Sabai gabeko oholtzak

Sabai gabeko oholtzak

Alaitz Armendariz

Bilboko kaleak antzeztoki bihurtuko dira astelehenetik aurrera. Eta bertan ez dira antzerkiak bakarrik izango ikusgai: ikusle guztientzako zirku, clown, txotxongilo, kabaret eta dantza ikuskizunak ere egongo dira tartean. Eta baita pizzeria ibiltari bat eta zaldi gaineko artista bat ere. XVIII. Kalealdia izango da: ekainaren 26tik uztailaren 1era arte, kaleko arte eszenikoetan “erreferentziazkoak” diren mundu osoko 27 konpainiak 58 ikuskizun eskainiko dituzte Casilda Iturrizar parkean, Areatzan, Arriaga antzokiaren ondoan eta Plaza Barrian. Parkea aire zabaleko antzoki gisa irudikatuko dute, eta, horretarako, zirkuko karpa handi bat jarriko dute. Kokaleku horretan izango dira emanaldi gehienak. Parte hartuko duten taldeen artean, Euskal Herriko sei egongo dira, eta gainerakoak mundu osokoak dira: Frantzia, Herrialde Katalanak, Espainia, Britainia Handia, Portugal, Txile, Danimarka…

Kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman “lehen mailan” dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bilduko ditu. Emanaldietako zortzi lehendabiziko aldiz eskainiko dituzte; gehienak, Frantziako taldeenak. Cirque Content pour Feu taldeak umorez jantzitako oreka akrobaziez osatutako emankizuna egingo du, genero burleskoan; Les Frelots konpainiak Comme un petit air d’antan aurkeztuko du; Cie Revek, Impact izeneko lana, eta Cie HMGk 3D ikuskizuna ekarriko du. Horrez gain, Mystica Salvaje taldeak Fille d’Hestia zirku ikuskizuna eskainiko du. Azkenik, Pizza Participative taldearen esku egongo da Quignon sur Rue emanaldia.

Egitarauan Circle of Two konpainia britainiarraren Dodo’s Dream ikuskizun mutua ere nabarmendu daiteke, ikuskizun horrek sari garrantzitsuak eskuratu baititu Europa osoko jaialdietan. Pigmalionen mitoan eta E.T.A. Hoffmannen ipuinetan oinarritutako lana da, eta zirkua, antzerkia eta txotxongiloak nahasten dituen panpina mekaniko baten eta haren sortzailearen arteko ezinezko maitasun istorioa kontatzen du.

Bivouac Franziako konpainiak A corps perdu zirku eta dantza ikuskizuna eskainiko du uztailaren 1ean, 23:00etan, Arriaga plazan. Kokaleku horrek, Areatzako kaiarekin batera, instalazio eta muntaketa handiak behar dituzten gaueko ikuskizun “ikusgarrienak” hartuko ditu. Herrialde Katalanetako Eia zirku konpainiak inTarsi lana aurkeztuko du: lau akrobatak bidaia bat egingo dute, dantzaren, antzerki fisikoaren eta zirkuko arteen bitartez.

Nazioarteko beste bi talde ere azpimarratzekoak dira: Frantziako Eclats de Rock eta Quignon sur Rue. Lehenak zaldi bat izango du Ma bête noire emanaldian, eta artistarekin batera dantzan arituko da; antolatzaileen esanetan, “ez entrenatutako zaldi xume gisa”. Arriaga plazan izango den ikuskizun horretan metalezko egitura handi bat jarriko dute, eta hondarrez betetako kamioi bat ere beharko dute, harearen gainean egingo baitu dantza zaldiak.

Euskal Herriko zortzi talde

Euskal Herriari dagokionez, honako sei talde hauek izango dira egunotan Bilboko Kalealdian: Deabru Beltzak, Dikothomia, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola. Eva Guerrerok El fin de las cosas dantza garaikidea antzeztuko du, eta Shakti Olaizolak Baldin bada obra aurkeztuko du, antzerkia, zirkua eta txotxongiloak fusionatuta. Dikothomia eta Organik taldeek ere euren azken lanak aurkeztuko dituzte, eta Hortzmuga konpainiak kalean esku hartzeko pentsatuta dagoen eta ikus-entzuleen partaidetza aktiboa behar duen Femmes ikuskizuna prestatu du.

Hogei urte bete dituen Deabru Beltzak taldeak itxiko du jaialdia, musika eta kaleko antzerkia uztartzen dituen Su à feu ikuskizunarekin, danborrekin, suarekin eta dantzarekin batera. Bilboko Kalealdiari amaiera emateko, uztailaren 1eko gauerditik aurrera Areatza kaian egingo dute ikuskizuna: etorkizuneko pertsonaia bitxiek kalea inbadituko dute, erritual modernoek eguneroko bizitzako keinuak integratuko dituzten espazio bilakatuta.

Ikuskizunak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkean jarritako karpan izango direnak izan ezik. Hiru euro balioko dute horiek.