Kultura

Kontzertuetatik harago

Kontzertuetatik harago

Pello A. Zuazo

Azken boladan Euskal Herrian festibal asko egiten dira, baina festibal bakoitzak bere ildo editoriala dauka". Amets Rodriguezek ondo daki zertaz ari den. Mundaka Festival jaialdiko zuzendaria eta Euskal Musika Industriaren Elkarteko ordezkaria da. Berak dioenez, festibal bakoitzak bere perfila dauka, eta, gaur egun, jada ez dira soilik kontzertuetara mugatzen. "Zerbait soziala bihurtu dira, lagunartean eta giro onean musika kontsumitzeko aitzakia polit eta erraza". Horrela bada, Mundakakoaren oinarriak hiru dira: kalitatezko musika, gastronomia eta natura. Musika estilo aldetik, ekleptikoa da euren eskaintza, baina, oro har, rockaren aldeko apustua egiten dute. Iaz, Echo and The Bunymen, The Sonics edota Loquillok jo zuten bertan. Eta aurten, The Waterboys jarri dute kartelburu. Mundakakoa da Bizkaiko jaialdi berriena, eta aurtengoa bigarren urtea du. Iragarpenak, halere, paregabeak dira.

Espainiako Musika Promotoreen Elkarteak egindako txostenaren arabera, 2015ean 402.312 ikusle joan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egiten den musika festibalen batera. Bizkaiko Bilbao BBK Live eta Bime Live, eta Arabako Azkena Rock Festival jaialdien artean 168.481 ikusle bildu zituzten. Hiru horietatik handienak, Bilbao BBK Livek, 120.000 ikusle erakarri zituen, eta azken bi edizioetan sarrera guztiak agortu eta Bilboko hotelen %94a bete du. Datuen arabera, guztira 20 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta are gehiago musikaz ari bagara. Musika eta turismoa, zehatzago esateko.

Mundakakoa bide beretik doa. "Erakunde publikoek proiektu interesgarria dela ikusi dute, gehienbat turismo aldetik", argitu du Rodriguezek. Bizkaiko Aldundiak diruz laguntzen du, eta, horrez gain, babesle pribatuak ditu: Amstel, Kutxabank edota Fagor, beste batzuen artean. Mundakakoa festibal txikia da, ordea: 3.500 pertsonako edukiera dauka, eta beraz, zaila da saldutako sarreren bitartez kontzertuak ordaintzeko dirua berreskuratzea. "Gure apustua desberdina da, oreka mantentzen saiatzen gara diru sarrerei eta gastuei dagokienez. Eta horrek, festibalaren eta kontzertuen nolakotasuna baldintzatzen du".

Orain arte, festibal guztirako bonua 55 euroan saldu da —orain 60 euroan dago— eta, artista gehiago konfirmatzen dituztenean, garestitu egingo dute. Kartela osorik dagoenean, eguneko sarrerak aterako dituzte. Rodriguezek datua bota du: "Iazko abuztuan, festibala bukatu eta gutxira, 200 bonu salgai jarri genituen, oraindik inolako artisten izenik esan gabe. Berehala saldu ziren. Mundakako festibala berriz egingo zela zen erosle askoren arrazoia. Lehenengo edizioan publikoaren konfiantza hori lortzea sekulakoa da". Artistei dagokienez ere, berdin: "Ekarri nahi genituen taldeekin amesten genuen hasieran. Orain, artistak eurak etorri nahi dute. Txundituta gelditzen dira lekuarekin, itsasoarekin eta giroarekin".

Legendak, nobedade

Music Legends Festival jaialdia antolatuko dute aurten lehenengoz BBK Fundazioak eta Dekker Events promotorak. Sondikako Ola BBK zentroan egingo da ekainaren 10 eta 11an. Kartela bete dute aste honetan eta izen handien artean ondorengoak daude: Jethro Tull, Los Lobos, Graham Nash, Nina Hagen, Bob Geldof, Elliot Murphy eta David Lindley. Jaialdiaren izenak dioen moduan, rock, folk, edota blues musikaren legendak dira denak. "Ohiko jaialdietan biltzen dena baino publiko helduagoari dago zuzenduta jaialdi hau, batik bat", aipatu du Gorka Martinez BBK Fundazioaren zuzendari nagusiak.

Bilboko BBK aretoak 2011. urtetik martxan duen Music Legends zikloa izan da festibalaren hazia. Martinezek adierazi duenez, zikloak itzelezko arrakasta dauka, sarrerak agortzear egon dira beti, eta, hori ikusirik, festibal bat egitea otu zitzaien. Booker T. Jones, Jack Browne, John Mayall, Johnny Winter, Eric Burdon, Dr. John eta antzeko dinosauroek kontzertuak eskaini dituzte ziklo horren baitan. Eta orain, beste hainbeste bildu dituzte festibal bakarrean. Horiez gain, Euskal Herriko legenda bat ere deitu dute: Niko Etxart euskal rock & rollaren aitzindaria Hapa-Hapa taldearekin arituko da.

Kokalekua da festibalaren beste berezitasun nagusia. Sondikako Ola BBK zentroaren berdeguneetan egingo da, eta 4.000 pertsonarentzako lekua atonduko dute. Ola BBK zentroa 70. hamarkadan eraiki zuten, ezintasunak dituzten pertsonei eta euren senitartekoei arreta eskaintzeko helburuarekin. "Jaialdi honek, BBK Fundazioak gizarteratzearen eta kohesio sozialaren alde egiten duen lana ezagutzera emango du. Jaialdiaren antolakuntzan Gorabide eta Lantegi Batuak adimen urritasuna duten pertsonen elkarteetako kideek parte hartuko dute. Kultura eta integrazioa batu ditugu; gure gizarte ekintzaren zutabe biak".

