Kultura

Sabai gabeko oholtzak

Sabai gabeko oholtzak

Alaitz Armendariz

Bilboko kaleak antzeztoki bihurtuko dira astelehenetik aurrera. Eta bertan ez dira antzerkiak bakarrik izango ikusgai: ikusle guztientzako zirku, clown, txotxongilo, kabaret eta dantza ikuskizunak ere egongo dira tartean. Eta baita pizzeria ibiltari bat eta zaldi gaineko artista bat ere. XVIII. Kalealdia izango da: ekainaren 26tik uztailaren 1era arte, kaleko arte eszenikoetan "erreferentziazkoak" diren mundu osoko 27 konpainiak 58 ikuskizun eskainiko dituzte Casilda Iturrizar parkean, Areatzan, Arriaga antzokiaren ondoan eta Plaza Barrian. Parkea aire zabaleko antzoki gisa irudikatuko dute, eta, horretarako, zirkuko karpa handi bat jarriko dute. Kokaleku horretan izango dira emanaldi gehienak. Parte hartuko duten taldeen artean, Euskal Herriko sei egongo dira, eta gainerakoak mundu osokoak dira: Frantzia, Herrialde Katalanak, Espainia, Britainia Handia, Portugal, Txile, Danimarka...

Kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman "lehen mailan" dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bilduko ditu. Emanaldietako zortzi lehendabiziko aldiz eskainiko dituzte; gehienak, Frantziako taldeenak. Cirque Content pour Feu taldeak umorez jantzitako oreka akrobaziez osatutako emankizuna egingo du, genero burleskoan; Les Frelots konpainiak Comme un petit air d'antan aurkeztuko du; Cie Revek, Impact izeneko lana, eta Cie HMGk 3D ikuskizuna ekarriko du. Horrez gain, Mystica Salvaje taldeak Fille d'Hestia zirku ikuskizuna eskainiko du. Azkenik, Pizza Participative taldearen esku egongo da Quignon sur Rue emanaldia.

Egitarauan Circle of Two konpainia britainiarraren Dodo's Dream ikuskizun mutua ere nabarmendu daiteke, ikuskizun horrek sari garrantzitsuak eskuratu baititu Europa osoko jaialdietan. Pigmalionen mitoan eta E.T.A. Hoffmannen ipuinetan oinarritutako lana da, eta zirkua, antzerkia eta txotxongiloak nahasten dituen panpina mekaniko baten eta haren sortzailearen arteko ezinezko maitasun istorioa kontatzen du.

Bivouac Franziako konpainiak A corps perdu zirku eta dantza ikuskizuna eskainiko du uztailaren 1ean, 23:00etan, Arriaga plazan. Kokaleku horrek, Areatzako kaiarekin batera, instalazio eta muntaketa handiak behar dituzten gaueko ikuskizun "ikusgarrienak" hartuko ditu. Herrialde Katalanetako Eia zirku konpainiak inTarsi lana aurkeztuko du: lau akrobatak bidaia bat egingo dute, dantzaren, antzerki fisikoaren eta zirkuko arteen bitartez.

Nazioarteko beste bi talde ere azpimarratzekoak dira: Frantziako Eclats de Rock eta Quignon sur Rue. Lehenak zaldi bat izango du Ma bête noire emanaldian, eta artistarekin batera dantzan arituko da; antolatzaileen esanetan, "ez entrenatutako zaldi xume gisa". Arriaga plazan izango den ikuskizun horretan metalezko egitura handi bat jarriko dute, eta hondarrez betetako kamioi bat ere beharko dute, harearen gainean egingo baitu dantza zaldiak.

Euskal Herriko zortzi talde

Euskal Herriari dagokionez, honako sei talde hauek izango dira egunotan Bilboko Kalealdian: Deabru Beltzak, Dikothomia, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola. Eva Guerrerok El fin de las cosas dantza garaikidea antzeztuko du, eta Shakti Olaizolak Baldin bada obra aurkeztuko du, antzerkia, zirkua eta txotxongiloak fusionatuta. Dikothomia eta Organik taldeek ere euren azken lanak aurkeztuko dituzte, eta Hortzmuga konpainiak kalean esku hartzeko pentsatuta dagoen eta ikus-entzuleen partaidetza aktiboa behar duen Femmes ikuskizuna prestatu du.

Hogei urte bete dituen Deabru Beltzak taldeak itxiko du jaialdia, musika eta kaleko antzerkia uztartzen dituen Su à feu ikuskizunarekin, danborrekin, suarekin eta dantzarekin batera. Bilboko Kalealdiari amaiera emateko, uztailaren 1eko gauerditik aurrera Areatza kaian egingo dute ikuskizuna: etorkizuneko pertsonaia bitxiek kalea inbadituko dute, erritual modernoek eguneroko bizitzako keinuak integratuko dituzten espazio bilakatuta.

Ikuskizunak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkean jarritako karpan izango direnak izan ezik. Hiru euro balioko dute horiek.

