aldaketak eskatuko dituzte. Proiektua, beraz, kolokan dago gaur egun.