Horrenbestez, Martinezek azaldu duenez, musikariei festibalaren nolakotasuna azaldu dietenean, asko interesatu dira eta erraztasunak eman dituzte. "Artistek eta ikusleek Sondikako zentroan egiten dena ezagutuko dute asteburu batez". Martinezen esanetan, Music Legends Festival ez da Euskal Herriko musika festibalen zirkuituan sartuko, printzipioz; zerbait "puntuala" baino ez da.

Bertako eszena

Aitzitik, badira ahots kritikoak halako festibalen karira. Esaterako, Euskal Herriko bertako musika taldeak. Izan ere, nazioarteko hainbeste artista ospetsuren artean, euren lekua egin ezinik dabiltza jaialdi erraldoien merkatu horretan. Rodriguezek eman du azalpena: "Kontua da, traktorea izateko izen handiak behar direla, bai bertako jendea zein atzerrikoa erakartzeko. Izen handi batek saltzen duena ikaragarria da. Horregatik, zaila da karteletan bertako eta kanpoko taldeen arteko oreka mantentzea".

Mundakako festibalaren kasuan, ordea, Euskal Herrikoak dira taldeen %80. Rodriguezen esanetan, euskal kultura islatzen duen jaialdia da, bai musika aldetik, bai gastronomia eta ingurumen aldetik. "Gure musikariak ordutegi duin batean egotea nahi dugu, soinu baldintza duin batzuekin, eta kartelean beste izen handien modu berean. Gure taldeek ere kalitate handia dute; festibala sortu zenetik hori defendatu dugu eta defendatuko dugu".

Ostera, azpimarratu duenez, ulergarria da Bilbao BBK Live moduko festibal bati ehuneko horiek betetzea ezinezko izatea. "Aurten hamar urte beteko ditu, nazioartean erreferente bilakatu da, egonkortu egin da eta indar handia dauka. Hori dela eta, nazioarteko publiko ugari dauka. Eta bere izaera nazioarteko tendentzia nagusietara egokitu du, pop eta indie estiloetara nagusiki".

Txapelera hurbiltzeko plazak

Txapelera hurbiltzeko plazak

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Inoiz baino lehenago iritsi zaie Bizkaiko bertsolari eta bertsozaleei zita; igandean hasiko baita bi urtez behin egiten den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Berrizen. Udaberrian hasi eta negura bitarte kantuak elkartuko ditu bizkai...

Arte eszenikoen topagunea

Arte eszenikoen topagunea

Euskal Herrian eta euskaraz eginiko arte eszenikoen topagune da Aulesti egunotan: astelehenaz geroztik, martxan da Artedrama. Antzerkia, musika eta dantza uztartu dira jaialdian, eta baita hausnarketa ere. Izan ere, ikuskizunaz gain, laborategia ere b...

Kili-kili baten historia guztia

Kili-kili baten historia guztia

Iñigo Astiz

Euskara pozgarri egitea. Subertsio doinu argia zuten hitz horiek debekuz eta zigorrez betetako frankismoko giro estuan, baina horixe izan zen Kili-kili proiektua sortu zutenen asmoa hasieratik: eskoletan euskaraz alfabetatzeko aukerarik ez zuten haur euskaldunak jolas bidez alfabetatzea. Jolas bidez, irribarrez, azken finean, kili-kilika. Jose Antonio Retolazaren eta Lander Gallastegiren ekimenez hasi zen dena Bilboko San Antongo elizan. 1966an kaleratu zituzten lehenengoz eskuz fotokopiatutako orritxo batzuk, eta urteekin Euskal Herri osora zabaltzen zen 18.000 harpideko aldizkari bilakatu zen Kili-kili. Proiektu haren 50 urteko historia biltzen duen erakusketa zabaldu du orain Bilboko Euskal Museoak: Kili-kili euskera pozgarri. 1966-2016.

Sariak, lehiaketak, txokolate janak, jolasak eta asmakizunak ziren maiz amua, baina euskara zen benetako helburua. Nolabait ere, irribarrea hautatu zuten haurrak euskaraz alfabetatzeko metodo modura hasieratik. Baina frankismopean nekeza zuten bidea euskarazko irribarreek ere, eta funtsezkoa izan zen Elizaren eta Euskarazaleak elkartearen babesa. Euskarazko kristau taldeak dira klabea. Giro horretan sortu zen proiektuaren ikur izango zen Kili-kili izeneko pertsonaia, eta agerikoak dira giro horren arrastoak 1966an pertsonaiak bere burua euskalduna, bilbotarra eta jainkozalea zela esanez egin zuen lehen aurkezpenean: "Bilbotara naz. Jaio-baria. S. Anton'go zubi-ondoan jaioa ta bertako elizan Kili-Kili izena ipiñi daustena. Izen oreri zer deritxazu? Polita da?".

Bilbokoa zena azkar bihurtu zen Euskal Herrikoa. Kili-kili martxan jarri eta berehala hedatu baitzen lehenik Bizkaira eta gero Euskal Herri osora. Hamabi koaderno argitaratu zituzten 1969tik 1972ra arte, baina zabalpena kontuan harturik lekuan lekuko hizkerara egokitzen zituzten edukiak. Koadernoak ez ezik, Gabonetako postalak, egutegiak, gutunak idazteko orriak eta itsasgarriak ere sortu zituen Kili-kili-k sasoi hartan, eta haien guztien lagin bat ere biltzen du orain Bilboko Euskal Museoko erakusketak, garai hartako argazki sorta batekin batera.