Auzoko eragileen kexak eragin ditu bihar egingo den Hirian jaialdiak

Auzoko eragileen kexak eragin ditu bihar egingo den Hirian jaialdiak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zuzeneko 25 emankizun. Musika, eguerdian hasi eta gauerdira arte. Kalean, doan. Bilbo Zaharrean. Bilboko Udalak BBK Live eta Heinekenekin iragarri duen Hirian egitasmoa da. Aurreko astean aurkeztu eta bihar egingo dena. Rockak, popak, umeentzako musikak eta musika elektronikoak hartuko dituzte kaleak. Sorkun, Niña Coyote eta Chico Tornado, Amorante, Triangulo de Amor Bizarro, Omar Souleyman, Novedades Carminha, Bigott. Besteak beste. Hemengo zein kanpoko talde "alternatiboak". DJak ere bai. Haurrentzat, Ene Kantak eta Petit Pop. Askotariko taldeak, publiko zabalarentzat. Helburua BBK Live hirira eraman eta publikoari "etengabe berritzen ari den eta Bilboko kultura urbanoaren erreferente den auzoaren balioak erakustea" dela adierazi du Bilboko Udalak.

Iraganaren gailurretik begira

Iraganaren gailurretik begira

Natalia Salazar Orbe

Iraganeko gertaerek eta kulturak jartzen dute geroaren oinarria. Herriak gaur egun direna bilakatu dira mendeetan izandako esperientzien eta egindako hautuen ondorioz. Garrantzitsua da, beraz, iragan hori ezagutzea, eta antzinako pasarteen eskutik gaur egungo historia ulertzea. Horixe bera proposatzen dute aldundiak antolatu dituen ibilbide historikoek. Ekain, uztail eta abuzturako Bizkaiko hainbat altxor arkeologiko bisitatzeko eta horien historia ezagutzeko aukera emango dute. Mende luzeetan atzera egiteko bidaia abian da.

Lurralde osoaren garapen historikoa laburbiltzen duten bi ibilbide nagusik osatzen dituzte bisita gidatuok: Malmasingo ibilbide historikoak eta Urdaibaiko ibilbide historikoak. Historiaz betetako zazpi leku esanguratsutara eramango dituzte herritarrak: Ereñozar gaztelura, Arrolako Oppidumara, Tribisburuko nekropolira, Foruko multzo historikora, Finagako San Martin ermitara, Malmasingo gotorlekura eta Arrigorriagako San Pedro ermitara.

Bisitak hasita daude. Hil honetan, Malmasingo ibilaldi historikoari ekin diote. Asteburuetan egiten dituzte. Datu garrantzitsuak utzi dituzte agerian altxor arkeologiko horietako bakoitzean egindako ikerketek. Finagako San Martin ermita Basaurin dago. Duela gutxi induskatu zuten, eta, bertan egindako ikerlanean jasotako datuei esker, Ibaizabal-Nerbioi Barrenaren azken 2.000 urteetako historia berreraiki ahal izan dute. Tokiko indigenen kulturako zenbait hilarri erakutsiko dizkiete bisitariei. K.o. III. mendetik V. mendera arte erromatarren garaiko ehorzketa nekropoli bat egon zen leku horretan. Gutxienez, zazpi hilobi aurkitu dituzte bertan.

Handik Malmasingo gotorlekura egingo dute bidea, oinez. A-8 errepideko tunelengatik da ezagun Malmasin. Horien gainean, 361 metrora, historia aberatsa gordetzen duen kastroa dago, ordea. Erromatarrak Bizkaira iritsi aurretik egindako gotorlekuaren aztarnak aurkituko dituzte bisitariek bertan. Ibaizabal-Nerbioi Barreneko herrigune garrantzitsu bat izan zen. Bilbo eta inguruetako lehen herrixka indigena, hain zuzen. K.a. IV. mendean sortu zuten herrixka. Bunker moduan eraiki zuten, oso zaila zen-eta arerioak bertan sartzea. Erromatarrak iritsi eta urte batzuetara, egonkortasuna ezarri zen. Hala, herritarrak inbasioen beldurra galduz joan ziren, eta, apurka, mendi hegaletan jarri zituzten euren etxeak.

Mendi hegal horietako batean dago Bizkaiko aztarnategi enblematikoenetako bat: Abrisketako San Pedro. Arrigorriagan dago. Bizkaian zutik dirauen eraikinik zaharrena da. Egiturari zein eraikuntzari dagokienez, hainbat garaitako kultura elementuak biltzen ditu: erromatarrak, berantiarrak, erromaniko aurrekoak eta erromanikoak. Eraikin horren fatxada da, seguruenik, arreta gehien ematen duena. Harrian zizelkatutako bi bikotek egiten diete harrera bisitariei. Horietako batek plazer fisikoen tentaldiei buruzko ohartarazpena egiten du. Jarrera erotikoan ageri da. Erdi biluzik dauden bi pertsonak osatzen dute beste bikotea. Elbarriak dira. Jarrera desafiatzailean ageri dira, dantzan eta indar erakustaldia egiten.