1977a ere bada klabea. Izan ere, urte hartan egin zen lehen Kili-kili eguna, Bilbon, eta erantzun handia izan zuen deialdiak. Garai hartako argazkiak ikus daitezke Euskal Museoko hormetan, eta jendetza ageri da gehienetan. San Mames futbol zelaiaren arkuaren atzealdean, eta milaka pertsona haren aurreko autobus geltokian. Ikurrinak, kartelak, dantzariak, familiak... Festa hura baliatu zuten Kili-kiliko arduradunek aldizkariaren formatu berria aurkezteko, eta aldaketa garrantzitsua izan zen. Komiki itxura izan zuen aldizkariak ordutik aurrera, eta beste hizkuntzetan irakur zitezkeen komiki sorta zekarren euskaraz. Asterix eta Obelix, Mortadelo eta Filemon, Zipi eta Zape, Panter Gorriska, Errobin eta Seherif... Eta, horiekin batera, baita Euskal Herriko pertsonaia garrantzitsu bati egindako elkarrizketa ere. Eta zenbaki guzti-guztietan beti ikur bera: Kili-kili pertsonaia aldizkariaren izenari kili-kiliak egiten, irribarre zabalez eta begi bat itxita, jostari.

18.000. Esanguratsua da datua. Izan ere, 18.000 harpidedun ere izan zituen aldizkariak bere garairik oparoenean, eta zifra horrek ematen du Kili-kili proiektua sustatzen zegoen jendetzaren neurria ere. "Esan daiteke mugimendu bat izan zela", zehaztu dute erakusketaren antolatzaileek. Laguntzaile sare ikaragarri handia izan zuen atzean aldizkariak. Aldizkariak sortu ez ezik, aldizkari haiek banatu ere egin behar ziren, eta antolatu behar ziren Kili-kili egunak, eta lortu behar ziren sariketarako sariak, eta... Eta ezinbestekoa zen mugimendu oso bat hori posible egin ahal izateko.

Irratirainoko jauzia

Komiki liburu osoak ere argitaratu zituen Kili-kili-k. Kili-txortak deitu zituzten liburuki haiek. Horrela kaleratu ziren, esaterako, William Tellen nondik norakoak kontatzen zituen komiki liburua, Dick Turpinen abenturak biltzen zituena, Erramun Basajaunarenak eta beste hainbat. Baina irribarrea sortzearekin batera, ikasgaiak eskaintzea ere bazen Kili-kili-koen asmoa, eta horiekin batera euskal historiari eta Jesusi buruzko liburukiak ere kaleratu zituzten. Eta irrati uhinetara ere egin zuen jauzi Kili-kili-k Euskal Herriko hainbat irratitan ematen zuten Kili-Irratia programaren bidez.

Oraingoz Bilbon dago erakusketa, baina Euskal Herriko beste txoko batzuetara ere eramatea da antolatzaileen asmoa. Zabaldu egin nahi dute 50 urte bete dituen umearen historia.

Bilbo, kulturaz blaituta

Bilbo, kulturaz blaituta

Aitziber Laskibar Lizarribar
Jaiegun hauetan kanporako planik egin ez duenak izango du non gozatu bertan ere. Bizkaiko hainbat herrik prestatu dituzte kultur eskaintzak, baina, ezbairik gabe, hiriburua izango da nagusi. 140 ekitaldiz osatutako programa...

Gazteak bertsotan zaletzeko sariketak finala du gaur

Gazteak bertsotan zaletzeko sariketak finala du gaur

Natalia Salazar Orbe

Bertsolari ezezagunez osatutako kartela du gaur Bilboko Kafe Antzokiak. Ezagunak izan ez arren, grina biziz aritzeko gogotsu daude norgehiagokan ariko diren 15 eta 24 urte arteko gazteak. Bertsolari Gazteen 24. BBK Sariketako finalean lehiatuko dira Busturialdeko eta Hego Uribeko gazteak, 19:00etan. Saio berezia izango da: bertsolarien gaztetasunagatik, batetik, eta taldean egindako erakustaldia izango delako, bestetik: sei kidez osatutako taldeetan lehiatuko dira. Beñat Vidal Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak argi dauka: "Sariketako talderik onenak ariko dira gaur kantuan, eta plaza handi batean abesteko prest daude. Baliteke gazteak urduri egotea, baina urduritasun hori erronka bihurtuko dute, eta saio polit bat entzuteko moduan izango gara".

Lehenengoz ibili dira Bizkaiko eskualde guztietako ordezkariak lehian. Zortzi talde osatuta, kanporaketaz kanporaketa aritu dira, otsailaren erdi aldeaz geroztik, ikastetxe eta ikastoletan bertsorik onenak nortzuek egingo zituzten norgehiagokan. Eta "maila ona" erakutsi dute, bai 18 urtera arteko taldeetakoek, bai hortik 24 urtera bitartekoek. Izan ere, taldeko hiru kide 15 eta 18 urte bitartekoak dira, eta, gainerakoak, 24 urtera artekoak.

Plazetan trebatzea, xede

Batzuen eta besteen artean alderik nabari bada ere, gaiak adinari egokituta ematen dizkiete gai-jartzaileek. "Hala, gazteen tematikak jartzen dira, haien kezkak kontuan hartzen dituztenak. Beraz, aldea ez da horrenbeste nabari". Dena den, eztabaidaezina da esperientziak beste kutsu bat ematen diola bertsolariari. "Oholtza edo plaza gaineko esperientziak asko egiten du kantatzeko orduan".

Horixe dute helburu era horretako sariketek: "Gazteak plazetan trebatzea, horietan kantuan hasi behar dutenean ez dadin izan kolpe handi bat eurentzat". Izan ere, bertso eskolatik plazarako saltoa zaila izaten da sarri asko. "Jendaurrean kantatzea ez da gauza erraza; denek ez dute gustuko izaten. Eta honek horretarako aukera ematen die".

Bertsotan taldean aritzeak badu berezitasunik. Nabarmenena taldeak norbanakoari ematen dion babesa da. "Denen artean egin beharreko zerbait da, eta lortzen denak denen artean lortu izanaren sentipena uzten du. Horrek babesa ematen die gazteei".

Bakoitzak zein ariketa egingo duen erabakitzeko aukera ere ematen die taldeak: ofiziotan, oinak emanda bertsotan, puntuari erantzunez eta azken puntua edo gaia emanda bertsoak osatzen ariko dira gaurko saioan ere.

Bertsozaletasuna sustatuz

Hainbat onura sortzen ditu bertsolari gazteen sariketak. Besteak beste, entzuleak bertsotan zaletzeko bide bat da. Entzule horiek gazteak izan ohi dira, gainera, kanporaketak ikastetxeetan egiten baitira.

Bide batez, bertsolariak gertuko pertsona gisa aurkezten dizkiete ikus-entzuleei. "Hala, ikus dezakete bertsolariak ez direla soilik pertsona helduak, telebistan eta txapelketetan agertzen direnak; aitzitik, argi geratzen zaie badaudela beren adineko gazteak bertsotan egiten dutenak". Hori horrela dela ikusita, gazteak identifikatuta senti daitezke, "eta ikus dezakete beraiek ere izena eman dezaketela bertso eskoletan, eta, gustatuz gero, edonor izan daitekeela bertsolari".

Bertsozaletasuna sustatzeko ez eze, euskarari bultzada emateko bidea ere egiten du sariketak. Eskolaz kanpoko jardueren artean, euskara hutsean egin daitekeen bakarrenetarikoa da bertsolaritza.

Horrez gain, saiook ikastetxeetan eta ikastoletan eginda, aisialdirako euskarazko eskaintza egiten du Bertsozale Elkarteak. "Era horretako zentroetako batzuetan, kokatuta dauden eremuaren arabera, euskara ez da entzuten nahiko genukeen beste. Saioak lekuotara eramanda, gazteek ikusten dute euskaraz dibertitzeko aukera ere badagoela".

Arratiako, Busturialdeko, Durangaldeko, Enkarterriko eta Ezkerraldeko, Uribe Butroeko, Uribe Kostako, Hego Uribeko eta Lea-Artibaiko gazteen arteko lehia izan da azken asteetakoa. Lau kanporaketa eta bi finalaurreko lehiatu dira gaurko finalera iritsi aurretik.

Bertsotan aurpegi berriak eta "labealdi berri baten aurrerakina" ikusteko aukera paregabea izango da, zalantzarik gabe, gaur. "Ez dira bertsolari ezagunak, baina gogotsu dauden gazteak dira". Zortzi talde eta beste horrenbeste eskualde ibili dira lehian. Eta finalean ariko direnak talderik onenak dira. Saio fresko bat entzuteko aukera emango dute Bilbo handiko kulturaren bihotzean.

Altxorren kutxak, denen esku

Altxorren kutxak, denen esku

Natalia Salazar Orbe

Itsasoak indar berezia dauka Bizkaian. Haren astinduek erne mantentzen dituzte segurtasuna bermatzeko erantzukizuna dutenak. Aldi berean, kresalak emandako bizigarriak eta kostaldeko kulturak aberastu egiten dute herrialdea, eta altxor bihurtu. Aberastasun horrez jabetuta, Euskal Kostaldeko Altxorrak izeneko egitasmoa abiatu dute hileon. Hala, denetariko ikusleentzako dozenaka jarduera prestatu dituzte 32 museo eta kulturgunetan. Martxo osoan izango dira, besteak beste, familientzako tailerrak, haurrentzako jokoak, bisita gidatu bereziak, doako sarrerak, dastatzeak, itsasoko txangoak, ibilbideak eta zuzeneko ikuskizunak.

BAKIOKO TXAKOLINGUNEA

Etzi hasita, martxoko igande guztietan Txakolingunea doan bisitatzeko aukera izango da, Bakion. Goizez aurkituko dute zabalik bisitariek. Bestalde, hilaren 12an, Euskal kostaldeak, itsas erasoak eta euskal defentsa izango ditu hizpide Jose Manuel Mates Luque arkeologoak. Doan entzun ahal izango dira haren ikerketen emaitzak, 12:00etatik aurrera.

BALEONTZIA, BERMEON

Berriz ere aukera emango dute bisitariek Bermeoko Aita Guria baleontzia barrutik ezagut dezaten. Historian atzera egingo dute hara bertaratzen direnek, eta XVI. mendeko arrantzaleek baleak nola harrapatzen zituzten ezagutu ahalko dute. Hilaren 18, 19 eta 20an doan sartu ahalko da arrantzaren historia gordetzen duen ontzira.

Herrian bertan bestelako aukerak ere izango dira. Familiak eta umeak izango dituzte jomuga horietako gehienek. Arrantzale Museoak ateak doan zabalduko ditu bisitari ororentzat hilaren 25ean eta 26an. Opari bat ere jasoko dute joaten direnek. Horrez gain, familientzako eta umeentzako tailerrak prestatu dituzte. Aste Santura begira antolatu dituzte tailer horiek. Kostaldeko altxorrak ezagutzeko hainbat ekintza jostagarritan parte hartuko dute haurrek. Bestalde, Gaztelugatxeko Donieneri buruzko jarduera dibertigarriak jasoko dituzte lehenengoan.