Ibilbidea egiteko hiru aukera aurreikusi dituzte. Lehenengoa Basauriko San Migeletik abiatzen da, autobusez, eta Finagako San Martin ermita eta horren ingurua bisitatzea du helburu. Bigarrenak, Arrigorriagako Andra Maria Magdalena elizan abiatuta, Abrisketako San Pedro ermitara autobusez joatea aurreikusten du. Hirugarren planak barne hartzen du aztarna arkeologiko guztiak ezagutzeko aukera: Finagarako ermitara arte autobusez eramango dituzte bisitariak. Han, gida batek tokiko historia azalduko die. Malmasingo gotorlekurako eta San Pedro ermitarako bidea oinez egingo dute, ostean.

Urdaibaira saltoa

Uztaila iritsitakoan aldatu egingo dituzte ibilbideak. Mundakako itsasadarraren arrora egingo dute salto udako hilik beroenak izan ohi direnetan. Arratzun, Arrolako Oppidumeko aztarnategi arkeologikoa izango dute aztergai; Foruan, Tourseko San Martin elizaren inguruan dagoen multzo historikoa bisitatuko dute; Bermeo eta Busturia artean dago Tribisburuko nekropolia; eta, azkenik, Ereñozarko San Migel ermita-gazteluak liluratuta utziko ditu bisitariak, egiturak berak duen historiagatik zein lekuak eskaintzen duen ikusmira zirraragarria dela eta.

K.a. IV. mendera iritsiko dira bisitariak ibilbide horri esker. Arrolako Oppiduma Kantauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten, K.a. IV. mendean, eta, K.o. I. mendera arte, Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatuta dago. 16 hektarea hartzen ditu. Era horretako gotorlekuak oso ohikoak izan ziren Burdin aroan. Horixe da Bizkai osoan egoerarik onenean dagoena; Arrolakoa, hain zuzen ere.

Bertan izan zen bizimoduari buruzko ezagutza osatzeko, Arrolagune Interpretazio Zentrorako bisita aurreikusi dute. Bere aldirik oparoeneko —K.a. II. eta I. mendeetan— herrixkaren historia eta kulturaren alderik aipagarrienak azalduko dizkiete bertan. Garai hartako etxolak zer-nolakoak ziren ezagutuko dute bisitariek. Horrekin batera, eguneroko lanabesak ere jaso dituzte, zeramikak eta bestelako tresnak, adibidez.

Arratzutik Forura iritsita, Elexaldeko muinoan dagoen herri erromatarra ezagut daiteke. Oka ibaiaren ezkerraldean kokatuta dago, Urdaibai haranaren bihotzean. K.o. I.engo mendean sortu zuten. 2012ra arte egindako indusketek agerian utzi dute hamalau eraikin izan zirela; mota eta erabilera askotarikoak. Etxolez eta etxeez gain, jarduera ekonomikoaren erakusgarri diren bestelako elementuak ere aurkitu zituzten: burdina urtzeko labe metalurgiko asko, eta hainbat burdinola. Lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiltzen zituzten horiek guztiak.

Bizkaitarren arbasoek K.o. I. eta III. mendeen artean zeuzkaten hileta ohiturak azalduko dituzte Tribisburuko nekropolian, Busturia eta Bermeoko lurrak hartzen dituen eremuan. Orain arte, hamar hilobi egitura aurkitu dituzte bertan. Horietan, hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak sartzen zituzten; azken horiek ere, erraustuta. Gorpua egurrez egindako sutearekin errausten zuten, haren objektu pertsonalekin eta hurbilekoek egindako eskaintzekin batera.

Gailur batean emango diete bukaera bisita guztiei: Ereñozarko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Bertan egin duten ikerketa arkeologikoak argi erakusten du Erdi Arotik gaur egunera arteko sekuentzia historikoa. Hainbat garaitako nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek egituratzen dute aztarnategia. Erdi Aroko gazteluen garaiak, haranak zaintzen zituzten gotorlekuak eta bizkaitar haien bizimoduak eta sinesmenak ditu ardatz magiaz beteriko ingurune horrek.

Kontalari erraldoiak

Kontalari erraldoiak

Alaitz Armendariz
Sestao Bizkaiko herri industrializatuenetako bat da, eta herrialdeko herri jendetsuenetan zazpigarrena. Jatorriz herri txikia izan arren, XIX. mendetik aurrera izugarri hazi zen meatzaritzaren eraginez, eta horrek altzairugintzaren garapena ekarri zuen.

Hiru dimentsioko dantza garaikidea

Hiru dimentsioko dantza garaikidea

Oihana Cabello
Dantzatzean egiten diren mugimenduek sortuko dituzte irudiak Ziomara Hormaetxek dakarren pieza berrian. Biopiracy du izenburu dantzari gernikarrak dakarren lanak, eta berritzailea da, artistikoki eta teknologikoki. Eredu berritzaileak da...