Horrez gain, hilaren 19an, Itsaspeko Zinea zikloaren barruan, dokumentalak emango dituzte museoan bertan.

ARKEOLOGIAZ, BILBON

Apaingarriek historian zehar izan duten garrantzia emango du ezagutzera Bilboko Arkeologi Museoak. Apain-mahaiko istorioak erakusketa ikusteko bisita gidatuak egingo dituzte gaur hasita, hileko ostiral guztietan. Antzinatik saiatu dira gizonak eta emakumeak euren itxura zaintzen, naturak euren esku jartzen zizkien baliabide oro erabiliz: produktu kosmetikoak eta olio lurrinduak, tinduak eta maskarak, bitxiak, diademak, belarritakoak eta koroak zein ileordeak erabiltzea ohikoa zen estatus soziala eta nagusitasuna erakusteko.

Gai berari lotutako tailerrak prestatu dituzte datorren astetik aurrera, hileko zapatuetan. Erromatar garaiko jantziak eta apaingarriak emango dizkiete ezagutzera. Ostean, norberak bere apaingarria sortuko du. Biak ala biak doako saioak izango dira.

ITSASOA, ELEIZ MUSEOAN

Bizkaian egunerokoan erabiltzen diren objektu asko helarazi ditu itsasoak, elikagaiak eta oihalak, kasurako. Horiekin batera, artelanak ere iritsi dira, besteak beste, honelakoak: alabastro ingelesak, erretaula eta koadro flandriarrak, Alemaniako zilarrezko kopak eta Mexikoko eta Peruko urrezko objektuak. Pieza horiek, haien ibilbideak zein hartzaileak bisita gidatuen bidez ezagutzeko aukera izango da Bilboko Eleiz Museoan. Baita objektu horiek bere garaian bizkaitarrei eragiten zizkieten inpresioak ere.

ITSAS MUSEOAN, INGELESEZ

Zer dago itsasoan? Izaki errealak eta ametsetakoak? Galdera horri erantzuteko tailerra prestatu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Collage edo marrazkiak erabiliz, euren istorioa zelan sortu irakatsiko diete 4 eta 12 urte arteko haurrei. Hilaren 20an egingo dute ingelesezko tailerra. Bestalde, Aste Santuan etxeko txikienek Euskal kostaldeko altxorrak aurkitu beharko dituzte.

NATURA, BERTATIK BERTARA

Busturialdeko paisaia bertatik bertara gozatzeko aukera paregabea eskainiko du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak. Hilaren 19an eta 20an, Ogoñorako ostera egingo dute; itsasontziz aterako dira Bermeoko portutik eta Izaro irla igarota iritsiko dira lurmuturrera. Bidaia kostaldeko inguru naturala eta biodibertsitatea ezagutzeko balia dezakete bisitariek. Ereñozar mendi tontorrerainoko ibilbidea da Busturiko interpretazio zentroak egiten duen bigarren eskaintza. Mendiko ibilbide gidatua martxoaren 28rako aurreikusi dute. Batean zein bestean parte hartu gura duenak izena eman behar du.

ELKANOREN ABENTURAK

Juan Sebastian Elkanok munduari bira nola eman zion ezagutu ahalko dute ume eta gurasoek jarduera dibertigarrien bitartez, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Datorren asteko zapatuan egingo dute doako tailerra. Martxoaren 26 eta 27an sarrera librea izango da, gainera. Aste Santuko egunetan hara joaten diren 5 eta 10 urte arteko umeek Euskal Herriko altxorrak aurkitu beharko dituzte, joko dibertigarriz baliatuta.

GATAZKATIK BAKERA

Aktibismorako sarbidea ardatz hartuta, elkarrizketa saioak eta laborategia antolatu ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. Zapalduen antzerkia, bakea gatazkatik eraikitzen izango dute aztergai. Datorren asteko asteburuan egingo dituzte jardunaldiok. Egun horietan librea izango da sarrera. Bisita gidatuak eta familientzako tailerrak ere ez dira faltako.

BURDINA ITSASORA

Euskal Herriko burdinaren itsas ibilbideak ardatz hartuta, bisitaldi gidatua eta erakusketa egingo dituzte, bihar, Muskizko Pobaleko Burdinolan. Xabier Armendariz itsasgizon, argazkilari eta historialaria eta Luisma Turuelo Pobaleko errementaria izango dira gidariak.

Basotik burdinolarako ibilbide tematikoa egingo dute, bestalde, hilaren 19an eta 20an. Uraren eta basoaren eta burdingintza tradizionalaren artean egon den lotura estua erakutsiko dute. Txondor txiki batean egur-ikatza nola egiten den ere ikusi ahalko dute parte hartzen dutenek.

ITSASOAN GALDUAK GOGOAN

Gure itsasoan galdutakoen itsasontziak erakusketarako sarrera doan eskainiko du hil osoan Plentziako Plazentia Butron museoak. Roberto Hernandezen akuarelak jaso ditu. Eskualdeko marinelen izenean, bertako itsasontzien irudiak ageri dira.

ITSASONTZI PIRATARA

Marinel korapiloak egiten ikasteko tailerra antolatu du Rialia industria museoak, Portugaleten. Tailerra itsasontzi pirata batean gauzatuko dute, hilaren 20an. Egun horretan bertan, itsasontziak egin eta nabigatzeko gai diren probatu ahalko dute 3 eta 10 urte arteko umeek. Euririk ez bada, puzgarriak ere izango dituzte.

Bestalde, film eta dokumentalen emanaldiak prestatu dituzte hainbat egunetan. Euskal Herriko arrantza eta burdina izango dituzte ardatz saioek.

Bizkaiko Zubia ezin zitekeen gera era horretako jardunaldietatik kanpo. Hala, gizadiaren ondare izendatu zuteneko mendeurrena eta haren historia gogorarazteko hitzaldia eskainiko du Javier Goitiak, Santa Klara kulturgunean. Hilaren 10ean izango da. Joan gura duenak izena eman behar du, sarrera doakoa bada ere. Egun horretan bertan, zubira bisita teknikoa egiteko aukera emango dute.

ENKANTEA, SANTURTZIN

Antzina enkanteak nola egiten ziren ezagutzeko simulazioak egingo dituzte Santurtziko Arrantza Kofradian. Gau osoa Abran arrantzan pasatu ondoren, itsasontziak portura itzultzen ziren. San Pedro kofradiako txirrinak jo bezain laster, sardina saltzaileak korrika iristen ziren eta enkanteari hasiera ematen zitzaion. Prozesua bertatik bertara ezagutu ahalko da hilaren 19an eta 20an.

Santurtzik arrantzarekiko eta itsasoarekiko izan duen lotura estuarekin jarraituz, Agurtza atunontzia ezagutzeko, bisita gidatu antzeztuak egingo dituzte enkantearen egun beretan. Agurtza osorik geratzen diren zurezko arrantzontzietako azkenetako bat da. Horrez gain, Santurtziko Itsasoa Interpretazio Zentroak ateak zabalduko ditu doan, asteburuetan.

SARRERAK, MERKEAGO

Jarduera berezirik antolatu ez arren, sarrerak merkeago edo doan eskainiko dituzten kulturgune batzuk ere badira. Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center da horietako adibide bat. Domekan doan bisitatzeko aukera emango du. Antzeko eskaintza egin du Getxoko Aquariumak ere, hilaren 20rako. Lekeition, Dolarea eta Itsasargia bisitatzeko sarrerak euro batean izango dira bihar eta datorren zapatuan.

Agertokiak, euskaraz blai

Agertokiak, euskaraz blai

Natalia Salazar Orbe

Euskarazko arte eszenikoen sorkuntza ikusgarri egitea. Berau bultzatu eta sustatzea. Helburu horiexek ditu Leioan bost urte bete berri dituen Kultur Maratilak. Hala jaso du Ixiar Rozas idazleak jaialdirako idatzi duen olerkian ere: "Pieza bat egiten ari zarela / pieza bat egiten ari zarela esatea / edo esan gabe / pieza bat egiten ari zarela / ikusgarri egitea". Artedrama Antzerki Laborategiak, Kultur Leioak eta Leioako Udalak elkarlanean antolatzen duten jaialdia saio freskagarriz betetako egitaraua abiatu berri du. Atzo egin zuten estreinaldia, eta domekara bitartean euskaraz sortu, garatu eta taularatutako lanak eskainiko dituzte.

Diziplina anitzeko sorkuntza obrak ikusteko aukera emango du Kultur Maratilak. Atzoko estreinaldiaren ostean, beste bost ikuskizun daude oholtza gainera igotzeko gogotsu. Khea Ziater konpainiak Malmö aurkeztuko du gaur. Arlo estetikoan zein narratiboan antzerkia eta zinea lotzen dituen kodeen bilaketan oinarritzen den proiektu independentea aurkeztuko du taldeak. Sentimenduetan barrena bidaia bat egiten duen istorio bat kontatuko diote ikusleari. Bi pertsonaren arteko harremana kolpetik aldatuta sortzen den egoerak eragiten dituen sentimenduak eta jazoerak azalduko dira Khea Ziaterren ikuskizunean.

Antzerki saioaren ostean, olerkigintza eta musika nahastu eta tartekatuko dituen saioa eskainiko dute hiru artistak: Harkaitz Cano, Petti eta Joxan Goikoetxeak Gau beranduan taularatuko dute. Idazle bat, abeslari bat eta musikari bat elkartuko ditu oholtza gainean ikuskizunak. Gaueko hiru hontzek istorioak, pertsonaiak, mamuak edo ametsak uxatu eta erakarriko dituzte.

Bihar musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna aurkeztuko dute Idurre Azkuek eta Joseba Irazokik: Dantza gurea. Soinuaren bibrazioek gorputzari nola eragiten dioten aztertzen saiatuko dira dantzaria eta musikaria. Aldi berean, mugimenduak berak espazioan nola egiten duen dar-dar, eta harengan zer arrasto uzten dituen azalduko dute. Musikariak eskainitako kontzertu dantzatua eta dantzariak dantzatutako musika kontzertua da ikusleak aurkituko duena.

Musika dantzatua eta dantza musikatua biltzen dituen ikuskizun horren ostean, Joseba B. Lenoir Gang iritsiko da: hainbat musika talderen ekarpenak biltzen dituen saioa. Willis Drummond taldeko Felix eta Xan kideak eta Napoka Iriako Miren eta Ander elkartuko dira Joseba B. Lenoir Gangekin batera.

Domekarako utzi dute publiko askotarikoena erakar dezakeen ikuskizuna: Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre elkarrekin ariko dira oholtza gainean Heroiak antzezlanean. Soldadu ohien egoitza batean bizi diren gerrako hiru beteranoren bizipenak azaltzen dira lan horretan. Egoitza horretatik ihes egin behar dutela erabaki dute. Baina ez dute lan erraza izango: bata herrena da, beste batek agorafobia du, eta, hirugarrena, maiz zorabiatzen da buruan daukan metraila puska baten ondorioz.

Musika, interpretazioa, olerkigintza, dantza eta antzerkiaz gain, erakusketa bat ere jaso du Kultur Maratilak. Jose Pablo Arriagaren Etxetik gertu lana ikusgai dago Kultur Leioan. Eskultura eta pintura lanak baliatuta osatu du erakusketa. Domekara bitartean bisita daiteke. Humanitateagan konfiantza izateak gero eta zailago dirudien garaietan munduari baikortasunez egiten dion begirada jaso du artista markinarrak.

Ikuskizun bakanetarako sarrerak zein bonoak eskuratzeko aukera ahalbidetu dute jaialdiaren sustatzaileek. Sei eta hamar euro artean daude salgai saioetako sarrerak. 30 euroko bonua eskuratuta, ikuskizun guztiez gozatu ahalko dute ikusleek.

Diziplina askotarikoak lantzeko eginahal horretan aurten ere asmatu dute Kultur Maratilaren antolatzaileek. Denetarik, denetariko gustuentzat, programatu dute. Dena ala dena, euskaraz sortua eta taularatua. Euskarak kaleen antzera agertokiak ere busti ditzan, eta euskarazko lan horiez gozatzeko ikuslerik falta ez dadin. Oihala altxatu dute, eta hasi da ikuskizuna.

Aniztasun oro bistaratuz

Aniztasun oro bistaratuz

Natalia Salazar Orbe

Pertsona oro sexuduna da, eta bere sexualitatea askatasunez eta modu osasungarri batean gozatzeko eskubidea du. Zalantza edo eztabaida gutxi sortu beharko lituzkeen baieztapena dirudi. Hala ere, gaur egun, oraindik, bada eskubide hori osotasunean gauzatzeko aukerarik ez duenik. Arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonak, esaterako, sarri asko ez dira beharrizan horien barruan kokatzen. "Badirudi sexualitatea ustez ahalmen guztiak dituzten pertsona heterosexual, homosexual zein transexualen kontua besterik ez dela. Bestelako funtzionaltasunari buruz ari garenean, zail egiten zaigu ulertzen denok garela sexudunak, eta guztiok ditugula ase beharko genitzakeen sexu beharrizanak". Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren hitzak dira. Astelehenean hasi eta hilaren 29ra arte beteko da hiriburua Bilboko Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen jaialdiko jardueraz.

Yes, We Fuck! dokumentalak agerian utziko ditu arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonen beharrizanak eta haien eskaerak. "Kontzeptu modernoak erakutsiko dizkigu. Martxan denbora asko badaramate ere, gizarte zabalaren artean argia ikusiko duten kontzeptuak dira". Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonentzako sexu terapia da horietako bat, Guillenek zehaztu duenez. "Itsuak, gurpil aulkian dabiltzanak zein beste zirkunstantzia batzuetan daudenak honekin guztiarekin zelan bizi diren ikusteko aukera eskainiko digu: zeintzuk kexa dituzten eta zeintzuk konponbide aurkitzen dituzten".

Homosexualitatea da jaialdiak landuko duen beste gaietako bat. Gizarteak arlo horretan garapen handia izan duela zabaldu bada ere, ezin ahantz daiteke astero izaten dela eraso homofoboren baten berri. "Gaia kezkagarria da".

Mundu osoari erreparatuta, polarizazio bat gertatu dela dio Guillenek. "Herrialde batzuetan, aurrerapausoak ematen ari dira legeen alorrean. Esaterako, sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatu dituzte. Ikusgarritasuna ematen du horrek".

Kontrako jarrerak hartu dituzte beste batzuek, ordea. Errusia da horien adibide bat. "Sexualitate tradizionalez kanpoko sexu jarduerei buruz hitz egitea debekatu dute espresuki". Beste batzuk harreman homosexualekin lotutako oro are gehiago kriminalizatzeko formulen bila ari dira: "Uganda, kasurako. Bizi osoko zigorra dena heriotza zigor bihurtzea aztertzen ari da hango parlamentua".

Errealitate horiek guztiak ezagutzeko aukera ona eskainiko du Zinegoak jaialdiak gaur. Hacia una primavera rosa izeneko plataforma aurkeztuko dute (Udaberri arrosa baterako bidean). "Udaberri Arabiarrari erreparatuta, hastapenak Tunisian izan zituen eskubideen garapena LGTB kolektibora ere iritsi zenentz aztertu gura zuen ikasle talde baten lana da". Dokumental sail bat filmatu zuten, eta aurrera egin beharrean, atzerapausoa gertatu zela ebatzi zuten. Gaur, Mexikon filmatutako atala aurkeztuko dute; sail horretako azkena.

Ikusleria osoari zabalduz

Aniztasuna, orokorrean; horixe bistaratzea du helburu Zinegoak jaialdiak: "Sexuaz eta sexualitateaz harago, familia ereduekin eta aniztasunarekin lotuta dauden gaiak", hain zuzen. Gay-Lesbo-Trans festibalak ikusle guztientzako egitarau zabala dakar aurten ere, helburu hori lortzeko bidean: besteak beste, kontzertuak, erakusketak, antzerkiak eta mahai inguruak prestatu dituzte.

Ibilbide luzearekin batera, garapen handia ere izan du jaialdiak. "Hasieran, LGTB kolektiboarentzako ahalduntze erreminta gisa sortu zen; talde horretako kideak islatuta sentitzeko modu bat zen. Garatu ahala, jaialdiko elementu guztiak kalera ateratzeko balio duten espazio eta jarduera ere bilakatu gara. Ikusleria osoari zabalduta dago".

Kalera zabaldu beharra argi zeukaten. Ikusgarritasuna emateko orduan oso baliagarria delakoan. Hala, Zazpikaleetan Maitatzea ez da delitua argazki erakusketa zabaldu dute asteon. LGTB kolektiboaren ekintzaileek Afrikan duten egoera azaleratzen du. 27 lokaletan daude ikusgai argazkiak.

Hori bakarrik ez. Domeka goizean, heldu eta umeentzako rock kontzertua egingo dute: Gora nire familia! ekitaldia Azkuna zentroko Atrioan izango da. Familia eredu ororen aldeko aldarrikapena egingo dute bertan.

Zine ona eskaintzea helburu

Ezin ahantz daiteke Zinegoak jaialdiaren xede nagusia: zine ona eskaintzea du helburu topaketak. Areto komertzialetara iritsiko ez diren lanak ikusteko aukera ezin hobea zabaltzen du urtero. Astelehenean abiatuko dute lehiaketa, Arriaga antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian. Rose Trocheri ohorezko saria emango diote bertan. Igandean, Go Fish haren filmaren emanaldi berezia egingo dute, Bilborocken. Inaugurazio ekitaldian Stephen Dunn zuzendariaren Closet Monster filma ikusteko aukera ere izango da.

Hogei lan lehiaketara

Sail Ofizialean fikziozko hamabi film luze eta zortzi dokumental lehiatuko dira. Besteak beste, Desde allá, Io e Lei eta Yes, We Fuck! ikusi ahalko dira. Urrezko Lehoia eskuratu zuen lehenak, Veneziako Zinemaldian.

Aurtengo Zinegoak jaialdian sexu eta nahitasun aniztasuna hainbat ikuspuntutatik jorratzen duten lanak jaso dituzte. TransMex atalak, esaterako, kontraste handiko Mexikoko bizilagunen transexualitatearen ikuspuntua erakutsiko du. Off Zinegoak sailean, aldiz, zinemarik esperimentalena aurkeztuko dute. Biak ala biak Bilbo Arten eskainiko dituzte, doan. Bestalde, Begiradak sailaren lanak gaiaren eta jatorriaren arabera sailkatu dituzte aurten.

Bilgune eztabaidagunea

Zinea eta arte eszenikoak ditu ardatz jaialdiak. "Jende mordoa gonbidatu dugu bere esperientzia kontatzera: aktoreak, zuzendariak, ekoizleak... Kutsu zinematografikoagoa dauka". Hala ere, harago ere badoa jaialdia. Lanak aretoetatik atera eta hausnarketa eta solasaldi espazioetara eraman dituzte. Bilgune gunean ekingo diote bide horri. Transexualitatea, maskulinitate berriak, euskal nortasuna eta aniztasuna eta gorputzak erresistentzian: horra landuko dituzten gaiak.

"Film labur zein luze batzuk erabiliko ditugu landuko ditugun gaiak ulertu ahal izateko. Ostean, gai horietan jantziak diren adituekin komunikazio eta elkarrizketarako espazioak zabalduko ditugu". Hala, pantailan ikusitakoari buruz sakontzeko aukera eskainiko dute.

Tansexualitatea lantzeko bi film jarriko dituzte: Club Amazonas eta Diversxs. "Informazioaren garrantzia nabarmendu gura dugu horien bidez. Errealitate guztiak ikusgai dauden espazioak beharrezkoak dira. Baita pertsonen arazoei konponbideak jarriko dizkieten guneak ere, denek garapen zoriontsu, natural eta normalizatua egiteko aukera izan dezaten".

Diversxs filmean, 18 urte inguruko gazteen udaleku bat azaltzen da. "Imajina daitekeen aniztasunik handiena du: transexualak, lesbianak, GIBdunak... Denetariko pertsonen arteko elkarbizitza. Norberak bere egoera bizi du; baina bakoitzak bizitzan aurrera egiteko gainditu beharreko egoerak besterik ez dira. Horrek barne bakea izaten laguntzen die. Tipo bitxia ez zarela jabetzeak asko laguntzen du". Are gehiago gazteen artean.

Club Amazonas film mexikarrean, herrialdez herrialde ibili diren transexualen bizitza kontatzen dute. Mexikora iritsi bitartean, ez dira seguru bizi izan; euren bizia arriskuan ikusi dute ordura arte, etengabe. "Ez dute gertuko harremanik izan; kriminalizatu egin dituzte".

Saioa osatzeko, Errespetuz transexualen elkarteko kide bat kolektibo horren eskubideei buruz mintzatuko da. Eremu sozialaz harago joango dira, beraz. Besteak beste, onartu berri duten transexualentzako trantsizio agiriari buruz mintzatuko dira.

Sareak jostearen garrantzia

Jaialdia antolatzen duen Hegoak elkartea txikia da, baina, denborarekin sareak josi ditu hiriburuko zein handik kanpoko beste eragile batzuekin. Aliantza horiei esker, besteak beste, Pikara Magazine aldizkariarekin egingo dituzten jardunaldiak lortu dituzte. Trans nortasuna eta lesbofeminismoa jorratzeko elkarrizketarako bilgunea egingo dute, bihar.

Zazpikaleetan zabalik dagoen erakusketa Amnesty Internationalekin eta bertako merkatari elkarteekin antolatu dute elkarlanean. "Elkarte eta sare horiekin elkarlana sustatu behar dugu, eurek egiten dutena ere Zinegoak jaialdiaren koloreez jantz dadin eta ahalik eta jende gehiagorengana irits dadin". Abian da aniztasuna agerikoa izango den mundu baterako bidea.